Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Disconformidad con inadmisión en centro concertado. Falta de motivación y de indicación de recursos pertinentes.
Exp: 09/494/E
Nº: 179
Hezkuntza eta irakaskuntza
Aurtengo uztailaren 14an [?] jaunaren eta [?] andrearen idazkia aurkeztu zen. Haren bidez kexa aurkeztu zuten beraien semea, [?], zenbait zentro kontzertatutan onartu ez zutelako.
Adierazi zuten otsailaren 24ko 28/2009 Foru Aginduak, diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2009-2010 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onesten dituenak, ezarritako epearen barruan eskatu zutela beraien [?] semearen izena aurrez ematea Haur Hezkuntzako bigarren maila egiteko. Lehenengo aukera bezala [?] ikastetxea adierazi zuten, bigarren bezala [?] eta hirugarren bezala [?].
2009ko apirilaren 8ko datarekin Eskolatzeko Batzordeko lehendakariaren eskutitza jaso zuten eta jakinarazten zitzaien eskatutako zentroetan ez zegoela plazarik.
Kexa aurkeztu dutenak Espainiako Konstituzioko 27.3 artikulu aipatzen dute, gurasoen beraien sinesteen araberako trebakuntza erlijiosoa eta morala jasotzeko eskubidea. Adierazten dute eskubide hau plazarik ez egotearen gainetik dagoela, eta esaten dute, halaber, [?] ikastetxean bi eskari besterik ez zirela egon Haur Hezkuntzako 2. maila egiteko eta gaur egun Haur Hezkuntzako 1. mailan 25 haur daudela bi geletako bakoitzean, eta kopuru hau Iruña eskualdeko ikastetxe kontzertatu gehienetako gela bakoitzeko batez besteko kopurua baino txikiagoa dela.
Kexa sinatzen dutenen ustez Konstituzioko 27.3 artikuluak lehentasuna izan behar du eta 2009ko apirilaren 23an Eskolatzeko Batzorde Orokorrean eskari bat aurkeztu zuten. Eskari horretan beraien eskubidean oinarritzen ziren eta beraien nahia babesten zuten zenbait epairen edukia ere agertzen zuten. Adierazi zuten 2009ko maiatzaren 12ko data duen eskutitzaren bidez Eskolatzeko Batzorde Orokorreko lehendakariak interesatuek aurkeztutako eskutitzari erantzun ziola, eta datorren ikasturterako zentroan plazarik ez zegoela besterik ez ziela jakinarazi.
Kexa aurkeztu zutenen ustez, erantzun hori ez dago behar adina motibatuta, beraien eskariaren argudio nagusia ez baita aipatzen, hau da, Konstituzioko 27.3 artikuluan aitortutako eskubidea. Era berean, interesatuek azaldu zuten Eskolatzeko Batzordearen erantzunean ez zirela aipatzen ez dagozkien errekurtsoak, ez zein organoren aurrean jar ditzakete errekurtso horiek, ez jartzeko zer epe duten.
Abuztuaren 14ko datarekin aipaturiko Departamentuak txostena igorri zion Erakunde honi eta honakoa esaten zuen:
Egia da Eskolatze Batzordearen jakinarazpenak ez zituela berariaz aipatzen errekurtsoak ezta zein organoren aurrean jar zitezkeen ere, horrek epea zabala dela esan nahi dezakeen arren; hala ere, aipatu beharra dago eskatutako zentroetan ez onartu izanaren arrazoia zentro horietan plaza hutsik ez egotea zela eta ikaslea zentro horietan ez onartzeko motibazioak indarrean jarraitzen duela.
Egoera horren aurrean eta seme-alabek gurasoen usteen araberako trebakuntza erlijiosoa eta morala jasotzeko eskubideari kalterik egin gabe, esan beharra dago Espainiako Konstituzioko 27.3 artikuluak aitortzen duela eskubide hori baina horrek ez duela esan nahi gurasoek aukeratutako zentroak haurra onartu beharra daukanik, zentro horretan plaza hutsik ez badago, horrek izanen lituzkeen ondorioak gogoan izanda, eskolatze prozesua andeaturen bailuke eta aukeratzeko irizpideak ere bai, behar adina plaza ez dagoenean.
Dena dela, eta eskubide hori bermatzeko, Batzorde honek familiak informatu egiten ditu beraien usteen arabera plaza libreak dituzten zentroei buruz.”
Lehenengo gaiari dagokionez, esan beharra daukagu hezkuntzarako denok dugun eskubidea Konstituzioko 27.1 artikuluan ageri dela. Banako eskubidea da, botere publikoen prestazioarekin korrelatiboa eta botere publiko horiek eskubide hori burutzen saiatu behar dira (uztailaren 10ko Auzitegi Konstituzionalaren 86/1985 Epaia, abenduaren 23ko 337/1994 eta irailaren 20ko 188/2001).
Zentzu honetan, Auzitegi Konstituzionalak behin baino gehiagotan aitortu du “hezkuntzarako denok dugun eskubideak (…..) askatasunerako eskubidearen lehen edukiarekin batera dimentsio prestazionala du, eta horren arabera botere publikoek eskubide hori eraginkor bihurtzen saiatu beharko dira. Botere publikoen ekintza prestazional horren zerbitzura daude planifikazioko eta promozioko tresnak ...”
Hezkuntzarako eskubideari lotuta, Konstituzioak aitortzen du irakasteko askatasuna ere. Hau askatasun ideologikoaren eta erlijiosoaren proiekzioa da eta pentsamenduak, ideiak eta iritziak askatasunez adierazteko eta zabaltzeko eskubidearen proiekzioa ere bai, Erromako Hitzarmenaren 9. artikuluan aitortzen denez, giza eskubideak eta funtsezko eskubideak babesteko.
Irakasteko askatasunak berekin du, gainera, gurasoek seme-alaben trebakuntza moral eta erlijiosoa aukeratzeko eskubidea ere. Zentzu horretan, Konstituzioko 27.3 artikuluak botere publikoak derrigortzen ditu seme-alabek gurasoen usteen araberako trebakuntza moral eta erlijiosoa jasotzeko duten eskubidea bermatzera. Eskubide hau Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 26.3 artikuluren ondorioa da. Horren arabera “gurasoek lehentasuna dute seme-alabei emango zien hezkuntza mota aukeratzeko”.
Azken finean, hezkuntzako eskubideak zerbitzu dimentsioa duenez, botere publikoek irakaskuntzako askatasuna bermaturen duten neurriak hartu beharra daukate eta, zehatz esateko, zentroak askatasun osoz aukeratzekoa, bakoitzaren uste moral eta erlijiosoen arabera.
Hala ere, argi dago gurasoek ikastetxea aukeratzeko eskubidea ezin dela inolako mugarik gabe ulertu. Zentzu horretan Auzitegi Gorenak adierazi du “orokorrean onartu daiteke gurasoek edo tutoreek seme-alabentzako edo ardurapekoentzako ikastetxea aukeratzeko eskubidea hezkuntzaren oinarrizko eskubidearen ohiko osagaia den arren, egokitasun didaktikoekin talka egiten duenean eskubide hau lehentasunezko adierazpen bezala baino ezin dela ase” (Auzitegi Gorenaren Epaia, 1993ko martxoak 29).
Era berean, Auzitegi Gorenaren 1985ko urriaren 23ko Epaiak -RJ 5012- zehazten du ikastetxea aukeratzeko eskubidea Konstituzioko 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako eskubidearen zati dela, eta ikastetxea aukeratzeko eskubidea sendotu egiten da xedapen batzuen bidez, zeinak irizpide objektiboak ezartzen dituztenez, behar adina plaza ez badago zentro publiko eta kontzertatuek hautaketa arbitrarioa egitea galarazten baitu.
Aldi berean, Auzitegi Konstituzionalak uste du “onartzeko” irizpideak egoteak ez duela hautaketa libreko eskubidea urratzen, “aurreikusitako irizpideak ez baitira ikasleak zentro jakinetan izena emateko edo nahitaez joateko jarritakoak, plazarik ez badago aukeratzekoak baizik, eta beraz, saihestezinak dira”.
Beraz, Konstituzioak ez du bermatzen zentroa askatasunez aukeratzea, baizik eta gurasoen usteen araberako trebakuntza erlijioso eta morala aukeratzea seme-alabentzat.
Planteatutako kasuan, interesatuek lehenengo aukera bezala [?] ikastetxea jarri zuten eta bigarren eta hirugarren bezala [?] eta [?], hurrenez hurren. Eta horietan ez zegoen plazarik libre.
Hezkuntza Departamentuak adierazi du zentroek ratioa igotzeko eska dezaketela, eskari gehiago onartzeko, gehitze horrek berandu sartuko diren ikasleen plazak murrizten ez baditu behintzat. Baina [?] zentroak ez zuen ratioa igotzeko eskatu eta, beraz, Eskolatze Batzordeak ezin izan zion baimenik eman.
Beraz, eta lehenago islatu den bezala, Konstituzioak ez du bermatzen zentroa askatasunez aukeratzeko eskubidea, Erakunde honen iritziz, eta behar adina plaza ez badago ezin da ordenamendu juridikoak interesatuei aitortutako baimenik urratu. Aitzitik, eta Batzordeak jakinarazi duenez, eta seme-alabek gurasoen usteen arabera trebakuntza erlijiosoa eta morala jaso dezaten, Konstituzioak babestuta, familiari plaza libreak zituzten eta beraien usteen araberakoak ziren zentroen berri eman zitzaien.
Motibazio gabeziari dagokionez, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak – besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1990eko otsailaren 27 eta 28ko Epaiak (RJ 1990\783 eta RJ 1990\784) eta 1982ko ekainaren 16koa ( RTC 1982\36 ) eta 1992ko irailaren 28koa ( RTC 1992\128 ), behin eta berriro dioena eta eskatzen duena da babesgabetasuna saihestu eta ebazpenen motibazio eskaria betetzeko, planteatutako gaiak aztertu daitezela, zehatz-mehatz izan ez arren, eta eskaria emateko edo ukatzeko kontuan izandako arrazoiak edo gorabeherak aipa daitezela, erasandakoak arrazoi edo zergati horiek jakin ditzan eta horrekin bere defentsarako bitartekoak behar bezala artikula ditzan.
Erakunde honen irizpidea da, soila iruditu arren, erantzunak eskariari uko egiteko kontuan izandako arrazoiak behar bezala motibatzen dituela, hau da, behar adina plaza ez dagoela.
Ez da gauza bera gertatzen errekurtsoak ez adieraztearekin eta zein organoren aurrean jarri behar dituzten ez adieraztearekin. Horri buruz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58. artikuluak dio jakinarazpen guztiek ebazpenaren testu osoa izan beharko dutela, bide administratiboan behin betikoa den ala ez adierazita, dagozkion errekurtsoak jarrita eta zein organoren aurrean eta zein epetan jarri daitezkeen adierazita.
Bestalde, 31/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako zentro publiko eta pribatuetan ikasleak onartzea arautzen duenak, 23. artikuluak honakoa dio “Betiere, organo horrek hartzen duen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.”
Beraz, Erakunde honen iritziz, Eskolatze Batzordeak igorritako erantzunean interesatuei jakinarazi egin behar zitzaien gora jotzeko errekurtsoa jar zezaketela hilabeteko epean Eskola eta Lanbide Irakaskuntzen zuzendari nagusiaren aurrean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea 30/92 Legeko 58. artikulua betetzeko duen beharra.
Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea, iradokizun hau onartzen duela jakinarazteko edo onartzen ez badu horretarako arrazoiak azaltzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dugula ohartaraztea, aipaturiko legezko prezeptuaren bigarren atalean aurreikusitako terminoetan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia