Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 11ko 84/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 21

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Inadmisión de uno solo de los mellizos en centro escolar

Exp: 10/194/E

: 84

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 5ean, [?] andreak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen dute [?] ikastetxean beren alaba bat ez dutelako hartu.

    Kexa-egileek azaltzen dute beren seme-alabak, [?] eta [?], bikiak direla, eta logikoa denez gurasoen asmoa dela ikastetxe berera joatea. Arestian aipaturiko ikastetxea hautatu dute gurasoek.

    Adierazitakoaren arabera, seme-alabak ikastetxean onartzeko prozesua zozketa bat egin behar izan zen, eta, dirudienez, ikastetxeko zuzendariak ez zuen papertxo bera erabili bi bikientzat. Horren ondorioz, semea hartu egin zuten eta alaba, berriz, zerrendatik kanpo geratu zen. Egoera hori, ageriko arrazoiak direla eta, ez da inolaz ere egokia familiarentzat.

    Azaltzen dute hitzez eta idatziz jo izan dutela Hezkuntza Departamentura, egoera salatzeko, baina ez dutela beren interesetarako erantzun egokia lortu.

    Azaltzen dute ikasleak onartzeko prozesua ez dagola egokituta anai-arreba bikien kasuetan gertatzen den egoera berezirako (orokorrean, anai-arreba horiek ikasturte berera sartu behar izaten dute).

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

    2010eko apirilaren 6an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:

“Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 84.2 artikuluak ikasleak onartzeko prozesuan aplikatu beharreko lehentasunezko irizpideak ezartzen ditu, ikastetxeetan aurkeztu diren eskabide guztietarako behar adina toki ez dagoen kasuetarako.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituenak, irizpide horiek garatzen ditu, eta haiek (eta irizpide osagarriak, kasua bada) aplikatu ondoren berdinketa gertatzen den kasuetarako, 15.2 artikuluan berdinketak nola ebatziko diren ezartzen du; izan ere, azken irizpide gisa, e) letran, honakoa ezartzen da: “Eskatzen den ikastetxeko Eskola Kontseiluan zozketa eginen da”.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 86.3 artikuluaren arabera, familiek aukera izanen dute beren seme-alabak eskolaratu nahi dituzten ikastetxean haiek onartzeko eskabideak aurkeztu ahal izateko; nolanahi ere, eskabide horiek izapidetu egin beharko dira, eta, horrekin bat, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 4.1 artikuluak ezartzen du ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek ikaslea lehenengo tokian eskolaratu nahi duten ikastetxean aurkeztu beharko dutela eskabidea. 16. artikuluak, berriz, itundutako ikastetxe pribatuetan, haien titularrei ematen die ikasleak onartzeari buruzko arau orokorrak hertsiki betetzeko erantzukizuna.

Horrenbestez, argi eduki beharra dago ezen, familiek lehenengo aukera gisa itundutako ikastetxe pribatu bat hautatzen dutenean, bai eskolaratze prozesua, lehenbizi, bai zozketa, zeina kasu batzuetan prozesu horren baitan egin beharko baita, ikastetxearen erantzukizuna direla.

Hori dela eta, ikastetxeari zegokion zozketa “ikasleak onartzeari buruzko arau orokorrak hertsiki betez” egitea, eta Eskolatze Batzorde Nagusiari zegokion, berriz, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 21. artikuluaren arabera, ikastetxeei argibideak eta aholkua ematea Foru Dekretuaren edukiari buruz eta ikasleak onartzeko prozesua erregulatzeko araudiari buruz.

Ikuspegi horretatik eta ikasleak onartzeko prozesu osoko zuzendaritza eta koordinazio eginkizunen eta batzorde horren ikuskapen-eginkizunen ikuspegitik, bai eta kontseilariei Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko b), c), g) eta h) letren arabera kontseilariei arauak betearazteko, zuzentzeko eta emateko dagozkien atribuzioen ikuspegitik ere, esan beharra daukagu jo dugula [?] ikastetxean kasu honetan aplikatutako irizpidea aplikatzekoa den araudiaren araberakoa dela; hori, halere, ez da oztopoa, aurrerago adieraziko den bezala, araudi horren balizko aldaketa bat baloratzeko –bidezkoa baita hori–, txosten honetako xedea den kexan azaldutakoa bezalako egoerei aurre egiteko.

Jada adierazi den bezala, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 15.2 artikulua mugatzen da “eskatzen den ikastetxeko Eskola Kontseiluan zozketa eginen da” esatera, baina ez du ezartzen kontuan hartu beharreko inongo irizpiderik, inongo kolektibori laguntza emateko nahiz bestelako inongo inguruabarri buruz, lehentasunezko irizpideekin gertatzen denaz bestera; izan ere, horietan, kolektibo eta inguruabar batzuk badaudenez non justifikatuta baitago tratu desberdina ematea inguruabar jakin batzuk gertatzen direnean, horiei buruzko berariazko arauak ezartzen dira, hain zuzen ere berdintasunaren aurkakoak ez direnak.

Hala eta guztiz ere, zozketaren kasuan, ez da araurik ezartzen. Hori dela eta, arauak interpretatu eta aplikatzeko garaian, honako printzipioari jarraitu behar zaio: arauak bereizketarik egiten ez duen esparruan, araua aplikatzen duenak ere ezin du bereizketarik egin.

Are gehiago, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 86. artikuluak, ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetako eskolaratzea erregulatzearen esparruan –izenburu du, hain zuzen ere, “berdintasuna onartzeko arauak aplikatzerakoan”–, ezartzen du hezkuntza administrazioek berdintasuna bermatuko dutela ikasleak onartzeko arauak aplikatzerakoan, eta horrekin (bai eta Konstituzioko 9.3 artikuluak bermatzen duen legezkotasunaren printzipioarekin ere) bateragarriagotzat jotzen da zozketa egitea ikastetxean onartzeko izangai bakoitzari bola bat ematea, eta ez bola bat ematea izangai bati baino gehiagori edo bola bat baino gehiago izangai bakarrari, dela izangai horiek bikiak direlako (oso ulergarri gerta daitekeen arren), dela gainerakoei ematen zaien trataeraz beste bat justifikatuta egon daitekeen beste edozein kasutan.

Hori guztia ezertan ere kendu gabe, eta ikusita, jada aurreratu dugun bezala justifikatuta ikusten dela aukera ematea zozketan tratamendu desberdina emateko etapa berean eta ikasmaila berean eskolatu beharreko familia bereko seme-alabei, jakitera ematen da aztertuko dela datozen eskolatze prozesuetan ikasleak onartzeko arauetan aldaketa bat egitea , hain zuzen ere aukera hori txertatzeko.

Hori guztia da jakinarazten dizudana. Edozer behar baduzu zure esanetara naukazu”.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileek, seme eta alaba biki batzuen gurasoek, adierazi dute ez daudela ados horietako bat bakarra onartu izatearekin hautatutako ikastetxean. Horri dagokionez, adierazten dute zozketa bat egin behar izan dela onartutako ikasleen emaitza zehazteko, eta ez denez inongo berariazko neurririk hartu prozedura berean aurkeztutako anai-arreben kasurako, gurasoek salatutako emaitza gertu zen.

    Hezkuntza Departamentuak, bere aldetik, aplikatzekoak diren arauak aipatuz (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa eta apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen onarpena arautzen duena), ondorioztatzen du ikastetxearen jarduera –bere esparruan onarpen-prozedura kudeatzen baitu– Zuzenbidearen araberakoa izan zela, zeren eta ez baita inongo berezitasunik jaso kexak aipatzen duen kasurako.

  2. Egiazki, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko prozesua erregulatzen duen berariazko arauak ez du inongo berezitasunik jasotzen aldi berean aurkezten diren anai-arreben kasurako; hori dela eta, arauaren aplikazio hutsaren ikuspuntutik, Hezkuntza Departamentuaren ondorioa ez da okerra. Izan ere, ezer ere ez dago aurreikusita anai-arreba batzuk onarpen prozedurara aurkezten diren kasurako, halako moduz non, inongo baldintzarik ezartzen ez den zozketa batean, salatutako eragina gerta daitekeen.

    Aurrekoa ez da oztopoa ondorioztatzeko ezen, gure iritziz gertatutako emaitza zuzengabea dela eta ez datorrela bat botere publikoek herritarren lana eta familia bateragarria izan daitezen sustatzeko –ahal den guztian eta arrazoizkoa den moduan– daukaten betebeharrarekin. Adierazi behar dugu ezen betebehar hori Konstituzioak jasotako eskubideetatik ere heldu dela, eta, oso bereziki, Konstituzioko 39. artikuluan aitortutako printzipio gidaritik (familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa), eta jakina den bezala, printzipio gidari horrek Zuzenbide positiboa eta botere publikoen jarduketa informatzeko eragina dauka (aipatu arau nagusiaren 53.2 artikulua).

    Onarpen prozeduraren mekanikak berak, egituratuta dagoen bezala, salatutakoa bezalako ondorio bat ekartzeagatik beragatik, Hezkuntza Departamentuari iradoki behar diogu indarreko araudia alda dezan, eta prozedura horretan zuzenketa faktore bat sar dezan, halako moduz non eskuartean daukaguna bezalako kasuetan, gurasoek aukera izanen duten beren seme-alabek prozesuan elkarrekin parte hartzeko, emaitza bera izan dadin anai-arreba horientzat.

    Gure ustez neurri hori guztiz arrazoizkoa da eta, gure iritziz, ezer ere ez dakar Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean aipatzen den berdintasun printzipioaren aurka, zeren eta tratamendu desberdina ematen ari baitzaie egoera berezi batean daudenei, alegia, toki beretarako lehiatzen ari diren anai-arreba batzuei (ez dugu uste zozketa anai-arrebei bola bera emateak inolaz ere Konstituzioko berdintasun printzipioa urratuko lukeenik).

    Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 33.2 artikuluak ezartzen du ezen, ikerketen ondorioz, iritsiko balitz uste izatera arauen betetze zorrotzak administratuentzako zuzengabeko egoerak edo egoera kaltegarriak sor litzakeenik, legegintzako organo eskudunari edo Administrazioari hura aldatzeko iradoki ahalko liokeela. Gaikuntza horren babesean, erakunde honek egokitzat jotzen du aipatutako arau-aldaketa iradokitzea, zeren eta, berriz diogu, aztertutakoa bezalako kasuetan sortutako emaitza, antolamendu juridikoan aitorturiko eskubide eta printzipioei begiratuta, nabarmenki desegokia baita.

  3. Iradokitako arau-aldaketaz gainera, uste dugu gomendagarria dela kasu zehatz honetan, daukan berezitasuna dela eta, aparteko neurri bat aplikatzea eta sortutako egoerari konponbidea ematea. Hori dela eta, gomendatzen dugu, Hezkuntza Departamentua eta [?] ikastetxea aurrez akordio batera iritsita, eskainitako toki itunduen kopurua zabaltzea, eta zozketatik kanpo geratu zen arreba onartzea.

    Nabarmena denez, ikastetxe orotan tokiak zabaltzen diren kasu guztietan bezala, neurri hori ez da heldu onarpen arauen aplikazio araututik, baina kasuaren berezitasuna ikusita, uste dugu gomendagarriena izanen litzatekeela, Foru Komunitateko Administrazioak zaindu beharreko eskubideen osotasunari begiratuta, eta ez dugu atzematen harekin hirugarrenen eskubideak kaltetuko liratekeenik. Horrenbestez, gure erakunde-eginkizuna kontuan hartuta, neurri horixe da gomendatzen duguna.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko araudia alda dezan, eta ikasleak onartzeko prozesuan faktore zuzentzaile bat sar dezan, halako moduz non eskuartean daukaguna bezalako kasuetan, gurasoek aukera izanen duten beren seme-alabek prozesuan elkarrekin parte hartzeko.

  2. Departamentu horri gomendatzea ezen, kasua apartekoa dela aintzat hartuta, behar diren neurriak har ditzan [?] ikastetxean beste postu bat eskaini ahal izateko, eta postu horretan onartu ez duen arreba bikia onar dezan.

  3. Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileei eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia