Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Persona mayor suscrita al BON que desea seguir recibiendo el mismo en edición en papel
Exp: 09/447/D
Nº: 177
Eskubideak sustatzea
Aurtengo ekainaren 29an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen, uztailaren 6tik aurrera Nafarroako Aldizkari Ofizialaren paperezko edizioa bertan behera geraturen zelako kexatuaz.
Adierazten du jakinarazi ziotela uztailaren 1etik aurrera NAO soilik Internetez argitaraturen zela. Neurri horrekiko desadostasuna adierazten du, 68 baititu eta ez baitago teknologia berrietan alfabetizatuta. Adierazten du, gainera, landa inguruan bizi dela eta Iruñean bezalako Internet hornikuntzarik ez dagoela bere inguruan.
Horregatik, eskatzen du NAO paperean argitaratzeko, harpidetuta eta Aldizkaria formatu horretan jasotzen jarraitu ahal izateko.
Nafarroako Aldizkari Ofiziala 1838ko martxoaren 1ean hasi ziren argitaratzen, garai hartan Iruñeko Aldizkari Ofizial bezala, eta euskarria, forma, egitura eta tirada garaiko ohituretara eta beste aldizkari ofizialen ohituretara egokitzen zen, hau da, paperezko edizio nahiko arrunta zen, hasieran zenbaki bakoitzak lau orri zituen eta edukia heterogeneoa ez ezik, nahasia ere bazen.
1996an, gizartean orokortzen ari zen teknologiari jarraituaz, paperezko edizioarekin batera bertsio elektronikoa hasi zen, ofiziala ez zena, Nafarroako Gobernuak abian jarri berri zuen atarian. Orduz geroztik edizio elektronikoak gero eta kontsulta gehiago izan du eta paperezko tiradak behera egin du aldi berean: 1996an gazteleraz 7.000 ale eta euskaraz 1.000 argitaratzen ziren eta 2009ko ekainean, 1.800 gazteleraz eta 225 euskaraz.
Aldaketa hauekin paraleloan, 2007an bi gertakari garrantzitsu izan ziren: batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko Foru Legea. Lege horren xedea da Administrazio elektroniko eraginkorra ezartzea herritarren zerbitzura, teknologiak aurrera egin ahala, teknika eta bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak pixkanaka sartuta. Teknika eta bitarteko horiek erabiliko dira Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde publikoen administrazio-prozedurak tramitatzerakoan eta horien barneko eta kanpoko harremanetan. Foru Lege honek NAOren bertsio elektronikoari paperezkoari adinako balioa ematen dio.
Bestetik, 2007n Nafarroako Gobernuaren web atarian Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bertsio berri bat jarri zen abian, bilaketetan hobekuntza handiekin, harpidetza elektronikoa egiteko aukerarekin, edukiak pertsonalizatu –NireNAO- eta bestelakoekin. Horri esker, 2009an esaterako, hilero 135.000 bisitari izan ditu, batez beste, gaztelerazko NAOk eta 3.300 euskarazkoak.
NireNAO zerbitzuari esker, NAO pertsonalizatu egin daiteke. Une hauetan 14.000 erabiltzaile daude erregistratuta (2.008ko otsailean 7.400 zeuden), Alertak sortu ditugu (hau da, NAOren erabiltzaileari mezu elektroniko bat iristen zaio, berak aukeratutakoarekin zerikusia duen zerbait argitaratzen den aldiro), 9.200 dira, eta gordetako iragarkiak 18.300 dira (norbaitek bereziki interesatzen zaion iragarkiren bat ikusten badu, sarri ikusi beharko duenen bat alegia, NAOren orrian bertan gorde dezake, eta vademecum erabilgarri bat izanen du horri esker).
Ez litzateke txarra aipatzea Aldizkari Ofizialak bere edizio elektronikoarekin arauak argitaratzea bermatzen duela, hori baita bere zeregina eta hala jasota dago gure Konstituzioan. Editatzeko sistema berriarekin berme horri kalterik ez egiteaz gain, hobetu egiten da, agiriak eta Aldizkariak bilatzea erosoagoa, azkarragoa eta errazagoa delako; gainera, doan eta inolako mugarik gabe sartu daiteke, orain arte paperezko edizioak erosi egin behar izaten ziren arren edo harpidetu ondoren harpidetza ordaindu behar izaten zen arren. Horrek ere mugatu egiten zituen, zalantzarik gabe, munduko zenbait bazterretan bizi zirenek edo baliabide ekonomikorik ez zutenek Aldizkaria eskura izateko aukerak.
Bestalde, Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duen uztailaren 2ko 58/2009 Foru Dekretuak adierazten duen bezala, orokorrean erraztasun handiak daude Aldizkaria kontsultatzeko herri administrazioetako bulegoetatik, liburutegietatik, etxe partikularretatik, etab. Erabiltzaileen elkarteek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, gogoan izanda beraien nahia dela hiritarren zerbitzura dauden sistema elektronikoen erabilera sustatzea, beraien oniritzia eman zioten paperezko edizioa kentzen duen NAOren Erregelamendu proiektuari; Erregelamendu hori Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu batean dago eta gaur egun Foru Dekretu hori dago indarrean.
Gehitu beharra dago Iturengo Udalak, kexa egin duena herri horretan bizi baita, web orri eraginkorra duela gazteleraz eta euskaraz Udalari, Lekuak eta Jendeari, Turismoari, Ekonomiari… buruzko edukiekin. Bertan adierazten da Udalaren borondatea dela herritarrak informazioaren eta komunikazioaren teknologietan hastea, horrela Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin bat eginda.
Horiek guztiak Nafarroako Gobernua abian jartzen ari den neurriak aipatu gabe; Nafarroako herritarrek teknologia berriak erabili ditzaten eta erabilera orokortu dadin ari da neurri horiek abian jartzen eta banda zabala lurralde osora iris dadila lortzeaz gain, horretarako ekipoak erosteko laguntza ekonomikoak eman ditu, baita etxean Internet jartzeko ere.
Gogoan izan behar da gizartea eta, zehatz esateko, adin eta baldintza guztietako jendea, aldaketa izugarriak egiten ari dela teknologia berriak erabiltzeko. Baliabide elektroniko berriak ezartzeko prozesua (kreditu txartelak, eskuko telefonoak, programatutako etxeko tresnak, TDT…) geldiezina da eta horietan nahitaez alfabetatu beharra dago; eguneroko bizitzan horien erabilera eta protagonismoa zabaldu egin direlako.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko 11/2007 Foru Legeko 43. artikulua Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bertsio elektronikoari buruzkoa da eta bertsio elektronikoa eta paperezko argitalpen inprimatua aipatzen ditu. Artikulu honetatik ez da ondorioztatzen bertsio elektronikoak paperezkoa nahitaez ordezkatu behar duenik, baizik eta biak elkarrekin egon daitezkeela, gutxienez hasieran edo administrazio elektronikoa pixkanaka ezartzen ari den faseetan.
Aldiz, Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duen uztailaren 2ko 58/2009 Foru Dekretuak xedatzen du aurrerantzean aldizkaria bakarra izanen dela, soilik euskarri elektronikoan argitaraturen dela, sinadura digitalarekin eta Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen atarian sarturen dela. Ondorioz, paperezko ediziorik ez da eginen.
Paperezko edizioa bertan behera uzteko erabaki zorrotz honek kontrastatu egiten du aipaturiko legezko aginduarekin eta apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen teleologia orokorrarekin, herritarrek sistema digitala onartzeko borondatean oinarritua eta “arrail digitalak” herritarren artean diskriminaziorik ez sortzeko beharrean oinarritua.
Hori dela eta, Erakunde honen iritziz egokia litzateke apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 43. artikuluan aldaketaren bat egitea, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren paperezko edizioa kentzeko legezko gaikuntzaren bat sartzeko.
Kexa aurkeztu duenak azaltzen duenez, 68 urte ditu, ez dago teknologia berrietan alfabetizatuta eta landa inguruan bizi denez ez dauka Internet zerbitzua Iruña aldean bezain hornituta. Hau da, bere egoera pertsonalengatik eta bizi den tokian bizi delako, Internet bidez NAOn sartzeko zailtasun handiak ditu.
Egia esan, gizartea, eta ondorioz, Herri Administrazioak teknologikoki aurrera doazenez herritarrek teknologia berrietara egokitu beharra daukate. Internte bidez informazio pribatua eta publikoa jaso ahal izateko, beharrezko bitarteko teknikoak izateaz gain edo erraz eskuratzeko modua izateaz gain, ezagutza informatikoak behar dira Internet behar bezala erabili ahal izateko. Baina gaur egun biztanleriaren sektore batek ez du horrelako bitarteko materialik eta ezagutzarik, bereziki adineko jendeaz ari gara, eta horrek esan nahi du teknologia berrien aurrean kaltetuta edo mesederik gabe geratu direla, “arrail digitala” sortu da.
Nafarroako Estatistika Institutuak 2006an egindako inkesta baten arabera, Nafarroako etxeen erdiak baino gehiago informazio gizartetik kanpo daude, “alfabetatugabe elektroniko” kopuru garrantzitsua identifikatu zen, hau da, sarbide elektronikorik ez duten pertsonak. Azken finean, adineko jendeak gainerako herritarrek baino askoz gutxiago erabiltzen dute Internet, eta errealitate honetan babestu behar da herritarrak bitarteko elektronikoa ez erabiltzeagatik ez baztertzeko duen eskubidea.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko 11/2007 Foru Legea errealitate honetaz ohartzen da. Hori dela eta, bertako 4.a artikulua administrazioak onetsitako administrazio prozedura elektronikoen erabileragatik bereizkeriarik ez pairatzeari buruzkoa da.
Esan dugunez, Nafarroako Aldizkari Ofiziala uztailaren 2ko 58/2009 Foru Dekretuak arautzen du.
NAO soilik bertsio elektronikoan argitaratzea nahi duenez azalpenen zioan honakoa dio “Herritarren egoera desberdinak aintzat hartuta, Nafarroako Gobernuak errazturen du Nafarroako Aldizkari Ofizialerako sarbidea, kontsultarako guneak ezarriz, eta, aldi berean, Nafarroako toki entitateetan ere hala egin dadila sustaturen du. ”
Bada, honekin bat etorrita 4.2 artikuluan honakoa ezartzen da: “Horrez gain, argitalpenak eginen dira unean-unean egoki diren euskarrietan ere, zabalkundea hobea izan dadin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren jarraipena, kontserbazioa, artxiboa, dokumentu ondarea eta lege gordailua ziurtatzeko.” 11.2 artikuluan ezartzen da “Nafarroako Aldizkari Ofizialaren kontsulta unibertsala, librea eta doakoa da. Bereziki zainduko da Nafarroako Gobernuak ezarritako sarbide estandarrak betetzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edozein orri argitaratzeko aukera ziurtatuta dago. ” Eta 12. artikuluan xedatzen da “Nafarroako Gobernuak, jendearen arretarako bulegoen eta liburutegien bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren organo arduradunaren egoitzan, haren kontsulta libre eta doakoa egiteko bideak jarriko ditu.”
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko 11/2007 Foru Legeko 43. artikuluan aldaketa bat sustatu dezala, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren paperezko argitalpena legez argi eta garbi etenda gera dadin.
Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea Nafarroako Udalek eta liburutegi publikoek herritarrei eta erabiltzaileei NAOn Internet bidez sartzea errazteko edo, hala eskatzen dutenean, NAO edo interesatzen zaizkien edukiak paperean inprimatzeko beharrezkoak egitea.
Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuari bi hilabeteko epea ematea iradokizun eta gomendio hau onartzen duela eta horren inguruan zer neurri hartu dituen jakinarazteko edo, ez onartzeko arrazoiak azaltzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dudala ohartaraztea, aipaturiko legezko prezeptuaren bigarren atalean aurreikusitako terminoetan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia