Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 14ko 94/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 14

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Demora en ejecución de sentencia

Exp: 09/252/F

: 94

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 7an, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan Foru Komunitateko Administrazioak hura funtzionario izendatzeko geroratu zelako.

    Zehazki, azaltzen zuen 2008ko urtarrilaren 23an, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak baietsi egin zuela langileriaren arloko hautapen prozedura baten emaitzaren aurka aurkeztutako errekurtsoa (Errehabilitazioko sendagile espezialista izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia). Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren apirilaren 7ko 1073/2008 Ebazpenaren bidez, epaia betetzeko agindu zen. Izan ere, epaimahai kalifikatzaileak beste balorazio bat egitea exijitzen zuen epaiak.

    2008ko uztailaren 7an, kexa-egilearen izendapen proposamena argitaratu zen NAOn. Hala eta guztiz ere, 2008ko abendura arte ez zen izendapena argitaratu; izan ere, izapide horretarako erabili ohi dena baino askoz denbora gehiago iragan zen.

    Azaltzen du Foru Komunitateko Administrazioak modu zuzengabean geroratu zuela epaiaren betetzea eta izendapena, eta horrekin berari eta beste pertsona batzuei kaltea eragin ziela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

    Eskatutako txostena 2009ko apirilean jaso genuen. Bertan, honakoa ageri da jasota:

    “[?] jaunak aurkeztutako kexak –Foru Komunitateko Administrazioak hura funtzionario izendatzeko ustez izandako atzerapenari buruzkoa– behar bezala arrazoituta dagoen zehazteko, Administrazioak prozesu horretan aurrera eramandako jarduerak aztertu behar dira. Horri dagokionez, honakoak dira gertatutako egitate garrantzitsuen xehetasunak, beren datekin:

  • 2008ko urtarrilaren 23a: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren epaia, [?] jaunak errehabilitazioko sendagile espezialista izateko bi lanpostu betetzeko oposizio-lehiaketaren deialdiko lehiaketaren faseko amaierako emaitzaren aurka aurkeztutako errekurtsoa baiesten duena.

     

  • 2008ko 7a: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren argipen-autoa, ukitutako batek, [?] andreak, eskatuta emana. Ondorioztatzen du deialdiaren deuseztatzeak eragina duela soilik txanda askeko lanpostuan.

     

  • 2008ko apirilaren 7an: Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 1083/2008 Ebazpena. Epaia bete dadin agintzen du.

     

  • 2008ko maiatzaren 27a: deialdiko epaimahai kalifikatzailearen bilera; izangaien merezimenduen beste balorazio bat egiten du, epaian jasotako terminoak aintzat hartuta.

     

  • 2008ko uztailaren 7a: [?] jauna errehabilitazio arloko sendagile espezialista lanposturako izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Egun horretatik aurrera, deialdiko oinarrietan exijitutako baldintzak betetzeari buruzko ziurtagiriak aurkezteko 30 egun naturaleko epea kontatzen hasten da.

     

  • 2008ko abuztuaren 27a: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari txostena igortzen dio, [?] jauna plantilla organikoko 62.090 zenbakiko lanpostuan izendatzeko proposatuz.

     

  • 2008ko irailaren 8a: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketa Zerbitzuak ofizioa igortzen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari, adieraziz proposatutako lanpostua ez zela deialdian sartzen; horrenbestez, lanpostua zuzen esleitzeko beste txosten bat eskatzen dio.

     

  • 2008ko irailaren 26a: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren beste txosten bat, non izendatzeko eskaria berresten baita, 62.090 lanpostuari dagokionez, hain zuzen ere Tuterako Ospitalean bestela sortuko liratekeen arazoak saihesteko. Beste behin eskatzen da lehendabiziko unean [?] andrearen alde eginiko izendapena ez dadin deuseztatu.

     

  • 2008ko urriaren 6a: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beste txosten bat egiten du, aurrekoa zabaltzeko.

     

  • 2008ko azaroaren 17a: Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 3614/2008 Ebazpena. Haren bidez, [?] jauna funtzionario izendatzen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Arloko sendagile espezialista izateko lanpostu batean. Era berean, indarrik gabe uzten da lanpostu horretarako [?] andrearen alde eginiko izendapena, otsailaren 19ko 553/2007 Ebazpenaren bitartez eginikoa.

     

  • 2008ko abenduaren 16a: [?] jaunak lanpostuaren jabetza hartzen du, esleitutako lanpostuan, sendagile espezialistaren ondoko gisa.

Egitateen xehetasunak ikusita, ondoriozta daiteke funtzio publikoan sartzeko deialdi guztietan aurreikusitako izapide guztiak betetzeaz gainera, kasu honetan haren emaitzari buruz izandako epaia zuzen betetzeak ekarri dituen arazoak izan direla, horrek hirugarrenengan dauzkan ondorio guztiekin. Horretatik guztitik ondorioztatzen da, izenpetzen duenaren arabera, kasu honetan ez dela justifikaziorik gabeko atzerapenik gertatu Foru Komunitateko Administrazioaren jardueran.

 

Hori dela eta, aintzat hartu beharreko azken xehetasuna da denbora horretan guztian [?] jauna etenik gabe kontratatuta egon dela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, sendagile espezialistaren ondoko gisa.”

AZTERKETA

  1. Aurkeztutako kexan aipatzen da ustez administrazioaren arloko dilijentzia falta bat gertatua dela langileriaren arloko hautapen prozedura bat ebazteko garaian (errehabilitazioko sendagile espezialista izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia), zeren eta interesdunaren izendapena, bere ustez, gehiegi geroratu baitzen.

    Kexaren edukia lotuta dago herritar guztiek eskubidea izatearekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek haien aferak inpartzialtasunez eta berdintasunez tratatzeko eta, gainera, arrazoizko epe batean (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikulua).

    Igorritako txostena ikusita, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak adierazi bezala, atzeman dugu funtzio publikoan sartzeko deialdi guztietan aurreikusitako izapideez gainera, oraingoan berezitasun bat egon zela, lehiaketa-fasearen emaitzari buruz izandako epaia betearazi egin behar izan baitzen.

  2. Aipatutako epaia Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak 2008ko urtarrilaren 23an emandakoa da. Haren bidez, izan ere, baiesten da kexa-egileak aurkeztutako errekurtsoa eta eraginik gabe uzten da deialdiko lehiaketa-fasearen amaierako emaitza. Gainera, epaimahai kalifikatzaileak beste balorazio bat egin behar duela ezartzen da.

    Epaia eta igorritako txostenean adierazitako 2008ko otsailaren 11ko argipen-autoa eman ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren apirilaren 7ko ebazpenaren bidez, epaia betetzeko agindu zen. Azkenean, jakinarazi digutenaren arabera, 2008ko maiatzaren 27an, epaitegiak agindutakoa bete zen, eta epaimahai kalifikatzaileak izangaien merezimenduak berriz baloratu zituen, epaian jasotako moduan.

    Erakunde honek ez du ahalmenik erabakitzeko epaiaren betetzea berandu gertatu zen ala ez, kontuan izanda Konstituzioko 117.3 artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legeko 103. artikuluan ezarrita dagoela epaiak eta gainerako erabaki judizialak betearazteko ahalmena ez dagokiola Administrazioari. Izan ere, Konstituzio Auzitegiak adierazi bezala, Administrazioak erabakiak bete behar ditu Justiziari laguntzeko betebeharraren ondorio gisa, baina horrek ez du esan nahi administrazioak ahalmena duenik, hain zuzen ere ahalmen hori guztiz delako Botere Judizialarena. Botere horren independentzia, gainera, Konstituzioak bermatzen du eta, horrenbestez, ez dago Nafarroako Arartekoaren ikuskaritza-esparruaren menean, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legetik ere ondorioztatzen den bezala.

  3. Hori guztia gorabehera, erabaki judiziala bete ondoren ere (hau da, epaimahai kalifikatzaileak 2008ko maiatzaren 27an balorazio berria egin ondoren), langileak hautatzeko edozein deialdik berezko dituen izapideekin aurrera jarraitu zen, eta horren guztiaren buruan 2008ko azaroaren 17ra arte ez zen interesduna funtzionario izendatzeko ebazpenik eman. Interesdunak, azkenean, urte bereko abenduaren 16an hartu zuen lanpostuaren jabetza, adierazitakoaren arabera.

    Aldi honetan, atzeman dugu ezen 2008ko uztailaren 7an interesdunaren alde eginiko izendapen proposamena argitaratu ondoren, eta interesdunak eskastutako baldintzak betetzeari buruzko ziurtagiriak aurkeztuta (epea egun horretatik hasita 30 eguneko epean bukatzen zen), zenbait hilabete iragan direla [?] jauna izendatu arte. Bada, erakunde honek uste du prozeduraren ebazpenean atzerapen bat geratu zela kexa-egileari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiengatik (igorritako txostenean aipatzen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren artean izandako komunikazio batzuk, espedientearen amaierako ebazpena geroratu zutenak Administrazioari berari –eta ez herritarrari– dagozkion arrazoiengatik).

    Hori dela eta, gure ustez [?] jaunaren kexak oinarririk badu, zeren eta bere izendapena atzeratu baita hari egoztekoak ez diren arrazoiengatik. Interesdunak, izan ere, gehiegizko atzerapena jasan behar izan du erreferentziako kasuan eta, gure ustez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7.1 artikuluan aitorturiko eskubideari kalte egin zaio.

  4. Administrazioak igorritako txostenean adierazten da prozedurak iraun zuen denbora guztian kexa-egilea etenik gabe kontratatuta egon zela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sendagile espezialistaren ondoko gisa.

    Datu horrek ez du aldarazten aurreko atalean atera dugun ondorioa, zeren eta aipatutako eskubidea, prozedura izaera duena, independentea baita interesdunak izan dezakeen edozein egoeratatik.

    Hori gorabehera, bai jotzen dugu hori garrantzitsutzat adierazteko kexa-egilearen izendapenean atzerapen bat gertatu dela jota ere, interesdunak erreferentziako aldi horretan guztian hautapen prozeduran ebatzitakoaren berdina den lanpostu batean jardun duenez, eskura dauzkagun datuekin ez dugula atzematen kasuan behar adina elementu biltzen denik ondorioztatzeko zerbitzu publikoaren funtzionamenduak kalte-ordaina jasotzeko moduko galerarik eragin dionik, legedi indardunean ezarritakoaren arabera.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

 

EBATZI DUT:

 

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea herritarrei dagozkien gaiak arrazoizko denbora batean aztertzeko legezko betebeharra duela, eta, bereziki, behar den arintasunez izapidetu behar dituela langile funtzionarioen izendapenak.

     

  2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen edo bera ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia