Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 3ko 172/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 03

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a una información urbanística solicitada al Ayuntamiento a través de varios escritos

Exp: 09/274/D

: 172

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du erantzunik ez diotelako eman hirigintza-informazio baten eskariari, zeina idazki batzuen bitartez egin baitzion udalari.

    Azaltzen du informazioa lortu nahi zuela hirigintza planeamenduko arau subsidiarioen aldaketa bati buruz eta, horretarako, 2008ko abuztuaren 14an idazki bat aurkeztu zuela, jakiteko ea arau subsidiarioetako 7.1.5 artikulua aldatuta ote zegoen, eta nolako aldaketa egina zitzaion; halaber aldaketa hori onetsi eta argitaratu zen egunak ere ezagutu nahi zituen.

    Adierazten du informazio hori lortu ez zuenez eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren webgunean udal guztietako hirigintza arauak ageri direnez, egiaztatu zuela artikulu horren aldaketarik ez dagoela, eta berriz ere, 2008ko urriaren 8an, arestian aipatutako informazioa eskatu zuela. Eskari horri erantzuteko, 2008ko urriaren 29an, alkatetzaren idazki bat jaso zuen, non ez baitzitzaien erantzunik ematen egindako galdera guztiei. Hori dela eta, 2008ko azaroaren 11n, beste idazki bat aurkeztu zuen, eta bertan adierazi zuen erantzuna ez zegoela osorik, eta berriz galdetu zuen arau subsidiarioetako 7.1.5 artikuluaren aldaketa zein egunenetan onetsi zen eta noiz argitaratu zen NAOn.

    Udalaren isiltasuna zela eta, 2008ko azaroaren 11n eta abenduaren 17an eta 2009ko urtarrilaren 20an eta martxoaren 12an, eskariak aurkeztu zituen berriz ere, baina ez du erantzunik jaso. Halaber, 7.1.5 artikuluaren egun indarra duen testua zein den esateko eskatu zuen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, 2009ko martxoaren 2an Milagroko Udaleko alkatetzara idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    2009ko ekainaren 3an, Milagroko alkatetzak kexan planteatutako gaiari buruzko txostena igorri zuen. Erakunde honek txosten osagarria eskatu zuen gero, eta 2009ko abuztuaren 18an beste txosten hori jaso genuen, hain zuzen ere eskatutako informazioa ere biltzen zuena. Laburbilduz, udalak honakoaren berri ematen du:

    Arau subsidiarioetako hirigintza arauen 7.1.5 artikuluak, 1988ko urriaren 28an behin betiko onetsitako testuaren arabera, honakoa ezartzen du: “Eraikinak gehienez ere hartuko duen sakonera honakoa izanen da: lursail osoa, beheko solairuan, gehi 12 metro, goiko solairuetan.”

    Hala eta guztiz ere, udalak 2000tik erabiltzen duen arau subsidiarioen idatzizko dokumentuan –orduan arauak egin zituzten arkitektoek arau subsidiarioak eta haiei egindako aldaketak digitalizatu baitzituzten–, 7.1.5. artikuluak honakoa dio gune historikoari dagokionez: “Eraikinak gehienez ere hartuko duen sakonera honakoa izanen da: lursail osoa, beheko solairuan, eta 15 metro goiko solairuetan.”

    Udalak dio ordutik, gune historikoari dagokionez, eraikinak goiko solairuetan 15 metroko sakonera izatearen irizpidea erabili dela.

    Alabaina, udalak egiaztatu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan ez dela ageri 7.1.5 artikuluaren inongo aldaketarik.

    Txostenarekin batera, egiaztagirien kopiak jaso ditugu, eta haietan agertzen da 1999ko abenduaren 29ko udalaren erabakiaren bitartez, arau subsidiarioetako eraikinen sakonerari buruzko aldaketa bat hasiera batez onetsi zela, eta 2000ko apirilaren 3ko erabakiaren bitartez aldaketa horri behin-behineko onespena ere eman zitzaiola. Baina, kontua da behin betiko onespena ez dagoela ez udalean ez Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan inon jasota.

    Hori dela eta, txostenak bukatzen du esaten kexa-egileari ezin izan zaiola eskatutako informazioa eman, ezin izan baita dokumentazio hori aurkitu.

AZTERKETA

  1. 2008ko azaroaren 11n eta abenduaren 17an eta 2009ko urtarrilaren 20an eta martxoaren 12an, kexa-egileak eskabide batzuk aurkeztu zituen Milagroko Udalean, informazio jakin bat eskatuz; zehazki, hirigintza arloko kontsulta bat egiten zuen, hirigintza planeamenduko arau subsidiarioetako 7.1.5 artikuluaren testu indarduna zein zen jakiteko. Interesdunak, ordea, ez du udalaren erantzunik jaso.
  2. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori beti bete beharko da, eta Administrazioa ezin izanen dio ebazteari ezezkoa eman, aitzakiatzat hartuta kasuari aplikatzekoak zaizkion legezko arauen isiltasuna, iluntasuna edo behar adinakoak ez izatea. Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 8. artikuluak aitortzen du pertsona guztiek badutela eskubidea hirigintzari buruz administrazio publiko eskudunen esku dagoen informazioa jasotzeko, interes jakin bat dutela egiaztatu beharrik izan gabe.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, udalak ez die erantzun interesdunak hirigintza informazioari buruz egindako eskabideei. Interesdunak erakunde honi igorritako txostenean dio ezin izan duela informazio hori eman, aipatutako artikuluaren testuaren aldaketari buruzko dokumentazioa galdu egin delako. Baina arrazoi horrek ez du baliorik. Nolanahi ere, interesdunaren eskabideei erantzun behar zien udalak, eta uneoro eskura zegoen informazio guztia eman behar zion, edo, gutxienez ere, eskatutako informazioa ezin ematearen arrazoia eman behar zion.

  3. Sakoneko gaiari dagokionez, udalak emandako informazioa ikusi ondoren, argi dago ez udalaren egoitzan, ez Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egoitzan ere, ez dagoela arau subsidiarioen behin betiko onespenari buruzko dokumentaziorik, gune historikoan eraikinek eduki beharreko sakonerari dagokionez. Bi administrazioetan horri buruzko datuak eta dokumentazioa falta izateak, arrazoizkoa den moduan, berarekin dakar ulertu behar izatea egiaz ez zela 7.1.5 artikuluaren aldaketa izapidetzera eta behin betiko onestera iritsi. Nekez uler liteke bi administrazioek behin betiko onespenari buruzko dokumentazioa galdu izatea eta, gainera, datu hori hirigintza-planeamenduko erregistroetatik ere desagertu izatea.

    Aurrekoa suposatuta, kontua da udala hirigintza arau bat (7.1.5 artikulua) aplikatzen ari dela behin betiko onetsita ez dagoen eta argitaratuta ez dagoen testu baten arabera, eta, horrenbestez, indarrik ez duelako ezin aplika daitekeen testu baten arabera. Gogoratu beharrik ez dago hirigintza planeamendua, bai hasierako testuak, bai aurrerago egiten zaizkion aldaketak, erregelamendu erako arau bat dela, zeinak indarrik ez baitu behin betiko onespena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte. Argitaratuta egotea hirigintza planek eta haien aldaketek eraginkortasuna izateko baldintza bat dira (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 81. artikulua).

    Horrenbestez, behin betiko onespena ematen ez zaion eta onespen hori argitaratzen ez den bitartean, udalak arauaren 1988ko hasierako testua aplikatu beharra dauka gune historikorako, gaur egun ere horixe baita indarra duena. Eta hirigintzaren arloko interesa dela-eta hala behar bada, ahal den bezain laster bultzatu behar du hasiera batean onetsitako aldaketari behin betiko onespena ematea, eta onespen hori argitaratu egin beharko du.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Milagroko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak aurkeztutakoari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

    ­

  2. Milagroko Udalari gomendatzea ezen, hirigintzaren interesarengatik halakorik behar bada, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Departamentuaren aurrean bultza dezan 2002ko apirilaren 3ko udalaren erabakiz behin-behinekoz onetsi zen arau subsidiarioen aldaketari behin betiko onespena eman dakion, eta behin betiko onespen hori argitara dezan. Eta bitartean, hirigintza arauaren 7.1.5 artikulua aplika dezan jatorrizko testuari jarraituz.

  3. Milagroko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Interesdunari eta Milagroko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia