Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 9ko 180/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 09

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Denegación del derecho a transporte y comedor por acudir a centro escolar en localidad distinta de la de residencia

Exp: 09/540/E

: 180

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 12an Erakunde honetan [?] andreak sinatutako idatzi bat aurkeztu zen. Idatzi horretan Hezkuntza Departamentuaren jarduera bati buruzko kexa adierazten zen.

    Kexa egin duena [?]n bizi da eta adierazten du bere haurrak aurreko ikasturtean [?] IP-n ibili direla, Mendillorrin, Haur Hezkuntzako 3. eta 1. mailan (D ereduan). Datorren urterako zentro publiko bat irekitzea espero da [?]n eta gurasoek nahiko lukete bi haurrek azkeneko zentro honetan jarraitzea ikasketak egiten, aukeratutako ereduan. Baina ezin izan dute, horretarako eskaintzarik ez dagoelako eta alaba zaharrena ezin izan dutelako eskolau [?]n lehen ikasitako ereduan.

    Horrelakorik ezin denez eta gurasoek beraien seme-alabak ikastetxe berean edukitzea nahi dutenez eta seme-alabak banatzeko asmorik ez dutenez, [?] ikastetxe publikoan jarraitzea erabaki zuten, eta Hezkuntza Departamentuari eskatu zioten garraiorako eskubidea aitortzeko eta jangela zerbitzuagatiko diru laguntza emateko.

    Baina jakinarazi dioten beraien nahia alaba nagusiari dagokionean bakarrik beteko dela, baina ez txikienari dagokionean (jakinarazi zaie ezin dutela honen jantoki zerbitzuagatik diru laguntzarik jaso eta garraiorako eskubiderik ez dutela izanen, plaza libreak badaude soilik erabili ahal izanen dute).

    Kexa egin duenak adierazi du bere bi seme-alabek beraien herrian D ereduan ikastea nahi duela, A ereduko adin bereko haurrek egiten duten bezala. Baina hori egiterik ez dutenez, familiaren lehentasuna biek toki berean ikastea da eta, hori horrela, garraio zerbitzua eta bi haurren jantokirako diru laguntza eman beharko liezaiekeela uste du.

  2. Kexa aztertuta eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Hezkuntza Departamentuari txosten bat igortzeko eskatu zitzaion.

    2009ko abuztuaren 19an sartu zen eskatutako txostena eta honakoa azaltzen da:

    1. Hezkuntza Departamentuak 2009/10 ikasturterako Haur eta Lehen Hezkuntzako [?]eko ikastetxe berrian D eredua abian jartzea planifikatu du, egiazko eskariei egokitutako irizpide objektiboekin eta baliabide publikoen erabilerara egokituta.

    2. Lehenengo urtean abian jartzeko etapak, mailak eta ereduak zehazterakoan, gizartearen eskakizuna eta hezkuntza arloko koherentzia izan dira gogoan. Horregatik, ikastetxe berria irekiko den arren, D eredua Haur Hezkuntzako 2. zikloan baino ez da ezarriko.
    3. 2009/10 ikasturtean eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituen Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 319/2009 Ebazpeneko I. Eranskinak, 1.4 atalak ezartzen du.

      “Era berean, eskola garraioaren onuradun izanen dira, Hezkuntzako Administrazioak eskatuta kasuan kasuko mailako lehen kurtsoko ikasketak eskola zonifikazioaren arabera ez dagokien ikastetxe batean hasi dituzten ikasleak, baita hautaturiko hezkuntza-eskaintza dagokien ikastetxean, eskualdean edo barrutian ez izateagatik, beste ikastetxe batera -barruti berekora nahiz beste batekora- joan behar duten ikasleak.”

    4. Derrigorrezko hezkuntzako Nafarroako zentro publiko ez unibertsitarioetako eskoletako jantokiak arautzen dituen uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuaren 3. artikuluak dio:

      “Jangelak, ikasleen eskolatze eremuaren arabera, eskualdeko jangelak edo ohiko jangelak izan daitezke. Eskualdeko jangelak dira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak hala izendatutakoak, eskolara joateko Departamentu horrek berak antolatutako eskola garraioa behar duten ikasleen beharrak artatzekoak, eguerdian garraio horrek ibilbiderik egiten ez duelako. Horiek sortzea eta antolatzea Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena izanen da, Eskola Kontseiluekin eta eskoletako zuzendaritzekin elkarlanean.

      Foru Dekretu honetan aurreikusitako ondoreetarako, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak eskualdeko jantoki bezala homologatu ahal izanen ditu, aurreko paragrafoko ezaugarriak bete ez arren, bertara doazen ikasle guztiek edo gehienek ezaugarri berezi hauek badituzte:

      • Inguruko zentroetan onartu gabeko ikasleen eszedenteak.
      • Aukeratutako hizkuntza ereduagatik desplazatutakoak.
      • Gutxiengo etnikoetako ikasleak.
      • Sektore sozioekonomiko kaltetuenetako ikasleak.

        Gainerako guztiak ohiko jangelak dira.

        Artikulu honetako 3. ataleko ezaugarriak bete eta ohiko jangeletara joaten diren ikasleek, ezarritako banako laguntza ekonomikoak jaso ditzakete.”

    5. Kasu honetan, [?] zentroan lehen hezkuntzako talderik ez dagoenez, familiak erabaki du bi seme-alabak ( [?] Lehen Hezkuntzako 1. mailan eta [?] Haur Hezkuntzako 2.ean) [?] ikastetxe publikoan mantentzea, 2008/2009 ikasturtean ere hor baitzebiltzan.

      Aukera hori erabat doituta dago araudira eta ulergarria da familiaren ikuspegitik, baina ez du bi ikasleek garraiorako eta jangelarako eskubidea edukitzea esan nahi. Ikusi denez, nahi den hizkuntza eredua eskaini ezin denean sortzen da eskubidea eta kasu honetan bietako batentzat bazegoen aukera hori Lehen Hezkuntzako 2.ean, beraz, [?] ikastetxe publikoan jarraitzea gurasoen aukera pertsonal librea da, garraiorako eta jangelarako eskubidea edukitzearekin uztartu ezin dena.

    6. Aurrez azaldutakoaren arabera, familiak bi seme-alabak [?] zentrora eramatearen erabakiak ondorio hauek ditu:

      Batetik, [?] haurrak garraio zerbitzua doan du eta jangelarako laguntza ere bai, [?]n horrelakorik eskaintzen ez delako.

      Bestalde, beste haurrak [?] zerbitzu hauek ez ditu doan, [?]n eskaintza hori baduelako.

AZTERKETA

  1. Hasteko, esan beharra dago Erakunde honek bere epaia eman behar izan duela [?]ko Ikastetxe Publikoan D ereduan behar adina plaza ez egoteari buruz. Gai honi dagokionez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bere garian gomendatu genion zentro horretako 2009/2010 ikasturtea eta ondorengoetarako irakaskuntzak eta hezkuntza ereduak planifikatzerakoan beharrezko jarduerak egin zitzala, gurasoek eta elkarteek eskainitakoak gogoan izanda, eredu horren eskaria egiaz zenbatekoa zen jakiteko eta emaitza horren arabera, zegozkion erabakiak hartzeko.

    Antzeko kexen kasuan adierazi dugun bezala, gogoan izan behar dugu herritarren esku jarritako eskolako toki kopuruaren eskaintza zehatza hezkuntza planifikazioaren ahalmena dela eta izaera berezia duela. Beraz, baliozko zenbait irtenbide daude ikuspegi juridikotik eta eskubide konstituzionalak errespetatzeari dagokionez.

    Zentzu horretan, esan beharra dago lurralde eremu jakin batean (herria, auzoa, udalerria...) eskolan behar adina plaza ez egoteak ez duela esan nahi, berez, ordenamendu juridikoak babestutako eskubideak urratzen direnik. Argi dago, Administrazioak, eskolako plazen eskaintza konfiguratzean, herritarren eskariak eta lehentasunak asebetetzeko joera izan behar duela ahal den neurririk handienean eta interes orokorra alde batera utzi gabe, baina juridikoki hori eskatzerik ez dago, ezta ezinezkoa delako ere, eskaintza nahi horietara erabat eta osorik egokitzea.

    [?] zentroa duela gutxi ireki da eta kasu honetan Hezkuntza Departamentuak erabaki du D eredua Haur Hezkuntzako 2. zikloan eskainiko duela; ezin dugu ondorioztatu adin handiagoko haurrentzako plazarik ez egoteak ordenamendu juridikoan aitortutako eskubideak urratzen dituen, eta lehen aipaturiko gomendioa indarrean dagoela esan beharra daukagu berriro ere, egiazko eskaria ezagutzeak une jakin eta zehatz batean agortzen ez den administrazio jarduera baitakar.

  2. Aurrekoa oinarri hartuta, [?] zentro publikoan D ereduko plazak Haur Hezkuntzako 2. ziklora mugatuta, egia da kexa egin duenaren bi haurrek ezin dutela bertan ikasi. Hori horrela izanik, biak aurreko ikasturteko eskolatze egoeran mantentzea erabaki zuen, hau da, biak Mendillorriko [?] ikastetxe publikora joango ziren.

    Eskolako garraio zerbitzuari eta jangelako zerbitzuaren gastua ordaintzeko laguntzari dagokionez, Administrazioak igorritako txostenetik ondorioztatzen da bere nahia ukatu egiten zaiola haurrik txikienari dagokionean, honek D ereduan ikasteko aukera bai baitauka [?]n. Zentzu honetan, txostenean adierazten da eskubidea sortzen dela nahi den hizkuntza eredurik ez dagoenean (etxeko helbideari dagokion zentroan) eta, ondorioz, mugitzeko beharra dagoenean.

    Gure iritziz, Hezkuntza Departamentuak “hizkuntza ereduaren arabera mugitutako haurra” kontzeptua interpretatzean oso mugatua izan da, gaur egun plaza badagoela besterik ez baitu izan kontuan (ikasturte honetara arte mugitzea beste aukerarik ez zegoela ulertzen da horrekin) eta aipaturiko ikasle honi bakarrik egiten baitio erreferentzia (famili unitateko beste kideentzako plazarik dagoen ala ez alde batera uzten du).

    Gure iritziz 2008/2009 ikasturtean kexa jarri duenaren bi seme-alabak hala hartzen baziren eta garraio eta jantoki kontzeptuengatik onurak bazituzten, ez dirudi justifikatua denik ikasturte honetan beste tratu bat ematea. Egia da biak Mendillorriko zentroan mantentzea erabaki libre baten ondorioa dela, baina hori bezain egia da, erabaki hori ia erabat baldintzatuta dagoela hezkuntza eskaintzaren ondorioz, eskaintzen zaien alternatibak bi haurrak “banandu” eginen bailituzke zentroetan, eta aukera horrekin ez dago ados familia.

  3. Azalduko guztiaren ondorioz, ez dugu uste [?]ko ikastetxe publikoan D ereduan plazarik ez egoteak ordenamendu juridikoak aitortutako eskubiderik urratzen duenik, kexa egin duenak adierazi bezala, baina bai uste dugu, adierazitako gorabeherak kontuan izanda, bi ikasleek mugitutako bezala hartzen jarraitu beharra dagoela, hizkuntza ereduaren ondorioz eta horri buruzko onurak eman behar zaizkie garraio eta jantoki kontzeptuei dagokienez, gaur egun soilik bietako batentzat plaza egotea ez baita baldintza hori galtzeko adinako arrazoia.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexa egin duenaren bi seme-alabak aukeratutako hizkuntza ereduaren arabera mugitutako ikasle bezala har ditzala, garraio eta eskolako jantoki zerbitzuengatik dagozkien onurak izateko.

  2. Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea, iradokizun hau onartzen duela eta dagozkion neurriak hartu dituela jakinarazteko edo onartzen ez badu horretarako arrazoiak azaltzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dugula ohartaraztea, Erakunde hau arautzen duen Legearen 34.2 artikuluan aurreikusitako terminoetan.

  3. Ebazpen honen berri ematea interesatuei eta Hezkuntza Departamentuari, eta adieraztea ezin dutela honen aurka inolako errekurtsorik ezarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia