Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 30eko 173/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 30

Gizarte ongizatea

Gaia: Le impiden acceder al autobus de transporte público (villavesa) por ser usuaria de silla de ruedas a motor

Exp: 10/658/B

: 173

Gizarte Ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko irailaren 1ean, [?] andreak sinatutako idazkia sartu zen erakunde honetan, zeinaren bidez Iruñerriko Mankomunitatearen aurkako kexa bat aurkeztu baitzuen, garraio publikoan gurpil-aulkiarekin sartzea eragotzi ziotelako.

    Azaltzen zuenez, bere mugikortasun murriztuak behartuta, gurpil-aulki motorduna erabiltzen du.

    Zioenez, 2010eko abuztuaren 12an, 15:45ean, 4. lineako autobus batera igotzen saiatu zen Sarasate pasealekuan (303. zenbakiko autobusean, besterik zehaztu gabe), baina autobusaren gidariak zeharo eragotzi zion autobusera igotzea, gurpil-aulki motordunean zihoalako.

    Kexa-egileak dioenez, gurpil-aulkietarako baimenduta egotearen bereizgarria zeukan autobusak, eta hortaz, ulertezina egiten zaio igotzen ez uztea. Goiz horretan berean inolako arazorik gabe igo zen linea bereko beste garraio publiko batzuetan.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Iruñerriko Mankomunitateari.

2010eko irailaren 23an, Iruñerriko Mankomunitatearen txostena jaso zen erakunde honetan. Hona txosten horretako ondorioak:

  1. Erabiltzaileak erabili zuen gailua ez ez “gurpil-aulki bat”izan, baizik eta “scooter” bat, eta horregatik eragotzi zitzaion hiribusera igotzea.
  2. Erabilerraztasunaren nazioarteko sinboloa daramateneskualdeko hiri garraioko autobusek erabilgarritasunari buruzko araudia indardunak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzte.
  3. Garraioen erabilgarritasunari eta ibilgailuen homologazioari buruzko egungo arau-esparruak jasotzen du hiribusetan “gurpil-aulkia” erabilita igotzea, eta “erreferentziazko gurpil-aulkia” ezartzen du autobusetako espazioa eta osagaiak diseinatzeko.

  4. Ez dago erregelamendurik “scooter” bat erabilita hiribusetan igotzeko baldintzak ezartzeko, ez eta autobusek eta autobusetako osagaiek haietan igo ahal izateko izan beharreko egitura-baldintzei eta diseinuari buruz ere.
  5. Merkatuan “escooter” modelo asko dago, araudiak “erreferentziazko gurpil-aulkientzat” ezarritako egiturazko ezaugarrietatik eta neurrietatik asko aldentzen ahal direnak, eta horrek eragozten du “scooterrak” egungo autobus erabilgarrietan behar bezala baliatzen direla ziurtatzea, bai eta horien erabiltzaileen nahiz gainontzeko erabiltzaileen autobus barruko segurtasuna ere.
  6. Ez dago adostasunik “scooterren” tratamenduari buruz. CEAPAT bezalako erakunde batek motozikletatzat hartzen ditu, baina trafikoari buruzko erregelamenduak ez ditu ibilgailutzat hartzen.
  7. Ez dago informaziorik estatuan garraio publikoari dagokionez “scooterrei” emandako tratamendua dela eta.

Nazioartean hasiak dira autobus barrenean “scooterren” segurtasunerako finkatze-osagaiak lantzen, baina oraindik ez dago horien egonkortasuna ziurtatzeko konponbiderik.

Iruñerriko Mankomunitateak uste du arlo horretan aurrera egiten jarraitu beharra dagoela, eta, hortaz, beste partzuergo eta erakunde batzuekin batera parte hartzen du horri buruz egindako azterlan eta analisietan. Hiribusetan “scooterrak” sartzearena, ordea, konponbide zaileko auzia da, eta, beharbada, egungo autobusak aldatzea eta egokitzea eskatzen du, eta hortaz horien homologazioari buruzko araudia eta irisgarritasunari berari buruzko araudia ere bai.

Ibilgailuen aldaketa horiek eta lege-aldaketa horiek ezin dira azaletik jorratu, eta, beraz, konponbideak bilatzen ari dira bai estatuan bai nazioartean ere, ahal dela zerbitzuaren baldintzak bateratuta.

Mankomunitateak azterlan horietan parte hartzen eta lanean jarraitzen du, eta horri buruzko araudia behar bezala betetzen saiatzen da.

AZTERKETA

  1. Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legearen oinarrian dauden printzipioak zioen azalpenean jasota ageri dira. Nabarmentzeko modukoa da, hartara, ondoko hau: “Besteak beste, aipatzekoa da Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioa, 2006ko abenduaren 13koa, gure herrian barne-zuzenbidea dena, zeinak babestu eta bermatu egiten baititu ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bizitzako arlo guztietan, hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisia, parte-hartze sozial eta ekonomikoa, eta irisgarritasuna azaltzen baitu arlo guztietara hedatzen den zeharkako elementu gisa. Garrantzi berezia hartzen du lanabes juridiko honek, aitortzen baitu zer garrantzia duen ingurune fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren, osasunaren, hezkuntzaren, informazioaren eta komunikazioen irisgarritasunak, ezgaitasunen bat duten pertsonek osoki baliatu ahal izan ditzaten giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak.”

    Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legeko 7. artikuluak ezartzen duenez, “diskriminazioaren aurkako neurritzat jotzen dira helburu gisa daukatenak prebenitzea edo zuzentzea ezgaitasunen bat duen pertsona bat zuzenean nahiz zeharka onberatasun gutxiagoz tratatua izatea halakorik ez duen beste pertsona bat baino, antzekoa edo konparagarria den egoera batean”.

  2. Aztertzen ari garen kasuan, kexa-egileari ez zaio garraio publikoan sartzen utzi bere gurpil-aulkia motorduna zelako. Salbuespen hori ez dago jasota ez Garraiobideetako oztopo fisikoak eta zentzumen oztopoak desagerrarazteko Erregelamendua onesten duen martxoaren 15eko 57/1990 Foru Dekretuan, zeinaren 6. artikuluak ezartzen duenez “betiere, garraiobide publiko guztietan utziko zaie sartzen eta haiek erabiltzen minusbaliatuei, eta aldi berean behar adina toki fisiko utziko zaie tresnak eta lagungarriak utz ditzaten, hala nola makilak, makuluak, gurpil-aulkiak, txakur gidariak nahiz ukitutako pertsonek dakarten beste edozein aparatu mekaniko”, ez eta Iruñerriko garraio publikoaren zerbitzua arautzen duen Ordenantzan ere, zeinaren 7.2 artikuluak ezartzen duenez “Mugikortasun murriztua duten pertsonak, "gurpil-aulkitan" ibilki direnak bigarren atetik sartuko dira autobusera (...) Mugikortasun murriztua duten pertsonak, "gurpil-aulkitan" ibilki direnek lehentasuna izanen dute autobusean haiendako gorderiko lekuan, besteen gainetik, hauek sartzea eta kokatzea erraztu beharko baitiete”.
  3. Iruñerriko Mankomunitateak azaltzen duenez, gidariak autobusean sartzea eragotzi zion scooter bat zerabilen minusbaliatu bati, ez zela eskuzko gurpil-aulki bat iritzita.

    Egia da scooterrak autobusetan sartzearena gai konplexua dela, berariaz arautua ez dagoena, baina lege- edo erregelamendu-hutsune zehatz horretatik ezin da ondorioztatu mugitzeko bide hori darabilten minusbaliatuek ezin dutela garraio publikoa erabili.

    Aztertzen ari garen kasu honetan legez, bateragarriak baldin badira gurpil-aulki elektrikoa (escooterra) eta autobusean sartzeko plataforma, eta “gurpil-aulkietarako” gordetako lekuan sartzen baldin bada, autobusean sartzen utzi behar zaie scooter batean mugitzen diren minusbaliatuei, hartara ziurtatzen baitzaie herritar diren aldetik dagozkien eskubideak baliatzea, bereziki garraio publikoan sartzeko eskubidea.

    Orobat nabarmendu behar da ezen, antza denez, kexaren xede den egitatea ezohikoa dela, kexa-egileak berak adierazi duelako beste batzuetan –egun horretan berean– utzi ziotela inolako eragozpenik jarri gabe garraio publikoa erabiltzen bere gurpil-aulki motordunarekin.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea legez behartuta dagoela bidaiarien garraio publikoko autobusetan sartzea erraztera gurpil-aulkian –eskuzkoan nahiz elektrikoan– mugitzen diren minusbaliatuei.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñerriko Mankomunitateari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñerriko Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia