Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 12ko 91/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 12

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Falta de resolución de una solicitud de responsabilidad patrimonial por doble venta de parcela

Exp: 09/110/O

: 91

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 10ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Atarrabiako Udalaren aurka.

    Azaltzen du lursail bat erosi ziola Atarrabiako Udalari (bide publikoaren soberakin bat, San Andres kaleko 5-7 zenbakietako etxearen eta Atarrabia kaleko 1. zenbakiko etxearen artekoa.

    2006an, [?]-k demanda bat aurkeztu zuen Lehen Auzialdiko Epaitegian, lursail horren jabetza erreklamatuz. Demanda baietsi egin zen eta apelazioan ere berretsi zen, Nafarroako Probintzia Auzitegiaren 2007ko abenduaren 26ko epaiaren bitartez.

    Interesdunak dio, emandako epaiak ikusita, argi dagoela Atarrabiako Udalak salmenta bikoitza egin zuela eta transmisioaren unean udal horrek saldu ziola ordurako berea ez zen lursail bat (1968an saldua zion [?]-i).

    Egoera horren aurrean, interesdunak 2008ko maiatzaren 22an kalte-ordain bat eskatu zion udalari (idazkiari “ekintza zibilei ekin aurretiko erreklamazioa” izenburua eman zion), eta zenbatekoa agirien bitartez justifikatu zuen.

    Denbora luzea iragan den arren, kexa-egileak adierazi du udalak ez duela bete espedientea ebazteko duen legezko betebeharra. Kexa-egilearen ustez, gainera, Administrazioaren erantzukizuna zalantzagabea da, eta, horrenbestez, baiezkoa eman behar dio eskatzen duenari.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Atarrabiako Udalari.

    2009ko apirilaren 30ean, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “Atarrabiako Udalak, 1987an, orduan indarra zuen prozeduraren bitartez, soberako lursail bat, 50 m2koa, besterendu zion hasiera batean erreklamazio-egilearen aitari, eta erremateko lagapen baten ondoren, 1993an, haren alaba [?]-i”.

    Lursail horretan, lokal bat eraiki zen, non helbidea izan baitzuen “[?]” izeneko enpresak. Enpresa horren titularra, izan ere, erreklamazio-egilearen aita zen. Enpresak urtetan jardun zuen helbide sozial horretan.

    Dirudienez, “[?]” enpresa itxi ondoren, mugakide zuen “[?]” merkataritza-enpresak beretzat erreklamatu zuen lokal hori ezarrita zegoen soberako lursaila, alegatuz Atarrabiako Udalak lursail horren salmenta bikoitza egina zuela, zeren eta, adierazten zuenaren arabera, 60ko hamarkadan berari saldua ziola.

    Eskakizun hori dela eta, prozedura judizial bat izan zen, eta hartan “[?]” enpresaren demanda onartu eta erreklamazio-egileari soberako lursaila kendu zitzaion.

    Nabarmendu behar dugu Atarrabiako Udala ez zela ez demandatua ez epatua izan, eta epaitegi horretan agertzeko deitua ere ez zela izan, ezta lekuko gisa ere. Horrenbestez, ez du aukerarik izan egoitza judizialean bere jarrera eta Udalak soberako lursaila dela-eta izan zitzakeen eskubideak defendatzeko.

    Bestalde, bere interesen aurkako epaia izan ondoren, [?] andrea udal honetara zuzendu da, bere garaian saldutako lursaileko 50 m2 horien balorazioa jasotzen duen peritu-txosten batekin, eskatzeko Atarrabiako Udalak neurrigabeko diru-kopuru bat ordain dezan, kontuan izanda 1987an lursaila 150.000 pezetatan saldu zela eta iragandako aldian KPIak ez duela % 140a gainditzen.

    Hori dela eta, ” [?]” merkataritza-enpresaren aurka orubearen udal jabetza egoitza judizialean eskatzeko prozedura abiatzeari buruz amaieran hartzen den erabakia ezertan galarazi gabe, udal hau adiskidetasunezko konponbide batera iristeko prest legoke. Konponbide hori izanen litzateke [?] andreari itzultzea bere garaian ordaindu zuen diru-kopurua gehi KPIaren aplikazio gaurkotua, hain zuzen ere besterentzea izan zenetik akordioa sinatzen denera arte kontatuta, eta, kasua bada, bere eskubidearen defentsan izan dituen gastuak eta kostu judizialak, haiek egiaztatu ondoren”.

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik ondorioztatzen den bezala, Iriarte Villar andreak aurkeztutako kexaren oinarria da Atarrabiako Udalak lursail bat saldu ziola (zehazki bere aitari) haren titularra izan gabe. Izan ere, lursail hori, lehenago, hirugarren bati besterendu zitzaion, jurisdikzio zibilak deklaratu duen bezala.

    Hori dela eta, hirugarren horren asmoa baiesten duen erabaki judiziala izan ondoren, kexa-egileak Atarrabiako Udalera jo zuen eta jasandako kalte-galerengatiko diru-konpentsazio bat eskatu zuen. Testuinguru horretan jarri behar da interesdunak udalean 2008ko maiatzaren 30ean aurkeztu zuen eskaria, zeinari “ekintza zibilei ekin aurretiko erreklamazioa” deitu baitzion. Nolanahi ere, Administrazioak ez dio erantzunik eman erreklamazio horri, jasotako txostenetik inferitu daitekeen bezala.

  2. Konstituzioko 106.2 artikuluak ezartzen du partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izanen dutela kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero.

    Konstituzioaren agindu hori Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluan eta hurrengoetan garatuta dago. Izan ere, artikulu horiek Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunari buruzkoak dira.

    Erantzukizun hori bide administratiboan eska daiteke eta, kasua bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, baita Administrazioak zuzenbide pribatuaren menpeko harremanen arabera jokatzen duenean ere (aipatutako 30/1992 Legeko 144. artikulua eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 2.e) artikulua).

    Hori dela eta, interesdunak 2008ko maiatzaren 30ean, “ekintza zibilei ekin aurretiko erreklamazioa” izenburua zeraman idazki bat aurkeztu zuen arren, non eskatzen baitzuen kalte-ordain ekonomikoa eman ziezaion, idazki hori Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren erreklamazio gisa izapidetu behar zen, horixe baitzen haren egiazko xedea. Horri dagokionez, kontuan izan behar da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak helburu duela herritarrek ekintzez baliatu ahal izatea eta horretarako ez dela oztopoa idazkien kalifikazioan akats formalak egotea, betiere haien egiazko izaera ondorioztatzen den bitartean (pro actione printzipioa, zeina prozedura-legearen osotasunaren ardatza baita eta haren 110.2 artikuluan esplizituki jasota baitago).

    Erreklamazioa aurkezturik, udalaren ondare-erantzukizuna argitzeko administrazio-prozedura bat izapidetu behar izan zen, eta sei hileko epean ebatzia behar zuen (Administrazio publikoen ondare-erantzukizunaren arloko prozeduren erregelamendua onetsi zuen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuko 13.3 artikulua, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluarekin lotuta dagoena).

    Horrenbestez, interesdunak salatu zuenez Administrazioak 2008ko maiatzeko erreklamazioa zela-eta ez jardutea, erakunde honek Atarrabiako Udalari gogorarazi behar dio legez prozedura ebazteko betebeharra duela, eta bere ondare-erantzukizunari buruzko erabaki espresa hartu behar duela. Betebehar hori nolanahi ere bete beharko du, interesdunarekin akordio bat lortu nahiz ez lortu.

  3. Sakoneko gaiari dagokionez, udalak igorritako txostena ikusita, non iragartzen baitu adiskidetasunezko konponbide batera iristeko prest dagoela, ez du ematen gatazkarako arrazoia denik kasuko ondare-erantzukizuna, eta, horrenbestez, hartarako eskubidea aitortu beharko litzateke. Aitzitik, kalte-ordainaren zenbatekoa dela-eta desadostasunik egon badago, udalak uste baitu interesdunak gehiegizko kopurua eskatu duela.

Arau indardunak aurreikusten du prozedurari amaiera konbentzionala emateko aukera, Administrazioaren eta interesdunaren arteko kalte-ordainei buruzko akordioaren bitartez (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 88. artikulua eta Administrazio publikoen ondare erantzukizunaren arloko prozeduren erregelamenduko 8. artikulua).

Halako akordiorik lortzen ez bada, ebazteko betebeharrak bere horretan jarraitzen du, eta Administrazioa da kalte-ordainaren zenbatekoa finkatu behar duena (hori, halere, ez da eragozpen izanen, noski, interesdunak behar den bidetik erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izateko), eta horretarako Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako arauak bete beharko ditu:

  • Administrazio publikoaren jardueraren ondorioz sorturiko kalteak ordaindu beharko dira (139.1 artikulua).

  • Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan izango da zein balioespen-irizpide ezartzen diren jabetza nahitaez kentzeari buruzko legedian, zergei buruzkoan, eta aplikagarri diren gainerako arauetan; hala ere, behar izanez gero, merkatuan nagusi diren balioespenak ere aztertuko dira (141.2 artikulua).

  • Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan izango da zein egunetan gertatu zen benetan kaltea; dena den, erantzukizun-prozedura noiz amaitzen den aintzat hartuta, kopuru hori eguneratu egingo da Estatuko Estatistika Institutuak ezarritako kontsumo-prezioen indizean oinarrituta, eta berandutzeagatik dagozkion interesak ere ordainduko dira (141.3 artikulua).

Udalak, nolanahi ere, interesdunak aurkeztutako balorazioari ezezkoa eman dio eta iragarri du prest dagoela bere garaian lursailarengatik ordaindutako prezioa (150.000 pezeta) gehi KPIaren araberako gaurkotzeak ordaintzeko, bai eta kexa-egileak izan dituen gastuak eta kostu judizialak; kontzeptu horiek, izan ere, egiazki kalte-ordainaren izaera daukate. Hala eta guztiz ere, adierazi beharra daukagu pairatutako kalte guztia ordaindu behar denez, kalte-ordaina jasotzeko modukoak direla, halaber, lursailean eginiko inbertsioak galtzearen ondorioz sortutako kalteak; izan ere, erreklamazioan alderdi hori aipatzen da, baina udal txostenean, berriz, ez da haiei buruz ezer esaten.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Atarrabiako Udalari gogoratzea herritarren eskabide, eskari edo erreklamazio guztiei –zehazki, kexa-egileak 2008ko maiatzean aurkezturiko erreklamazioaren bidez abiatutako ondare-erantzukizuneko prozedurari– berariaz erantzuteko legezko betebeharra duela.

  2. Atarrabiako Udalari gomendatzea aitor dezan pairatutako kalte osoarengatik ordaina jasotzeko interesdunak duen eskubidea, eta kalte-ordaina kalkula dezan ebazpen honen azterketako hirugarren atalean ezarritakoaren arabera.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Atarrabiako Udalari ebazpen hau onartu duela eta azaldutakoaren bidetik zer neurri hartu behar dituen erakunde honi adieraz diezaion, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta Atarrabiako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia