Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Discrepancia con la negativa del Departamento de Educación a que su hija con NEE permanezca un año más en el primer ciclo de infantil
Exp: 09/241/E
Nº: 92
Hezkuntza
2009ko apirilaren 2an, [?] jaunak eta [?] andreak sinaturiko idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman diolako beren alaba [?] datorren ikasturtean haur eskolan geratzeari.
Adierazitakoaren arabera, neskak, garaia baino lehen jaiotakoak, hiru urte beteko ditu datorren azaroaren 15ean, baina bere garapen maila (motrizitatea eta lengoaia) txikiagoa da ziklo berrian hasiko diren haurrek duten mailarekin alderatuta. Iritzi horrekin bat datoz, dirudienez, haurraren hezitzaileak eta [?] haur eskolako zuzendaria, eta horrek ekarri du neskaren gurasoek nahi izatea ikastetxean beste urtebetez gera dadin. Adierazten dute, halaber, [?] aurreikusitako datan (urtarrilaren 10ean) jaio izan balitz, haur eskolan jarraitzeko eskubidea izanen zuela, traba berezirik eduki gabe.
Kexan azaldutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua da aplikatzekoa den araudia hitzez hitz interpretatu eta neska ikastetxean geratzearen aurka dagoena.
Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
Eskatutako txostena joan den apirilaren 28an jaso genuen, eta honakoa jasotzen da bertan:
“Argitu beharra dago haur hezkuntzako etapan –0-6 urte– ikasmailaz pasatzeari buruzko araudiak baimena ematen duela etapa horretan soilik beste urtebetez egoteko. Praktikan, etapan horretan beste urtebetez geratzen diren ikasle gehienak etaparen amaieran geratzen dira, 5 urterekin, betiere hori justifikatzen duen eskola-atzerapen bat baldin badago.
Haur Hezkuntzako lehen zikloan –0-3 urte– beste urtebetez geratzea atzerapen larriko egoeretara mugatzen da, hezkuntza premia berezi iraunkorrek justifikatutako egoeretara hain zuzen, zalantza dagoenean haurra ikastetxe arrunt batean ala hezkuntza bereziko ikastetxe batean eskolatzeari buruz.
[?] ez da talde horretan sartzen, erabilitako balorazio-eskalen arabera. Izan ere, daukan garapen orokorreko kozientearen arabera, errekuperatzeko aukera handiak dauzka, eta ezin daiteke esan defizit iraunkorrik duenik.
Bestalde, haurrak daukaten adin kronologikoaren arabera eskolatzen dira beti. [?] 35 asterekin eta 5 egunekin jaio zenez, 9 egun gehitu beharko genizkioke adina konpentsatzeko.‑{}‑ Kontuan izanda 2006ko azaroaren 15ean jaio zela, azaroaren 24ra iristeraino zuzendu beharko genuke haren adina.
Haur Hezkuntzako bigarren zikloak ikasteko eskaintzen dizkion aukerak ikaskuntza-erronka handiago bat izanen dira haurrarentzat. Gainera, ikastetxean aukera izanen du tutore baten eta langile espezializatuen laguntza edukitzeko (Pedagogia terapeutikoko irakasleak eta entzumenaren eta lengoaiaren arloko irakasleak), eta, beharrezkoa bada, haur hezkuntzako lehen zikloan dauzkanak baino baliabide tekniko gehiago ere izanen ditu.
Halaber, haur hezkuntzako lehen zikloan beste urtebetez geratzeko erabakia Hezkuntza Departamentuko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ataleko arreta goiztiarreko taldeari eta Gizarte Gaietako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zentroko balorazio taldeari dagokie, eta, [?] haurraren kasuan, bi talde horien balorazioa aho batekoa izan da eta ikastetxe arrunt bateko haur hezkuntzako 2. zikloan (3 urtekoen gela) sartzearen aldekoa da”.
Kexa aurkeztu ondoren, zenbait txosten gehitu dira espedientean: [?] Haur Eskolako zuzendariak emandakoa, ikastetxe horretako hezkuntza premia bereziak dituzten haurren hezitzaileak emandakoa eta [?] osasun etxean haurrari arreta ematen dion sendagilearena, eta gurasoen asmoa babestu dute guztiek, zeren eta uste baitute neskarentzat egokiena dela orain dagoen ikastetxean beste urtebetez geratzea, garapenean duen atzerapena dela eta.
Halaber, kexa-egileek beste idazki bat ere erantsi dute. Haren bidez, jakitera ematen dute haur eskolan postu hutsak badaudela, eta, bereziki, hezkuntza premia berezikoen moduluan. Hori dela eta, jotzen dute [?] bertan geratzeak ez liokeela kalterik eraginen beste inori.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 12. artikuluak, irakaskuntzei eta haien antolaketari buruzko tituluan, haur hezkuntza aipatzen du, eta hura identitate propioa duen hezkuntza-etapatzat egituratzen du, hain zuzen ere haurrak jaiotzen direnetik sei urte betetzen dituzten arte hartzen dituen etapa bat. Etapa hori borondatezkoa da, eta haren xedea da haurren garapen fisiko, afektibo, sozial eta adimenekoa garatzen laguntzea.
Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bitartez, haur hezkuntzaren lehen zikloa arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoa garatzeko. Dekretu horren 4. artikuluan, hauxe jasotzen da: “Oro har, haur hezkuntzako lehen zikloan 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrak sartuko dira”.
Testu horretatik ondorioztatzen da, inongo zailtasunik gabe, abstraktuan ez dagoela inongo arau-oztoporik inguruabar bereziengatik edo apartekoengatik 3 urtetik gorako haurrei lehen zikloan laguntza emateko (bestela, ez litzateke ulertuko aipatu arauko sarrerako adierazpidea –oro har–).
Planteatutakoa bezalako kasuetan, gure irudikoz argi dago haurraren garapenerako onuragarriena den neurria hartu behar dela, haren interes gorenari begira, eta hori adingabeen arloan botere publikoek hartu beharreko neurri guztien buruan egon behar duen printzipio orokorra da.
Kexa-idazkian adierazitakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak igorritako txostena ikusita, atzematen dugu departamentu hori ez dagoela, abstraktuan, haurrak hezkuntza-etapa horretan beste urtebetez egoteko aukeraren aurka, baina ulertzen du aukera horretaz atzerapen larriko egoeretan baizik ez dela baliatu behar. Betiere, horretaz baliatzekotan, hezkuntza-egoera iraunkor horiek justifikatu beharko dira; egoera horietan, gainera, zalantza egon beharko da: haurra ikastetxe arrunt batean ala hezkuntza bereziko ikastetxe berariazko batean eskolatu. Hala eta guztiz ere, [?]-ren kasuan ez dugu atzematen aparteko neurria hartzeko gaikuntza ematen duen egitate hori gertatzen denik, jotzen baita haurrak errekuperatzeko aukera handiak eskaintzen dituen garapen orokorra duela eta ezin daitekeela esan defizit iraunkorrik duenik. Horri dagokionez, jakitera ematen da arreta goiztiarraren arloko talde eskudunek, bai Hezkuntza Departamentukoek, bai Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentukoek, neska bigarren ziklora pasatzearen aldeko hautua egin dutela.
Aitzitik, [?] haur eskolako zuzendariak, hezkuntza premia bereziak dituzten neska-mutilen moduluko hezitzaileak eta [?] artatzen duen sendagileak txosten bana egin dute, non gomendatzen baitute neskak egun dagoen zentroan eta hezkuntza premia bereziak dituzten haurrentzako modulu berean jarrai dezan. Horri dagokionez, honakoa esaten dute:
“Une honetan, [?] orain dela bi aste hasi da oinez ibiltzen, ez da zutik jartzen berme bertikalik aurkitzen ez badu eta batetik bestera joateko heldu baten segurtasuna behar du, eta blokeatu egiten da bere inguruan oreka galaraz diezaioketen neska-mutilak egonez gero. Jatorduetan ere heldu baten zuzeneko presentzia behar du. Giro lasaia behar du, eta heldu baten hurbiltasunak ematen dion segurtasuna, bere garapen integralean aurrera egiten jarraitzeko.
Eskolan uste dugu ez dagoela prestaturik hiru urteko neska-mutilekin batera hasteak ekarriko dizkion ratioei eta exijentziei aurre egiteko”. “Lehen zikloan beste ikasturte batez utziz gero, denbora emanen genioke [?]-i hiru urteko gainerako neska-mutikoen garapenaren parean jartzeko, are gehiago kontuan hartzen badugu heldu den urterako hezkuntza premia bereziak dituzten neska-mutilen moduluan jarraituko lukeela eskolan, eta modulu hori guztiz betegabe dagoela”.
Txosten horietan justifikatzen da, azken batean, [?]-k atzerapen nabarmena duela bere garapenean, adin bereko beste haur batzuekin alderatuta, eta, horrenbestez, harentzat onuragarria izanen litzatekeela beste ikasturte batez egun dagoen hezkuntza zikloan geratzea, adin berekoen egoeraren parean jarri ahal izateko.
Txosten horiek neskaren gurasoen asmoa oinarritzen dute, hain zuzen ere egungo ikastetxean gera dadin. Asmo hori, noski, berez Administrazioaren erabakia determinatzeko nahikoa ez bada ere, baloratu eta kontuan hartu beharrekoa bada, are gehiago borondatezko izaera duen hezkuntza-etapa bati buruz ari garela kontuan hartzen bada.
Nafarroako Arartekoa bezalako erakunde bat, zeinak herritarren konstituzio-eskubideekiko errespetua zaintzen baitu, nekez jarriko da erabakitzen zein den [?]-rentzako erabakirik onena (lehenbiziko zikloan jarraitzea ala bigarrenera pasatzea), ikusita, gainera, espedientean erantsitako txostenetan desadostasuna dagoela.
Hala eta guztiz ere, ikusita [?]-rekin bertatik bertara lanean aritu diren profesionalek deskribatzen dutela egungo egoeran neskak atzerapen garrantzitsua duela, egokia iruditzen zaigu Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kasua berriz ere balora dezan eta, zalantzarik gabe ondorioztatzen ez baldin badu neskarentzat onuragarriena dela bigarren ziklora pasatzea, gurasoen asmoari baiezkoa eman eta baimena eman dezan neskak egun dagoen ikastetxean jarraitzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea ezen, emandako txosten guztiak ikusi ondoren, berrazter dezan kexa-egileen alaba haur eskolan geratzeko aukerari buruz hartu zuen erabakia, aldez aurreko juzkurik egin gabe amaieran hartu beharreko erabakiari buruz, ebazpen honen azterketako hirugarren idatz-zatian adierazitako moduan.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia