Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 19ko 87/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 19

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Construcción de una rotonda que afecta a su propiedad

Exp: 10/148/O

: 87

Herri lanak

AURREKARIAK

  1. Aurtengo otsailaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen “NA 132 errepideko 7+200 kilometro puntuko biribilgune bat eraikitzeko proiektua” dela eta. Proiektu horri ekainaren 18ko 57/299 Foru Aginduaren bitartez behin behineko onespena eman zitzaion.

    Kexan azaltzen du 2009ko ekainaren 31n, alegazio batzuk aurkeztu zituela (2009/355057; 2009/355057; 2009/355073), baina alegazio horiek abenduaren 23ko 114/2009 Foru Aginduaren bitartez ezetsi zirela. Hirugarren alegazioari dagokionez, jotzen zuen ez proiektuan ez direla betetzen bide berriaren eta biltegiaren arteko distantziari dagozkion gutxieneko neurriak, eta horrek sartzeko arazoak eraginen dizkiola. Laugarren alegazioan, bide berriak lursaila bitan banatzen duenez zati bat ezin erabiltzeko moduan utzita, txikiegia delako, proposatzen du bidea finkaren erdialderantz ekartzea, kalteak ahal den guztian gutxitzeko, biltegia handitzea ezinezko egiten baitio.

    Hori dela eta, eskatzen du berak proposatutakoak aintzat hartu eta biribilgunea bere jabetzak ukitu gabe egin dadin, edo, jabetza horiek ukitu behar baditu, ahal den gutxien uki ditzala.

  2. 2010eko martxoaren 4an, txostena eskatu zitzaion Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari. Martxoaren 22an, aipatu departamentuko kontseilariaren idazkia sartu zen gure erakundean; haren bidez aditzera ematen du interesdunak eskatutakoa onartu ahal izateko Nafarroako Gobernuak, aurrena, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi behar duela

    Apirilaren 22an, beste idazki bat igorri genion Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, eta haren bidez berriz informazioa eskatu eta gogorarazi genion Nafarroako Arartekoaren esku-hartzea ez dagoela herritarrek aurkeztutako errekurtso administratiboak ebaztearen menpe, zeren eta bermea emateko bide independente bat baita, administrazioaren bideaz bestekoa (eta ez haren menpekoa), eta lehentasunezko eta presako bidea dela.

    Maiatzaren 14an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren idazkia sartu zen gure erakundean. Haren bidez, honakoa ematen du aditzera:
    “2010eko apirilaren 22ko zure idazkiari erantzuteko (10/148/O espedientea) (NA-132 errepideko 7+200 kilometro puntuan biribilgune bat eraikitzeko proiektua dela-eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa; proiektuaren behin betiko onespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zen Nafarroako Gobernuan), aditzera ematen dizut Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak gora jotzeko errekurtsoaren erantzunari buruzko txostena eman duela, eta funtsean eskatzen duela errekurtso-egilearen finkako eta lursaileko ukipena ahal den txikiena izan dadila”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

    Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

  2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak igorritako informazioa aztertuta, ondorioztatzen da ezen, formaren ikuspuntutik erakunde honi bi idazkiren bitartez erantzun badio ere, ezin da ondorioztatu modu materialean laguntza mean dionik, zeren eta besterik gabe adierazi baitio, lehenbiziko unean, gora jotzeko errekurtsoa ebaztearen zain zegoela, eta bigarren unean, berriz, departamentu horrek gora jotzeko errekurtsoari erantzuteko igorri duen txostenean esaten dela “eskatzen duela errekurtso-egilearen finkako eta lursaileko ukipena ahal den txikiena izan dadila”; izan ere, Administrazioaren jarduera gainbegiratzeko ardura duen erakundeari hori esatea ezer ere ez esatea bezala da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa, eta eskatzen zaion gaiei buruzko informazio osoa eta zehatza igorri behar duela.

  2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gomendatzea interesdunaren alegazioak onar ditzan, halako moduz non NA-132 errepideko 7+200 kilometro puntuan eraiki nahi den biribilguneak ahal den gutxien ukitu ditzan [?] jaunaren jabetzak.

  3. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, bai eta Arartekoaren Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Eregistroan ere –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortu zen (2007ko azaroko 34. NPAO)–.

  4. Sentitzea eta nabarmentzea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ez laguntzeko erakutsi duen jarrera, eta hura 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko urteko txostenean sartzea, ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez bazaio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez bada.

  5. Erabaki hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariari eta [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia