Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Disconformidad con sancion por estacionamiento indebido
Exp: 10/327/I
Nº: 154
Trafikoa
2010eko apirilaren 21ean, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen Eguesibarko Udalak trafikoaren arloan ezarritako zehapen batengatik.
Azaltzen du bere etxebizitzaren atariaren parean ([?]) dagoen bihurgune batean aparkatu zuela ibilgailua; izan ere, toki horretan ibilgailuak egon ohi dira aparkaturik, baita udaltzaingoaren ibilgailuak ere.
Adierazitakoaren arabera, bertan ez dago inongo seinalerik bertan debekatuta dagoela aparkatzea jakiteko biderik ematen duenik. Hori dela eta, adierazten du ez dagoela ados zehapen espedientearekin, zeinean arau-hauste larri bat egotzi eta horri dagokion isuna ezarri baitzitzaion.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, adierazitako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Eguesibarko Udalari.
Udaltzainek salaketa egin zuten atzeman zutelako kexa-egilea arau-hauste bat egina zuela, ibilgailua elkargunean edo elkargunetik oso hurbil aparkatzeagatik (Zaldoko eta Las Fuentes kaleetako bidegurutzean).
Gainera kexa-egilearen ibilgailuaren parean beste ibilgailu bat zegoen gaizki aparkatuta, eta horren ondorioz zirkulazioa larriki zaildu zen. Hori dela eta, udaltzainek bien aurkako salaketa jarri zuten.
Alde batera utzita ibilgailua aparkatuta zegoen tokian, bertan aparkatzea debekatzen duen seinalerik baden ala ez den, errekurtso-egilearen arau-haustea zuzen atzemanda dago, zeren eta, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko 39.2 artikuluaren arabera, debekatuta baitago elkarguneetan eta elkargune-inguruetan aparkatzea; gainera, Zirkulazio-araudi Orokorreko 91.1 artikuluak ezartzen du ibilgailuak geratu eta aparkatu beharko direla halako moduan non ibilgailuak ez duen zirkulazioa oztopatuko eta ez dituen bide-erabiltzaileak arriskuan jarriko.
Aurreko gogoetei Eguesibarko Udaltzaingoko buruaren txosten bat gehitu behar zaie; beran, izan ere, honakoa azaltzen du:
“Aipatutako ibilgailua elkargune batean zegoen aparkatuta eta biraketa eragozten zuen, Trafikoari buruzko Legeko 39.2 artikuluan ezarritakoari aurka eginez, eta horrexegatik salatu zuten udaltzainek.
Idazki honi arau-haustea gertatu zen tokiko argazki bat erantsi diogu, non salatutako ibilgailua aparkatuta zegoen lekua zehazten baita.
Izan ere, toki horretan, Zaldoko eta Las Eras kaleetako kantoian, ez zegoen seinalerik, ez galtzadaren ezkerraldean, ez eskuinaldean, artikuluan aipatutako debekua gogorarazteko (gaur egun, bi aldeetan arrasto horiak ageri dira pintatuta), eta egia da batzuetan gune horretan ibilgailuak aparkatu edo geratzen zirela udaltzainek salaketarik jarri gabe (bide-markekin seinaleak nabarmendu baino lehen), ibilgailu bakarra egonez gero eta trafikoa larriki oztopatzen ez bazuen.
Salaketaren egunean, udaltzainek ibilgailu bana aurkitu zuten aparkatuta galtzadaren bi aldeetan; ibilgailu horiek trafikoa larriki zailtzen zuten. Bigarren ibilgailua nork aparkatu zuen jakitea ezinezkoa zenez, udaltzainek bien aurkako salaketa jarri zuten.
Jasota utzi nahi da erreklamazio-egileak toki horren ondo-ondoan duela bizitokia eta beste ibilgailuaren –Renault Megane bat– jabea ondoko lokal batera joan ohi dela. Bada, ezin izan da ondorioztatu, fidagarritasunez, bietako zein izan zen arau-haustearen larritasuna eragin zuena.”
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikuludunak, gelditu eta aparkatzeko debekuen atalean, ezartzen du debekatuta dagoela gelditzea eta aparkatzea “elkarguneetan eta elkargune-inguruetan” (39. artikulua).
Lege-arau beraren 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horretan ezarritakoaren ez-betetze guztiak arau-hauste gisa sailkatuko dira (“Lege honen kontrako edo lege hau garatzen duen araudien kontrako egintzak edo omisioak arau-hauste administratibotzat joko dira...”).
Planteatutako kasuan, kexa-egilearen ibilgailua debekatutako toki batean zegoen aparkatuta; hori dela eta, erakunde honek ezin du esan arau-haustea ez zenik gertatu, arau-haustearen graduazioa dela-eta aurrerago adieraziko dena ezertan ere kendu gabe.
Batzuetan, inguruabar jakin batzuetan, ibilgailuak aipatutako elkargunean aparkatzea toleratu izanagatik, ezin da ondorioztatu arau-haustea existitu ez zenik. Ezin da ondorio hori atera, ezta ere, leku horretan seinale horizontalik ez egoteagatik, nahiz eta egia den hori zuzendu egin dela, udaltzaingoak informatutakoaren arabera eta erakunde honek, kexa-egileak eskatu bezala, egiaztatu ahal izan duenez.
Aurrekoa esanda, erakunde honek jotzen du kasuaren inguruabarrei erreparatuta, arau-haustea “larritzat” jo izana arindu daitekeela proportzionaltasun- eta erruduntasun-printzipioak aplikatuz, horiek baitira zehapenen arloa arautzen dutenak.
Horri dagokionez, Trafikoari buruzko Legeak irizpide bat ezartzen du, alegia, orokorrean lege horretan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak arintzat sailkatu behar direla (“arau-hauste arintzat jo behar dira lege honetan jasotako arauen aurkakoak direnak, berariaz larritzat edo oso larritzat jotzen ez direnak”). Gelditze edo aparkatzeei dagokienez, arau-haustea larritzat jotzen da ibilgailuak trafikoa larriki oztopatzen baldin badu.
Aurkeztutako kasuan, seinale horizontalak falta izatearen inguruabarrak eta normalean toki horretan ibilgailuak inongo arazorik gabe aparkatu izana –debekua ez ezagutzeko lagungarri gerta zitezkeenak– kontuan hartu beharrekoak dira arau-haustea sailkatzeko garaian. Baina, batez ere, kontuan hartu beharra dago trafikoarentzako oztopoa –eta zehatzeko jarduera, espedientetik ondorioztatzen denez– bertan bi ibilgailu batera, galtzadaren alde banatan, egoteari zor izan zitzaiola, eta ezin izan zela “fidagarritasunez ezarri bietako zeinek sorrarazi zuen arau-haustearen larritasuna”, Udaltzaingoko buruaren txostenean hitzez hitz adierazi bezala.
Aipatutako inguruabarren aurrean, eta alderdi hori zehazteko modurik izan ez denez, erruduntasun, proportzionaltasun eta ustezko errugabetasunaren printzipioen indarrez –zehapen-arloan aplikatzekoak dira eta Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 130., 131. eta 137. artikuluetan finkatuta ageri dira–, erakunde honen iritziz, ez du zuzena ematen kexa-egilearen arau-haustea larritzat jotzea, zeren eta horrek berarekin ekarriko bailuke printzipio horiekin bat ez datorren erantzukizun objektibo bat izatea.
Azken batez, erakunde honek uste du arau-haustea egonda ere, bera arintzat jo daitekeela, zeren eta ezin izan baitzen egiaztatu larritasuna dakarren inguruabarra Ereño jaunaren jokabideari egotzi behar zaionik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Eguesibarko Udalari gomendatzea kexa-egilearen aurka izapidetutako zehapen-espedientea berrazter dezan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko prozedurak direla eta, eta haren arau-haustea arintzat jo dezan eta, kasua bada, zehapenaren zenbatekoa gutxitu dezan.
Bi hilabeteko epea ematea Eguesibarko Udalari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia