Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 3ko 151/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 03

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Inaplicacion de la tarifa reducida para personas jubiladas en el uso del transporte público

Exp: 10/381/O

: 151

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 17an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen herritar txartela zela eta, eta, zehazkiago, hiri garraioaren zerbitzu publikoa erabiltzeagatik aplikatu izan zaion tarifarengatik.

    Azaltzen du Tafallako bizilaguna dela eta herri horretan “herritar txartela” eskatu zuela hura banatzen hasi zenean, eta zenbait tokitan galdetu zuela (udal bulegoak, kiroldegia, aurrezki kutxa, tabako-denda) txartel hura zertarako erabil zitekeen eta, zehazki, pertsona jubilatuei aplikatzekoa zaien tarifa murriztuaz baliatzeko modua eskaintzen ote zuen.

    Txartela eman ondoren (Tafallako udal kiroldegian eskuratu zuen), adierazi zioten jada konfiguratuta zegoela autobusean harekin ordaintzeko eta, jubilatua zenez, zegokion murrizketa automatikoki aplikatuko zitzaiola.

    Alabaina, Iruñera bidaia egin eta txartela erabili zuen batean (2010eko apirilaren amaieran), konturatu zen ez zitzaiola tarifa murriztua –bai, ordea, tarifa arrunta– aplikatzen ari.

    Autobuseko txoferrak emandako aholkuari jarraituz, interesdunak, maiatzaren 17an, Iruñerriko Mankomunitatearen bulegoetara joan zen, arazoari konponbidea emateko eta modu zuzengabeak ordaindutako zenbatekoen itzulketa eskatzeko (ordaindutako tarifaren eta jubilatu gisa legokiokeenaren arteko aldea, hain zuzen). Azaltzen du mankomunitate horretako bulegoetan tratu desegokia eman ziotela eta ez ziotela inolako konponbiderik eman. Bai adierazi zioten tabako-denda batera joan beharko zuela beste txartel bat eskatzera eta, halaber, adierazi zioten “txartel hori ez zela Tafallako herritarrentzat”.

    [?] andreak dio herritar txartelari buruz ematen den informazioa lausoa eta kontraesankorra dela (adierazten du esan ziotela, Iruñerriko Mankomunitatearen jarraibideen arabera, ez zela beharrezkoa txartel bikoiztua eskatzea eta jaso zuena nahikoa zela tarifa murriztuaz baliatzeko); hori dela eta, gaiari buruzko kudeaketa ugari egin behar izan zituen, eta autobusa erabiltzearen truke kobratu zaizkion zenbatekoak jubilatu gisa legozkiokeenak baino handiagoak dira.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bana eskatu genien Iruñerriko Mankomunitateari eta Tafallako Udalari. Halaber, espedientea izapidetzerakoan, beste txosten bat eskatu genion Toki Administrazioko Departamentuari, hura izan baitzen herritar txartelari eta haren erabilerei buruzko informazioa prestatu zuen organoa.

  3. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak txosten luze bat igorri zuen gaiari buruz. Haren xehetasun nagusiak hementxe adierazitakoak dira:
    • Eskualdeko hiri garraioaren tarifa sozialak haiek arautzen dituen ordenantzan ezarrita daude, eta ordenantza horren azken aldaketa 2009ko irailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Ordenantza horretan (5. artikulua) berariaz jasota ageri da “garraio txartel espezifiko baten bidez gauzatuko dela” kasuko herritarra kolektibo onuradunetako baten barnean dagoela ziurtatzea eta “txartel horretan dagokion profila islatuko dela”. Hori dela eta, abantaila horietaz baliatu nahi duten pertsonek txartel espezifiko horren bitartez identifikatu behar dira.

      Bestalde, ordenantzak berak ezartzen du txartela Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko duela, zuzenean nahiz zeharka, errekargak egiteko sarea osatzen duten establezimenduen bitartez.

      Horrenbestez, gizarte profileko garraio txartela eskuratzea aldez aurretik bete beharreko baldintza bat da zerbitzua tarifa murriztuarekin ordaindu ahal izateko.

    • Herritar txartela Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren ekimen bat da, zenbait erabilera badituena. Txartel hori eta Mankomunitateak ematen duena koordinatzeko, bi administrazio horien arteko hitzarmena sinatu zen, eta hartatik herritarrentzako bi abantaila eratorri ziren: a) Eskualdeko Hiri Garraiorako tarifa sozialen onuradunak diren erabiltzaileek, gizarte profileko txartel bat dutenek, txartel hori herritar txartel baten gisara erabili ahal dute, eta zuzenean balia dezakete egiaztagiri moduan kirol instalazioetan, igerilekuetan, gizarte etxeetan eta abarretan. b) Herritar txartel bat duten herritarrek Eskualdeko Hiri Garraioaren tarifa arrunta ordaintzeko ere erabil dezakete txartel hori.

      Hitzarmenak aurreikusten du ezen gizarte profileko txartela ematea Iruñerriko Mankomunitateari dagokiola soilik, eta determinazio hori herritar txartelak emateko protokoloan ageri da, hain zuzen ere Info-Local web gunean argitaratutakoan.

    • Mankomunitateko egoitzetan emandako arretari eta tratuari dagokionez, esaten da egia dela B tarifa sozialaren (65 urtetik gorakoak, diru-sarreretan mugarik gabe) izapidetzea ordainketa-sistemaren kargetarako sareko establezimenduetan egiten dela, eta horrexegatik adierazi ziotela interesdunari tabako-denda batera jo behar zuela.

      Hala eta guztiz ere, barkamena eskatzen da emandako tratua desegokia izan zela hauteman bazuen, baina azaltzen da litekeena dela pertzepzio hori zor izatea lehendik errealitatearekin bat ez zetozen itxaropenak edukitzeari.

  4. Tafallako Udalak, bere aldetik, honakoa adierazten duen txostena igorri du:
    • [?] andrea “Tafallako Kirol Hiria” izeneko udal instalazio publikoaren harpideduna da.

    • 2009an, “herritar txartela” izenekoaren erabilera ezartzen hasi zen, Tafallako udalaren kirol instalazio guztietako erabiltzaileentzat. Txartel horren erabilera ezartzeko, erabiltzaileei informazioa emateko prozesu bat burutu zen; hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak emandako esku-orria banatu zen, non txartel horren bidez lor daitezkeen prestazioen berri ematen baita: Iruñerriko hiri garraioa ordaintzea, liburutegi publikoen sareko zerbitzuak eskuratzea, informazio-guneetan izapide pertsonalak egitea eta herritar txartelari atxikitako establezimenduetan deskontu batzuk eskuratzea.

    • Inoiz ere ez zitzaion [?] andreari jakinarazi hark adierazi duena, alegia, “txartela jada konfiguratuta zegoela autobusean jubilatu gisa ordaintzeko” eta “Iruñerriko Mankomunitatearen jarraibideen arabera, ez zela beharrezkoa txartel bikoiztua eskatzea eta jaso zuena nahikoa zela tarifa murriztuaz baliatzeko”.

    • Tafallako Udalaren kirol hiriko informazio-oholetan, hiri txartelari eta hura hiri garraioan izanen zuen aplikazioari buruzko informazio-afixa batzuk jarri ziren, zeinetan adierazten baitzen ezen, herritarrek xehetasun gehiago nahi bazituzten, Iruñerriko Mankomunitatearekin hitz egin beharko zutela edo, bestela, 012 informazio zerbitzuarekin.

    • Tafallako Udalaren Arretarako Bulego Bakarreko bulegoetan, Francisco de Navarra Plazako 5. zenbakiko etxabeetan daudenetan, interesdunari jakinarazi zioten ezen, eskualdeko hiri garraioaren zerbitzuan jubilatu gisa zegokion deskontua eskuratu nahi bazuen, Iruñerriko Mankomunitatera jo beharko zuela, “bono soziala” deitutakoari zegokion txartela lortzeko.

  5. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak txosten bat igorri du non berresten baita Iruñerriko Mankomunitateak esandakoa, zerbitzua prezio murriztu batekin ordaintzeko bestelako egiaztagiri bat lortzeko beharrari dagokionez, hain zuzen ere gidariak ordainketa zuzena dela ikusi ahal dezan. Halaber, espedienteari erantsi zaio herritar txartelaren erabilerari buruz prestatutako esku-orria, non modu orokorrean aipatzen baita hura Iruñerriko hiri garraioko zerbitzua ordaintzeko ere erabili ahalko dela.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak Tafallako Udalaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen jokabidea salatzen du, jubilatu gisa eskualdeko hiri garraioa ordaintzeko garaian dagokion tarifa murriztua eskuratzeko txartela lortzeari dagokionez. Horri buruz, azaltzen du Tafallako udal kiroldegiko bulegoetan adierazi ziotela eman zitzaion “herritar txartelarekin” nahikoa izanen zela helburu hori lortzeko. Alabaina, informazio hori okerra zen, geroan egiaztatu duenez, eta horrek ekarri du interesdunak deseroso suertatu zaizkion izapide batzuk egin behar izatea.
  2. Egiazki, Iruñerriko hiri garraioaren zerbitzuari buruzko arauak eta “herritar txarrtela” eta “gizarte profileko txartela” koordinatzeko tresnak, aurreikusten dute berariazko txartel bat eskuratu beharra dagoela zerbitzuaren ordainketan deskontuak lortu ahal izateko, eta ezartzen dute txartel hori ematea Iruñerriko Mankomunitateari dagokiola, zuzenean nahiz txartelak kargatzeko sarearen bitartez.

    Hori dela eta, zuzena da Iruñerriko Mankomunitatearen ondorioa, deskontuaz baliatu ahal izateko txartel hori lortzeko beharrari dagokionez.

  3. Nekez irits daiteke erakunde hau fede emateko moduko ondorioetara kexan aipatzen diren egitateak gertatu ziren moduari buruz, hau da, Tafallako udal kiroldegian eman zioten hitzezko informazioari buruz eta Iruñerriko Mankomunitateko bulegoetan eman zioten tratuari buruz.

    Hala eta guztiz ere, bertsio desberdinak daudenez, erakunde honek egokitzat jotzen du ukitutako administrazioei gogoraraztea legez herritarrei informazio zehatz eta nahikoa eman behar dietela ematen dituzten zerbitzuei buruz eta orientabide egokiak eman behar dizkietela xedapen indardunen arabera egin nahi dituzten jardueretan edo eskabideetan bete beharreko baldintzei buruz (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko g) letra); halaber, gogorarazten zaie tratu zuzen, arretatsu eta errespetuzkoa eman behar dutela (lege bereko 35. artikuluko i) letra).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Tafallako Udalari gogoraraztea legez herritarrei informazio zehatz eta nahikoa eman behar diela eskaintzen dituen zerbitzuei buruz eta orientabideak eman behar dizkiela lege indardunen arabera herritar horiek egin nahi dituzten jarduera edo eskabideetan bete beharreko baldintzei buruz.

  2. Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea legez herritarrei, uneoro, tratu zuzen, arretatsu eta errespetuzkoa eman behar diela.

  3. Tafallako Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duten edo bera ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala kasu hau, erakunde honi buruzko Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari, Tafallako Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela horren kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia