Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 30eko 172/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 30

Ogasuna

Gaia: Obtencion de copia del expediente de tramitación de Presupuestos, para poder formular alegaciones

Exp: 10/627/H

: 172

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 11n, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan, [?] jaunaren eta [?] andrearen izenean aurkeztua. Horren bidez, Urdazubiko Udalari buruzko kexa bat aurkezten zuen.

    Kexa-egileak azaltzen zuenez, 2010eko uztailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean Urdazubiko bi iragarki argitaratu ziren: “Aldaketa 2008tik 2009ra luzatutako aurrekontuan. Hasierako onespena” eta “2010eko ekitaldiko aurrekontua. Hasierako onespena”.

    Uztailaren 29an, interesdunek, bere ordezkariaren bitartez, espediente horien kopia osoa eskatu zuten, dokumentazioa aztertze aldera eta, kasua bazen, prozeduran parte hartzeko eskubidea baliatze aldera eta alegazioak aurkezte aldera.

    Kexan azaltzen zenez, alegazioak aurkezteko epea bukatzear zegoenez eta eskabideari erantzun ez zitzaionez, udal idazkariari galdetu zioten ea eskatutako kopiak noiz jarriko zituzten interesdunen eskura. Azaltzen zutenez, adierazi zieten Udalak ez zeukala argi ea behartuta zegoen jendaurrean jarritako dokumentazioaren kopia ematera, eta iragarkien oholean paratutakoa aztertuta egiten ahal zela kontsulta.

    Interesdunek adierazten zuten jarrera horrek behartzen zituela denbora asko ematera aipatutako aurrekontu-dokumentazioa aztertzen eta transkribatzen, eta horrek mugatu egiten zuela prozeduran parte hartzeko duten eskubidea, eta, horrenbestez, Udalaren jokabidearen aurka egiteko duten eskubidea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Urdazubiko Udalari.
  3. 2010eko irailaren 7an, eskatutako txostena jaso genuen erakunde honetan, Urdazubiko alkateak eta idazkariak sinatuta. Hartan, ondokoa zioten:

    “2010eko uztailaren 29an, [?] jaunak eskatu zuen, [?]-ren eta [?]-ren izenean, “2008tik 2009ra luzatutako aurrekontuaren aldaketari buruzko eta 2010eko ekitaldiko aurrekontuari buruzko espedienteetako dokumentazioaren kopia osoa” eman geniezaion.

    Idazkariak telefono bidez adierazi zionez, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 86.2 artikulua, jendaurreko informazioaren izapidea arautzean, dokumentazioa udal idazkaritzan paratzeaz mintzo da, interesdunek egoki iritzitakoa kontsulta dezaten.

    Orobat adierazi zitzaion dokumentazio-eskaria banakatua izan behar zela, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.7 artikuluan ezarri bezala, non herritarrek artxiboetara eta erregistroetara irispidea izateko duten eskubidea arautzen baita; adierazi zitzaionez, eskatzen ari zen espediente osoetan ageri zen dokumentazioa iragarkien oholean zegoen paratuta.

    Telefono bidezko solasaldi hartan orobat adierazi zitzaion udal honek ez daukala behar adina baliabide bere dokumentazio-eskari guztiei erantzuteko (honekin batera doa sarrera-erregistroko liburuko zerrenda).

    Pertsona horrek, 2007tik aitzina, udal honen ezin konta ahala egintza eta jarduketa errekurritu ditu Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta kereila kriminalak jartzera iritsi da. Hortaz, udal honek bere gain hartu ezin duen lan-bolumena eragiten duela uste dugu.

    Halere, abuztuaren 4an, berriro igorri zitzaion posta elektroniko bidez, eskatu zuen bezala, eskatutako dokumentazio guztia, jendaurreko informazioaren izapidea bukatzeko epea agortzear zegoelako (bidalketaren dokumentua doa honekin batera). Interesdunak dio, ordea, ez duela dokumentazio hori jaso.

    2010eko abuztuaren 12an aurkeztu zituen alegazioetan dio dokumentazioa ez zitzaiola igorri udalaren “mendeku eta errepresalia” gisa, nahiz eta telefono bidezko solasaldian arestian azaldutako guztia adierazi.

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik ondorioztatzen denez, kexa-egilea, zeinak Urdazubiko bi bizilagunen izenean jarduten baitu, ez dago ados aurrekontu arloko bi espedienteren dokumentazioaren kopia eskatu zuenean herri horretako udalak izandako jokabidearekin. Halatan, haren esanetan, prozedura horietan parte hartzeko interesa zuen arren eta, hortaz, espedienteetako dokumentazioa aztertzeko interesa zuen arren, Urdazubiko Udalak ez zion horren kopiarik eman, eskaera behin eta berriz egin bazuen ere.

    Udalak, berriz, hainbat alegazio egin ditu. Alde batetik, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko zenbait xedapen darabil, zeinen arabera, bere ustez, interesdunak ez baitzuen eskatutakoa lortzeko eskubiderik. Beste alde batetik, Udalak dio hori ez zela eragozpen izan eskatutako dokumentazioa 2010eko abuztuaren 4an posta elektroniko bidez bidaltzeko, nahiz eta interesdunak esan ez duela dokumentazioa jaso. Azkenik, kexa-egileak eragiten duen lan-zama eta auzi-kopurua aipatzen du Udalak. Horrek, ordea, inolako baloraziorik egin gabe, arrazoiak argi baitaude, ezin du baldintzatu erakunde honek auzi honetan izan beharreko jarrera.

  2. Konstituzioko 105. artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela eragiten dieten administrazio-xedapenak taxutzeko prozeduran parte hartzeko, bai eta administrazio-erregistroak eta –artxiboak eskueran izateko ere, eta legegileari agintzen dio horiek arau ditzan.

    Manu hori dela-eta, erregistroak eta artxiboak eskueran izateko eskubideari eta eskubide horren norainokoari dagokienez –hori da kasu honetan auzitan dagoena–, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak zenbait manu jasotzen ditu, eskatutako informazioari buruz eskatzailea non dagoen kontuan hartuta: batetik, interesdunei aitortzen zaie edozein unetan jakin dezaketela prozeduren izapideak zertan diren, eta prozedura horietako agirien kopiak lor ditzaketela [35. artikuluko a) letra]; bestetik, herritarrei oro har (ez soilik interesdunei) aitortzen zaie erregistroetara jotzeko eskubidea, bai eta administrazioko artxiboetara ere, kasu horretan muga batzuk jartzen badira ere (37. artikulu).

  3. Orain planteatzen den kasuan, Urdazubiko Udalak izapidetutako bi aurrekontu-espedienteren dokumentazioaren kopia eskatzen da, eta eskatzaileak herriko bi bizilagun dira.

    Horri dagokionez, irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan garatzen duenak, aurrekontu-espedientearen eduki zehatza eta dokumentazioa zein diren arautzen du, eta hemen aztergai dugunari dagokionez, ondokoa ezartzen du 18. eta 19. artikuluetan:

    1. Bizilagunen edo interesdunen legitimazioa espedientea aztertzeko, espedientea izapidetzen den bitartean erreklamazioak aurkezteko edo behin betiko onespena errekurritzeko.
    2. Espedientearen publizitatea. Udala behartuta dago, hasierako onespenaren ondotik, udal idazkaritzan hamabost egun balioduneko epean jendaurrean paratzera, aldez aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarkien oholean iragarkia jarrita, bizilagunek edo interesdunek hura aztertu eta, kasua bada, egoki iritzitakoa alegatzeko.

      Aurreikuspen horiek arautzen dutenez, bizilagunek nahiz bestelako interesdunek eskubidea dute gisa horretako prozeduretan parte hartzeko, eta jakina, espedientea eskura izateko. Eskubide horren norainokoa zehazte aldera, berriz, eskubide hori arautzen duten xedapenetara jo beharra dago (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea). Halatan, kontuan hartu beharra dago bai 35. artikuluko a) letrak –interesdunei buruz ari da– bai 37.8 artikuluak–herritarrei buruz ari da– kopiak lortzearekin lotzen dutela eskubide hori. Aipatutako azken manuak adierazten du, zehazki, “artxiboetara eta erregistroetara irispidea izateko eskubideak esan nahi du, besteak beste, agirien kopiak edo ziurtagiriak lor daitezkeela, administrazioak agiri horiek aztertzeko baimena ematen badu, eta, legez ezarritako ordainarazpenik badago, aurrez kitatzen badira”.

      Horrenbestez, baldin eta udaleko bizilagunek eskubidea badute aurrekontu-espedientera irispidea izateko, eskubidea dute orobat, ordaindu beharreko tasak ordainduta, espedienteko dokumentuen kopia lortzeko. Espedientearen jendaurreko izapidea egoteak ez dakar berekin kopiak eskatzen dituenak, horretarako eskubidea izaki, kopiak lortzeko aukera ez duenik (izapide hori aipatu foru dekretuak arautzen du, jendaurreko informazioa arautzen duen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko manuak arautzen duen modu berean arautu ere).

  4. Herritarrek administrazio-espedienteetako dokumentuen kopiak lortzeko eskubidea dutela ezartzean, legegileak soil-soilik lortu nahi duena da datuak eta informazioa, zeinetara herritarrak irispidea baitauka, ezagutzeko erraztasunak ematea, ez dagoelako beste eskubide edo interesik areago babestu beharrekorik. Espediente zehatzei dagokienez argi baitago badela horietara irispidea izateko eskubidea, eskatutako dokumentazioaren kopiak eman beharra dago, erakunde honek ez baitu ikusten ezezkoa justifikatzeko arrazoi juridikoak daudenik.

    Erakunde honen aburuz, 30/1992 Legeko 37.7 artikuluan aipatzen den eskari “banakatua” egin beharra –kontsultatu nahi diren agirien eskari banakatua egin beharra, alegia– ez da oztopo eskari hau onartzeko. Urdazubiko Udalak aipatutako manua bere osotasunean aztertzen baldin bada, ematen du legegileak ziurtatu nahi duena dela eskariaren helburuaren zehaztapena edo ziurtasuna; hala ondorioztatzen da “arlo edo arlo-multzo bati buruzko eskari generikoa” egiteko ezintasunaren aipamenetik. Ez du ematen manu horren interpretazioa izan behar duenik espedienteko dokumentuak “banan-banan” eskatu behar direla.

    Kasu honetan, eskariak bide ematen zuen, inondik ere, eskariaren xedea zein zen jakiteko: izapidetzen ari ziren espedienteetako dokumentazioa, eta horren edukia lehen aipatutako foru dekretuak arautzen du. Horren froga da dokumentazio hori, adierazi den legez, posta elektroniko bidez igorri zitzaiola “[?]@hotmail.com” helbidera interesdunari abuztuaren 4an (interesdunak ukatu egiten du, halere, dokumentazioa jaso izana).

    Honetara ezkero, egia da ez dela jasota ageri bidalketa hori jaso izana, eta Administrazio publikoari dagokio bidalketa ziurtatzeko zama. Espedientean jasota dago, berriz, Udalaren erregistroan idazki bat aurkeztu izana abuztuaren 6an, zeinaren bidez dokumentazioaren kopia eskatu baitzen berriz ere. Zantzu horrek kexa-egilearen bertsioa berretsiko luke, dokumentazioa jaso ez zuela esaten baitu.

    Hori guztia ikusita, erakunde honek, betiere, Urdazubiko Udalari gomendatu behar dio kexa-egileari eman diezaion eskatutako dokumentazioa, eta jasotzen duela ziurta dezala, legez ordaindu beharreko tasak ordainarazita, non eta, iragandako denboraren kariaz, berak ordezkatutakoen eskubideari begira komeni ez den eta hala adierazten badute espresuki.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Urdazubiko Udalari gomendatzea kexa-egileari eman diezaion 2010eko uztailaren 29ko eta abuztuaren 6ko idazkien bidez eskatutako dokumentazioaren kopia, legez ordaindu beharreko tasak ordainarazita.

  2. Urdazubiko Udalari bi hilabeteko epea ematea gomendio hau onartzen duen eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu lege manuan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Urdazubiko Udalari ebazpen hau jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia