Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con el régimen de trabajo de los auxiliares sanitarios
Exp: 09/353/F
Nº: 175
Funtzio publikoa
2009ko maiatzaren 22an, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako kexa- idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 373/2009 Ebazpenaren aurka; izan ere, ebazpen haren bidez ezetsi egiten da lan-ordutegitik eta guardia lokalizatuen araubidetik kanpo esplanteak egiten parte hartzeko egin zuten eskabidea.
Azaltzen dute osasun laguntzaileak direla, Nafarroako Ospitalean lan egiten dihardutenak, eta A Bloke Kirurgikoko Erizaintza Unitateari atxikita daudela, eta organoak aurrerago transplantatzeko esplante-lanak egiten dituzten gainerako langileen maila berean egon nahi dutela, halako moduan non ez duten esplanteak egitera joan beharko lan-ordutegitik kanpo; hain zuzen ere, nahi dute lan horiek egitera lan-ordutegitik kanpo joan behar dutenean, osasun-laguntzaileek diru-ordain bat jasotzea, erizaintzako langileentzat ezarrita dauden baldintza beretan.
Hori guztia dela eta, Nafarroako Ospitalean organoen erauzketa beste edozein laguntza-prozesu bezala gauzatzen da, eta bermatzen da jarduera guztiek prozesuaren kalitatea bermatzen dutela; hori dela eta, zentroko zuzendaritzak, 1995eko maiatzean garuneko heriotza egoeran zegoen emaile baten organoen lehen erauzketa egin zenetik, behar diren aldaketak egin izan ditu programatik eratorritako jarduera guztiak ospitaleak laguntza jarraiturako erabiltzen dituen baliabide arrunten barrenean integratuta egon zitezen. Horrela, saihesten da gai hau pertsonen borondatezkotasunaren esku geratzea. Eta bai ebakuntza-gelako laguntzaileen kasuan, bai programa horretan esku hartzen duten profesional ugarien kasuan, lanak ohiko lanaldiaren barrenean egiten dituzte, guardia lokalizatuak behar diren kasuetan soilik laguntzaren premiaren araberako irizpideei begiratuz; eta horixe da kexa izenpetzen duenak bere interpretazio-irizpide propioaren arabera eskatzen duena, nahiz eta laguntzaren premiak berak hori berretsi ez.
Nafarroako Gobernuaren 1986ko maiatzaren 16ko eta 1987ko apirilaren 14ko akordioei esker, zenbait neurri ezarri ziren giza organoen dohaintza eta transplantea sustatzeko.
Neurri horien artean, erabaki zen ordain ekonomiko batzuk adostea emaileak atzemateagatik eta organo eta ehunak erauztegatik. Ordain horiek gaurkotzen joaten dira Osasun kontseilariaren foru aginduen bitartez.
Behin egiaztatu ondoren laguntza horiek ezarri ziren helbururako betetzen direla eta haiek kobratzeko baldintzak zuzenak direla, Dohaintzen ea Transplanteen Programan parte hartzen duten profesionalen artean banatzen ditu Ospitaleko Zuzendaritzak, haien partaidetzaren arabera eta Transplanteen arloko ospitale-koordinatzaileak txostena eman ondoren.
Izan ere, pizgarri horien banaketa dela eta, Larrialdietako Ebakuntza-gelako erizaintzako laguntzaileek, eta emaileen atzematen, organoak zaintzen eta haiek erauzten esku hartzen duten gainerako profesionalek, beren lanpostuari dagokion ordainketa arruntaz gainera, Nafarroako Ospitaleko organoen eta ehunen erauzketa-batzordeak erabakitako diru-ekarpena jasotzen dute. Azken batean, langile horiek erauzketa prozesuan esku hartzen dute beste edozein kirurgia-ekintzatan esku hartuko luketen bezala, baina errekurtso-egileek nahi dutena da haiexek erabakitzea baliabide baten beharra handiagoa edo txikiagoa dagoen (guardia lokalizatua), erabaki hori laguntzaren premiak berak berretsi beharrean, nahiz eta horixe zentroko zuzendaritzaren esku utzitako gai bat izan gaur egun. ”
Kexa-egileak Nafarroako Ospitalean lan egiten duten osasun laguntzaileak dira, eta A Bloke Kirurgikoko Erizaintzako Unitateari atxikita daude. Haien betebeharren artean dago larrialdietako ebakuntza-gelan lan egitea eta, gainera, laneko ordutegi arruntean, beste solairu batean dagoen ebakuntza-gela zentralera joatea, organoak erauzi behar direnean.
Betebehar horretatik aske utzi dituzte Larrialdietako Ebakuntza-gelako Erizaintzako Unitateko gainerako langileak, hau da, zeladoreak eta OLTak, zeinek modu profesionalean parte hartzen baitute lan ordutegiaz kanpo eta guardia lokalizatuen araubidean ebakuntza-gela zentralean egiten diren erauzketetan.
Aurrekoaren egiaztagiri gisa, 2009ko uztailaren 23an, kexa-egileek erakunde honetan 2009ko uztailaren 22ko idazki bat aurkeztu zuten, Nafarroako Ospitaleko Larrialdietako Ebakuntza-gelen ikuskatzaileak sinatua, non honakoa ziurtatzen baita: “Larrialdietako Ebakuntza-gelako laguntzaileak dira ebakuntza-gela horretako kolektibo bakarra bere lan ordutegian ebakuntza-gela zentralera (beste toki batean dago) joan behar izaten duena erauzketa programako (organoen dohaintza) osasun laguntzaile-lanetan aritzera, eta aldi berean larrialdietako ebakuntza-gelan dagoen lanean ere aritu behar duena, horrek berarekin dakarren lan-zamarekin. ”
Kexa-egileek uste dute gehitutako betebehar horrek lan-zama bidegabe eta baztertzaile bat eragiten diela, erizaintzako unitateko gainerako langileek ez dutena. Egoera zuzengabe eta baztertzaile horren aurrean, haien ustez, Larrialdietako Ebakuntza-gelako Erizaintzako Unitateko gainerako langileen tratu bera jasotzea eskatzen dute, halako moduan non erauzketa-programan profesional gisa duten parte-hartzea lan-ordutegitik kanpokoa izanen baita eta guardia lokalizatuen araubidearen araberakoa, programa horretan esku hartzen duten gainerako profesionalekin gertatzen den bezala.
Eskari hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari egin zioten, baina zerbitzu horretako Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 11ko 373/2009 Ebazpenaren bitartez ezetsi zen. Eskari horren ezespenak berarekin ekarri du kexa erakunde honetan aurkeztea.
Kexa-egileek erakunde honi behin eta berriz azpimarratu diote haiek ez dutela diru-ordain handiagorik nahi, baizik eta Larrialdietako Ebakuntza-gelako Erizaintzako Unitateko gainerako lankideei ematen zaien tratu bera ematea.
Osasun Departamentuak igorritako txostenak, ebazpen honetako aurrekarietan transkribatutakoak, Nafarroako Ospitaleko organoen erauzketa-programako araubidea eta protokoloak deskribatzen ditu, bai eta erauzketak egiten dituzten langileentzako ordain ekonomikoen sistema ere, baina ez du aztertzen, hura justifikatzearen eraginetarako, kexa-egile diren osasun laguntzaileei ezarritako lan-araubide zehatza.
Izan ere, txostenak ez du zehazten zergatik larrialdietako zeladoreak eta erizaintzako langileak erauzketetara lan ordutegian joatetik askatu dituzten, eta zergatik jarri diren guardia lokalizatuen sistema baten menpe, eta zergatik bitartean osasun laguntzaileak behartzen dituzten lan ordutegi arruntean ebakuntza-gela zentralera joaten erauzketa bat egin behar den bakoitzean, horrek ekartzen dien gehiegizko lan-zamarekin.
Azalpen arrazoizkorik eta arrazoiturik eman ez denez, ondorioztatzen dugu justifikatu gabeko tratu desberdin baten aurrean gaudela, eta, horrenbestez, tratu baztertzailea dela. Funtzionario publikoen eskubideei buruz ari garela, bidezkoa da gogora ekartzea behin eta berriz jurisprudentziak ezarritakoa, alegia, legearen aurreko berdintasunak exijitzen duela legezko arauak aplikatzerakoan funtzionarioen artean ez sortzea desberdintasuneko nahiz bazterketako egoerak. Agindu hori benetako muga bat da Administrazioaren antolamendu- edo erabaki-ahalmenetarako, eta berdintasunerako eskubidea baztertzeko debeku gisa ezartzen da, halako moduan non egoera berdinetan tratamendu berdinak eman behar baitira, betoa jarrita legezko tratamendu desberdina eta justifikatu gabea emateari, arrazoizkoa ez izateagatik (guztiagatik, Konstituzio Auzitegiaren irailaren 14ko 114/1992 epaia).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Osasun Departamentuari gomendatzea Larrialdietako Ebakuntza-gelako osasun laguntzaileen lan baldintzak aztertu eta balora ditzan, organoen erauzketetara lan ordutegi arruntean joateko betebeharrari dagokionez. Izan ere, edozein dela ere erabakitzen den konponbidea, tratu ez-baztertzailea bermatuko zaie, gainerako lankideei ematen zaienaren aldean.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia