Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 8ko 156/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 08

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Sanción administrativa por infracción del reglamento de denominación de origen

Exp: 10/633/A

: 156

Nekazaritza

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 17an, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariak, uztailaren 22ko 72/2010 Ebazpenaren bidez eta uztailaren 22ko 72/2010 Ebazpenaren bidez, agindutako zehapen administratiboen aurka.

    Azaltzen dute ezen, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko gainbegiraleen ikuskapen baten harira, zehapen bat ezarri zitzaiela, mahastian bildu gabeko mahatsa entregatzeagatik. Azaltzen dute ez daudela ados zehapen horiekin, zeren eta gainbegiraleek ez baitira agintari publikoak, eta egiaztatua dagoela mahastiko mahatsa egiaz bildu egin zela.

    Zehapenak baliogabetzeko eskatzen zuten.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiei buruzko txosten bana eskatu genien Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuei.
  3. 2010eko irailaren 6an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan, laburbilduz, honakoa azaltzen da:

    Ezarritako zehapenen arrazoia da zehatutakoen jabetzapeko lursail batean mahatsa bilduta zegoela, baina titularraren kartilan ez zela inongo idazpenik ageri mahatsaren produkzioari eta xedeari buruz, eta beste bi lursailetan mahatsa bildu gabe zegoela, eta kartilan, ordea, haietako mahatsa bilduta zegoela ageri zela.

    Zehapenak Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko gainbegiraleek egindako aktetan oinarrituta zeuden, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legeko 27.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz; izan ere, ikuskatzaile horiek, ikuskapen eginkizunetan ari direla Administrazio Publikoaren ikuskatzaileen atribuzio berak dauzkate.

    Txostenean arrazoitzen da ezen, zehapenak ezartzeko, ez dela eragozpena foru legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 32.2 artikulua, zeren eta artikulu horrekin argi utzi nahi dena baita ezen, foru legeko 27.1 artikuluan egiten den atribuzioa ezin zaiola Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko gainbegiraleei eman, funtzionarioak ez baitira, eta horrenbestez, haien jarduerek ustezko egiazkotasunik ez dutela, baina muga horrek ez duela esan nahi ikuskapen jardueretan funtzionario ikuskatzaile batekin joan behar direnik, zeren eta horrela ulertuz gero, sistema baliogabe eta xahutzailea bailitzateke, zeren eta ez balitzateke gainbegiralearen jarduerarik beharko eta nahikoa izanen bailitzateke funtzionario ikuskatzailearena. Laburbilduz, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko gainbegiraleen eginkizunak ez direla agintaritzaren jarduntzat ulertu behar, baizik eta jarduera teknikotzat, zeinaren bitartez egitate objektibo batzuk egiaztatzen baitira, eta jarduera horrek foru arauetan jasotako kontrol efektiboa dakarrela berarekin.

AZTERKETA

  1. Adierazi bezala, aurkeztutako kexa Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariak ezarritako zehapenei buruzkoa da. Zehazki, eskatzen da haiei deuseztatzeko zeren eta, alde batetik ikuskapen-aktak egin zituzten gainbegiraleek ezin baitituzte bete agintaritza publikoaz baliatzea inplikatzen duten ikuskapen-eginkizunak, eta, bestetik, zehapen espedienteen instrukzioan frogatu baita mahasti horretan, egiazki, mahatsa bildu zela.
  2. Kexa honen xedeari buruz erabaki egokia hartzeko, komenigarria da –eta beharrezkoa ere bai– aipamen labur bat egitea Administrazio Publikoaren ikuskapen ahalmenari buruz, haren bereizgarri diren oharrak nabarmenduz, eta ahalmen horretaz baliatzeko marko juridikoa zehaztea.

    Ikuskapena beti Administrazioak partikularren eremuan esku-hartzeko jardueraren berezko ahalmena izan da, eta hori dela-eta, doktrina zientifikoak, normalean, hura polizia-jardueran sartu du. Jarduketa publiko bat da, zeinak ordenamendu juridikoan berariaz aurreikusita egon behar baitu Administrazio Publikoak hura baliatu ahal izateko. Doktrina zientifiko orokorrerako, egiazko ahalmen administratibo baten aurrean gaude, zeren eta hartan biltzen baitira ahalmen administratiboen berezko ezaugarri guzti-guztiak. Kontrol jarduerari datxekion ahalmen bat da, beti izapidezkoa edo bitartekaritzakoa izanen dena, amaieran –hain zuzen ere ikuskapena gauzatu eta ondoren– hartzen diren behin betiko erabakietarako.

    Ikuskapenaren bitartez egitate batzuk egiaztatzen dira, eta egitate horiek dagokien aktan deskribatzen dira. Akta horrek agiri publikoaren balioa dauka.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 137.3 artikuluak eta Zehatzeko ahalaz baliatzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuko 17.5 artikuluak, eta modu berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 69.3 artikuluak, Administrazio Publikoaren zehapen ahalmenaren esparruan, eta ikuskapen akta batean jasotako egitateei proba balioa ematearen ondorioetarako, exijitzen dute funtzionario publikoek egitate horiek egiaztatzea, betiere honako baldintzak betetzen baldin badira: a) funtzionario publiko horiek agintaritzaren agenteak izatea; b) egitateak agiri publiko batean formalizatzea; c) agiri horiek propio ezarritako legezko baldintzak betetzea.

    Alabaina, aipatutako lege agindu horiek ez dute zehazten zer ulertu behar den funtzionario publikoak esaten denean. Eta gai horrek garrantzi berezia dauka, zeren eta, gaur egun, maiz gertatzen baita funtzio publikoen enpresa publiko eta pribatuen aldeko lagapen administratiboa, nahiz eta enpresa horietako langileak funtzionario publikoak ez izan.

    Gai honi erantzun egokia emateko, egin behar den lehenengo gauza da galdetzea eta “agintaritzaren agentearen” kontsiderazioa soilik langile publikoei buruz ari garenean erabil daitekeen, edo ofizialki izendatutako beste langile batzuei ere aplika dakiekeen, nahiz eta funtzionarioak ez izan.

    Doktrina zientifikoaren arabera, kontsiderazio hori funtzionarioei baizik ez dagokie. Eta, egiazki, doktrinaren irizpide sustraitu bati jarraituz, Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 137.3 artikuluak “agintaritzaren agentearen” izaera funtzionario izatearekin lotzen du.

    Orduan, funtzionario izaera ez duten langile publikoak pixkanaka sartzearen ondorioz, Zuzenbide Pribatuaren menpeko tresna-enteak sortzearen ondorioz eta, are tradizionalki publikoak izan diren jardueren pribatizazioaren edo kudeaketa pribatuaren ondorioz, doktrinak eta jurisprudentziak planteatu dute ea posiblea den soilik “agintaritzaren agenteez” hitz egitea, nolakotasun hori nahitaez funtzionarioa izateari lotu gabe.

    Jurisprudentziak, MUGAko kontrolatzaileen kasuan, sistematikoki ukatu izan du kontrolatzaileek nolakotasun hori dutenik, haiei buruzko arau erregulatzailean halakorik ez baitzen jaso. Horrela, Auzitegi Gorenaren 1991ko urriaren 1eko epaiak –RJ 7639– honako argudioak ematen ditu: “Zaindutako aparkatze-eremu bateko kontrolatzaileak ez dira agintaritzaren agenteak, eta, horregatik haren salaketa soila partikular baten salaketaren baliokidea da, eta, geroko frogen bidez egiaztatu ezean, ez du behar adina indar salatutako egitateak kreditatzeko; hori dela eta, esan beharra dago isun bat ezartzeko egitatea ez datorrela Zuzenbidearekin bat, frogatu gabe egoteagatik, eta baliogabetu egin behar dela”. Doktrina hori Auzitegi Gorenaren 2002ko abenduaren 19ko RJ/2003/216 doktrinaz berretsi zen.

    Horrenbestez, baiezta daiteke ezen ikuskapenaren funtzio publikoak modu baliagarri eta osoan baliatu ahal izateko eta haiek behar den agiri publikoan (ikuskapen aktak) islatzeko –hain zuzen ere, haien ondorioz gero zehapen administratiboak ezarri ahal izateko–, funtzionario publikoa izateaz gainera, diharduen agenteak agintari-izaera ere eduki beharra daukala. Horrek esan nahi du organo administratibo eskudunak kreditatua egon behar duela, kreditatze agiri ofizial baten bitartez, eta agiri hori erakutsi beharra daukala ikuskatze eginkizunetan ari denean, eta hartan islatu behar duela bere eginkizunetan ari den agintaritzaren agentea dela. Izan ere, ikuskatze-eginkizun horiek beti aplikatzekoa den legedi sektorialak esleitzen dizkien eskumenen esparruak baliatu beharko ditu, bestela erabateko deuseztasuna gertatuko bailitzateke, arauak esleitutako eskumenak gaindituz jardunez gero.

    Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ikuskatze-aktei esleitu beharreko balioa mugatu du, eta egiazkotasunaren presuntzioa mugatu du soilik beren objektibotasunarengatik ikuskatzaileak zuzenean hauteman ditzakeen egitateetara edo aktan haietatik berez ondoriozta daitezkeenetara edo bertan jasotako froga-bideen bitartez kreditatuetara –esate baterako, hari gehitutako agiri edo deklarazioak–. Horrenbestez, egiazkotasunaren presuntziotik kanpo geratzen dira ustezko egitateak, ikuskatzaileak zuzenean hauteman ez dituenak, kalifikazio juridikoak, kontsiderazio subjektiboak, balio-juzkuak eta funtzionarioak egitateen kontakizuna egiterakoan adierazitako uste propioak.

    Auzitegi Gorenak uste du ikuskatze-aktak substantibotasun propioa duten agiriak direla, eta froga-balio berezia ematen zaiela. Auzitegi Gorenaren 1997ko uztailaren 22ko epaiak –RJ 6235– ikuskatze-akten froga-balioa laburbiltzen du; hain zuzen ere honela:

    “A) Ikuskatze-aktei esleitzen zaien ustezko errugabetasuna printzipioz diharduen ikuskatzaileari aitortu behar zaizkion inpartzialtasunean eta espezializazioan dago (besteak beste, 1991ko urtarrilaren 18ko eta martxoaren 18ko epaiak); B) egiazkotasunaren uste hori guztiz bateragarria da errugabetasunaren ustearen oinarrizko eskubidearekin (Espainiako Konstituzioko 24.2 artikulua), zeren eta aipatutako 38. artikulua mugatzen baita akta horiei kargu-froga esleitzera, betiere kontrarako frogak egiteko aukera zabalik utzita. Eta C) auzitegi horren jurisprudentziak behin eta berriz mugatu duela ikuskatze-aktei esleitu beharreko balioa, eta ziurtasunaren ustea mugatu duela beti beren objektibotasuna dela eta ikuskatzailearen zuzeneko pertzepzioari dagozkion egitateei, edo haietatik zuzenean ondoriozta daitezkeenei edo aktan bertan jasotako froga-bitartekoen bidez –hari gehitutako agiriak nahiz deklarazioak izan daitezke, esate baterako– ziurtatutakoei (1991ko ekainaren 24ko epaia).”

    Halaber, Auzitegi Nagusiaren 1996ko martxoaren 12ko epaiak –RJ 2333– ohartarazten du ondorengoa goi-epaitegiaren finkatutako doktrina dela:

    “... zehapen prozedura administratiboan, froga-jardueraren gutxienekoa, errugabetasunaren ustearen printzipioak exijitzen duena, jarduera jakin eta zehaztu batzuen kontrola egiteko izendatutako funtzionarioek determinatua dagoenean, interesdunak kontrako froga aurkezteko duen ahalmenak are garrantzi handiagoa hartzen du, ikuskatutako egitateen legezko kontsiderazioa iuris tantum ustea delako. Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 137. artikuluak ezartzen du ezen agintea aitortua duten funtzionarioek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dutela; hori, hala ere, ez da eragozpena izanen herritarrek beren eskubideen edo interesen alde frogak izendatzeko edo aurkezteko. Agiri administratibo horiek, non diharduen funtzionarioak jasoko baititu berak egiaztatutako egitateak eta haien inguruabarrak, salaketa hutsaren izatea gainditu eta froga baten gisara har daitezke; hau da, froga-balioa dute eta, horrenbestez, “onus probandi” delakoa ustezko arau-hauslearen bizkar gelditzen da”.

    Aurrekoa azalduta, komeni da ohartaraztea ezen, ikuskapen publikoaren esparruan, gaur egun joera dagoela kontrol-eginkizunetan entitate pribatuen laguntzaz baliatzeko. Alabaina, joera horren buruan, normalean, ageri den ideia da arlo publikoa dela langile funtzionarioek osaturiko ikuskatzailetza bakarrari esleitutako ikuskatze-jardueraz baliatu behar dena. Lankidetza pribatua jasotzen da, baina soilik ikuskatze-bisitetan hartutako laginak egiaztatzeari dagokionez; hain zuzen ere, datu objektiboak kontrastatze eta analizatze hutsari dagokionez. Doktrina zientifikoak jotzen du entitate laguntzaile horien jarduketa Administrazioak, lagapen baten gisara, delegatutako jarduera bat dela. Ibilgailuen Ikuskatze Teknikoari buruz jurisprudentziak ezarritakoan oinarritzen da horretarako; izan ere, jurisprudentziak jotzen du hori Administrazioaren beste arlo batzuetara ere heda daitekeela.

    Administrazioaren delegaziotik heldu den lankidetza pribatuaren balizko norainokoari dagokionez, doktrinak ulertzen du kanpo geratzen direla botere-ekintzak eta hertsapen-ekintzak suposatzen duten jarduerak, eta, horrenbestez, lankidetza jarduera material edo tekniko batera mugatuta geratzen dela –hau da, patruila-jarduera; aztertzeko, ziurtatzeko, egiaztatzeko eta analizatzeko teknikak, eta egiaztatutakoaren gaineko ezagutza-deklarazio berariazkoak egitea, egiaztagirien bidez zehazten direnak–. Doktrinak jada adierazi duen bezala, bisiten ondorengo edo aldi bereko laguntza-eginkizunak baizik ezin izanen dira delegatu, baina ezin izanen dira delegatu Administrazioa bere jardueran ordezteko eginkizunak.

  3. Behin administrazio publikoen ikuskatze-ahalmenen berezko araubide juridiko orokorra deskribatuta, bidezkoa da Estatuko legedian eta foru legedian ahalmen horiek mahastizaintzaren eta ardogintzaren jardueran baliatzeko ezarritako araubide berariazkoa.

    Estatu mailan, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10ko 24/2003 Legeko 34. artikuluak administrazio publikoetako ikuskatzaileen esku uzten ditu mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko kontrol-eginkizunak, eta horiei agintaritzaren agentearen izaera aitortzen die, 30/1992 Legeko 137.3 artikuluaren eraginetarako.

    Nafarroako esparruan, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legeko 27.1 artikuluak ezartzen du Administrazio publikoetako ikuskatzaileak, mahastizaintza eta ardogintza alorreko beren kontrol eginkizunetan ari direla, agintaritzaren agenteak izanen direla. Gehitzen du, ondoren, ikuskatze-eginkizunak betetzen dituzten kontrol-organoko –gaur egun, ICAN S.A.– gainbegiraleek Administrazio Publikoaren ikuskatzaileen eskurantza berak izanen dituztela.

    Bestalde, aipatutako foru legeko 22.4 artikuluak adierazten du erregelamendu bidez zehaztuko dela nola beteko diren kontrol-zereginak.

    Eta, egiazki, abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatu zuen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuak honakoa ezarri zuen, modu argi eta zalantzagabean, “Kontrol eginkizunetan aritzea” izenburuko 32. artikuluan: “Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko ikuskatzaileek ezin izanen dute berez ikuskapenik egin, ikuskapen horiek agintaritza publikoa erabiltzera behartzen badute, salbu eta eginkizun horietan Administrazio Publikoko ikuskatzaileek laguntzen badiete.”

    Adierazitako araudia osatu beharra dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 121. artikuluari buruzko aipamen batekin; izan ere, bertan ezartzen da sozietate publikoen araua ordenamendu juridiko pribatua izanen dela eta –azpimarratu beharrekoa dena– “behin ere ez dutela ahalmenik izanen agintaritza publiko erabiltzea dakarrenik”. Agindu hori bera, gainera, Nafarroako Ondare Publikoari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeko 106. artikuluan ere berretsi zen.

  4. Orain arte deskribatutako horretatik guztitik, honako ondorioak atera behar dira, argi eta garbi baitaude:
    1. Ikuskapen publikoa ahalmen administratibo bat da, eta halakotzat jotzen denez, soilik “agintaritzaren agenteen” baldintza edo nolakotasuna berariaz aitortua duten funtzionario publikoek baliatu ahalko dute, behar den agiri ofizialaren bitartez.
    2. Egiten diren ikuskapen-aktek agiri publikoen nolakotasuna dute eta egiazkotasunaren ustea dute beren objektibotasuna dela-eta ikuskatzailearen zuzeneko pertzepzioari dagozkion egitateen aurrean edo haietatik zuzenean ondoriozta daitezkeenen aurrean edo aktan bertan jasotako froga-bitartekoen bidez ziurtatutakoen aurrean.
    3. Funtzionario publikoak ez diren baina “agintaritzaren agenteen” nolakotasuna gehitua duten pertsonek ikuskapen publikoa ez diren baina haiek egin ditzaketen kontrol-jardueretan gauzatzen dituzten jarduerak ez dira, horrenbestez, berezko ikuskatze-aktak, eta ez dute behar adina indar agirian deskribatutako egitateak kreditatzeko. Hori dela eta, behar adinako froga ez direnez, ez dira, beren soiltasunean, nahikoa oinarri zehapen administratibo bat ezartzeko.
    4. Funtzionarioak ez diren pertsona horien egitekoa lankidetza jarduera material edo tekniko batera mugatuta geratuko da –hau da, patruila-jarduera; aztertzeko, ziurtatzeko, egiaztatzeko eta analizatzeko teknikak, eta egiaztatutakoaren gaineko ezagutza-deklarazio berariazkoak egitea, egiaztagirien bidez zehazten direnak–.
  5. Analisia kexaren xedea diren salaketan eta zehapenetan zentratuta, honakoak zehaztu behar ditugu:

    Gainbegiraleek 2009ko azaroaren 12an egindako “aktan”, zeina zehapenak ezartzeko balio izan baitzuen, berariaz esaten da gainbegiraleek ikuskatu zituztela lursailak. Zalantzarik gabe, bada, gainbegiraleek, enpresa bateko lan kontratupeko langileak direnek, ikuskapen eginkizun publikoa hartu zuten beren gain, eta haien jarduerari agintaritza aitortua duten funtzionarioen ikuskapen-jardueraren balio bera aitortu zitzaion. Halaber, izenpetu zuten dokumentuari, agiri publiko baten balioa eman zaio, eta dokumentu hori, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren zuzendariaren uztailaren 22ko 72/2010 Ebazpenaren argitara, zehapenak ezartzeko froga nagusia eta erabakigarria da, dokumentuarekin batera aurkeztutako argazki batzuekin batera. Laburbilduz, izatez, guztiz parekatu dira gainbegirale horien jarduera eta funtzionario publikoa den ikuskatzaile baten berezko jarduera.

    Alabaina, azaldutako doktrina zientifiko eta jurisprudentzial osoarekin bat etorriz, abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuko 32. artikuluak, honakoa ezarri zuen, adierazi den bezala: Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuko ikuskatzaileek ezin izanen dute berez ikuskapenik egin, ikuskapen horiek agintaritza publikoa erabiltzera behartzen badute, salbu eta eginkizun horietan Administrazio Publikoko ikuskatzaileek laguntzen badiete.” “... erregelamenduzko determiniazio hori lotu beharra dago Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeko 106.2 artikuluarekin, non berresten baita sozietate publikoek behin ere ez dutela ahalmenik izanen agintaritza publiko erabiltzea dakarrenik. eta muga hori, noski, sozietate horietako langileei ere aplikatu behar zaie, zeren eta sozietateak ezin baldin badu ahalmen hori eduki, are gutxiago edukiko dute haren langileek beren izenean. Eta ohartarazi behar da foru lege hori (2007) Mahastizaintza eta Ardogintza antolatzeko Foru Legearen (2005) ondoren onetsi zela. Horrenbestez, ulertu beharra dago bigarrenak lehenengoaren 27.2 artikulua indargabetzen duela, bateraezina izateagatik, hain zuzen ere gainbegiraleei aitortzen baitizkie Administrazio Publikoko ikuskatzaileek dauzkaten eskurantza berak.

    Eta egiazki, aztergai dugun kasuan, gainbegiraleek ikuskatze-eginkizun bat burutu zuten –eginkizun horretarako agintaritza publikoaz baliatu beharra zegoen–, baina ez zuten horretarako Administrazio Publikoaren ikuskatzaileen laguntzarik izan, hau da, “agintaritzaren agenteen” nolakotasuna zuten funtzionario publikoen laguntzarik. Horrenbestez, erregelamenduzko xedapenaren urratzea –jurisprudentziak berretsitako xedapenak direla kontuan izanda– agerikoa da, eta, horren ondorioz, gainbegiraleek izenpetutako dokumentuak, akta deitzen duten horrek, ez du baliorik ezarritako zehapenak oinarritzeko. Horrenbestez, zehapen horiek deuseztatu beharrekoak dira.

  6. Azken gogoeta gisa, aipatu beharra dago ezen, erakunde honen irizpidearen arabera eta aurretik arrazoitutakoaren bidetik, abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuko 32. artikuluari aitortu behar zaion zentzuaren eta norainokoaren arabera, gainbegiraleen jarduketak –mahastizaintzaren eta enologiaren arloko jakintza bereziak dauzkatelako– mugatu behar direla funtzionario publikoak diren ikuskatzaileei laguntza teknikoa ematera.

    Ikuskatze-ahalmenaz baliatzearekin batera beti eduki beharreko berme juridikoak –ikuskatze ahalmena esku-hartzailea baita, eta herritarren eskubideak muga ditzakeena, haientzat zama bat izateaz gainera, eta, gainera zehapen administratiboak eta are penalak ere erakar ditzakeena– eskatzen ditu berme horiek zaintzera begira egin beharreko araudiaren interpretazio eta aplikazioak; horren adibidea da ikuskatze-jarduerak beti “agintaritzaren” eginkizunak berariaz aitortuta daukaten funtzionario publikoek egitea, herritarrarentzat izan ditzakeen ondorio larriekin ere.

    Ez da ahaztu behar, arau-hauste eta zehapen administratiboen arloari buruz ari garela, non bermeak zorrotz exijitu behar baitira, zeren eta zehapenek herritarren eskubideak –oraingo kasuan, oinarrizko konstituzio eskubideak– murrizten baitituzte. Eta bermeak exijitzerakoan eduki beharreko zorroztasun horrekin batera, arauak herritarren eskubideen aldekoena den moduan interpretatzeko printzipioa zaindu beharra dago, eta ez alderantziz.

    Baldin eta abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuko 32.2 artikuluarekin, Nafarroako Gobernuak, nekazaritza eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko departamentu eskudunaren titularrak proposatuta, herritarraren aldeko berme juridiko emendiozkoa eskatu baldin badu (plus bat, azken batean), ardoaren gaineko kontrolei eta, horrenbestez, zehapen administratiboei buruz ari garela, modu berezi eta zalantzarik gabekoan bilatzen da eta eskatzen da ikuskapenak Administrazio Publikoaren funtzionario ikuskatzaileek egitea, Zuzenbide Publikoko eraginak izan ditzan. Horrenbestez, ez da ulertzen zergatik une honetan departamentuak eta EVENAk Nafarroako Gobernuaren erregelamenduzko agindu hori ez duten bete nahi, deblauki ahaztuta kasu zehatz honetan aplikatzekoa den arau berezian hain argi xedatuta dagoena, eta, hain zuzen ere, herritarren konstituzio-eskubideen kalterako.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta EVENAri gomendatzea Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren zuzendari kudeatzailearen uztailaren 22ko 72/2010 eta uztailaren 22ko 73/2010 ebazpenak deusezta ditzala; haien bidez, izan ere, zehapen bana ezartzen zaizkie kexa-egileei.

  2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta EVENAri gogoraraztea legez abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuko 33.2 artikulua bete behar dutela eta, horrenbestez, haiei gogoraraztea agintaritzaz baliatzea inplikatzen duten ikuskapen-eginkizunak ezin direla gauzatu soilik ICAN SAko gainbegiraleekin, are gutxiago zehapeneko prozedura administratiboen karietara.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. Interesdunei eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia