Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 11ko 90/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [...] Milagrosa auzoko zarata eta eragozpenen inguruan aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 11

Energia eta ingurumena

Gaia: Inseguridad ciudadana y contaminación acústica

Exp: 09/182/M

: 90

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. Aurtengo martxoaren 10ean, Milagrosa auzoko bizilagun batek kexa bat aurkeztu zuen, auzo horretako Urrobi Erreka kalean segurtasunik ez dagoela eta.

    Kexa-egileak zioen Amazonas tabernak, kalearen eskuinaldean kokaturikoak, ez bakarrik zarata jasangaitza ateratzen duela, baizik eta, gainera, kanpoaldean maiz gertatzen direla liskarrak eta desordena publikoak. Adierazi zuen salaketarik jarri ez badu eta sonometriarik egiteko eskatu ez badu tabernaren jabeak har ditzakeen errepresalien beldurragatik ez duela egin. Dena dela, adierazi zuen komunikabideek jadanik agerian jarri dutela inguru horretako gatazka egoera; izan ere, zenbait taxilarik Mankomunitateari eskatu diote har ditzala neurriak gaueko txandan gidarien segurtasuna bermatzeko, alde horretan erasoak izan ohi direla eta.

    Horregatik guztiagatik, eskatzen zuen har daitezela neurriak bizilagunen segurtasuna eta atsedenerako eskubidea bermatzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.

    2009ko apirilaren 17an, bi txosten sartu ziren erakunde honetan: bata Herritarren Segurtasun Arloko zuzendariarena, eta beseta Hurbiltasun komisarioarena.

    Herritarren Segurtasun Arloko zuzendariarenak honela zioen:

    “2006. urtearen erdialdetik, Amazonas tabernaren titularra aldatu zenetik, Udaltzaingoak hainbat gorabehera hauteman zituen inguru horretan, eta horiek murrizteko eta ondoriok minimizatzeko bitartekoak jarri zituen. Errobi Erreka kaleko 3. zenbakiaren inguruan guztira 73 esku-hartze izan dira 2007an eta 2008an. Honekin batera, datu horiek ematen dituen Udaltzaingoaren txostena bidali dugu, bai eta inguru horretan egindako aurreneurrizko ekintzak eta esku-hartze mota ere.

    Lokalak berak sortzen dituen eragozpenei dagokienez, guztira 9 salaketa izan dira; horietako 5, ixteko ardua ez betetzeagatik. Ez da salaketarik jarri gehiegizko zaratagatik; izan ere, bizilagunek ez dute inolako salaketarik jarri horregatik, eta, beraz, ez gara aldameneko etxebizitzetara joan neurketak egitera.

    Arazoa ez da lokalak berak ez dituela betetzen bere betebeharrak; izan ere, ikus daitekeenez, Udaltzaingoa etengabe dago gainean, eta, hala ere, bost salaketa baizik ez dira izan. Arazoa erabiltzaileen jarrera da.

    Uste dut Udaltzaingoaren jarduketek izan dutela eragina, eta kale horretan orain ez daudela garai batean zeuden arazoak. Udaltzaingoak ofizioz kontrolatu eta jarduten du, eta gutxitan jardun du bizilagunen kexen ondorioz.

    Lokalaren funtzionamendu baldintzak bete daitezen kontrolatzen jarraituko dugu, bai eta lokalaren erabiltzaileen portaera zabarrak kontrolatzen ere lokalaren kanpoaldean, bizilagunei albait eragozpen gutxien sortzeko”.

    Bestalde, Hurbiltasun komisarioak honako hau adierazi digu: “2007ko urtarrilaren 1etik gaur arte, 73 esku-hartze izan dira, bizilagunek edo lekukoek hala eskatuta. Honekin batera, dokumentu bat bidali dizut, eta hor azaltzen da zein motatako esku-hartzeak izan diren, zenbat atxilotu izan diren eta zenbat denboran erantzun duten esku hartu duten poliziek; dokumentu horretan ikus daitekeenez, deiei oso azkar erantzun zaie.

    Bizilagunen eskakizun horiekin batera, Udaltzaingoak, inguru horretan dagoen arazoaren jakitun, 2008. urteko martxoan zaintza zerbitzu berezi bat hasi zuen asteburuetan, edari alkoholdunen eraginpean ez gidatzeko eta lokala ixtean izaten ziren borrokak saihesteko.

    Bost asteburu iraun zuen zerbitzu horretan, 25 pertsona atxilotu zituen edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, eta beste bost lesioak eragiteagatik. Adierazi nahi dizut zerbitzu hori ez zela antolatu bizilagunen kexengatik, baizik eta Udaltzaingoak eguneroko eta aurreneurrizko patruiletan hautemandako arazoengatik antolatu zela.

    Adierazitakoak hala, adierazi behar da hala Udaltzaingoaren aurreneurrizko lanarengatik nola inguru horretako bizilagunen kexengatik gaur egun etengabe ibiltzen direla inguru horretan patruilatzen, kontrolatzen dela lokal hori, bai edukierari dagokionez eta bai ixteko ardua zorrozki betetzeari dagokionez, eta auzoan poliziak ibiltzen direla lokala hustu eta gero ere, liskarrik edo ustezko delitu edo faltarik izan ez dadin. Udaltzaingoak, oraindik ere arazoa hor dagoela jakinik, Milagrosa auzoan patruilatzen jarraituko du, eta asteburuetan areagotu eginen du presentzia”.

AZTERKETA

  1. Bidalitako txostenak aztertuta, ondorioztatzen da Iruñeko Udala jakitun dela Amazonas tabernaren inguruko arazoaz, eta bidezko zaintza lanak egiten ari dela, arau-hausleak salatuta, bizilagunei albait eragozpen gutxien sortzeko. Udalak adierazi du arazo nagusia ez dela lokala bera, baizik eta taberna horren erabiltzaileen jarrera.

    Horretarako, duela urtebete, Udalak zaintza zerbitzu berezi bat egin zuen, edari ahalkoholdunen eraginpean ez gidatzeko eta lokala ixtean inguru horretan izaten ziren borrokak saihesteko. Zerbitzu horrek bost asteburu iraun zuen, eta 30 pertsona atxilotu ziren.

    Udaltzaingoak esku-hartze ugari egin behar dituenez eta zerbitzu hori duela urtebete baino gehiago eman zenez, erakunde honek uste du, ohiko polizia presentzia gorabehera, komeni dela zerbitzu hori berriro errepikatzea.

  2. Bestalde, kexa-egileak ez ditu soilik lokalaren kanpoaldean izaten diran liskarrak eta desordena publikoak aipatu, baizik eta baita lokalak ateratzen duen zarata ere. Adierazi du ez duela eskatu sonometriarik egin dadin, tabernaren jabeak har ditzakeen errepresalien beldur.

    Horri dagokionez, komeni da adieraztea Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak mugatu egin dituela eragindako eskubide konstituzionalak pertsonen bizimodua asaldatzen duen faktore horri dagokionez (zarata edo kutsadura akustikoa). Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiei erasan zaiela aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.

    Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi-kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, agerian jartzen dira luzaroan zarata handiaren eraginpean egoteak pertsonen osasunean dituen eraginak (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “Erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaitzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  3. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.

    Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horiek betetzen ez badira, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.

  4. Beraz, nahiz eta egia izan ez dela inolako sonometriarik lokaletik datozen zarataren ondorioz kexa-egilearen eskubideren bat urratu dela egiaztatzen duenik, aurrez adierazitako araudiarekin bat, Iruñeko Udalari dagokio jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen direla zaintzea, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.

    Ondorioz, bai ofizioz eta bai alde honek eskatuta, bidezkoa da kanpoko soinu maila neurtzea erasandako jabetzen mugetan, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 6. artikuluko 1, 3, 4 eta 5. idatz zatietan ezartzen den bezala. Eta kanpoko soinu mailak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15, 16 eta 17. artikuluek ezarritako balioak (dBAtan) gaindituz gero, Zarata eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen Foru Dekretu horretako 4. kapituluak, Arau-hauste eta Zehapenei buruzkoak, ezartzen duena aplikatuko da

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez, eta, horretarako, beharrezko jarduketak egin behar dituela, bai ofizioz eta bai alde honek eskatuta.

  2. Amazonas taberna inguruan zaintza bereziko zerbitzua errepikatzeko aukera iradokitzea.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. 3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia