Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Contaminación acústica proveniente de un local de ocio (bar)
Exp: 09/188/M
Nº: 93
Ingurumena
20009ko martxoaren 11n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen bizi duen egoera jasanezina dela-eta, hain zuzen ere Tuterako [?] kaleko [?] zenbakian dagoen ikuskizunetarako kafetegiaren jarduerak sortzen dituen zaraten ondorioz.
Interesdunak azaltzen du Tuterako udaltzainek soinu-neurketa ugari egin dituztela 2006tik hasi eta gaur arte (10 sonometria ere egin dira, 2009ko urtarrilaren 6an azkenekoa), eta guztietan legez baimendutakoaren goitiko emaitzak atera direla. Horietako batzuetan, 10 dBA-tan ere gainditzen dira baimendutako balioak.
Halaber, kexa-egileak Hiri eta Ekonomia Antolamenduko zinegotzi delegatuaren ebazpenen kopia eransten zuen; horietako batean, 200 euroko zehapena ezartzen zaio lokalari (87/2009 Ebazpena). Ebazpen guztien arrazoia da ez direla betetzen zaratak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoei buruzko arauak, alegia, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzko Legea, Establezimendu eta Ikuskizun Publikoen Katalogoa eta Ingurumena Babesteko Udal Ordenantza.
Interesdunak adierazten du bere eskubideak urratzen dituen egoera hori behin eta berriz egiaztatu ondoren, ulergaitza iruditzen zaiola udalak arazoari konponbidea emateko esku-hartze eraginkorragorik eduki ez izatea.
2009ko apirilaren 15ean, Tuterako Udalaren txostena sartu zen. Bertan, honakoa azaltzen da:
“Tuterako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2006ko maiatzaren 26an, erabaki zuen, besteak beste, jarduera sailkatuaren udal lizentzia ematea [?]-i, hiriko [?] kaleko [?] zenbakian ikuskizunetarako kafetegiaren jarduera ezartzeko. Nolanahi ere, lizentziarako baldintza gisa ezarri zuen erabakian bertan ageri diren neurri zuzentzaile batzuk aplikatzea.
2006ko urriaren 20an, Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen [?]-i irekitzeko lizentzia ematea (LA-134/06), hain zuzen ere “[?]” merkataritza-izena izanen zuen ikuskizunetarako kafetegiaren jarduera ezartzeko.
Egun horretatik aurrera, eta udaltzaingoak salatzailearen etxean eginiko zaraten bi neurketa-akten aurrean –indarreko legeetan baimendutakoez oso gora zeuden emaitzak–, udalak Acústica Arquitectónica enpresari (horixe da Tuterako Udalak kontratatuta duen enpresa “zarataren kontrola dela-eta aholku teknikoa eta kudeaketa integrala” egiteko) eskatu zion behar ziren neurketak egin eta txostena egin zezan.
Acústica enpresak eginiko txostena ikusita, 2007ko martxoaren 8an [?]-i, “[?]” lokaleko jardueraren titularra baitzen, Hiri Antolamendu Ekonomikoko zinegotzi delegatuaren errekerimendu bat igorri zitzaion, Acústica Arquitectónica enpresak atzemandako akats guztiak hilabeteko epean zuzen zitzaten; halaber, jakinarazten zitzaion akats horiek beren horretan jarraituz gero, isunak jartzea edo instalazioak aldi baterako edo zati batean ixtea gerta zitekeela, beharrezko zehapen espedientea zabaldu ondoren.
Maiatzaren 18an neurketak egin ondoren, Acústica Arquitectónica enpresak txostena eman zuen 2007ko maiatzaren 21ean. Hartan dio ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan, irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuan eta Tuterako zaratei buruzko udal ordenantzan ezarritakoak bete egiten direla, lokalaren eta etxebizitzaren barneko zarata-mailari dagokionez.
Hiri Antolamendu Ekonomikoko zinegotzi delegatuaren irailaren 18ko 669/2007 Ebazpenaren bitartez, [?]-i zehapen espedientea zabaldu zitzaion, 30 dBA-tik gorako balioak emititzeagatik, hain zuzen ere 2007ko ekainaren 24ko gaueko ordutegian. Alegazioak aurkezteko epean, interesduna agertu zen eta dokumentazioa aurkeztu zuen merkataritza-enpresak ukituaren etxebizitzarako balizko soinu-transmisioak saihesteko hartu nahi zituen neurriei buruz. Alegatutakoa ikusita, Acústica Arquitectónica enpresak beste ikuskapen bat egin zuen 2007ko abenduaren 14an, eta ondorioztatu zuen mikrofono mugatzaile-erregistratzailea biltegiaren eremuan dagoela eta, horrenbestez, lokaleko publikoarentzako eremuaren erdialdean ez dela betetzen 90 dBA-ko musika-emisioaren maila. Horrenbestez, gomendatzen dute mikrofono mugatzaile-erregistratzailea publikoarentzako eremuaren erdialdean jartzea, edo mikrofono hori beste eremu batean jartzea, betiere soinu-maila emisio-maila txikiagoan jarriz (75-80 dBA), hain zuzen ere lokalaren erdialdean 90 dBA-ko muga bete ahal izateko.
Jasota gelditu zen udal honetan, txosten horren aurrean merkataritza-enpresak dokumentazioa aurkeztu zuela egiaztatuz akustika-txostenean ezarritakoa betetzen zuela. Horrenbestez, udalak beste neurketa bat eskatu zuen, hain zuzen ere 2008ko urtarrilaren 18an egin zena. Haren emaitza izan zen lortutako mailak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan baimendutakoez beherakoak zirela eta, horrenbestez, “[?]” enpresako titularrek uneoro erakutsitako jarrera onaren aurrean eta ikusita akatsak konponduta zeudela, espedientea artxibatzea erabaki zen.
2008ko irailaren 29an, beste zehapen-espediente bat zabaldu zen, 32,2 dBA-ko emisioarengatik; 2008ko urriaren 20an, zarataren neurketako beste akta bat egin zen, eta hari zegokion espedientea irailean hasitakoari gehitu zitzaion. Bi espediente horien ondorioz, idazkian aipatzen den 200 euroko zehapena ezarri zen, horixe baita jar daitekeen zehapen handiena, gaueko ordutegian baimendutako 30 dBA-tik gorako emisioaren arabera eta Tuterako Udaleko zaratei buruzko udal ordenantza aplikatzearen ondorioz. Tuterako Udalak azaroaren 20an interesdunak diren bi aldeak eta Acústica Arquitectónica enpresa bilera batean elkartu zituen, enpresa horretakoek informazioa eman zezaten arazoaren jatorriari buruz eta haien ustez komenigarrienak ziren konponbideei buruz. Horretarako, geroago, bisitan joan ziren lokalera.
Gaur egun, aipatutako merkataritza-enpresari zaratengatiko beste zehapen-espediente bat zabaldu zaio. Hain zuzen ere Hiri Antolamendu Ekonomikoko zinegotzi delegatuaren 2009ko otsailaren 18ko ebazpenaz zabaldu zen, udaltzainek 2008ko abenduaren 20an eta 2009ko urtarrilaren 2an eta 6an egindako neurketa-akten ondorioz. Izan ere, oraingoan neurtu diren balioak aurreko zehapen espedientean jasotakoez gorakoak dira eta, horrenbestez, zehapena handiagoa izan ahalko da, arau-hauste bera errepikatzeagatik.
Udalak, azaldutako guztiaren ondoren, uneoro bere esku dituen baliabide guztiak jarri nahi izan ditu sortutako egoerari konponbidea emateko, eta alde batetik ukitutako bizilagunak atsedenerako duen eskubidea eta bestetik jardueraren titularrak jarduera horretan aritzeko duen eskubidearekin uztartu nahi izan ditu.”
Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).
Aztergai dugun kasuan, baimenduta izan arren eta behar diren lizentziak eduki arren, azken hilabeteetan gaueko ordutegiko gehieneko zarata-maila gainditu duen jarduera baten aurrean gaude. Espedientean horixe egiaztatzen duten hamar sonometria jasota daude.
Atzeman dugu, halaber, Tuterako Udalak ez-betetze horren aurrean erreakzionatu duela, eta kasuko zehapen espedienteak izapidetu dituela. Ezin dugu, horrenbestez, ondorioztatu, udal horrek bere eginkizunetan utzikeria argiz jokatu duenik.
Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.
Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek beste neurri batzuk ere aurreikusten dituztela, diru-zehapenez gainera. Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea justifikatuta egon daiteke, aldi baterako besterik ez bada ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Udal horri gomendatzea ezen, ez-betetze gehiago atzemanez gero, neurri bizkorragoak har ditzan, eta, kasua bada, lokala aldi baterako itxi dezan.
Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia