Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Deficiente estado de la carretera de acceso al Polígono Industrial del Valle de Aranguren
Exp: 09/564/O
Nº: 190
Herri lanak
2009ko abuztuaren 27an, Aranguren Ibarreko Enpresen Elkarteko lehendakari [?] jaunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurrean, NA-231 errepidearen egoera txarra dela eta, Mutiloabeitiko Industrialdetik iragaten den tartean.
Azaltzen du Iruñeko Hegoaldea Plana, norabide bikoitzeko etorbide zabalekin, “Sarioko” biribilgunean, Industrialderanzko norabidean, errei bakarreko inbutua bilakatzen dela, eta hori dela-eta ibilgailuen ilarak gertatzen direla ordu puntetan eta merkataritza-orduetan, eta ilara horiek industrialderaino ere iristen direla.
Adierazten du Luis Amigo ikastetxearen aurreko biribilgunea (zeina Ibarreko Udalak ordaindu baitzuen), Mutiloabeitirako sarbidea ematen duena, balia litekeela Galaria Parkerako sarbidea ematen duen NA-33 errepidearekin lotzeko hasiera gisa.
Gehitzen du NA-231 errepidea (A kalea) gaizki mantendutako bide bat dela, espaloirik, bide-bazterrik edo bide gorririk gabea, eta norabide-aldaketak ere definitu gabe dituena. Ez du erraztasunik ematen kale desberdinetara iristeko eta, azken batean, zirkulazio kaotikoa eta arriskutsua dauka erabiltzaileentzat.
Salatzen du errepidearen egoerak irudi txarra ematen diela industrialdeko 700 enpresei, eta eragotzi egiten duela bertan enpresa berriak ezartzea eta bezeroak eta hornitzaileak bertara iristea.
Bukatzeko, Herri Lan Departamentuari eskatzen dio, bera baita bidea kudeatzen duena, Enpresen Elkartearekin eta Udalarekin koordina ditzan bertan egin beharreko jarduerak, ez dadin gerta arazo jakin batzuei konponbide partzialak ematea eta beste batzuk ahaztuta uztea.
Departamentuko kontseilariak, joan den irailaren 24an, txostena igorri zuen, eta honakoak agertzen ditu hitzez hitz bertan:
“Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bide-azpiegituren arloko eskumenak dauzka, hain zuzen ere herrien arteko trafiko zerbitzuari dagozkionak, bera baita Nafarroako Errepideen Sarea kudeatzeaz arduratzen dena.
Udalei hiri-trafikorako bide-azpiegituren arloko eskumenak dagozkie, beren udal esparruetan. Horri dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Legeko 68. artikulua gogorazi behar dugu. Hauxe da, transkribatuta:
“68. artikulua. Hiri bide bilakatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak toki entitateari emanen dio hiri bide bilakatu den zeharbidea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondareari buruzko araudian aurreikusitako tramitazioari jarraikiz. Emate hori eginen da toki entitate interesdunak edo errepideen arloko eskumenak dituen departamentuak eskatuta.”
Kexaren helburu den kasu zehatzean, ulertzen dugu izendapenean akats bat dagoela eta NA-2310, Aranguren Ibarra, errepideko tarteari buruz ari direla (ikus Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren uztailaren 3ko 67/2009 Foru Agindua, Nafarroako Errepideen katalogoa onesten duena; 2009ko abuztuaren 5eko 96. NAO); hain zuzen ere PA-30 errepidetik Iruñera doan errepideari buruz.
Informatu beharra dago hiri-tarte bat dela hori, eta arestian aipatutako 5/2007 Legeko 68. artikuluan ezarritakoan sartzen dela.
Artikulu hori aplikatuta, Arangurengo Udalak tarte horren lagapena eskatu zuen, baina gaur den egunean oraindik ere amaitu ez diren arren ondare-eskualdaketa horretara eramanen duten prozesu administratiboak, izatez baimentzen ari dira, kexa-idazkian aipatzen den bezala, udalak egitea egokitzat jotzen dituen jarduera guztiak. Horri dagokionez, baimena eman zaio Arangurengo Udalari Luis Amigó ikastetxearen aurrean dagoen glorieta eraikitzeko eta, aldeko txostena eman da bide horretan Comercial Galaria delakoaren garapena antolatzeko proposaturiko hirigintza-aldaketetan sartzen diren bide aldaketak egiteko; izan ere, antolaketa horretan bide horretan aldaketak eginen dira, hain zuzen ere PA-30 errepidetik hurbil dagoen aldean.
Modu berean exekutatu behar da arestian aipatutako lotura-bidea eta B-5 adarra, haren ingurunean egiten diren hirigintza-garapenen kargura, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 100. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Laburbilduz, kasuko tartea hiri-bide bat da eta hura kokatuta dagoen udalei dagokie hura aldatzeko eta kontserbatzeko jarduerak egitea”.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren uztailaren 3ko 67/2009 Foru Aginduaren bitartez, Nafarroako Errepideen katalogoa onetsi zen. Hartan, Mutiloabeitiko (Aranguren Ibarra) NA-2310 ohiko errepideko 1,86 eta 2,57 kilometro puntuen arteko tartea “710 metroko luzera duen zeharbide” gisa sailkatzen da.
Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeko 67.1 artikuluak honakoa ezarri zuen: “Zeharbideen titularitatea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarena da, ibilgailuen zirkulaziorako prestatutako zoruaren eremura eta, baldin badaude, bide bazterretara mugatua”. Nafarroako Gobernua zeharbideko titularra da, baina, horretaz gainera hari dagokio hura kontserbatzea eta funtzionala izan dadin zaintzea. Horixe ezartzen du foru legeko 67. artikuluko bigarren idatz-zatia: “Nafarroako errepide sarearen zeharbideen kudeaketa errepideen arloko eskumena duen departamentuari dagokio”. Kasu honetan, otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuko 1. artikuluak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarena den eskumena, hain zuzen ere “Nafarroako errepide sarea proiektatu, egin, zaindu, ustiatu eta defendatzeari” dagokiona.
Departamentuaren txostenak ongi dioen bezala, aukera bat dago herri bateko zeharbideko tarte batzuk hiri-bide bihurtzeko. Aukera hori, gainera, nahitaez gauzatu beharrekoa da Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legeko 68.1 artikuluan ezarritako kasuan. Inguruabar hori, departamentuaren txostenaren arabera, Mutiloabeitiko zeharbidean gertatzen da, zeren eta Aranguren Ibarrak berak, Errepideei buruzko Foru Legeko 68.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, zeharbidea eskuratzeko eskatua baitu.
Zeharbide baten titulartasuna eta kudeaketa toki entitate bati emateko edo lagatzeko, aginduzkoa da Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legean aurreikusitako izapidea eta prozedura betetzea. Hori guztia amaituta, ondasuna edo eskubidea emateko ebazpena emanen da.
Erakunde honen irizpidearen arabera, zeharbidea Arangurengo Udalari formalki eta egiazki guztiz lagatzen ez zaion bitartean, NA-2310 errepideko Mutiloabeitiko tarteko zeharbidearen kontserbazioa eta mantentzea soilik Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari dagozkio.
Departamentuaren txostenean azaltzen da izatez baimenak ematen ari zaizkiola udalari egokitzat jotzen dituen jarduera guztiak egiteko; horren adibide gisa, Luis Amigo ikastetxearen aurrek glorietaren eraikuntza aipatzen du.
Erakunde honek uste du administrazioen arteko lankidetza eta laguntza administrazioen arteko harremanetako nahitaezko printzipio bat dela, laudatzeko modukoa dela egiazki gauzatzen denean, oraingoan egin den bezalaxe. Baina horrek ez du salbuesten zeharbidearen kudeaketaren ardura duen Administrazioa haren titular gisa dauzkan betebeharrak bete behar izatetik.
Luis Amigo ikastetxeko glorietaren eta B-5 adarraren arteko loturako bideari dagokionez, Departamentuaren txostenean azaldu bezala, exekuzioa hirigintza-unitateak garatzeko urbanizazio proiektuan sartu beharko litzateke.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gogoraraztea NA-2310 errepideko Mutiloabeitiko zeharbidea egoera onean eta funtzionaltasun betean kontserbatzeko legezko betebeharra duela, zeharbide horren ezaugarriei eta zerbitzatzen duen industrialdeari erreparatuta.
Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari iradokitzea zeharbidea hiri-bide gisa Arangurengo Ibarreko Udalari lagatzeko prozedura arin dezan.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia