Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 7ko 155/2010 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 07

Toki-entitateen funtzionamendua

Gaia: Posible lesión del derecho de los concejales a acceder a la información municipal

Exp: 10/500/V

: 155

Toki Entitateen Funtzionamendua

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 18an, [?] jaunak eta [?] jaunak Lekunberriko alkatearen jardueraren aurka aurkeztutako kexa bat sartu zen erakunde honetan, beren ustez gai publikoetan parte hartzeko daukaten oinarrizko eskubidea urratu duelako, kontuen batzorde berezia eta geroko osoko bilkura egiten ari ziren bitartean.

    Azaltzen dute Lekunberriko Udaleko zinegotzi gisa, 2010eko urtarrilaren 11n, eskabide bat aurkeztu zutela udaleko erregistroan, eta haren bidez eskatu zutela kontuen batzordea bil zedin kontuak itxi ondoren, bi udal taldeek adostutako egun batean, eta eskabidean eskatutako dokumentazioa gutxienez ere astebete lehenago eman ziezaiela, hura hobeki aztertu ahal izateko. Halaber, eskatzen zuten kontabilitateaz arduratzen funtzionarioa batzordera joan zedin, plantea zitezkeen zalantzak argitu ahal izateko.

    Azaltzen dute aurreko eskariari kasurik egin ez eta 2010eko maiatzaren 18an Kontuen Batzordearen bilkurarako deialdia jaso zutela. Bilkura maiatzaren 20rako, ostegunez, 12etan zegoen jarria. Adierazten dutenaren arabera, deialdiarekin batera Kontu-hartzailetzaren txostenak jaso zituzten, bai eta aurrekontu-ekitaldiaren laburpenak ere, baina ez 2010eko urtarrilaren 11n eskatutako gainerako dokumentazioa. Gehitzen dute maiatzaren 21erako, ostiralez, deitutako Osoko Bilkuraren bilkurarako deialdia era jaso zutela; izan ere, bilkura horretan 2009ko kontuei hasierako onespena eman behar zitzaien.

    Azaltzen dute deialdia jaso zuten egun berean, batzordea bertan behera uzteko eskatu zutela, dokumentazioa aztertzeko denbora gutxi zutelako eta emandako dokumentazioa osatu gabe zegoelako. Eskari horri ez zen aintzat hartu.

    Adierazten dute saioaren hasieran, Diru-sarreren eta Gastuen Liburu Nagusia eskatu zutela, bai eta ausaz hautaturiko zenbait faktura ere, libramenduak eta baimenak aitortzeko eta ordaintzeko faseetan egiaztatu ahal izateko. Alabaina, alkateak esan zien dokumentu horiek ez direla kontuen espedienteko zati bat, eta zinegotziek kontu orokorrari buruzko txostena egin zezaketela dokumentazio hori gabe; horrenbestez, izapidetze gehiagorik gabe, 2009. urteko Kontu Orokorraren aldeko txostenari buruzko bozketa egin zen.

    Adierazi dutenaren arabera, egun berean, bilkuraren ondoren, interesdunek zenbait kontabilitate-dokumentu eskatu zizkioten idazkariari, eta egiaztatu zuten libramenduetatik bakarra ere ez zegoela ez kontu-hartzaileak, ez alkateak edo zinegotzi delegatuak, ez diruzainak sinaturik.

    Gehitzen dute maiatzaren 21ean, osoko bilkura egin aurretik, kontuen batzordearen akta eskatu zutela, eta egiaztatu zutela hura ez zegoela espedientean. Adierazten dute egun berean, kontuei hasierako onarpena emateko osoko bilkura berezia egin zela. Idazkariak emandako ziurtagiriaren arabera, ordea, kontu horiek aurreko egunean onetsiak ziren kontuen batzordean.

    Baieztatzen dute, azkenean, maiatzaren 24an, udalak posta elektronikoz kontuei buruzko espedientea igorri ziela, baina ez zuela Liburu Nagusia sartu; izan ere, hartara oraindik ere ez dute sartzerik izan.

    Beren idazkiari amaiera emateko, berresten dute egitate horiek parte hartzeko zeukaten eskubidea urratzen dutela, eta eskatzen dute Lekunberriko Udalari gomenda dakiola egitate horiek atzera eraman ditzan, eta 2009ko kontuen gaineko dokumentazioa eman dezan, eta kontuen batzorde bereziaren eta osoko bilkuraren erabakiak deusezta ditzan.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek gai horretan zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Lekunberriko alkateari.
  3. 2010eko uztailaren 28an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “Legegintzaldi honetako eta aurreko legegintzaldiko urte guztietan, kontuak onesteko prozedura eta igorritako dokumentazioa berberak izan dira, eta gaur arte erabilitako moduak ez dira zalantzan jarri. Suposatu daitekeen bezala, funtsaren ikuspuntutik bai jarri dira zalantzan, udal talde bakoitzaren posizioaren arabera.

    Legeek horrelakorik exijitzen ez duten arren, udalak beti lehenengo kontuen batzorderako deia egin du eta gero osoko bilkurarako deia, kontuen batzordean aztertutakoa berresteko; izan ere, gaiaren garrantzia ezagututa, uste genuen beharrezkoa zela zinegotzi guzti-guztiek kontuak ezagutzea, eta ez soilik batzordekoek.

    Kontuen batzordeko kideei aurrez igorritako dokumentazioa oraingo gutun honetan erantsitakoa izan zen; hain zuzen ere, udaleko langile arduradunek kontuen espedientea osotzat hartzen dutenak dira.

    Gehitu nahi nuke ezen aurreko urteetan erabilitako dokumentazio bera izan zela, eta dokumentazio horrexekin Laiako bi zinegotziek, gaur salaketa egiten dutenek, beren posizioa adierazi zutela, inongo gorabeherarik gabe.

    Litekeena da hauteskundeak hurbil egoteak eragina izatea legegintzaldi honetan zehar udalean jarduera gutxi egin dutenengan.

    Diru-sarreren eta gastuen liburu nagusia ez zen batzordearen deialdiaren aurretik igorri, baina batzordekideen eskura zegoen batzordea egiten ari zen bitartean; izan ere, udal idazkariak ulertzen zuen hura banatzea –ez haren edukia ezagutzea– datuak babesteari buruzko legearen aurkakoa izan zitekeela.

    Egia da urtearen hasieran, Laiak eskatu zuela kontuen batzorderako deialdia gutxienez ere astebeteko denborarekin egiteko. Alkatetzaren asmoa eskari hori aintzat hartzea izan da. Alabaina, drainatzeen eta euri-uren isurketak gutxitzeko obren kontratazioa izapidetzeko Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak eskatutako dokumentazioa prestatzeko beharra zela eta, langileek kontuak itxi bezain laster egin behar izan genuen batzorderako deia, betiere legeek exijitzen duten denbora-tartea utzita.

    Ez da egia zuzenean kontuak eztabaidatzeari ekin zitzaiola; izan ere, espedienteari buruzko azalpen bat eman ondoren eta Laiako zinegotziak ausaz hautaturiko faktura batzuk eskatu eta aztertu ondoren, eta ikusita zinegotzi horrek esan zuela ez zuela bere posizioa azalduko harik-eta udalaren faktura guztiak eta diru-sarreren egiaztagiri guztiak ikusi arte, eta nik neuk hori geroratzeko estrategia bat besterik ez zela ulertuta, kontuen espedientea bozkatzeari ekin genion.

    Udalak sekula ez du eragotzi zinegotzi horiek beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazio guztia edukitzeko eskubidea, eta partikularren eskarien aurrean ere berdin-berdin jokatu du.

    Gure ustez, kudeaketa publikoan ahal den gardentasunik handiena eduki beharra dago. Hala eta guztiz ere, ez dugu ulertzen nola kontuen espedientea batzordea egin baino lehen edukita, eta kontuei buruzko dokumentazioa udaleko bulegoetan urteko egun guztietan eskura edukita, baiezta daitekeen eskubideak urratzen ari direnik.

    Gure ustez, egindako kexa oposizio-estrategiaren atal bat baizik ez da.

    Gure aldetik, berretsi nahi dugu, udaleko ate eta artxibo guztiak zabalik daudela zinegotzi guztientzat eta eskatzen duen herritar guztientzat, hala behar baitu, eta muga bakarra dela legeak errespetatzea eta langileek eginkizun horietan aritzeko modua izatea. Gai honetan, alkatetza honek ez du informazioa eskuratzeko inongo murriztapenik ezarri”.

AZTERKETA

  1. Jada islatu den bezala, Lekunberriko Udaleko zinegotziak izan eta kexa aurkeztu dutenek uste dute gai publikoetan parte hartzeko daukaten oinarrizko eskubidea urratu zaiela, udaleko kontuen espedientea onesteari dagokionez. Horri buruz, adierazten dute alkatearen jokabideak eragotzi egin ziela beren iritzia behar bezala osatzeko behar zuten informazio bat eskuratzea (diru-sarreren eta gastuen liburu nagusia aipatzen da), eta, gainera, bilkurarako deialdia denbora gutxirekin egin zela. Espedientetik ondorioztatzen denez, horri buruzkoa zen 2010eko urtarrilaren 11ko eskabidea, zeinari ez baitzitzaion baiezkorik eman.

    Alkateak, bere aldetik, bertsio hori ukatzen du, eta adierazten du inongo kasutan ere ez zaiela zinegotziei beren eginkizunetan jarduteko behar duten informazioa ukatu, eta informazio hori haien eskura egon dela udaleko artxiboetan urteko egun guztietan. Halaber, adierazten da deialdia legez ezarritako denbora-tartearekin egin zela, eta azaltzen da zergatik ez zitzaion baiezkorik eman deialditik bilkurara denbora-tarte luzeago bat uzteko eskariari.

  2. Zinegotziek udalari buruzko informazioa eskuratzeko eskubideari dagokionez, esan beharra dago Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 76,1. artikuluak honakoa ezartzen duela: “Toki entitateetako hautetsiek entitate horietan daukaten dokumentu eta artxibo guztiak eskuratu eta kontsultatu ahalko dituzte, haiek beren eginkizunak betetzeko hala behar badute”. Eta artikulu horretako 2. idatz-zatiaren arabera “eskaera edo eskabidea alkateak edo lehendakariak ebatzi beharko dute, arrazoiak emanez...”
    Aurrekoa suposatuta, erakunde honen ustez, alde batera utzita zein zen 2010eko urtarrilaren 11n kexa-egileek aurkeztutako eskabidearen bidezko erantzuna –izan ere, eskabide horren bitartez eskatzen zen batzordea egin aurretik dokumentu batzuk eskuratzeko eta deialdia gutxienez ere astebeteko denborarekin egitea (kexa-idazkian esaten da eskabide “haren bitartez eskatu zutela

    kontuen batzordea bil zedin kontuak itxi ondoren, bi udal taldeek adostutako egun batean, eta eskabidean eskatutako dokumentazioa gutxienez ere astebete lehenagotik eman ziezaiela, hura hobeki aztertu ahal izateko”)–, hari buruzko ebazpen espresa eman beharra zegoen.

    Baldin eta auzia bada –espedientea eta, bereziki, bilkurako akta aztertzetik heldu denez– erabakitzea ea exijitzekoa zen ala ez diru-sarreren eta gastuen liburu nagusia deialdian gehitzea (hau da, hura zinegotziei helaraztea bilkura egin aurretik), hori espresuki argitu beharra zegoen eskabide horren ebazpenean, eta bertan adierazi beharra zegoen dokumentazio hori nola eskura zitekeen.

  3. Hala eta guztiz ere, kexa-egileek aipatzen duten eskaria aintzat hartu ez zen arren eta erantzun espresa eman ez zitzaion arren (eskaria, bide batez, alderdi desberdinei eta gisa askotakoei buruzkoa zen), erakunde honek ez du uste kasuko udal erabakian parte hartzeko eskubidea urratu zenik.

    Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuei eta gastu publikoari dagokionez garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuak, aurrekontua likidatzeko espedientearen edukia aipatzen du –aurrekontuaren exekuzioaren egoera, kreditu-gerakinen egoera, finantzaketa atxikia duten gastuen egoera, itxitako aurrekontuak erakusteko egoera, aurrekontuaz besteko hartzekodunen eta zordunen egoera, ekitaldiko aurrekontuaren emaitza eta diruzaintzako gerakina–, baina ez du diru-sarreren eta gastuen liburu nagusia aipatzen. Liburu hori zinegotziei deialdiarekin batera ez igortzeak ez dakar berez erabakietan parte hartzeko eskubidea urratzen duen inongo informazio-ezkutatzerik. Besterik litzateke zinegotziei eragoztea, bazterkeriaz, haien edukia ezagut dezaten. Badirudi, ordea, kasua ez dela hori izan (dirudienez, informazioa ez zen eskatzen zen moduan eskuratu), erreferentziako bilkurako aktan agertzen denetik ondoriozta daitekeen bezala.

    Bestetik, egindako eskariei erantzunik ez ematea, batzordeko saioa egiteko datari buruzko adostasunari dagokionez, edo deialdia gutxienez ere astebeteko denborarekin egitea erabakigarriak dira konstituzio-eskubide hori urratu den ala ez erabakitzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lekunberriko alkateari gogoraraztea legez espresuki ebatzi behar dituela zinegotziek beren karguan dihardutela egiten dizkieten dokumentazio-eskariak, udal informaziorako sarbidea izateko eskubideari buruzkoak.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lekunberriko Udaleko alkateari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  3. Kexa-egileei eta Lekunberriko Udaleko alkateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia