Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Falta de atención en euskera en la centralita telefónica del Gobierno de Navarra
Exp: 09/262/C
Nº: 89
Kultura, Kirola, Gazteria eta Elebitasuna
1. 2009ko apirilaren 16an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hartan, kexa agertzen zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, Nafarroako Gobernuko telefonogunean ez zitzaiolako arretarik egin euskaraz.
Azaltzen zuen 2009ko apirilaren 16an euskaraz hitz egin ziola Nafarroako Gobernuko telefonogunean lan egiten ari zen funtzionarioari, eta enplegatu horrek gaztelaniaz erantzun ziola. Euskaraz inorekin hitz egiteko aukerarik ez egoteagatik kexu azaldu zen, baina ez zioten inolako azalpenik eman.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. 2009ko maiatzaren 6an, aipatu departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
1. Ez gaiari buruz indarra duten arauek, ez hura dela-eta egin diren interpretazio judizialek ez dute babesten [?] jaunak aurkezturiko kexa; izan ere, euskaldunek eskualde mistoan dituzten hizkuntza-eskubideak otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak aurreikusitako tresnen bitartez daude bermatuta. Hain zuzen ere, dekretu haren bidez, euskararen erabilera arautzen da Nafarroako administrazio publikoetan.
Jakina den bezala, foru dekretu horretan ez da inolako berariazko agindurik ezartzen eskualde mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuen eta eskualde euskalduneko pertsona fisiko eta juridikoen arteko ahozko komunikazioari dagokionez. Aurreikuspen hori, berriz, bai dago jasota foru dekretu horretako 10.3 artikuluan eskualde euskalduneko ahozko komunikazioei dagokienez.
2. Aurreko beste batean Nafarroako Arartekori adierazi genion bezala, kontuan izanda abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen funtsezko helburuetako bat dela Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestea, eskualde euskaldunean dauden Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuei telefonoz euskaraz zuzentzen zaizkien herritarrei zerbitzu hobea emateko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak jarraibide batzuk helarazi zizkien departamentu eta erakunde autonomo guztiei, deiari zuzenean euskaraz erantzuteko ezintasuna gertatuz gero, deia jasotzen duenak euskaraz hitz egiteko gaitasunik ez duelako, deia, barneko bidetik, Administrazioaren beste unitate batera birbideratzeko, hain zuzen ere Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegora, bertatik herritarrari euskarazko erantzuna emateko. Nolanahi ere, ildo beretik, gauza bera nabarmenduko zaio telefono dei zentralizatuak une hauetan erantzuten dituen unitateari.
3. Bestalde, une hauetan, prozesu edo aurreikuspen bat abian da Administrazioaren zuzeneko laguntza telefonikoaren unitatea aldatzeko edo ?call center? gisako zerbitzu orokor batean sartzeko. Izan ere, horri buruzko proiektua ?Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia garatzen ari dena, Nafarroako Gobernuko beste zuzendaritza nagusiekin koordinatuta?, aztertzen ari gara une hauetan, bide telematikotik eta telefonikotik edo zuzenean herritarrei ematen zaien arretaren testuinguru orokorraren barruan. Hain zuzen ere, testuinguru horretan hobetu eta indartu eginen da herritarrei gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan ?euskara tartean dela? ematen zaien arreta, euskararen berreskurapena eta garapena babesteko helburuaren barruan, betiere euskaraz hitz egiten duten herritar guztiei arreta eman ahal izateko.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: ?era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz?.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu ?funtsezko? gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz euskara erabiltzeko Nafarroako Gobernuaren telefonogunean, zeina eskualde mistoan baitago, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.
Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.
4. Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.
Departamentuei eta erakunde autonomoei emandako jarraibideak eta erantzuteko idazkian iragarritako bitartekoak egokiak izan badaitezke ere, egia da kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan duela Nafarroako Gobernuko telefonogunearekin, eta komunikazio hori ezin izan zela hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubidea urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez eskualde mistoko bulego, zerbitzu eta zentroetan, herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.
2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia