Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Inactividad del Servicio de Inspección de Asuntos Sociales en alteración de precios de residencia privada, alegando que la plaza no esta concertada
Exp: 10/298/B
Nº: 171
Gizarte Ongizatea
2010eko apirilaren 7an, [?] jaunak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, Faltzesko [?] zahar-etxearen jokabidea dela-eta aurkeztutako salaketa baten aurrean Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua inhibitu egin zelako.
Kexa-egileak azaltzen zuenez, bere aita, [?] jauna, aipatu egoitza horretako erabiltzailea da, eta, 2009ko maiatzaren 1ean aldatu (igo) egin zen zerbitzua emateagatik aplikatutako tarifa, “lagundua” izatera igaro baitzen, zahar-etxeak berak emandako ziurtagiriaren arabera. Interesdunak azaltzen zuenez, zentroko zuzendaritzak bere kabuz egin zuen aldaketa hori, eta ez zuen bete araudi indardunak mendekotasuna baloratze aldera ezarritako prozedura.
Geroztik (2009ko ekaina), kexa-egileak, bere aitaren izenean, mendekotasun egoera aitor ziezaion eskatu zion Nafarroako Mendekotasunaren Agentziari. Eskaeraren ondorioz, erakunde horretako zuzendari nagusiak 2884/2009 Ebazpena eman zuen irailaren 28an; ebazpenean ez zion mendekotasuna aitortzen interesdunari, puntuazioa ez zelako eskatutako gutxienekora iristen, eta, ondorioz, ezin zitzaiola prestazio ziurtatu bat esleitu jakinarazi zioten.
Ebazpena jaso ostean, kexa-egileak berriz ere jo zuen zentroko zuzendariarengana, eta eskatu zion erabakia zuzen zezala eta 2009ko maiatzeko aldaketaren aurreko tarifa aplika zezala, hau da, mendekotasunik gabeko pertsonei dagokiena, eta egindako kobrantzak erregulariza zitezela. Bere eskaera, ordea, hein batean baino ez zen onartu; izan ere, 2009ko urritik aurrera soilik hasi ziren mendekotasunik gabeko pertsonei dagokien tarifa kobratzen (ez zen gauza bera egin maiatzetik urrira bitarteko hilabeteetan, erabiltzaileak pertsona lagunduei dagokien tarifa ordaindu baitzuen).
Hori ikusita, kexa-egileak gertakariak salatu zituen 2010eko urtarrilaren 8an Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan, eta zenbait hausnarketa egin zituen legedi indardunaren urraketari buruz eta zerbitzuaren erabiltzailearen eskubideen balizko urraketari buruz.
Salaketa horri 2010eko otsailaren 8ko idazki baten bitartez erantzun zion Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendari nagusiak. Erantzunean adierazi zitzaionez, “zure aitak betetzen duen tokia ez dago Nafarroako Mendekotasun Agentziarekin itunduta, eta ez da zerbitzuari atxikitako prestazio ekonomiko baten onuraduna; hortaz, zure kexa Kontsumo Zerbitzura igorriko dugu, hark azter dezan.”
Auzia Kontsumo Zerbitzura igorrita, arbitraje-eskabide bat aurkezteko aukera zuela adierazi zitzaion. Azaltzen zuenez, ordea, halako eskaera bat aurkezteak ekintza judizialak baliatzeko aukerari uko egitea zekarrela jakitean, bide hori ez baliatzea erabaki zuen.
Interesdunak uste zuen Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez zituela zaindu, legeria indardunean ezarritako moduan, zerbitzuaren erabiltzailearen eskubideak, uko egin baitzion salatutako gertakariak ikuskatzeari eta esku hartzeari.
2010eko ekainaren 9an, interesdunak beste idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan; hartan azaltzen zuenez, zahar-etxeak, 2010eko maiatzaren 1etik aitzina, erabaki zuen, bere kabuz eta, haren ustez, modu arbitrarioan, mendekotasuna duten pertsonei dagokien tarifa aplikatzea berriz ere. Orobat salatzen zuen, hasieran aurkeztutako idazkian salatutakoaren gisa berean, erabiltzailearentzako informazio eza eta egoera berriari buruzko txosten idatzia emateari uko egin izana. Adierazten zuenez, zentroak ez du betetzen kasuan kasuko tarifak ikusgai edukitzeko betebeharra.
Erakunde honek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari igorri zion aipatu idazkia.
2010eko abuztuaren 20an jaso genuen eskatutako txostena, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak igorria. Hartan, ondokoa esaten da hitzez hitz:
“2010eko urtarrilaren 8an, [?] jaunak Faltzesko [?] zahar-etxearen aurkako salaketa igorri zuen Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzura, zahar-etxeak zenbateko ustez gehiegizkoa kobratu ziolakoan bere aitari emandako egoitza-zerbitzua ordaintzeko.
Salaketa-egilearen aitak, [?] jaunak, toki pribatu bat zeukan zahar-etxe horretan, 1999ko otsailaren 15etik hasita, eta gisa horretako zentroetan ohikoa denez, zahar-etxeak egindako balorazio pribatu baten ostean, toki lagundu batean jarri zuten [?] jauna.
Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotako eskubidea baliatuta, [?] jaunak mendekotasunaren balorazioa egin zezan eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordearen irailaren 28ko 2884/2009 Ebazpenaren bitartez, [?] jaunari ez zitzaion onartu eskatutako mendekotasun egoera. Aipatu ebazpena betetze aldera, 2009ko urriaren 23an, bere aitari ordainarazitako tarifa aldatzea eskatu zion [?] jaunak zahar-etxeari; izan ere, ezin zuen lagunduaren kalifikazioa jaso baldin eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez bazion pertsona lagundua zela aitortzen.
[?] jaunaren eskaera ikusita, Faltzesko [?] zahar-etxeak onartu zuen [?] jauna lagundu gabeko toki batean jartzea eta kasuko tarifa kobratzea, eta horrenbestez urrian ordainarazitako gehiegizko zenbatekoa itzuli zion.
Halere, [?] jaunak zahar-etxeari eskatu zion itzul ziezaion bere ustez “gaizki kobratuta” zegoen zenbatekoa, mendekotasunaren balorazioari buruzko ebazpena jakinarazi aurreko hilabeteetakoa, zehazki maiatzetik irailera bitarteko hilabeteetakoa.
Zahar-etxeak ezetza eman zionez zenbateko hori itzultzeari, [?] jaunak aipatu zahar-etxearen aurkako salaketa jarri zuen.
Interesdunak salatutako gertakariak aztertuta,Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak erabaki zuen kexa ekonomikoa zela; hortaz, ez zen Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeko 86.g artikuluko zerbitzuen prezioen araubidea ez betetzeari buruzkoa –prezioa zein zen argi eta garbi adierazi zitzaion, foru lege horretako 8.1.l. artikuluan xedatua betez, zerbitzua ematen hastean–, ezpada [?] jaunak eta salatutako zahar-etxeak sinatutako kontratu pribatuaren aldaketaren gaineko interpretazioari buruzkoa. Hortaz, bi aldeen arteko auzia Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren eskumenetik haragokoa zelakoan, Departamentu horri atxikitako Kontsumo Zerbitzura igorri ziren kexa eta espedientea, izapidetze aldera.
Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak, berriz, [?] jaunari informatu zion ezen, auzi ekonomiko hori gorabehera, uste baldin bazuen bere aitak ez zuela laguntza egokia jasotzen edo langileren baten edo zahar-etxeko zuzendaritzaren aldetik presio psikologikoak jasotzen zituela, gertakari zehatzen salaketa egiten ahal zuela Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuan.
Kontsumo Zerbitzua, bere aldetik, espedientea aztertu ondotik eta kontsumo arloko arbitrajerako gai zelakoan –izan ere, bazen asmo ekonomiko bat haren atzean–, telefono bidez jarri zen harekin harremanetan, adierazteko zertan datzan kontsumo arloko arbitrajea eta hari jakinarazteko sistema horren bidezko erreklamazioak egin nahi izanez gero arbitraje-eskabide bat bete beharra dagoela, nahi izanez gero bere etxera igorriko zena.
Arbitraje-eskabidea apirilaren 14an jakinarazi zitzaion, eta 15 egun balioduneko epea eman zitzaion eskabidea beteta aurkez zezan. Epea bukatu zenean, zuzenketarik egin ez zenez gero, maiatzaren 18an, Lehendakaritzak eskabidea artxibatu zuen zuzenketarik egin ez zelako, eta hala jakinarazi zitzaion ekainaren 2an.
Beste erreklamazio bat aurkezteko aukera dago Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordean, kasuko eskabidea betez gero, eta beste espediente bat abiaraz daiteke orobat, [?] jaunak azaldutako asmoa funtsean ekonomikoa dela uste baita.”
Kexa-egileak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka aurkeztu zuen kexa; izan ere, departamentu horretan Faltzesko [?] zahar-etxearen jokabidea salatu zuenean –bere aitak, zentro horretako erabiltzaileak, laguntzaren arloan duen premiaren kalifikazioari eta jasotako zerbitzuaren prezioari buruzko salaketa egin zuen–, departamentua inhibitu egin zen gizarte gaien arloan legeria indardunak esleitzen dion ikuskapen-ahalmenari dagokionez.
Aurrekarietatik ondoriozta daitekeenez, erabiltzaileari ordainarazitako tarifaren zenbatekoa aldatzetik heldu da salaketa. Aldaketa 2009ko maiatzean eta ondoko hilabeteetan gertatu zen, hilean 657 euro kobratzetik 1.230 euro kobratzera igaro baitzen zahar-etxea. Aldaketa gertatu zen, antza denez, erabiltzailearen laguntza-premiaren balorazioa egin zuelako zahar-etxeak berak, zeinaren ondorioz aldatu baitzen betetzen zuen tokiaren kalifikazioa eta pertsona lagunduen tokietarako aurreikusitako prezioa aplikatu baitzen. Interesdunak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eskatu zion, salatutako gertakariak gertatu ziren egun bertsuetan, mendekotasun egoeraren balorazioa egin zezan eta mendekotasun egoera aitor ziezaion, baina ez zitzaion halakorik aitortu.
Administrazio publikoak mendekotasun egoera aitortu ez zionez, interesdunak idazki bat aurkeztu zuen zahar-etxean, zeinaren bidez eskatu baitzuen ordura arte egindakoa zuzentzeko eta kobrantzak erregularizatzeko. Idazkian eskatutakoa hein batean onartu zen, et betetzen zuen tokia birkalifikatu zen 2009ko urriko ondorioekin (lehengo egoerara itzuli zen horrenbestez). Horren guztiaren ondorioz, salaketa aurkeztu zuen aipatu departamentuaren aurka.
Gatazka, 2010eko ekainaren 9ko idazkiaren bidez interesdunak adierazi zuenez, berriz hasi zen aurtengo maiatzean, berriro ordainarazi ziotelako pertsona lagunduen tokiei dagokien zenbatekoa.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak dioenez, sortutako gatazka gizarte gaien arloan duen ikuskapen-ahalmenetik kanpo geratzen da, 2010eko otsailaren 8an interesdunari igorritako idazkian jasotzen diren arrazoiengatik eta kexa hau izapidetu izanaren karietara prestatutako txostenean emandako arrazoiengatik.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 83.1 artikuluan ezartzen duenez, “foru lege honen aplikazio esparruan dauden entitate publiko eta pribatuek betetako jarduketa guztiak egonen dira gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren ikuskapenaren eta kontrolaren menpe”. Aurreikuspen hori bat dator foru lege bereko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoarekin, non “gizarte zerbitzuen sistemaren definizioa jaso baita, prestazio tekniko eta ekonomiko, plan, programa eta talde tekniko guztiek osatua, titularitate publiko nahiz pribatukoek”.
Aurreikuspen horiei jarraikiz esan daiteke administrazioaren ikuskapen eta kontrol ahalmena modu zabalagoan ageri direla definituta, halako moduan non Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen esparruan egindako jarduketa oro geratzen baita haren mende.
Horrenbestez, erakunde honen aburuz, ez erabiltzailearen eta zerbitzua ematen duen entitatearen arteko harreman juridikoaren izaera pribatuak, ez gatazkak eduki ekonomiko bat izateak, ez dute eragozten Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, ikuskapen ahalmena darabilen organoaren bitartez, eskumena izatea auzi honetan.
Departamentuak ez luke eskumenik izanen baldin eta salatutako jokabidea ez balitz Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen esparrukoa izanen, baina ez du ematen kexa-egileak aipatzen dituen gertakarien kasua halakoa denik, ondotik ematen diren arrazoiengatik.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru legean eta hura osatzen duten arauetan zenbait aipamen aurki daitezke emandako zerbitzuak direla-eta ordaindu beharreko prezioari buruz. Halatan, foru legeko 8. artikuluan, egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileei buruz ari dela, jasotako zerbitzuen prezioa jakiteko eskubidea aitortzen zaie erabiltzaileei. Legeko 85. eta 86. artikuluetan, berriz, prezioen araubideari buruzko bi arau-hauste zehazten dira. Aipatutako artikuluetako lehenengoan, arau-hauste arintzat jotzen da “erabiltzaileari zerbitzuaren prezioa eta ordainetan eman behar duena ez jakinaraztea”. Bigarrenean, berriz, arau-hauste larritzat jotzen da “zerbitzuko prezioen araubidea ez betetzea edo aldatzea”.
Manu horiekin bat, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak ezartzen du zentroek eta zerbitzuek ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko prezioen edo tarifen araubidea jakinarazi behar diotela Administrazio Publikoari (16. artikulua).
Erabiltzaileak, hortaz, eskubidea du aplikatu beharreko prezioen araubidea ezagutzeko eta, jakina, araubide hori errespetatua izateko. Administrazio publikoaren ardura da araubide hori errespetatzen dela begiratzea (ez bakarrik ezagutzen dela begiratzea), horretan datzalako, hain zuzen ere, zerbitzuaren prezioen araubidea ez betetzea edo aldatzea arau-haustetzat hartzea.
Esparru horretan sortutako gatazkek (gizarte zerbitzuen zentro pribatuetan kobratutako tarifak) –erabiltzailea eta zentroa lotzen dituen kontratutik heldu dira, noski– eduki ekonomikoa dute, eta beste instantzia batzuetan ere aurkez daitezke, baina horrek ez du eragozten ikuskapen ahalmena baliatzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean ezarritako norainokoan betiere.
Espedientetik ondoriozta daitekeenez, salaketa aurkeztu zaion zahar-etxeak aplikatu beharreko prezioen araubideak ezartzen du, gisa horretako egoitzetan ohikoa denez, erabiltzailearen laguntza-premiaren arabera ordaindu beharreko tarifa zein den, edo, bestela esanda, tokiaren kalifikazioaren arabera ordaindu beharrekoa zein den (baliagaia, lagundua, mendekotasuna duena, mendekotasunik gabea, edo aurreikus litezkeen mailak edo izenak). Ondorioz, tarifaren aplikazioa aurretiazko jarduketa baten ondorio da: erabiltzaileak behar duen laguntza-maila zein den, eta, ondorioz, betetzen duen tokiaren izaera zein den ezartzea.
Prezioen araubidea horrela taxutzen denez, eta Administrazio Publikoak araubide hori betearazi behar duenez, kontrol eta ikuskapen ahalmena araubide hori aplikatzeko prozedura orori aplikatu behar zaio, hala erabiltzaileen laguntza-premiei buruz egiten diren kalifikazioei nola, ondorioz, betetzen diren tokiei buruzkoei, bai eta kobrantzaren arloan ondoren egiten diren jarduketei ere; izan ere, arestikoaren ondorio besterik ez baita kobrantza.
Legegileak bilatzen duena da ezarritako prezioen araubidea zein den ezagut eta errespeta dadin, gizarte zerbitzuen sistemaren erabiltzaileen eskubide bat taxutuz hartara, zeinaren edukia, jakina, ekonomikoa baita eta Administrazio Publikoak, ikuskapen eta kontrol ahalmena baliatuta, betearazi behar baitu. Gure aburuz, erabiltzailearen eskubidearen urraketa etor daiteke betetzen duen tokia behar ez bezala kalifikatzetik nahiz gehiegizko kuota bat aplikatzetik. Jokabide bata zein bestea dira prezioen araubidea taxutzen duten osagaiak: bigarrena lehenengoaren ondorio da, eta bi-biek bete behar dute gizarte zerbitzuei buruzko legeria.
Erakunde honen aburuz, finean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, kontrol eta ikuskapen ahalmena baliatuta, salaketa izapidetu behar du eta erabaki behar du ea zahar-etxeak aplikatutako tarifaren zenbatekoa aldatu izana bat datorren gizarte zerbitzuei buruzko legeriarekin –azaltzen denez, Nafarroako Mendekotasun Agentziak erabiltzaileari mendekotasun egoera ez aitortzeko erabakia hartu aitzin nahiz hartu ondoren aldatu zen–, eta horri buruzko informazioa eman behar dio salaketa-egileari.
Horretarako, salaketan azaldutako auziaren mamia aztertu beharra dago; alegia, kasu honetan gertatzen den bezala, bat ez datozen bi balorazio egotea aldi berean, bata ofiziala eta bestea pribatua, errealitate bakar bati buruz: egoitza-zerbitzu bateko erabiltzaile batek behar duen laguntza-premia.
Salatutako jokabideak, harreman pribatu baten esparrukoa bada era, eragin zuzen-zuzena du prezioen araubidearen aplikazioan (tarifaren zenbatekoa finkatzen du, hain zuzen ere), albo batera utzita zerbitzua ematearen baldintzetatik hel daitezkeen beste ondorio batzuk, eta gizarte zerbitzuen arloko ikuskapen ahalmenaren esparrukoa da.
Are gehiago, gatazkak izaera ekonomikoa izatearen abstrakzioa eginez, ikuspegi orokorrago batetik nabarmendu beharra dago Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legeak sistema bat taxutu nahi duela, entitate publikoen eta pribatuen esku-hartzearekin funtzionamendu integratu eta koordinatu bat izanen duena (foru legeko 3. artikulua).
Halatan, horiek horrela, esku hartzen duten eragile publiko eta pribatuei nekez onar dakizkieke emaitza kontraesankorrak eragiten dituzten jokabideak, hori baita, hain zuzen ere, aztertutako kasu honetan, bestelako hitzekin bada ere, salatzen dena: Nafarroako Mendekotasun Agentziak, alde batetik, ez dio mendekotasun egoera aitortzen erabiltzaileari, eta beste alde batetik, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak baimendutako zerbitzu bat ematen duen entitate pribatu batek mendekotasun egoeran dauden pertsonen tokiei dagokien tarifa aplikatzen dio zenbait hilabetetan. Eta are nekezago onar daiteke, gatazka gertatuta, administrazioak ekimen pribatuan esku hartzeko duen ahalmenetik kanpo gelditzea auzia, ahalmen horren barruan sartzen baita kontrol eta ikuskapen ahalmena.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ikuskapen eta, kasua bada, zehapen ahalmena balia dezan, ebazpen honetan ezarritako moduan, kexa-egileak salatutako kasuari dagokionez.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia