Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 3ko 152/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 03

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Denegación de copias del archivo concejil

Exp: 09/672/D

: 152

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 25ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen akta eta deialdi batzuen kopiak eskuratzeko egin zuen eskariaren erantzunik ez duelako jaso.

    Azaltzen du 2009ko maiatzaren 31n idazki bat aurkeztu zuela, Azantzako Kontzejuari zuzendua, zenbait dokumentu eskatzeko (kontzejuak 2009ko otsailaren 22an eta 2009ko maiatzaren 31n eginiko bilkuren akten fotokopia eta Kontzejuak maiatzaren 31n eginiko deialdiaren fotokopia), eta kexa aurkezteko unean, denbora nahikoa iragan den arren, ez duela inongo erantzunik jaso.

  2. 2009ko urriaren 19an, txostena eskatu zitzaion Azantzako Kontzejuari. Txosten hori jaso ez genuenez, 2010eko apirilaren 23an informazioa berriz eskatu genion. Eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu, emandako epean.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

    Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

  2. Kexaren xedeari dagokionez, kexa-egileak salatzen du Azantzako Kontzejuak ez ziola erantzunik eman 2009ko maiatzaren 31n aurkeztutako idazkiari; izan ere, haren bidez dokumentazio jakin bat eskatzen zuen: hain zuzen ere Kontzejuaren bilkura batzuetako aktak.

Horri dagokionez, egoki da adieraztea Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.

Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

Bestalde, Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 18.1 e) artikuluak herritarrei eskubidea aitortzen die udal administrazioari udaleko espediente eta agiri guzti-guztiei buruzko eskabideak zuzentzeko. Artikulu horren osagarri, 70.3 artikuluak ezartzen du herritar orok eskubidea duela korporazio lokalek hartutako ebazpen eta erabakien, bai eta horien aitzindarien kopiak eta ziurtagiri kreditagarriak eskuratzeko, bai eta udalen artxiboak eta erregistroak kontsultatzeko ere. Lege agindu horietan aipatzen den udal dokumentazioaren barruan, osoko bilkuren liburuak daude, noski.

Azken batean, aipatu legediak, hemen aztergai daukagunari begira, pertsona interesdunei eskubidea aitortzen die administrazio bateko dokumentu guztien –eta horien artean Kontzejuaren bilkuretako liburuen– kopiak lortzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ulertzea urratu egin dela [?] andreak informazioa lortzeko zeukan eskubidea, zeren eta inplikatutako Administrazioak ez baitu kontrakoa egiaztatu.

  2. Azantzako Kontzejuari gogoraraztea legez Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa betetzeko beharra duela, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari dagokionez.

  3. Azantzako Kontzejuari gogoratzea ezen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 35. artikulua eta Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 70.3 artikulua betetzeko legezko betebeharra duela, eta, zehazki, kexa-egileari berehala bidea eman behar diola eskatutako dokumentazioa eskuratzeko, hark eskatu duen bezala.

  4. Azantzako Kontzejuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  5. Nabarmentzea Azantzako Kontzejuak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2010eko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.

  6. Erabaki hau Azantzako Kontzejuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia