Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos producidos por maquinaria agríciola aparcada en almacén frente al domicilio del promotor de la queja.
Exp: 09/576/M
Nº: 191
Ingurumena
2009ko irailaren 2an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Eguesibarko Udalaren aurka, nekazaritza-makineriak sortutako zaratak direla eta.
Azaltzen du 2008ko maiatzaren 29an, eskabide bat aurkeztu zuela udal horretan, eta haren bidez zenbait arazotarako konponbidea eskatu zuela. Urtebete baino gehiago iragan denean, interesdunak oraindik ere ez du udalaren erantzunik jaso.
Kexaren edukia zentratuta dago herriko bizilagun batzuek kexa-egilearen etxebizitzaren aurrean duten biltegi batean aparkatutako nekazaritza-makineriak (traktoreak, uzta biltzeko makina) urtean zehar sortzen duen zaratari buruzko salaketan. Interesdunak adierazten du zaratengatik zenbait salaketa aurkeztu ondoren, Udaltzaingoak ezin izan duela behar den sonometria egin, traktoreak joanda zeudelako.
Amaieran, eskatzen zuen zaratak eta enbarazuak bertan behera uzteko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Eguesibarko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Txostena egiteko eskaria Udaltzaingoaren buruari helarazi diogu. Azken horrek informatu du [?] jaunak kexa ugari aurkeztu duela [?] jaunaren etxebizitzatik hurbil dagoen terreno batean dauden nabeetako nekazaritza-ibilgailuek sortutako zarata dela eta. Halaber, adierazten du interesdunari behar bezalako informazioa eman zaiola bidezkoak diren jarduerak egiteko aurrera eraman beharreko jarduerei buruz.
Txosten honekin batera, aipatutako Udaltzaingoaren buruaren txostenaren kopia erantsi dizut.
Nafarroako Arartekoak informazioa eskatzen duen gaiari dagokionez –09/576/M espediente zenbakia du–, esan beharra dago makineriak sortutako enbarazuei dagokiela. Hain zuzen ere, Egues herriko [?] kaleko [?] zenbakian bizi den [?] jaunak horiek direla-eta hilabetetan kexak aurkeztu izan ditu. Kexa horien arabera, haren bizilagun diren [?] anaiek terreno bat daukate, nabe batzuekin, [?] kaleko [?] zenbakiko bere etxebizitzaren aurrean, eta goizeko lehen orduan beren traktoreak eta nekazaritako beste makina batzuk bertan uzten dituzte, eta motorrak martxan uzten dituzte, eta ibilgailuen mantentze lanak egiten dituzte bertan. Hori dela eta, zarata handia sortzen dute eta enbarazu larriak eragiten dizkiote bere etxean.
Udaltzaingoak [?] jaunari jakinarazi dio lehenbizi agenteei deitu behar diela enbarazu horiek sortzen diren unean, patruilaren bat bertara joan eta arau-hausteren bat atzematen badu behar diren neurriak har ditzan.
Jaun horrek berriki jakinarazitakoaren arabera, behin edo behin goizeko 8etan deitu izan die agenteei, baina ezin izan dira une horretan bertaratu beste lan batzuk egiten ari zirelako; iritsi direnerako, berriz, enbarazuak sortzen zituzten ibilgailuak jada ez zeuden bertan. Hori dela eta, interesdunari jakinarazi zaio arau-hausteak gertatzen diren unean okupatuta baldin badaude, Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agenteak bertara daitezen eska dezakeela.
Bi dira interesdunak azaldutako gaiak: lehenbizikoa, Eguesibarko Udaleko udal erregistroan 2008ko maiatzaren 28an aurkeztutako eskabideari erantzunik ez ematea; bigarrena, bere etxebizitzaren aurrean aparkatutako nekazaritza-makineriak sortutako zarata eta enbarazuak.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Eguesibarko Udalak ez dio interesdunak 2008ko maiatzaren 29an egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Eguesibarko Udalak ez die idazki horiei inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan du zaratek urratu egiten dituztela intimitaterako, osotasun fisikorako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubide oinarrizkoak –119/2001 zenbakiko epaia, besteak beste–, eta ezarri du ezen partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando).
Gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diote maila jakin batzuk gainditzen dituztenean, eta kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen dira, eta kaltetuak ez du haiek pairatzeko betebeharrik. Immisio horiek oso kaltegarriak dira pertsonari bere etxebizitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat dira (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia).
Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarren eskubide horien babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen dute administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jasotzen ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez.
Organo administratiboen eskumenari ezin zaio uko egin (Administrazio eta Prozedura 30/1992 Legeko 12. artikulua), eta eskumen hori eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez gauzatu beharra dago, Konstituzioaren testuak berak ezarri bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).
Aurreko guztia dela eta
Eguesibarko Udalari gogoraraztea legediak ingurumenaren arloan esleitzen dizkion eskumenak eta ardurak betetzeko legezko betebeharra duela.
Eguesibarko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia