Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 19ko 88/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 19

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias por ruidos de bares situados en la calle Mayor de San Adrián

Exp: 10/324/M

: 88

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2010eko apirilaren 20an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, bere etxebizitzaren inguruetan ([?] kaleko [?] zenbakia) dauden lokal batzuek eragindako zaratak direla eta.

    Kexa-egileak azaltzen du bera bizi den kalean dauden tabernek zarata handiak sortzen dituztela, eta hori dela-eta bizilagun ugarik beren etxebizitzetatik alde egin behar izan dutela. Gehitzen du Udaltzaingora, Guardia Zibilera, Foruzaingora eta Udalera ere jo duen arren, egoerak lehengo berean dirauela, zeren eta sonometria bat egiteko ahaleginek porrot egin baitute, ezin izan baita bereizi dauden establezimenduetatik zein den zarata sortzen duena.

    Adierazten du, halaber, bai polizia kidegoek bai San Adriango Udalak berak ere beti zuzen artatu dutela, baina, gaurko egunez, kudeaketa ugari egin eta ondoren, arazoak konpondu gabe jarraitzen duela, eta horrek kalteak eragiten dizkiola.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion San Adriango Udalari. Bereziki, honako gaiei buruzko informazioa eskatu zen:
    1. Salatutako arazoa dela eta udalak eginiko jarduketak.

    2. Lokal horietan baimendutako jarduera eta lokal horiek ixteko ordutegia.

    3. Isolamendu akustikoa lokal horietan egiten den jarduera motaren arabera egokitzea.

    4. Kasua bada, deskribatutako egitateak direla eta aurreikusi diren neurriak.

2010eko maiatzaren 7an, San Adriango Udalaren txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, izan ere, honakoa azaltzen zuen:

“Egiazki toki horretan arazo ugari daude, zeren eta orain dela urte asko bertan era guztietako tabernak baitaude: arratsaldeko txikiteoan aritzeko tabernetatik hasi eta gauean kopak ematen dituzten tabernetara.

Andre hori taberna normal baten ondoan bizi da, eta gaueko ordu txikietan kopak ematen dituen taberna baten aurrean. Hurbilen dituenak 4 taberna dira: horietatik 3 tabernak dira eta 1 taberna berezia.

Honakoa da galdetutakoen erantzun zehatza:

A) galdera. Gaur egun jarraipen intentsiboagoa egiten gari gara [?] kaleko alde horri buruz, normalean gure udaltzainen bitartez eta egun jakin batzuetan foruzainen bitartez ere.

B) galdera. Arestian adierazi bezala, inguruko 4 lokaletatik hiru taberna arruntak dira eta ireki den azkena, berriz, kategoria bereziko taberna bat da. Ordutegia irailaren 23ko 201/02 Foru Dekretuan ezarritakoa da –urriaren 27ko 656/03 Foru Dekretuaren bitartez aldatu zen, baina jai herrikoiak eta herriko jaiak ospatzen direnean, alkatetza honek, ebazpen bidez, baimena ematen du egun jakin batzuetan lokal guztiek ordu gehiagoz ireki ahal izateko. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuari jakinarazten zaio.

C) galdera. Gauekoagoak izan daitezkeen 3 lokaletatik, bitan, zaharrenetan, ez dago egiten den jarduerarako isolamendurik egokiena; orain dela hilabete gutxi batzuk inauguratutakoan, berriz, behar diren isolamendu neurriak ezarri dira.

D) galdera. Asmoa daukagu alde hori, orokorrean, kontrolatzen jarraitzeko, eta behar diren neurri zehatzagoak hartuko dira kasu zehatzetan; esate baterako, aztergai dugun gaian”.

AZTERKETA

  1. La jurisprudencia del Tribunal Constitucional ha delimitado cuáles son los derechos constitucionales afectados por el ruido o contaminación acústica. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.

    Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  2. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.

    Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.

  3. Kasu hau zehazki aztertuta, eta egia bada ere ez dagoela inongo sonometriarik egiaztatzen duenik kexa-egilearen inongo eskubide urratu denik lokaletatik heldu diren zaratei dagokienez, egia da arestian adierazitako arauen arabera, San Adriango Udalari dagokiola lokal horietan egiten den jardueraren funtzionamendu-baldintzak bete daitezen zaintzea, bereziki ordutegia betetzeari eta soinu-mailei dagokienez.

    Are gehiago, udalak berak aitortzen du “egiazki toki horretan arazo ugari daudela” eta “Gauekoagoak izan daitezkeen 3 lokaletatik, bitan, zaharrenetan, ez dagoela egiten den jarduerarako isolamendurik egokiena”.

    Horrenbestez, bai ofizioz, bai alde batek eskatuta, udalak kanpoko zaraten maila neurtzeko beharrean dago, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 6. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarri bezala. Eta kanpoko zarataren mailak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15., 16. eta 17. artikuluetan ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu (dBA-tan neurturik), zaratak eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen 135/1989 Foru Dekretuko VI. kapituluan, arau-hauste eta zehapenei buruzkoan, ezarritakoa aplikatuko da.

EBATZI DUT:

  1. San Adriango Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela kexaren xedea den jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez; horretarako, ofizioz nahiz alde batek eskatuta, behar diren jarduketak egin beharko ditu.

  2. Bi hilabeteko epea ematea San Adriángo Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta San Adriango Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia