Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 13ko 85/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 21

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con retirada de vehículo, por defectuosa señalización de la prohibición de estacionamiento

Exp: 10/241/I

: 85

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 11n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du aparkatze mugatuko eremuaren seinaleztapena okerra izateagatik.

    Azaltzen du joan den otsailaren 6an, ibilgailua Zumalakarregiren Portalearen inguruan aparkatu zuela; hura jasotzera joan zenean, ordea, garabiaren udal zerbitzuak erretiratua zuen. Adierazten du aparkatze murriztuko eremuaren seinalea soilik portaleko arkuetako batean dagoela, halako moduz non Redin Aldapatik zatozela, ezinezkoa baita hura ikustea. Kexa-egilearen ustez, gutxienez ere bi seinale egon beharko lirateke, bat debekuak hartzen duen tartearen mutur bakoitzean.

    Halaber, baieztatzen du joan den otsailaren 25ean antzeko beste zerbait gertatu zitzaiola, orduan Runa Parkean. Interesdunak ustezko sarbide batetik sartu zen hartara, dirudienez debekatutako norabidean, eta hartan ez zegoen aparkatze murriztuari buruzko seinalerik. Adierazten du norabide debekatuaren seinalea altuegi dagoela, farola batean, eta seinale hori ikusi gabe normala dela sarbide horretatik sartzea, eta ez atzematea soilik egoiliarrentzako aparkaleku bat dela hori.

    Gainera, ez dago ados garabiak ibilgailua bertatik eramatearekin, zeren eta ia ibilgailurik batere ez zegoen, eta bereak ez zuen ez oztopo egiten ez trabarik eragiten ere.

    Uste du Iruñeko Udalak zuzen seinaleztatu beharko lituzkeela eremu horiek, eta, gainera, uste du garabi zerbitzuaren jarduera mugatu beharko litzatekeela egiaz traba egiten duten ibilgailuak erretiratzera.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.
  3. 2010eko apirilaren 14an, udal horretako Herritarren Segurtasunaren Alorreko zuzendariaren txosten bat sartu zen.

    Interesdunak eskatu du, halaber, garabiaren udal zerbitzuak ibilgailuak erretira ditzala bakarrik “traba egiten dutenean”; bada horri dagokionez, esan beharra dago bai Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeak, bai aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituen udal ordenantzak ibilgailuak erretiratzeko bidea ematen dutela aipatutakoa bezalako kasuetan.

    Bestalde, espedienteari Trafikoa Koordinatzeko Taldeak eginiko txosten bat gehitu zaio, non azaltzen baita aparkatze murriztuko eremuko seinaleztapena kexan aipatzen diren tokietan. Zentzu horretan, honakoa azaltzen zen:

    1. “Alde zaharreko sarrera guztietan MUR seinalea dago: egoiliarrentzat erreserbatutako aparkatze-eremua. Alde zaharreko irteeretan, berriz, “MUR eremuaren amaiera” seinalea dago.

      Zumalakarregiren Portaleko eremurako sarbidea, 001325 zenbakiko espedientean adierazitako datan, soilik Vergel kaletik zegoen, Navarrería eta Carmen kaleak berrurbanizatzeko obren ondorioz. Aipatutako sarbidetik MUR eremuaren seinalea bidea estutu aurretik dago, hain zuzen ere toki ikusgarri batean eta egoera ezin hobean.

    2. Runa Parkearen eremua, zeina MUR gisa prestatuta baitago, ederki seinaleztatuta dago: seinale bikoitza dago aparkalekuaren sarreran. Aparkalekuaren irteeran, logikoa den bezala, ez da ageri MUR eremua izateari buruzko oharrik, zeren eta argi eta garbi debekatuta baitago bertatik sartzea, sarrera debekatuaren seinalearen bitartez”.

Halaber, aipatutako tokietako argazkiak igorri dira, seinaleak erakusteko.

AZTERKETA

  1. Eremu murriztu edo mugatuetan behar den baimenik gabe aparkatuta dauden ibilgailuak udalek bide publikotik erretiratzeko aukerari dagokionez, adierazi beharra daukagu egiazki bai Iruñean eremu horiek arautzen dituen udal ordenantzak, bai martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak, zeinak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeko Testu Bategina onesten baitu (70. eta 71. artikuluak), horrela jokatzeko aukera ematen dute.

    Eremu murriztuetan baimenik gabe aparkatutako ibilgailuak erretiratzea dela-eta, Auzitegi Nagusiak bere iritzia eman du, eta honakoa adierazi du, hain zuzen ere:

    “Ibilgailuak aparkatzeko eremuak arautzen dituzten udal ordenantzek ibilgailu bat eremu horietan aparkatuta edukitzeko gehieneko denbora muga dezakete. Ibilgailu bat eremu horietan baimenik gabe edo baimenarekin, baina udal ordenantzan baimendutako gehieneko denbora gaindituz, edukiz gero, aparkatzeko tokiak balizko erabiltzaileen artean modu parekidean banatzea eragotziz, legezko gaikuntza dago ordenantza horrek aurreikus dezan kautelazko neurri bat aplikatzea: hain zuzen ere ibilgailua erretiratu eta udal gordailura eramatea, ezertan kendu gabe jarduketa hori, bestela ere, arau-hauste administratibo bat izan daitekeela eta hori dela-eta zehapen bat ezar daitekeela”.

    Horrekin bat, adierazi beharra daukagu ibilgailu bat “zuzen aparkaturik” egoteak (alegia, trafikoa oztopatu gabe) ez duela eragozten hura erretiratu ahal izatea, zeren eta, ikusi den bezala, hura erretiratzeko gaikuntza eta jarduketa horren funtsa eremu publikoa aginduzko baimenik gabe okupatzetik beretik heldu baita.

  2. Aurrekoa ezertan ere kendu gabe, kexan aipatzen diren tokietako seinaleztapen zehatzari buruz daukagun iritzia eman behar dugu, zeren eta herritarrei jokabide jakin bat exijitzeko (kasu honetan, ez aparkatzea bidezko baimenik eduki gabe), segurtasun juridikoaren printzipioa dela eta, aurrez behar da herritar horiek aparkatzeko aukera edukitzeko bete beharreko araubidea ezagutu ahal izatea eta ezagutu behar izatea.

    Frantziako Portaleko edo Zumalakarregiren Portaleko eremuari dagokionez, erakunde honek egiaztatu du ezen, gutxienez ere gaurko datan (eta hori diogu zeren eta txostenak berariaz aipatzen baitu egitateak gertatutako datan ibilgailuak soilik Vergel kaletik sar zitezkeela) Carmen eta Barquilleros kaleetatik ere sar daitekeela –eta hori normalean gertatzen den zerbait da–; bada, azken sarbide hori erabiliz gero, ez dago inongo seinalerik eremu murriztua iragartzen duenik eta, horrenbestez, oso posiblea da herritarrak adierazitako tokira iristea eta ibilgailua aparkatzea aparkatze murriztuko eremu bat dela jakin ere gabe. Egia da seinale bat badagoela hura iragartzeko Vergel aldetik sartuz gero, baina ez dago horrelako seinalerik, berriz diogu, kontrako norabidetik sartuz gero.

    Horrenbestez, gure iritziz, alderdi zehatz horri dagokionez, seinaleztapena hobetu beharra dago, eta seinale bat jarri beharra dago toki horretatik Carmen kalearen aldetik iristen diren ibilgailuentzat.

  3. Runa Parkean dauden seinaleei dagokienez, gure ustez behar adinako segurtasuna ematen dute herritarrek murriztapena ezagutzeari dagokionez, zeren eta, egiazki, seinaleak bai baitaude sartu ahal den toki bakarrean; eta irteerako aldean, berriz, toki horretatik sartzea debekatuta dagoela adierazten duen arauzko seinalea dago, eta erakunde honek uste du seinale horren kokapena arrazoizkoa dela.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea Zumalakarregiren Portaleko eremuko aparkatzeari buruzko murriztapenaren gaineko seinaleztapena hobetzeko, ebazpen honetako bigarren gogoetan adierazitakoarekin bat.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz diezaion erakunde honi, eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, erakunde honi buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdun [?] jaunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia