Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 13ko 86/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena; haren bidez Tuterako Udalari gomendatzen zaio behar diren neurriak har ditzan ezgaitasun fisikoa duten pertsonen zaintzaileei udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasa kobratzeari dagokionez.

2010 maiatza 21

Gizarte ongizatea

Gaia: Reducción o exención de tarifas por la utilización de instalaciones deportivas municipales para cuidadores de personas con discapacidad

Exp: P07/10

: 86

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 25ean, herritarren proposamen bat sartu zen erakunde honetara, [?] jaunak aurkeztua, Tuterako udalaren kirol zerbitzuak erabiltzeari buruzkoa.

    Eginiko proposamenean, [?] jaunak azaltzen zuen Tuterako Udalak, 2009tik, eta erakunde honen aurrean izapidetu eta udalak onartu zuen beste proposamen bat aintzat hartuta, tasa txikiagoak kobratzen dizkiela ezgaitu fisiko edo psikikoei. Proposamen-egilearen alaba tarifa txikiago horretaz baliatzen da, erabateko ezgaitasuna baitu.

  2. Hala eta guztiz ere, eta neurri hori oso positiboa dela jota ere, [?] jaunak azaltzen du bere alabarekin joan behar izaten dela, zaintzaile gisa, hark Tuterako Udalaren kirol instalazioak erabiltzen dituen bakoitzean, zeren eta daukan ezgaitasunaren ondorioz, laguntza behar baitu bizitzako egintza funtsezkoenak ere egiteko.

  3. Azaldutako guztia dela eta, [?] jaunak proposatzen du Tuterako udalak baimena eman diezaiela udalaren kirol instalazioetara sartzeko, inongo tasarik kobratu gabe, bera bezala udal barruti horretara, instalazioak erabiltzeko laguntza behar duten ezgaituen zaintzaile gisa, sartzen diren pertsonei.

  4. Proposamena aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Tuterako Udalari.

  5. 2010eko maiatzaren 7an, Tuterako Udalak eskatutako txostena igorri du. Hartan, izan ere, honakoa azaltzen du:

    “(...) [?] jaunak alaba lagundu behar izaten duela gure instalazioak erabiltzen dituenean, eta tasarik ez kobratzea eskatzen duela. Hala eta guztiz ere, udalak ez du aukera hori aurreikusi bere ordenantzan, zeren eta ulertzen baitugu minusbaliotasuna duen pertsonaren laguntzaileak kirol instalazioak gainerako erabiltzaileek bezala erabiltzen dituela (igerilekuetako ontziak, hondartzak, belarra, dutxak eta abar). Udalaren igerilekuak erabiltzeko ordaintzen den tasa (zeinak eskubidea ematen baitu, halaber, gainerako kirol instalazioak urte osoan erabiltzeko), zerbitzuaren kostuaz oso beheiti dago, zeren eta 40,17 eurokoa baita Tuteran erroldatutakoentzat eta 69.01 eurokoa, berriz, Tuteran erroldatuta ez daudenentzat.

    Tuterako Udalak, toki administrazio gisa dauzkan eskumenen barruan, kirol zerbitzuak eman behar ditu –esate baterako, igerilekuak–, baina gutxieneko diru-sarrera batzuk behar ditu haiek artatu ahal izateko eta erabiltzaileei beraiek eskatzen duten kalitatearekin eskaintzeko.

    Bestalde, gutxieneko baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonentzat (nahiz eta, gure ustez, hori ez izan orain aztertzen ari garen kasua), udalaren gizarte zerbitzuek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte, kasuak aztertu ondoren, hain zuzen ere herritar guztiek aukera izan dezaten udaran igerilekuetako zerbitzuez baliatzeko.

AZTERKETA

  1. Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioak, 2006ko abenduaren 13koak, babesten eta bermatzen ditu ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bizitzako arlo guztietan, hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisia, parte-hartze sozial eta ekonomikoa, eta irisgarritasuna azaltzen baitu arlo guztietara hedatzen den zeharkako elementu gisa. Garrantzi berezia hartzen du lanabes juridiko honek, aitortzen baitu zer garrantzia duen ingurune fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren, osasunaren, hezkuntzaren, informazioaren eta komunikazioen irisgarritasunak, ezgaitasunen bat duten pertsonek osoki baliatu ahal izan ditzaten giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak.

  2. Espainiako Konstituzioak, 9.2 artikuluan, botere publikoak behartzen ditu bideak jartzera norbanakoen berdintasuna bene-benetakoa eta efektiboa izan dadin; berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzera, eta herritar guztiei aukera egokia ematera bizitza kultural eta sozialean parte hartzeko. Halaber, 49. artikuluak botere publikoei ezartzen die ezgaitu fisikoak integratzeko politika bat egin dezaten; izan ere, pertsona horiek bereziki babestu behar dituzte, Konstituzioak herritar guztiei aitortzen dizkien eskubideez baliatu ahal daitezen.

  3. Lurzoruari buruzko Legeko 4. artikuluak –ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren arabera– herritar guztien eskubide gisa aitortzen du dotazio publikoak eta erabilera publikorako zabalik dauden ekipamendu kolektibak erabiltzeko sarbidea izatea, baldintza ez baztertzailetan eta guztientzat irisgarriak izateko baldintzetan.
  4. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak, berriki, apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legea, Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzkoa, onetsi du. Lege horren xedea da aukeren berdintasuna ziurtatzea ezgaitasunen bat duten pertsonei, irisgarritasun unibertsalarekin eta ororentzako diseinuarekin bat, hain zuzen ere inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek bete beharreko duten baldintzari dagokienez, pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izateko, segurtasun eta erosotasun baldintzetan eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere.

    Foru lege horretan zioen azalpenean adierazten den bezala, ezgaitasunen bat duten pertsonek talde hetereogeneo bat osatzen dute, baina pertsona horiek guztiek komunean dute, neurri batean edo bestean, berme osagarriak behar izatea eskubide guztiak baliatuz bizi ahal izateko edota gainerako herritarren baldintza berdinetan parte hartu ahal izateko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalean.

  5. Konstituzioaren eta legeen aipatutako erreferentzia horiek guztiek bideratzen dute ezgaitu fisikoak guztiz baliatu ahal izatea administrazio publikoen titulartasunekoak diren instalazioak erabili eta gozatzeko; horien artean, udalaren kirol instalazioak.

    Zalantzarik gabekoa da aztergai dugun kasuan, Casado jaunaren alabak duen ezgaitasunak eragotzi egiten diola udalaren instalazioak autonomia pertsonalaz erabiltzea. Haiek erabili ahal izateko, izan ere, alabak beste pertsona baten laguntza behar izaten du.

    Ikuspegi horretatik, ezin da Casado jauna hartu, ezgaitasuna duen pertsona baten laguntzaile eta sorosle den aldetik, udal instalazioen beste erabiltzaile bat balitz bezala, eta, horrenbestez, ezin zaio tasa ordain dezan exijitu erabiltzaile independente bat balitz bezala, zeren eta udal barrutira sartzearen helburu nagusia baita ahalbidetzea bere alabak, eta ez berak, instalazioak normaltasunez erabili ahal izatea.

  6. Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legeko 7. artikuluaren arabera, diskriminazioaren aurkako neurritzat jotzen dira helburu gisa daukatenak prebenitzea edo zuzentzea ezgaitasunen bat duen pertsona bat zuzenean nahiz zeharka onberatasun gutxiagoz tratatua izatea halakorik ez duen beste pertsona bat baino, antzekoa edo konparagarria den egoera batean.

    Kasu honetan, eta adierazi dugun bezala, atzematen dugu ezen, Casado jaunaren alabak kirol instalazioak normaltasunez erabili ahal izateko, bi tarifa ordaindu behar dituela: bata, alabari dagokiona, zeina ezgaitasuna duten pertsonentzako tarifa txikiagoa baita, eta bestea hari lagundu behar dion pertsonarena, zeinak ezinbestez laguntza fisikoa eman behar baitio, hura gabe alabak ezin baititu instalazioak normaltasunez erabili.

    Horrela, gradu nabarmenean ezgaituta dagoen pertsona batek instalazio publiko bat erabili eta gozatzeko argi eta garbi hirugarren baten laguntza ezinbestekoa den kasuetan, hirugarren hori gabe instalazioak erabiltzea ezinezkoa delako, ulertu beharra dago bigarren pertsona horrek ez lukeela tarifarik ordaindu behar edo tarifa txikiagoa ordaindu beharko lukeela.

Azaldutakoagatik,

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gomendatzea behar diren neurriak har ditzan, kasuko ordenantza aldatzea barne dela, udalaren kirol instalazioetarako sarbidean eta ezgaitu fisiko batek hirugarren pertsona baten laguntza eta sorospena behar duen kasuetan, azken horrek edo ez duen tarifa ordainduko, edo ezgaitasuna duen pertsonari aplikatzen zaion tarifa txikiagoa ordainduko duen.

  2. Tuterako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinaraz diezaion gomendio hau onartzen duen eta azaldutakoaren bidetik behar diren neurriak hartzen dituen, edo hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia