Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 15eko 95/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 15

Energia eta ingurumena

Gaia: Disconformidad con el procedimiento seguido para designar los órganos de representación de funcionarios

Exp: 09/246/M

: 95

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. Aurtengo apirilaren 3an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, berriki Mairagako Mankomunitatean ordezkaritza-organoak hautatzeko eginiko hauteskundeak direla eta.

    Interesdunak azaltzen du Mairagako Mankomunitateko funtzionarioa dena aldetik, mankomunitate horren zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza-organoak aukeratzeko azken hauteskundeetan bere burua aurkeztu zuela, eta ez zutela izendatu. Hautatu gabekoetan boto gehien lortu zituen hautagaia izan zen, dena den.

    Azaltzen du, langileen delegatu hautetsietako batek, [?] andreak bere egitekoari uko egin ziola 2008ko abenduan. Egitate hori, interesdunaren arabera, mankomunitateak berak eta haren lehendakariak ere adierazi zuten.

    Uko egitea gauzatu zen mankomunitateko erregistroan uko-egileak idazki bat aurkeztu zuenean, baina mankomunitateak inguruabar hori jakinarazi behar zion Erregistroaren Bulego Publikoari, eta haren ordez azken hautetsiaren ondoren boto gehien lortuak zituen funtzionarioak ordeztu behar zuen, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeetako erregelamenduak onetsi zuen otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuko 5. artikuluan aurreikusi bezala.

    Kexa-egileak dio mankomunitatea uko-egite hori ezkutatzen saiatu dela, eta hori dela eta uko-egite horren komunikazioa izapidetzeko eskatu zuela, otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuak ezarritako prozedurari jarraituz. Halaber, kexa-egileak jotzen du Erregistroaren Bulego Publikoari ez zaiola komunikaziorik bidali, eta, bere ustez, komunikazioa ez bidaltze horren helburua da eragoztea bera langileriaren ordezkari gisa izenda dezaten.

    Hori dela eta, jotzen du egitate horiek sindikatu-askatasunaren aurkakoak direla, zeren eta, bere iritziz, langileen ordezkariaren uko-egitearen berri ez baita eman, eta hura ordezkatzeko aukera eragotzi da. Gainera, mankomunitateak ez die erantzun haren erregistroan aurkeztutako idazkiei, hartara eragotziz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeetako erregelamenduak onetsi zuen otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuan jasotako prozeduraren arabera joka zedin.

    Kexa izapidetzeko onartu ondoren, Mairagako Mankomunitateko lehendakariarengana jo genuen, eta kexan planteaturiko gaiaren berri eman genion. Halaber, hari buruzko informazioa eskatu genion, erakunde honek jarduteko zer aukera zehatz zeuzkan jakite aldera. Txosten hori apirilaren 22an sartu zen gure erakundean, eta haren bidez espedientean ageri zen informazioa igorri zitzaigun. Bi dokumentu baizik ez dira ageri bertan:

  • 2008ko abenduaren 29ko agiri bat, non [?] García andreak bere uko-egitea aurkezten dion Mankomunitateko lehendakariari.

  • Beste agiri bat, 2009ko otsailaren 11koa, non uko-egite horretan atzera egiten baitu.

AZTERKETA

  1. Administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 36. artikuluak aitortzen du jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek eskubidea dutela greba eskubideaz baliatzeko, asanbladan biltzeko, estatutuan ezartzen diren ordezkaritza organoetan parte hartzeko eta, oro har, konstituzio eskubideez eta askatasunez baliatzeko, administrazio publiko guztietako funtzionario guztientzat ematen diren xedapenenen arabera”.

    Bestalde, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeetarako erregelamendua onetsi zuen otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuak administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeak arautzen ditu. Haren 5,. artikuluan postu hutsak betetzeko prozedura ezartzen da, eta honakoa esaten da horri buruz:

    • "1. Langileen batzordeak eta langileen ordezkariak sufragio pertsonal, aske, zuzen eta sekretuaz hautatuko dira. Botoa posta bidez eman ahalko da, erregelamendu honetan ezarritako moduan.
    • 2. Batzordekideen eta langileen ordezkarien hautatzea atzera bota ahalko da soilik haien agintaldian zehar, haiek hautatu dituztenen erabakiaren bidez, berariaz deitutako asanblada baten bitartez. Asanblada horretarako deia gutxienez ere hautesleen heren batek egin beharko du. Atzera botatzeko erabakia hautesleen gehiengo osoz hartu beharko da, sufragio pertsonal, aske, zuzen eta sekretu bidez. Hala eta guztiz ere, hautatu direnetik sei hilabete iragan direnean, ezin izanen da haien hautapena atzera bota. Ezin izanen da hautapenak atzera botatzeko proposamenik egin aurreko proposamenetik sei hilabete igaro arte.
    • 3. Langileen batzordeetan posturen bat hutsik gelditzen bada dimisio baten ondorioz edo beste edozein arrazoi dela medio, postu huts hori automatikoki beteko du ordezkatua parte zeneko zerrenda bereko hurrengo izangaiak. Ordezkoak agintaldiaren gainerako denborarako beteko du postua.
    • Langileen ordezkariei dagokienez, postu bat hutsik gelditzen denean hura automatikoki beteko du bozketan hautatutakoetatik azkenaren ondoren boto gehien lortu dituen funtzionarioak. Ordezkoak agintaldiaren gainerako denborarako beteko du postua.
    • 4. Ordezkapenak, atzera botatzeak, dimisioak eta agintaldien amaiarazteak Erregistroaren Bulego Publikoari eta ordezkaritzari dagokion organo eskudunari jakinaraziko zaie. Halaber, iragarkien oholean argitaratuko da.
    • 5. Agintaldia bukatu delako ordezkaritza berritzeko hauteskundeak sustatzen direnean, hauteskundeen sustatze hori soilik egin ahalko da agintaldia amaitzeko hiru hilabete falta diren egunetik aurrera.
    • 6. Hauteskunde partzialak egin ahalko dira langileen batzordeetan edo langileen ordezkaritzan gutxienez postuen ehuneko 50 hutsik daudenean, edo plantilla gutxienez ere ehuneko 25 handitzen denean, betiere, bi kasu horietan, agintaldia bukatzeko urtebete baino gehiago falta bada. Hautatutako ordezkarien agintaldiak agintaldia osatu arteko denbora guztian iraunen du.
  2. Planteatutako kasuan, [?] García andrearen espedientean ageri da 2008ko abenduan uko-egitea aurkeztu zuela, baina aurtengo otsailean erabaki horretan atzera egin zuela.

Aurrekotik ondorioztatzen da Mairagako Mankomunitateak ez duela postu hutsak betetzeko legez ezarritako prozedura bete, eta, horrekin, ez duela bete postu hutsa bozketan hautatutakoen ondoren boto gehien lortu zituen funtzionarioarekin automatikoki betetzeko zeukan legezko betebeharra, ez eta Erregistroaren Bulego Publikoari ukoaren berri emateko eta hura iragarkien oholean argitaratzeko legezko betebeharra ere.

Are gehiago: interesdunak mankomunitatean bi idazki aurkeztu zituen arren arestian transkribatutako 5. artikuluaren betetzea eskatzeko, ez zaio inolako erantzunik eman.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Mairagako Mankomunitateari gogoraraztea Ordezkaritza organoen hauteskundeei buruzko otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuko 5. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela.

  2. Mairagako Mankomunitateari gomendatzea behar diren prozedurak bete ondoren aitor dezan [?] jaunak bertako sindikatu-ordezkari postua betetzeko daukan eskubidea, eta langileen ordezkari postua eman diezaion.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Mairagako Mankomunitateari jakinaraz dezan Nafarroako Arartekoaren ebazpen hau onartu duen eta hura dela-eta zer neurri hartu behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. Interesdunari eta Mairagako Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia