Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Extinción de contrato de sustitución y falta de respuesta a solicitud de premio de antigüedad por servicios prestados a la administración.
Exp: 10/643/F
Nº: 170
Funtzio publikoa
Aurtengo abuztuaren 25ean, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, ordezkapeneko kontratu administratibo bat amaiarazteari buruz eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari emandako zerbitzuengatiko antzinatasun saria jasotzeko egindako eskariaren erantzunik ez jasotzeari buruz.
Azaltzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ari zela lanean, eta 2009ko azaroaren 25ean ordezkapeneko kontratu administratibo bat sinatu zuela. Baieztatzen du esana ziotela bere kontratua irailera arte iraunen zuela. Alabaina, 2010ko abuztuaren 9an, kexa-egilea, zeina haurdun baitzegoen eta haurdunaldian zehar lan arriskuko egoeran egoteari buruzko ziurtagiri bat eskatua baitzuen, oporretan zegoenean, kontratuaren amaiera jakinarazi zioten, inongo aurre-abisurik gabe.
Adierazten du 2010eko otsailaren 15ean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari antzinatasuneko sariaren eskaria aurkeztu ziola, Administrazioan emandako zerbitzu-urteengatik, eta kexa aurkezteko unean erantzunik jaso gabe zegoela.
Eskatutako txostena jaso genuen; bertan, ondokoa ageri da jasota:
“[?] andreak kontratu administratibo bat izenpetu zuen, 2009ko azaroaren 25etik funtzionarioa zen eta jarduneko zerbitzu berezietan zegoen [?] andrea, klinikako laguntzailea, ordezteko.
[?] andreari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Langileen Zerbitzuko buruak, azaroaren 25eko 325 Bis/2009 Ebazpenaren bitartez, jarduneko egoera berezia aitortu zion, Oinarrizko Osasun Laguntzako Aho-hortzetako Osasunaren Zerbitzuan hortzetako higienista lanpostuan aritzeko, [?] andrea oporretan dagoen bitartean, 2009ko azaroaren 25etik 2009ko abenduaren 13ra, eta 2009ko abenduaren 14tik aurrera, [?] aldi baterako ezgaitasunarengatik kanpoan zen bitartean; azken hori erditzeagatiko lizentzia bilakatu zen, eta geroago hamabi hilabete baino gutxiagoko seme batengatiko edoskitze-baimena, lanaldi osotan pilatua.
Langileen Zerbitzuko buruaren abuztuaren 5eko 206/2010 Ebazpenaren bitartez, amaitutzat eman zen [?] andrearen hortzetako higienista lanpostu bat betetzeko jarduneko egoera berezia, 2010eko abuztuaren 9ko lanaldia amaitzerakoan, [?] andrea bere lanpostura itzuli zelako.
2009ko azaroaren 25ean erreklamazio-egilearekin izenpetutako kontratuak, LAUGARREN klausulan ezartzen du ezen kontratua automatikoki amaituko dela amaiarazte-baldintza betetzen denean, hau da, ordezkatutako langilea, [?] andrea, bere lanpostura itzultzen denean.
Aurrekoaren ondorioz, [?] andreari posta ziurtatuaren bitartez jakinarazi zitzaion kontratua 2010eko abuztuaren 9ko lanaldiaren bukaeran amaituko zitzaiola, hain zuzen ere kontratuan bertan aurreikusitako arrazoiaren ondorioz. Lanpostua uzteari buruzko gutuna 2010eko abuztuaren 5ean igorri zitzaion, eta 594 zenbakiarekin erregistratu zen.
Bestalde, Administrazioari emandako zerbitzu-urteengatiko antzinatasun sariaren eskariari dagokionez, 2010eko otsailaren 15ean bertan, 153. zenbakiarekin erregistratu zen idazkiaren bitartez, Nominen eta Gastu Kontrolaren Zerbitzuari helarazi zitzaion, izapide zezan, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren irailaren 7ko 2103/2010 Ebazpenaren bitartez ebatzi zen.
Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenengoa kontratu administratibo bat aurre-abisuko egun bakarra ere eman gabe amaiarazteari buruzkoa da. Bigarrena, berriz, Administrazioari emandako zerbitzu-urteengatiko antzinatasun sariaren eskariari ez erantzuteari buruzkoa da.
Lehenengo gaiari dagokionez, Osasun Departamentuak igorritako txostenean erantzun baliozko eta nahikoa eman zen. Izan ere, kexa-egilea 2009ko azaroaren 25etik aurrera kontratatu zen jarduneko zerbitzu berezietan zegoen [?] andrea ordezteko.
Ordezkapeneko kontratu administratiboak, laugarren klausulan, jasotzen zuen zerbitzuen eta kontratuak 2009ko azaroaren 25etik aurrera izanen zuela eraginkortasuna, eta hura amaiarazteko zenbait arrazoi bazeudela: horien arteko bat amaiarazte automatikoa zen, zeinak, berez, ez duen inongo aurre-abisurik emateko betebeharrik. Amaiarazte modu hori gertatzen da amaiarazte-baldintza betetzeagatik, hau da, ordezkatutako langilea bere lanpostua itzultzeagatik.
Horrenbestez, Langileen Zerbitzuko buruaren abuztuaren 5eko 206/2010 Ebazpenaren bitartez, amaitutzat eman zen [?] andrearen jarduneko egoera berezia, hura izaki kexa-egileak ordezkatzen zuen pertsona.
Horrenbestez, une horretan, interesdunaren kontratuaren amaiarazte automatikoa gertatzen da, eta Administrazioak ez du amaiarazte hori aurre-abisu batez komunikatzeko inongo betebeharrik.
Kexaren xede den bigarren gaia da ez erantzutea Administraziori emandako zerbitzu-urteengatiko antzinatasun-sariaren eskaerari. Izan ere, interesdunak eskaera hori 2010eko otsailaren 15ean aurkeztu zuen.
Horri dagokionez, Osasun Departamentuak bere txostenean dio eskaera hori Nominen eta Gastu Kontrolaren Zerbitzuari helarazi zitzaiola, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren irailaren 7ko 2103/2010 Ebazpenaren bitartez ebatzi zela.
Antolamendu juridikoak herritarrei aitortzen die administrazio publikoetan aurkezten dituzten idazki edo eskarien erantzuna jasotzeko eskubidea, legez ezarritako epeetan jaso ere.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Lege horrek ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua).
Ildo beretik, Nafarroako Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluak honakoa ezartzen du: Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumeneko prozeduretan espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegian finkatzen dena izanen da, sei hilabetetik beherakoa betiere, non eta lege edo foru lege batek epe luzeagoa ezartzen ez duen edo Europako Batasunaren arauetan hala ezartzen ez den. Prozedurari buruzko arauek ez badute gehieneko eperik ezartzen espresuki ebatzi eta jakinarazpena egiteko, epea hiru hilabetekoa izanen da.
Kasu honetan, Administrazioak ordainsarietan eragina duten eskabideak ebazteko hiru hilabeteko epea dauka, kasuko prozedurari buruzko arauak ez baitu gehieneko eperik ezartzen, Nafarroako Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko aipatutako 47. artikuluak ezartzen duen bezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Kexaren xedea den kasuan, Osasun Departamentuak 2010eko otsailaren 15ean jaso zuen interesdunaren eskabidea, eta ez zion hari erantzun 2010eko irailaren 7ra arte, hau da, aurkeztu zuenetik sei hilabete baino gehiago iraganda zirenean.
Interesdunek aurkezten dizkioten eskariak behar den epean ebazteko Administrazioak daukan betebeharra herritarrarentzako egiazko berme bat da, eta zuzenean lotuta dago Administrazioaren jardueraren buruan nabarmendu behar den eraginkortasunaren printzipio konstituzionalarekin.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aginduzko erantzuna gertatu bada ere, erantzun hori heldu da interesdunak erakunde honetan kexa aurkeztu ondoren, legez ezarritako epea zabal iraganda zegoenean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez Nafarroako Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluan ezarritakoa beti bete behar duela, eta herritarrek aurkeztutako eskabideei legez ezarritako epeetan erantzun behar diela.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia