Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Dilaciones en la conclusión de la oposición para la provisión de 328 plazas de enfermería
Exp: 10/602/S
Nº: 158
Funtzio publikoa
2010eko uztailaren 29an, erizaintzako 328 lanpostu betetzeko 2008ko maiatzean deitu zen oposizio-lehiaketako hemezortzi izangaik izenpetutako idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten oposizio-lehiaketa horren amaieran pairatzen ari diren geroratzeengatik eta ziurgabetasunarengatik.
Azaltzen dute 2010eko martxoaren 30etik, Foru Komunitateko Administrazioak epai bat ezagutzen duela, zeinak ezarri baitzuen euskara merezimendu gisa barematu behar dela, eta hala eta guztiz ere, 2010eko maiatzaren 26an, oposizio-lehiaketa gainditutako izangai guztiei dei egin ziela lanpostua hautatzeko –eta horixe egin zuten–, epai horren berri eman gabe eta epai horren aurkako apelazioa aurkeztuta zegoela jakinarazi gabe.
Kexan azaltzen dute jokabide horrek (lanpostuak hautatzea) ez duela ezertarako ere balio izan, zeren eta Administrazioak lanpostuak berriz adjudikatu behar baititu, euskaraz jakiteagatiko merezimenduak berriz baloratu ondoren. Eskatzen dute erantzukizunak eska daitezkeela, bidezkoa denez.
Halaber, eskatzen dute eskainitako lanpostuen kopurua handitzeko, halako moduz non 2010eko maiatzaren 26an lanpostua hautatu zuten 328 pertsonek egitekoa den adjudikazio berrian ere lanpostua eskuratuko duten.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiei buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.
2010eko irailaren 3an, eskatutako txostena sartu zen. Hartan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 12ko 1644/2010 Ebazpenaren kopia bat baizik ez da ageri. Izan ere ebazpen horren bitartez, neurriak hartzen dira Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2010eko ekainaren 10eko epaia betearazteko.
Bi dira kexa-egileek planteaturiko gaiak. Lehenengoa da 2010eko maiatzaren 26an oposizio-lehiaketa gainditutako izangaiekin eginiko ekitaldian informaziorik ez ematea 2010eko maiatzaren 30eko epaiari buruz, Administrazioak hura zela eta aurkeztutako apelazioari buruz eta bigarren auzialdian hura berresteak ekarriko lituzkeen ondorioei buruz. Bigarrena da komenigarria izanen litzatekeela eskainitako lanpostuen kopurua handitzea, halako moduz non 2010eko maiatzaren 26an lanpostua hautatu zuten 328 pertsonek, behin euskararen ezagutza baloratu eta puntuatu ondoren eginen den adjudikazio berrian ere, lanpostua eskuratuko duten.
Lehenengo gaiari dagokionez, ezer ere ez da esaten Departamentuaren txostenean. Horrenbestez, egiazkotzat jo behar dugu kexa-egileek informazio ezari buruz egindako baieztapena.
Honakoak dira aztertu beharreko egitateak: 1. Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak, 2010eko martxoaren 30ean, baietsi egin zituen aurkeztutako errekurtsoak, eta ezarri zuen izangaiek euskarari buruz zeuzkaten ezagutzak nahitaez baloratu behar zirela. Nafarroako Gobernuak apelazio bat aurkeztu zuen epai horren aurka; 2. 2010eko maiatzaren 26an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak oposizio-lehiaketa gainditutako izangai guztiei dei egin zien lanpostua hauta zezaten, eta horixe egin zuten. Alabaina, bilera horretan ez zien informaziorik eman epai horren edukiari buruz eta, apelazioak aurrera egin ezean, izan zitzakeen ondorioei buruz; 3. 2010eko ekainaren 10eko epaiaren bidez, apelazioa ezetsi egin zen eta guztiz berretsi zen 2010eko martxoaren 30eko epaia.
Kexa-egileek informazio eza egotzi diote Administrazioari, eta egozte hori hertsiki lotuta dago informaziorako eskubidearekin, zeina jasota baitago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluan eta ondokoetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. eta 15. artikuluetan.
Ildo horretan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 35. artikuluan herritarren eskubideak jasotzen ditu, eta a), b) eta g) letretan informazioaren eginkizun edo betebehar administratiboarekin lotura zuzena duten hiru eskubide bereziki, betiere informazioa bere bi esanahiekin ulertuta: informazio orokorra den aldetik eta informazio partikularra den aldetik. Antzeko zerbait diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. eta 15. artikuluek.
Abenduaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko g) letrak, herritar guztiei nahitaez eman beharreko informazioari buruzkoak, beste arlo batzuen artean, herritarrek eta interesdunek prozeduren izapideari buruz eduki beharreko informazioa aipatzen da, bai eta administrazio publikoekiko beren harremanetan ezagutu beharreko bestelako datuei buruzko informazioa ere, orokorrean nahiz jarduketa esparru jakinen batean.
Planteatutako kasuan informazio berezi edo berariazkoa dela jota, eta, noski, kontuan izanda informazio garrantzitsua dela, zeren eta eragin oso zuzena baitu legitimoki interesatuta dauden pertsonen talde batengan, Administrazio Publikoa materialki behartuta zegoen hautapen prozesuan eragin positiboa nahiz negatiboa izaten ari ziren inguruabar nagusiei buruzko egiazko informazioa emateko, kontuan izanda inguruabar horiek eragina izaten ari zirela hautapen prozesuan parte hartzen ari ziren pertsonen egoeran eta interesetan.
Beste ikuspuntu juridiko batetik, egokia da, orobat, gogoraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen arabera Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buru-buruan egon behar duten hiru printzipioak (3.2 artikulua). Printzipio horietako batzuk erabat dira aplikatzekoak aztergai dugun kasuan, eta printzipio horiek direla-eta legeak Administrazioari ezartzen dio bere jardunean, behar diren neurrien bitartez, eraginkortasunez jokatzeko betebeharra duela (5.2 artikulua). Printzipio horiek, oro har, “jardun administratibo egokia” garatzea dute helburu. Esate baterako, aipa daitezke fede ona eta konfiantza legitimoa babesteari dagokiona eta herritarrei arreta egokia emateari dagokiona. Printzipio horiek Administrazioaren betebehar korrelatiboak dakartzate; besteak beste, eta hemen interesatzen zaigunari begira, interesdunei Administrazioarekiko beren harremanetan informazioa eta laguntza emateko betebeharra, eta, bereziki, oraingoa bezalako kasuetan, Administrazioaren erabaki jakin batzuek, epaitegietan zalantzan jarri direnak eta epaitegi horiek baliogabetu dituztenak, kalte do abantaila argiak sortzen ari zaizkienean edo sortu ahal dizkietenean. Eta zalantzarik gabe Administrazioak, informazioa emateko bere betebeharrari ez begiratzeaz gainera, fede ona eta konfiantza legitimoa babesteko printzipioa ere alde batera utzi du, zeren eta oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaiak deitu baititu lanpostua hautatzeko; eta izangaiek, izan ere, horixe egin zuten. Alabaina, Administrazioak bazekien litekeena zela izangaiek eginiko hautua baliogabe geratzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiak behin eta berriz emandako “jurisprudentzia” zela eta.
Printzipio horiek kasuari aplikatzeko, erakunde honen iritziz, beharrezkoa zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izangaiei informazioa ematea hautapen-prozesuaren ibilbide normala arriskuan jar zezaketen gorabeherei buruz, eta, noski, maiatzaren 26ko bileran informazioa eman behar zien haien egoeran eta interesetan oso eragin zuzena zuten inguruabarrei buruz.
Horrela, ez da batere ilogikoa, ez gehiegizkoa ere, administrazio jarduleari eskatzea 2010eko maiatzaren 26ko bileran bildutakoei ohartarazi behar ziela deialdiaren aurkako errekurtso bat bazegoela eta lehen auzialdiko epai bat bazegoela, zeinak exijitzen baitzuen euskara merezimendu gisa baloratzea, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren apelazio-epaiaren zain egon beharra zegoela, eta, horrenbestez, lanpostuen adjudikazioa behin-behinekoa zela, apelazio-epaitegiaren erabakia ezagutu artekoa.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gogoraraztea, interesdunei parte hartzen duten prozedura administratiboetan eta hautapen-prozesuetan, informazioa eman behar dietela prozedura horien garapen normalean eragina izan dezaketen edo hura baldintza dezaketen alderdi eta egitate guztiei buruz, bai eta haiek izangaientzat edo parte-hartzaileentzat izan ditzaketen ondorioei buruz ere.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia