Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 6ko 153/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 06

Toki-entitateen funtzionamendua

Gaia: No comparecen los funcionarios habilitadoss a una cita de comprobación e investigación general al contribuyente

Exp: 10/640/V

: 153

Toki entitateen jardunbidea

AURREKARIAK

  1. Aurtengo abuztuaren 20an, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen, hitzordurako deia egin zioten Azkoiengo Udaleko langileak ez zirelako agertu zerga arloko egiaztaketa- eta ikerketa-jarduera batean.

    Azaltzen du [?] enpresaren administratzaile bakar gisa, dei egin zitzaiola halako egunean eta orduan Azkoiengo udaletxera joan zedin, enpresak zerga arloko betebeharrak betetzen ote zituen egiaztatzeko. Esandako orduan udaletxera joan zenean, ezin izan zuen inongo dokumentaziorik aurkeztu, ez aktuarioa, [?] jauna, ez idazkaria ez zeudelako udal bulegoetan.

    Adierazten du dokumentazioa aurkeztu nahi izan zuela eta, aldi berean, hura jaso izatea adierazteko idazkia sinatzeko eskatu zuela, bera hitzordura agertu zela justifikatzeko, zeren eta hitzordua eman ziotenean adierazi baitzioten hartara ez agertzea eta eskatutako dokumentuak ez aurkeztea zergadurari egotzi beharreko geroratze-ekintza baten gisara har zitezkeela. Alferrekoa izan zen haren ahalegina, zeren eta inork ez baitzuen sinatu nahi izan dokumentuak jaso izatearen adierazpena, inork ez zuelako dokumentazio hori jasotzeko legezko gaitasunik.

    Gehitzen du azkenean eskatu zuela norbaitek ziurtatzeko adierazitako egunean eta orduan udaletxean agertu zela, eskatutako dokumentazioarekin, baina ziurtagiri hori eman behar zuena, aktuarioa nahiz idazkaria, ez zeuden bertan. Alferrekoa izan zen, berriz ere, ahalegina, zeren eta udal langileek esan zioten idazkariak beste inork ezinen zuela ziurtagiri hori eman.

  2. Kexa jasota, Azkoiengo Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

    2010eko irailaren 1ean, udalak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:

    1. “Egia da abuztuaren 20an ez zeudela udal bulegoetan ez alkate jauna ez ICID deitutako zergaren ikuskatze-espedienteko aktuarioa; hain zuzen ere, zerga hori zela jarri zen hitzordua.
    2. Bai ukatzen dugu, ordea, kexadunak ezin izan zuela eskatutako dokumentazioa bertan aurkeztu –izan ere, hurrengo astelehenean aurkeztu zuen– eta ezin izan zuela bertara agertu izatearen ziurtagiririk lortu, zeren eta herritarrak aukera izan baitzuen hori guztia udal erregistroaren bitartez lortzeko; izan ere, une hartan irekita zegoen erregistroa, [?] jaunari arreta egin zion funtzionarioak –zeinak aukera hori eman baitzion– adierazi didan bezala.
    3. Sentitzen ditugu, nolanahi ere, herritarrari eragindako enbarazua, eta jada konponbide bat ezarri dugu etorkizunean gerta litezkeen gorabeheretarako. Horretarako, ordezko aktuario bat izendatu dugu, zeinak jardunen baitu aktuario titularra bertan ez dagoenean.

      Espero dugu oraingo idazkia nahikoa izatea bere burua kalteturik ikusi duen herritarrari erantzuna emateko. Aukera honetaz baliatu nahi dut, bidenabar, adierazteko alkatetza hau prest dagoela herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzen laguntzeko iradokizunak eta kritikak jasotzeko”.

AZTERKETA

  1. Zergadunak, oraingo kasuan kexa-egileak, eskubidea dauka tributu-administrazioaren zerbitzuko langileek behar den errespetuaz eta begiruneaz arta dezaten, eta eskubidea, halaber, bere esku-hartzea eskatzen duten tributu-administrazioaren jarduerak kalte gutxien eragiteko moduan burutu daitezen. Eskubide orokor horiek guztiak Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 9.1 artikuluko i) eta j) letretan ageri dira araututa.

    Aktuarioa tributu-ikerketaren arlo ekitaldi batean ez agertzeak, hartarako deia egin zuena bera izan baitzen eta zergadunari berariazko errekerimendua egin baitzitzaion bertara nahitaez azaltzeko, adierazten du kexa-egileari ez zitzaiola nahikoa begirune izan; horretaz gainera, adierazten du, beharrezkoa ez zen zama bat ezarri zitzaiola, udal egoitzetaraino joan behar izan zuelako.

    Udal jarduera hori dela eta, erakunde honek ebazpen bat eman zezakeen, legezko betebeharren gogorarazpen batekin.

    Hala eta guztiz ere, erakunde honek uste du laudagarria dela bai Azkoiengo Udalak gertatutakoa aitortzea, bai neurri efektibo bat ezartzea ere, ordezko aktuario bat izendatuz titularra ez dagoenean jardun dezan, zentsuratutako egitate hau bezalakoak etorkizunean gerta ez daitezen. Azken batez, horrek berarekin dakar aldez aurretik onartzea aurreko lerrokadetan adierazitako legezko betebeharrak onartu egiten direla.

  2. Erakunde honen iritziz, gertatutakoa kexa-egilearekin konpontzeko, komenigarria litzateke udalak formalki barkamena eskatzea zergadunari.

    Hori dela eta, bidezkoa da udalari iradokitzea barkamena eska diezaion, idatziz, kexa-egileari, zeren eta horrela jokatzeak inplizituki suposatuko bailuke egiaz aitortzen ari dela zergadunak, herritar gisa, eskubidea duela behar diren errespetuaz eta begiruneaz artatua izateko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Azkoiengo Udalari iradokitzea barkamena eska diezaiola, idatziz, kexa-egileari, bere pertsonarekiko behar adina begiruneaz ez zuelako jokatu, udal aktuarioa ez baitzen bertaratu zerga arloko ikerketa-ekitaldi batean.

     

  2. Azkoiengo Udaleko alkateari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutakoaren bidetik neurriak hartu dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  3. Kexa-egileari eta Azkoiengo Udaleko alkateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia