Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Denunción la obligatoriedad de la Colegiación de los Veterinarios al servicio de la Administración de la Comunidad Foral
Exp: 09/514/F
Nº: 174
Funtzio publikoa
2009ko uztailaren 27an, Nafarroako Gobernuko funtzionarioak diren [?] jaunak eta beste hamabi albaitarik aurkeztutako kexa-idazkia sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa agertzen zuten Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka eta Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialaren aurka albaitari guztiei, funtzionarioei ere bai, Nafarroan lanbidean aritu ahal izateko albaitarien elkargoko kide izatea exijitzeagatik.
Azaltzen zuten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko funtzionario gisa ez dutela derrigor elkargoko kide izan behar, zeren eta oposizio bidez funtzio publikoan sartu zirenean ez kasuko deialdian, ez albaitari lanpostuetan aritzeko egindako inongo deialditan Administrazioak ez baitzien exijitu elkargoko kide izatea. Ez Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan, ez eta hura garatzeko erregelamenduetan ere, ez da elkargoko kide izatearen betebeharra ezartzen.
Halaber, agertzen zuten Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak Administrazioaren eskumena salbuesten dutela funtzionario-harremana dagoen kasuetan, eta hain zuzen ere kasu horietan elkargoko kidea izatea ez dela derrigorrezkoa, zeren eta “ulertzen baita haren izateko arrazoia dela interes publikoak zaintzea lanbidearen jardunean, baina hori profesional libreen kasuan gertatzen da. Aitzitik, kasuko profesionala karrerako funtzionario bat baldin bada eta kontzeptu horretan baizik ez bada aritzen, Administrazioari dagokio interes publiko horiek zaintzea”.
Gehitzen zuten Albaitarien Elkargo Ofizialak baja eskariei ezezkoa ematen diela, baja emateko berariaz eskatzen dutenean. Prozedura hori irregularra da, zeren eta, printzipioz, baja horiek eman behar baitituzte, eta, kasua bada, gero behar diren legezko ekintzak abiatu, baldin eta uste badute aplikatzekoak diren arauak urratzen ari direla.
Bukatzeko eskatzen dute Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen aldaketa premia dadin, argi gera dadin kolegiatzea ez dela derrigorrezkoa Administrazioaren zerbitzuan albaitari lanbidean aritzeko.
Zuen idazki adeitsuan, elkargo honen aurka aurkeztua den eta zuen jardueraren arrazoia den “kexaren” aipamena eta laburpena ageri dira. Idazkiaren arabera, kexa-idazkia uztailaren 27an aurkeztu zuten [?] jaunak eta beste hamabi albaitarik. Aldez aurretik esan behar dizugu [?] jaunaren baja-eskaria besterik ez duela elkargo honek jaso. Kexaren idazkia gure esku ez dugunez, ezin dugu erantzun zehatzik eman albaitari bakoitzarengan gertatzen diren inguruabarretarako.
Nolanahi ere, baieztatu dezakegu ageri-agerikoa dela zure erakundeaz fede txarrez baliatu nahi direla eta gehiegikeriazko erabilera egin nahi dutela. Nabarmena da egitate bat gertatu aurretik salatzen duena ez dela gutxieneko leialtasunarekin eta zintzotasunarekin jokatzen ari. Kasu honetan, horixe gertatu da, zeren eta kexak uztailaren 27ko data baitauka eta baja-eskariak, berriz, abuztuaren 6koa. Nekez gerta daiteke, horrenbestez, elkargoak jarduneko kide gisako baja ematea interesdunak eskatu baino lehen.
Arrazoibide hori zabal dakioke, are arrazoi handiagoarekin ere, elkargoko kide izateari uzteko eskariaren ezezkoak beste hamabi pertsona hartzen dituela dioen baieztapenari, haien eskaririk ez baita jaso.
Horri dagokionez, baieztatzen dugu babesik ez duela merezi erakundeez baliatzen denak haien erabilera okerra egiteko eta era erakunde horiek jarduteko duten fede onari iruzur egiteko. [?] jaunaren jardunak argiki adierazten du Nafarroako Arartekoaren erakundeaz gehiegikeriaz baliatu dela.
– Zure erakundea [?] jaunak aurkeztutako kexa aztertzeko eskuduna ez dela uste dugunez xehetasun gehiago emateko beharrik ez genukeen arren, esan beharra daukagu gaia zure idazkiaren laburpenean adierazitakotik oso bestelakoa dela.
Legedi orokorrak –Lanbide Elkargoei buruzko Legearen bitartez– eta autonomia erkidegoetako legeek argi eta garbi xedatzen dute elkargoko kide izan beharra dagoela lanbide elkargoek araututako lanbideetan modu publikoan nahiz pribatuan jarduteko. Horixe ondorioztatzen da Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeko 3.2 artikuluan ezarritakotik, eta zehazkiago Lanbide Elkargoei buruzko 3/1998 Foru Legean ezarritakotik. Izan ere, azken horrek, 16.2 artikuluan honakoa ezartzen du berariaz:
“Nafarroako Foru Komunitatean Elkargoa duen lanbide batean aritzeko, ezinbestekoa izanen da Komunitate honetako Lanbide Elkargo bateko kide izatea, salbu eta beste lurralde bateko lanbide bereko Elkargo batekoa dela egiaztatzen baldin badu”.
Espainiako Albaitarien Elkargoaren Estatutu Orokor indardunek –azaroaren 10eko 1840/2000 Errege Dekretuaz onetsitakoek–, hain zuzen ere 38.3 artikuluan xedatuaren arabera Nafarroako albaitariei aplikatzekoak direnek, honakoa ezartzen dute 62. artikuluan.
Lanbide-jarduna honako moduetan gauza daiteke:
a) Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuan, autonomia erkidegoen zerbitzuan eta Ceuta eta Melilla hirien zerbitzuan, eta Toki Administrazioaren zerbitzuan.
Horrenbestez, elkargoko kide egitea, horrek dauzkan ondorio guztiekin, ezinbesteko baldintza da lanbidean jarduteko, alde batera utzita lanbide-jardun horren araubidea eta hartzailea nor den. Horri dagokionez, antzinatik epaitegiek ildo bereko erabakiak hartu izan dituzte, sendagileen, albaitarien eta abarren lanbide-sektoreei dagozkienean.
Berriki, Auzitegi Gorenak, 2002ko martxoaren 12an eta 2002ko abenduaren 3an bi epai eman ditu aztergai dugun gaiari buruz, hain zuzen ere funtzionario albaitariei dagokienez. Epai horiek argi eta garbi finkatzen dute salatzaileek eta Funtzio Publikoaren txostenak adierazten duten tesiaren aurkakoa. Hala eta guztiz ere, epai horiek aurreko beste batzuk berretsi besterik ez dute egiten; horien artean, Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 17ko 131/1989 eta maiatzaren 11ko 89/1989 epaiak aipa daitezke.
Auzitegi Gorenaren epai batzuen arabera, gainera, lanbidean ez diharduen lizentziatuak edo tituludunak, besterik gabe funtzionario gisa diharduenak, nahi izanez gero elkargoko kide egin ahalko da, baina bere lanbidean –berezko zaionean– jardunez gero eta elkargoko estatutuek hala ezartzen dutenean, nahitaez egin beharko da elkargoko kide.
Abuztuaren 25ean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:
Nafarroako Gobernuko funtzionarioak diren [?] jaunak eta beste hamabi albaitarik kexa-idazkia aurkeztu zuten. Haren bidez kexa agertzen zuten Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka eta Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialaren aurka albaitari guztiei Nafarroan lanbidean aritu ahal izateko elkargoko kideak izatea exijitzeagatik.
Elkargoko kidea izateko betebeharra legezko kontu bat da, zeina ez baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren borondatearen menpean. Nafarroan lanbidean jarduteko elkargoko kide izan behar izatea ala izan behar ez izatea, lanbide elkargoei buruzko legediaren baitan dago, eta legedia horrek sor ditzakeen zalantzak edo gatazkak epaitegietan ebatzi beharko lirateke.
Zuzendu zaigun idazkian adierazten den bezala, ez kasuan kasuko deialdietan, ez Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan, ez da elkargoko kide izatearen baldintza ezartzen. Lanbide elkargoen erregulazioa da aztertu behar dena, beraz.
Nafarroak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, legedi orokorrarekin bat (Foru Hobetzearen 44.26 artikulua). Horrenbestez, arau esparrua honakoek osatzen dute: Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak, Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak eta hura garatzeko erregelamenduak eta abenduaren 18ko 375/2000 Errege Dekretuak.
2/1974 Legeko 3.2 artikuluak (Lurzoruaren eta lanbide elkargoen inguruko neurri askatzaileei buruzko apirilaren 13ko 7/1997 Legeko bigarren xedapen gehigarriak oinarrizkotzat jotakoa) ezartzen du “lanbide elkargoa duen lanbide batean aritzeko ezinbesteko baldintza izanen dela kasuko elkargoko kidea izatea”.
Horrenbestez, nahitaez elkargoko kide egiteko betebeharra ez dator foru erkidegoko legeditik, Estatuko oinarrizko legediak ezartzen duen betebeharra baita, nahitaez bete beharrekoa. Izan ere, zerbitzu-jarduerei eta haietan jarduteari libreki sartzeko legeari (omnibus legea izenaz ezagutzen dena) egokitzeko zenbait lege aldatzeari buruzko legeko aurreproiektuan aurreikusten da 2/1974 Legeko 3.2 araua aldatzea, eta adierazten da “lanbideetan aritzeko ezinbesteko baldintza izanen dela kasuko lanbide elkargoan egotea, Estatuko lege batek hori ezartzen duenean”.
Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeko IV. kapituluan, elkargoko kide egitea eta haren araubide juridikoa ezartzen dira. Eta 16.2 artikuluan honakoa esaten da: “Nafarroako Foru Komunitatean Elkargoa duen lanbide batean aritzeko, ezinbestekoa izanen da Komunitate honetako Lanbide Elkargo bateko kide izatea, salbu eta beste lurralde bateko lanbide bereko Elkargo batekoa dela egiaztatzen baldin badu”.
Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeko 6.1 artikuluan honakoa arautzen da: “Lanbide elkargoak, kasuko lanbidea arautzen duten legeak ezertan eragotzi gabe, beren estatutuek eta barne-araubideko erregelamenduek arautzen dituzte”.
Halaber, jakinarazten dizut Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofiziala ez dagoela inskribaturik Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Lanbide Elkargoen Kontseiluen Erregistroan. Bere webgunean adierazitakoaren arabera, Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialak Espainiako Albaitarien Elkargoko estatutu orokorren arabera jarduten du. Estatutu horiek azaroaren 10eko 1840/2000 Errege Dekretuak eta Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legeak onetsi zituzten.
Espainiako Alabaitarien Lanbide Elkargoaren Estatutu Orokorrak onetsi zituen 1840/2000 Errege Dekretuak, 1. artikuluko 4. lerrokadan, honakoa ezartzen du: “Otsailaren 13ko 2/1974 Legeko 3.2 artikuluari jarraituz, lanbide elkargoek nahitaez bilduko dituzte lanbidean edozein modalitatetan diharduten albaitari guztiak, dela libreki dihardutenak, dela entitate pribatuetan eta titulua edukitzea beharrezkoa den gisa bereko jarduera guztietan dihardutenak, edo titulazio hori lanbidean jarduteko baldintza den kasu guztiak. Elkargoko kide izatea nahita eskatu ahalko dute, berriz, albaitari titulua izan eta lanbidean aritzen ez direnak.
Elkargoko kide egiteko betebeharretik salbuetsita daude albaitariak diren karrerako militarrak, Osasun Kidego Militarrekoak direnak, Indar Armatuetako Langileen Araubideari buruzko maiatzaren 18ko 17/1999 Legean aurreikusitakoari jarraituz”.
Aipatutako 1840/2000 Errege Dekretuko 62.1 artikulua, zeina lanbidean aritzeari buruzkoa baita, gauza bera nabarmentzen du: “Albaitari lanbidean jarduteko ezinbesteko eta aldez aurretiko baldintza izanen da Albaitarien Lanbide Elkargo batean egotea, eta elkargo hori izanen da interesdunaren lanbide-helbide bakarra edo helbide nagusia.
2. Lanbide-jarduna honako moduetan gauza daiteke:
a) Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuan, autonomia erkidegoen zerbitzuan eta Ceuta eta Melilla hirien zerbitzuan, eta Toki Administrazioaren zerbitzuan.
b) Albaitaritzarekin lotutako enpresen, entitateen, ustiategien eta industrien edo negozioen zerbitzuan.
c) Libreki, albaitaria, Albaitaritzako Lizentziaduna tituluaren babesean, aurreko ataletan jasota ez dauden lanbide-jardunetan ari denean”.
1840/2000 Errege Dekretuko 63.1 artikuluan honakoa esaten da: “Lanbidean lurralde nazional osoan jardun ahal izateko, nahikoa izanen da albaitarien elkargo ofizial batean egotea, eta elkargo hori izanen da interesdunaren lanbide-helbide bakarra edo helbide nagusia”.
Gai horri buruz jurisprudentziak emandako interpretazioari buruzko argibideak emateko, interesgarria da Auzitegi Gorenaren 2002ko abenduaren 13ko epaia (Administrazioarekikok Auzien Sala, 4. Sekzioa). Izan ere, hartan, funtzionario publikoak diren albaitariak elkargoko kide izateko betebeharra duten ala ez duten ebazteko, honakoa esaten da:
“... Eta bidezkoa da kasazioa arrazoi horretan babestea, zeren eta bai 74/1978 Legeak, bai Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak –besteak beste, uztailaren 17ko 131/1989 epaia eta maiatzaren 11ko 89/1989 epaia– ezartzen dute lanbidean aritzeko ezinbestekoa dela elkargoko kide egitea, lanbidean erakunde publikoetan nahiz erakunde pribatuetan jardun, baita Estatuko Administrazioko funtzionario gisa jarduten denean ere. Horixe deklaratua du sala honek antzeko kasuei buruz 1997ko maiatzaren 22ko epaian (RJ 1997,m 4284) eta 2000ko urriaren 31ko epaian (RJ 2001, 447), eta agi dago aurkatutako epaia urratzen duela doktrina horrek, deklaratzen baitu ezin dela eragotzi kasuan kasuko lanbide elkargoan norberaren borondatez baja ematea; izan ere, elkargoko kidea izatea derrigorrezkoa denez, eta horixe ikusi berri dugu, profesionala kasuko lanbidean ari den bitartean, ezin du bere borondatez baja eman...”.
“... derrigorrezkoa zen administrazio militarraren zerbitzuan ari ziren albaitariek elkargoko kideak izatea, eta horrek berarekin dakar administrazio publikoen zerbitzuan ari diren albaitari profesionalek nahitaez elkargoko kideak izan behar dutela. Epaia sala honetako aurreko epaietako jurisprudentziako aurrekarietan eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian ere oinarritu da.
Horrenbestez, doktrinaren batasunari buruzko printzipioan oinarrituta, onartu beharra daukagu errekurtsoa aurkeztu duen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren tesia, eta deklaratu behar dugu albaitari publikoek nahitaez elkargoko kideak izan behar dutela; horrek berarekin dakar aipatutako kasazio-arrazoi bakarra babestea eta, horrenbestez, aurkeztutako errekurtsoa baiestea”.
Erakunde honen iritziz, ordea, Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialaren jarduna ikuskatzeko eskumena –Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak jasotako eskubideak eta libertateak defendatzeko eta hobeki babesteko– Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 3.d) artikuluan ezarri zen, honakoa bildu baitzen: Arartekoak ikuskatu ahalko du “edozein erakunde edo entitate, pertsona juridiko edo pribatu, baldin eta zerbitzu publiko batean diharduela, nolabaiteko administrazio kontrol edo tutoretza egiten badiote”.
Lanbide Elkargoak korporazio sektorialak dira, kideen interes pribatuak defendatzearren sortzen direnak, baina interes publikoko xedeak ere badituzte eta, horrexegatik, legearen aldetik, pertsona juridiko-publiko gisa edo zuzenbide publikoko korporazio gisa eratzen dira, horien jatorri, antolamendu eta eginkizunak ez baitaude bakarrik bazkideen esku, baizik eta lehen-lehenik legegileen beraien derrigorrezko erabakien menpe. Izan ere, legegile horiek Elkargoei esleitzen dizkiete lurraldeko administrazioei dagozkien eginkizunak, horiek baira elkargoek dituzten eginkizun edo eskumenen titularrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 18ko 20/1988 epaia eta Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 11ko 89/1989 epaiaren seigarren oinarri juridikoa).
Zuzenbide Publikoko korporazioak diren aldetik, elkargoko kideen jarduera dela-eta esleituta dauzkaten eginkizun publikoei dagokienez, Nafarroako Arartekoaren erakundeak ikuskatu egin ditzake, herritarren eskubideak eta libertateak bermatzen baititu.
Erakunde honek planteaturiko kexa aztertzeko eskumena duela argitu ondoren, kexaren argudioak eta oinarria garatuko ditugu.
Gaiaren sakonean aldez aurretik dagoen gai gisa –sakoneko auzia aurreragoko puntuetan aztertuko dugu– azpimarratu beharra dago kexa-egileek baieztatzen dutela ez daudela elkargoko kide egitera derrigorturik, zergatik eta albaitari lanpostuak funtzionario publiko gisa betetzeko eginiko deialdietan, ez zitzaielako exijitu elkargoko kideak izatea.
Baieztapen horri eman beharreko erantzuna jurisprudentziak eman du, zehazki Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren 1982ko otsailaren 12ko epaiaren bitartez (RJ 1982/1391) eta Extremadurako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2002ko uztailaren 22ko epaiaren bitartez. Haietan, izan ere, honako argudioa erabiltzen da: “elkargoko kide izatea soilik exijitu ahalko da kasuko lanbidean aritzeko, baina ez funtzionario izaera eskuratzeko; hori dela eta, ez da funtzionario publikoa izateko exijitu behar den baldintza bat eta, beraz, logikoa da Funtzio Publikoari buruzko Legean sarturik ez egotea. Inguruabar hori –berriz diogu– ez du kentzen interesdunak baldintza hori bete behar izatea.
Espainiako Konstituzioak, 36. artikuluak lege-erreserba bat ezartzen du lanbide elkargoen araubide juridikoaren berezko ezaugarriak eta tituludun lanbideetako jarduna arautzeari dagokionez.
Abuztuaren 1eko 1323/1997 Errege Dekretuaren bitartez, Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari elkargo ofizialen edo lanbide elkargoen arloko funtzioak eskualdatu zizkion. Horrek berarekin ekarri zuen Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.26 artikulua guztiz garatzea. Izan ere, artikulu horretan honakoa ezartzen da: “Nafarroak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, indarreko legediari jarraikiz”.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio aztergai dugun arloari buruzko legeak egitea, Estatuak ezarritako oinarrizko preskripzioei jarraituz, betiere Konstituzioak erreserbatzen dion eskumenaren arabera.
Lanbide Elkargoei buruzko 1974ko otsailaren 13ko Legeak 3.2 artikuluan honakoa ezarri zuen:”Elkargoa duten lanbideetan aritzeko ezinbesteko baldintza da kasuan kasuko elkargoko kidea izatea”.
Elkargoko kide nahitaez egin behar izatea, arau orokor gisa –arestian aipatutako 1974ko otsailaren 13ko estatuko legeko 3.2 artikulutik ondorioztatzen da hori–, oinarrizko lege bat da, zeren eta horixe ezartzen baitu Lurzoruaren eta lanbide elkargoen inguruko neurri askatzeei buruzko apirilaren 14ko 7/1997 Legeko amaierako xedapenetatik bigarrenak, zeinak ezartzen baitu “Konstituzioko 149.1 artikuluko 1. klausulatik 18. klausulara bitartekoen babesean, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeko ... 3.2 ... artikuluak oinarrizko lege direla”.
Halaber, Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak honakoa ezarri zuen 16.2 artikuluan: “Nafarroako Foru Komunitatean elkargoa duen lanbide batean aritzeko, ezinbestekoa izanen da komunitate honetako lanbide elkargo bateko kide izatea...”.
Ildo beretik, Albaitarien Espainiako Lanbide Elkargoaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 10eko 1840/2000 Errege Dekretuak, 62.1 artikuluan, honakoa ezarri zuen: “Albaitari lanbidean jarduteko ezinbesteko eta aldez aurretiko baldintza izanen da Albaitarien Lanbide Elkargo batean egotea, eta elkargo hori izanen da interesdunaren lanbide-helbide bakarra edo helbide nagusia”. Bigarren lerrokadan, berriz, honakoa gehitzen du: “Lanbide-jarduna honako moduetan gauza daiteke: Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuan, autonomia erkidegoen zerbitzuan eta Ceuta eta Melilla hirien zerbitzuan, eta Toki Administrazioaren zerbitzuan.”
Bestalde, nahitaez elkargokide egin behar izatea Auzitegi Gorenaren zenbait epaitan berretsi da; bestak beste, Administrazioarekiko Auzien Salako 4. Sekzioak 2002ko abenduaren 13an emandako epaian; hartan, izan ere, hauxe ezarri zen: “Bada, egiazki orain planteatutako arazoa sala eta sekzio honek jada ebatzi zuen, 2002ko martxoaren 12ko gure epaian; izan ere, hartan ezarri zen derrigorrezkoa zela administrazio militarraren zerbitzuan ari ziren albaitariek elkargoko kide izatea, eta horrek berarekin dakar administrazio publikoen zerbitzuan ari diren albaitari profesionalek nahitaez elkargoko kide izan behar dutela. Epaia sala honetako aurreko epaietako jurisprudentziako aurrekarietan eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian ere oinarritu da.
Horrenbestez, doktrinaren batasunari buruzko printzipioan oinarrituta, onartu beharra daukagu errekurtsoa aurkeztu duen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren tesia, eta deklaratu behar dugu funtzionario publikoak diren albaitariek nahitaez elkargoko kideak izan behar dutela; horrek berarekin dakar aipatutako kasazio-arrazoi bakarra babestea eta, horrenbestez, aurkeztutako errekurtsoa baiestea”.
Elkargokide nahitaez egin beharrari buruzko arau orokor horrek salbuespenak dauzka. Salbuespen horiek arrazoiekin justifikatu eta ezarri beharko ditu horretarako eskuduna denak. Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeko 1.3 artikulua bera da honakoa ezartzen duena: “Korporazio horien funtsezko helburuak dira lanbideen jarduna antolatzea, haien ordezkaritza esklusiboa eta elkargokideen interes profesionalak defendatzea; hori guztia, halere, ez da oztopoa izanen Administrazio Publikoak funtzionario-harremanen arloan duen eskumenerako.
Nahitaez elkargokide egitearen mugaren adibide gisa jar daiteke Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 544.2 artikulua, zeinak honakoa ezartzen baitu: “Abokatuak eta prokuradoreak elkargokide egitea nahitaezkoa izanen da epaitegietan eta auzitegietan aritu ahal izateko, lege honetan eta lanbide elkargoei buruzko lege orokorretan ezarritako moduan, salbu eta funtzionario gisako nahiz lan kontratu gisako menpekotasun arrazoiengatik administrazio publikoen edo entitate publikoen zerbitzuan dihardutenean”.
Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia izan da ezarri duena Administrazio Publikoan lanean ari diren pertsonek ez dutela beti eta nahitaez elkargokide izan beharko. Kasuan kasuko lanbidearen menpe, lanbide-jardun horrek Administraziotik kanpo duen eraginaren menpe, jarduera hori juridikoki mugatuta dagoen moduaren menpe eta hirugarrenak babestu beharra egotearen menpe egonen da hori. Adibide gisa, Konstituzio Auzitegiaren honako epaiak aipa daitezke:
Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 23ko 76/2003 epaia, zeinak errekurtsogilearen kexa aintzat hartzen baitu; izan ere, ez du interes publikoko benetako arrazoirik ikusten arlo pribatuan lan egiten ez duten funtzionario publikoek nahitaez elkargokide izan behar izatea justifikatzeko. Are gehiago, administrazio publikoaren beraren zerbitzuan lanbidean jarduteko kasuan, elkargo bati nahitaez atxikia izatean amore eman daiteke, oraingoa bezalako kasuetan, botere publiko bera delako Administrazioaren idazkarien, kontu-hartzaileen eta diruzainen funtzio publikoaren jarduna modu nagusian antolatzen duena. Hau da, Konstituzio Auzitegiak ez duela arrazoirik aurkitzen Administrazioaren zerbitzuko profesionalen jardueraren antolaketa nahitaez elkargokide egitearen bitartez egin dadin, beren eginkizunetan zuzen ari daitezen.
Ildo berekoak dira Konstituzio Auzitegiaren lehenengo salaren maiatzaren 110/2005 epaia eta beste epai batzuk.
Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 19ko epaiak, laugarren oinarri juridikoan, hauxe dio: “Egia da Lanbide Elkargoei buruzko 2/1974 Legeko 3. idatz-zatiko 1. artikuluak eta Medikuen Elkargo Antolamenduaren Estatutu Orokorretako 3. artikuluko 1. idatz-zatiak, zuzenbide publikoko korporazio horien funtsezko helburuak mugatzerakoan, berariazko salbuespena egiten dutela “Administrazio Publikoak funtzionario-harremanen arloan duen eskumenarengatik”, han zuzen ere lanbideetan aritzeari dagokionez. Hori dela eta, guztiz onargarria da oro har ezarritako exijentzietan, esate baterako nahitaez elkargokide izateko baldintzan, amore ematea edo babes-errekurtso hau eragin duen bezalako kasuetan haiek aplikatzekoak ez izatea, betiere elkargoa duen lanbidean ari direnak soilik funtzionario publiko gisa ari badira edo Administrazio Publikoaren esparru esklusiboan ari badira, lanbide-jardunean modu pribatuan aritu gabe; kasu horietan, beraz, “arrazoia galtzen du elkargo-antolamendu baten menpean egoteak, hain zuzen ere gainerako kasuetan justifikatuta dagoenak”.”
Konstituzio Auzitegiaren 69/1985 epaiaren 2. oinarri juridikoa. Halakoetan, izan ere, Administrazioak zuzenean hartuko luke bere gain elkargoa duten lanbideen jardunean biltzen diren xede publikoen zaintza, hain zuzen ere, oro har, elkargo publikoei esleituta dagoena. Horrenbestez, legegileari eta Administrazio Publikoari dagokie funtzionario-harremanaren karietara, zehaztea, oro har, zein kasu eta baldintzatan –hain zuzen ere Administrazioaren beraren zerbitzuko lanbide-jardun bat izateagatik eta jardun hori administrazio-antolamendu batean integratuta egoteagatik, bereiztezinezko izaera publiko batekin– ez den, salbuespen gisa, baldintza hori ezarriko –alegia, elkargoaren antolamenduaren eta diziplinaren mende egotea–, zergatik-eta ezarritako betebeharra ez delako proportzionatua zaindu beharreko helburua lortzeko.”
Oraingoan, zehaztu beharra dago zein administrazio publikori –estatukoari nahiz erkidegokoari– dagokion zehaztea nahitaezko elkargokide egitearen salbuespenerako kasuak eta baldintzak, hain zuzen ere Administrazioko funtzionarioen edo lan kontratupeko langileen kolektibo zehatz batentzat.
Erantzuna, lehenbizi, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako 7. Sekzioaren 2007ko maiatzaren 28ko epaiak eman digu, zeinak honakoa baitio legearen intereserako kasazio errekurtso batean: “Horrenbestez, Konstituzio Auzitegiaren 131/1989 epaiak deklaratu bezala, legegileari eta Administrazioari dagokie, funtzionario-harremanaren karietara, zehaztea zein kasutan ez den exijitu behar nahitaez elkargokide izatea, Administrazioaren zerbitzuko lanbide-jardun bat izateagatik eta administrazio-antolamendu batean integratuta egoteagatik, zergatik eta ezarritako betebeharra ez delako proportzionatua zaindu beharreko helburua lortzeko; eta Galiziak zehatz dezake hori bere estatutuan jasotako eskumenengatik; izan ere, elkargo ofizialen eta lanbide elkargoen funtzioen eskualdatzeari buruzko Errege Dekretuaren arabera, funtzionario publiko autonomikoen nahitaezko elkargokide izatearen gaia Galiziak erregula dezake, estatuko eskumena antolamendu- eta eskumen-eraginetarako mugatuta dagoelako. Hori dela eta, elkargokide izatea ez da nahitaez Estatuaren eskumena, eta funtzionarioei buruzko erregulazioa ere ez da oinarrizko legedia. Bestalde, 36. artikuluak ez du funtzionarioen nahitaez elkargokide egitea ez egintzen, ez debekatzen, eta orduan legegile autonomikoak libreki zehatz ditzake bere arauak. Izan ere, Lanbide Elkargoei buruzko 2001eko irailaren 17ko Galiziako Legeko 3. artikuluak honakoa ezarri zuen: administrazio publikoarekin zerbitzu administratiboen nahiz lan zerbitzuen harremanaren bitartez loturiko profesionalek ez dute zertan elkargokide izan beharko hertsiki administrazio-eginkizunetan jarduteko, ez eta lanbideari dagozkion jardueretan kasuko administrazioaren kontura egiteko, jardun horien hartzailea Administrazioa denean; bai izanen da nahitaezkoa elkargokide izatea, horrenbestez, jardun pribatuan aritzeko”. Sala honek, horrenbestez, ez du beharrezkotzat jotzen inongo konstituzionaltasun auzirik planteatzea lege-arau hori dela eta, zeren eta ematen duen konponbidea koherenteena baita, elkargokide nahitaez izatearen arrazoia delako justifikatzea lanbide jakin batzuen jarduna kontrolaren menpe egon behar duela; izan ere, kontrol hori, diziplina-ahalmena eta guzti, lanbide elkargoen esku uzten da. Funtzionarioaren jarduna Administrazioaren menpean eta haren kontura garatzen bada, ordea, Administrazioak berak kontrola ditzake haren jardunak eta egiazta dezake lanbidearen arauen araberakoa den, aldi berean lanbide elkargoen kontrolaren menpean egoteko beharrik gabe”.
Epaiaren edukia guztiz aplikatzekoa da Nafarroako Foru Komunitatean, zeren eta Foru Hobetzeak lanbide elkargoen arloan Nafarroari ematen dion eskumen osoak soilik honako funtzioak direla-eta egiten baitu Estatuaren aldeko erreserba: “ a) Elkargo ofizialen eta lanbide elkargoen araubide juridikoaren oinarriak ezartzea; eta b) Lanbide tituluak lortzeko, emateko eta homologatzeko baldintzak arautzea, Konstituzioko 149.1.30 artikuluan ezarritakoaren babesean”, Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari elkargo ofizialen edo lanbide elkargoen arloko funtzioak eskualdatzeari buruzko abuztuaren 1eko 1323/1007 Errege Dekretuaren eranskineko hirugarren ziurtagiriak ezarri bezala.
Aurreko lerrokadan azaldu den bezala, Auzitegi Gorenaren 2007ko maiatzaren 28ko epaia (kasazio errekurtsoa legearen interesa dela eta) aplikatzekoa da Nafarroako Foru Komunitatean, zeren eta Estatuak Galiziari 1643/96 Errege Dekretuaren bitartez funtzioak lagatzerakoan –2996ko uztailaren 31ko 184. aldizkari ofiziala–, Estatuak bere buruarentzat gorde zuen arloa hitzez hitz Nafarroako Foru Komunitateari lanbide-elkargoei buruzko eskumena eskualdatu zionean erreserbatu zuen berbera baita, hitzez hitz.
Eta, bigarrenik, egokia da egitateen irmotasunari ere begiratzea. Autonomia erkidego ugari izan dira –Andaluzia, Balear Uharteak, Galizia, Kanariar Uharteak eta abar– lege bidez beren eskumena finkatu eta baliatu dutenak, salbuespen gisa Administrazioaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratupeko langileen kolektibo jakin batzuei nahitaez elkargokide egin behar izatea ezarriz. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak, 30.2 artikuluan, honakoa ezarri zuen: “Administrazio publikoarekin zuzenbide administratiboan edo lan-zuzenbidean oinarritutako zerbitzu-harremana duten profesionalei ezin izango zaie baldintza hori eskatu”.
Aurreko guztia laburbilduz, ondorio gisa baiezta dezakegu Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legean ezarritakoaren indarrez, Nafarroan nahitaezkoa dela foru administrazioarentzat, toki administrazioarentzat eta are estatuko administrazioarentzat ere diharduten albaitariak elkargokide izatea.
Hala eta guztiz ere, erakunde honen iritziz, segurtasun juridikoaren printzipioari eta legearen aurreko berdintasunerako oinarrizko eskubideari erreparatuta, egokia da aintzat hartzea Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea aldatzeko aukera, halako moduan non funtzionarioen edo estatutupeko langileen kolektibo jakin batzuek egiten dituzten lanen arabera, arestian aipatutako foru legeak edo hura garatzen duten arauek bidea emanen duten profesionalen kolektibo horiek nahitaez elkargokide egin behar ez izateko.
Foru legearen aldaketa oinarritu ahalko da, erakunde honen iritziz, jurisprudentziak ezarritako irizpidean, alegia, nahitaez elkargokide egitetik salbuestea profesional-funtzionarioen edo estatutupeko profesional batzuk, hain zuzen ere daukaten jardunarengatik hirugarrenengan zuzeneko eragina ez dutenak, hain zuzen ere Administrazioa bera edo ente publiko administratibo bat delako haien lanbide-zerbitzuen hartzailea; hain zuzen ere, “elkargokide nahitaez izatea beharrezko tresna bat ez denean lanbidearen jarduna antolatzeko, hain zuen ere jardun hori zuzen bete dadin bermatzeko eta profesional horiek emandako zerbitzuen hartzaileen interesak bermatzeko” (Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako 1. Sekzioaren 2009ko ekainaren 29ko autoa).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzea Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen aldaketa bat bultza dezan, profesional funtzionarioek edo estatutu-araubidearen menpeko profesionalek, beren lanbide-jardunean interes orokorrean eragina ez dutenek, dagokien elkargo ofizialeko kide nahitaez egin behar ez izateko.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia