Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos ocasionados por bares de la Plaza San Jaime de Tudela
Exp: 10/631/M
Nº: 157
Ingurumena
Aurtengo abuztuaren 16an [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen. Tuterako San Jaime plazan dauden tabernek eragindako zaratei buruzkoa zen.
Kexa-egileak azaltzen du Tuterako San Jaime plazako [?] zenbakian bizi dela. Plaza horretan taberna batzuk badaude ([?] taberna, [?] taberna eta [?] taberna). Herriko jaien garaian, taberna horiek udal ordenantzak baimendutako ordutegi-muga gainditu dute.
Era berean, kexa-egileak adierazten du Santa Ana jaietako astean, urteko asteburu guztietan, Eguberrietan, Aste Santuan eta bestelako jai puntualetan, [?] tabernak, zeina bere etxebizitzaren aurrean baitago, sarrerako ateak eta larrialdietako ateak irekita edukitzen dituela, eta horrek enbarazuak eragiten dizkiola, zeren eta bere etxebizitzan baimendutakoez gorako zarata-mailak pairatu behar izaten baititu.
2010eko abuztuaren 27an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, Tuterako Udalak honakoa adierazten zuen:
“San Jaime plazan lau establezimendu (taberna) badaude funtzionamendu-ordutegiei buruzko foru arauaren menpean eta zarata-mugei buruzko arauen menpean daudenak.
Herriko jaietan, urteko gainerako garaietan bezala, tokiko polizia kontrolaz arduratu zen, irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuan ezarritako ordutegiak bete zitezen –izan ere, foru dekretu horren bitartez ikuskizun publikoen eta josteta-jardueren ordutegi orokorra arautzen da–, eta arau-hausteengatiko salaketak jarri zituen.
Kontuan hartu behar da foru dekretu horretako 6.2.a) artikuluak baimena ematen diela udalei establezimenduak ireki eta ixteko ordutegiak aldatzeko, jai jakin batzuk egiten diren bitartean; horien artean, herriko jaiak, Aste Santua eta Eguberriak daude.
Zehazki, 2010eko Santa Ana jaietan indarrean zegoen Alkatetzaren 2010eko apirilaren 15eko 2010/000437 zenbakiko Ebazpena, zeinak ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak ixteko ordutegia zabaltzen baitzuen.
Zaratei dagokienez, udaltzaingoaren zerbitzuek ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoen betetzea zaintzen dute –foru dekretu horren bidez zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren–, eta atzematen dituzten arau-hauste guztiak salatzen dituzte.
Kontuan hartu beharra dago ezen jokabide horiek zehatzeko, arau-hauste gisa tipifikaturik ageri behar dutela gaiari buruzko arauetan; eta batzuetan gertatzen da egoera batzuei dagozkien jokabideak ez daudela tipifikaturik edo ezin zaizkiola arduradun jakin bati leporatu, eta horixe gertatu ohi da jaietan bide publikoan dauden pertsona kopurua oso handia denean. Argi dago ezin zaizkiela zehapenak ezarri kalean dauden eta zarata sortzen duten milaka pertsonari. Bestalde, kalean dauden pertsonek sortzen duten zarata ezin zaie esparru horretan dauden establezimenduei leporatu, zeren eta arauak horrelakorik ez baitu ezartzen.
Horrenbestez, udal zerbitzu eskudunek ixteko ordutegiari buruzko eta zaratei buruzko arauen betetzea kontrolatzen dute, eta atzematen dituzten arau-hauste guztien zehapen espedienteak izapidetzen dituzte, nahiz eta egoera batzuetan ezin duten zehapenik ezarri, horri buruzko arauetan jasota ez daudelako.
Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak mugatu du jada zein diren zaratak edo kontaminazio akustikoak ukitutakoen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte.
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Udalak zaratak sortzen dituzten jardueren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta.
Kasu honetan, argi dago Tuterako Udalak ez duela zalantzan jarri planteatutako gatazkan esku hartzeko daukan eskumena; eta, txostenean dioen bezala, udaltzaingoak zainketa lanak egiten ditu, eta ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoen betetzea zaintzen du –foru dekretu horren bidez zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren–, eta atzematen dituen arau-hauste guztiak salatzen ditu.
Halaber, adierazitakoaren arabera, 2010eko Santa Ana jaietan indarrean zegoen Alkatetzaren 2010eko apirilaren 15eko 2010/000437 Ebazpena, zeinak ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak ixteko ordutegia zabaltzen baitzituen; izan ere, ebazpen horrek baimena ematen zien “taberna eta kafetegiei”, “taberna bereziei” eta “diskotekei” jendeari arreta egiteko ordutegia 7:00ak arte luzatzeko uztailaren 23ko, 27ko, 28ko eta 29ko gauetan, eta 8:00ak arte uztailaren 24ko, 25eko 26ko eta 30eko gauetan, eta xedatzen zuen goian adierazitako ordutegi horietatik aurrera musika eten eta lokalak, gehienez ere ordu erdi baten buruan, hustu egin behar zirela.
Hala eta guztiz ere, horretaz gainera, kexa-egileak aipatzen du [?] tabernak urteko asteburu guztietan eragiten dituela enbarazuak. Lokal hori, zeina kexa-egilearen etxebizitzaren parean baitago, sarrerako eta larrialdietako ateak irekita edukitzen ditu, eta, horrenbestez, interesdunaren etxebizitzan entzuten da lokalaren barruan sortzen den zarata.
Erakunde honen iritziz, Tuterako Udalak ezarritako neurriek, aipatutako tabernaren zarata emisioak zaintzeari dagokionez, ez dute izan arazoari konponbidea emateko behar den eraginkortasunik, eta, kasua bada, behar diren zehapenak ezarri beharko dira, kexa-egileak pairatutako enbarazuen intentsitateari eta iraupenari erreparatuta, eta saihestu beharko da [?] tabernak ateak irekita izan ditzala, interesdunak adierazi duen bezala.
Horrenbestez, Administrazioaren jarduera ez da nahikoa izan kexa-egileak ingurumen egokiaz gozatzeko, atsedena hartzeko eta bizilekuaren bortxaezintasunerako dauzkan eskubideak babesteko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Tuterako Udalari gogoraraztea San Jaime plazako tabernetako jarduerarako funtzionamendu-baldintzak betetzen direla zaintzeko legezko betebeharra duela, zarata-mailak ez gainditzeari dagokionez, eta, bereziki, “[?]” tabernaren jarduera kontrolatu behar duela, eta horretarako behar diren jarduerak egin behar dituela, ofizioz nahiz alde batek eskatuta.
Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia