Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 30eko 169/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 30

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Le impiden el derecho a examen por un error de la profesora

Exp: 10/535/E

: 169

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 29an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurka, azterketa bat egiteko eskubideaz baliatzea ukatu diotelako.

    Azaltzen du “Lehen Hezkuntzako Irakasle-ikasketak” graduko lehenengo ikasturtea amaitua zuela. Ikasgaietako bat “ingelesa” zen, eta hura gainditzeko ahozko proba gainditu behar zuen hasiera batean eta, gero, idatzizko beste proba bat, halako moduz non ahozko atala gainditzen ez bazuen, ezin baitzen aurkeztu idatzizko azterketa egitera.

    Azaltzen du ez zuela ahozko azterketa gainditu, baina hura gainditzeko beste aukera bat bazuela errekuperazio-proba batean. Azterketa gainditu ez zuten gainerako ikasleei, irakasleak, eskola-ordutegian, azterketa egiteko eguna eta ordua eman zien. Kexa-egileari, ordea, egun hartan ikasgelan ez baitzegoen, beste ikasle baten bitartez, honako oharra jakinarazi zitzaion: “J esan Tri errekuperazioko azterketa horretarako harremanetan jarriko naizela berarekin”.

    Irakaslea ez zen harremanetan jarri kexa-egilearekin, eta, horrenbestez, interesduna idatzizko azterketa egitera joan zen, baina irakasleak esan zion ezin zuela egin eta, azkenik, ez zuen egin.

    Gehitzen du dekanotzan zenbait kudeaketa egin ondoren, saileko buruak eta Ikasleen Kontseiluko buruak jakinarazi ziotela ikasgaiaz arduratzen zen sailetik jakin zutela irakaslearen bertsioaren arabera kexa-egilearen hutsegite gertatua zela eta [?] andreari zegokiola irakaslearekin harremanetan jartzea.

    Amaieran, kexa-egileak jotzen zuen irakaslearen akats baten biktima izana zela, zeren eta ikaslea bera jarriko zen harremanetan irakaslearekin [?] ikaskidearen oharra tartean izan ez balitz, alegia, irakaslea harekin harremanetan jarriko zela esan izan ez bazion.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakin ahal izateko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Unibertsitate Publikoari.

2010eko irailaren 24an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:

  1. “Ikasgaiaren garapena eta ebaluazioa arautzen duen irakasle-fitxan, zeina fakultateko web gunean argitaratuta izan eta ikasle guztien eskura baitago, 9. epigrafean, Ebaluazioari buruzkoan, honakoa ageridela:
    • ikasgaiko ebaluazio prozesuak bi atal dauzka: ahozko atala eta idatzizko atala:

    • ikasgaiaren ahozko atalaren etengabeko ebaluazio bat ere badago:

    • ebaluazio hori gainditzen ez duen ikasleak ikasturte amaierako ahozko azterketa egin beharra dauka;

    • ahozko atala gainditzea ezinbesteko baldintza da azterketako idatzizko atala egin ahal izateko.

  2. Gure ustez ikasleak:
    • esaten duenean “ez zuela ahozko azterketa gainditu...” esan nahi du “ez zuela ahozko atalaren etengabeko ebaluazioa gainditu...”

    • esaten duenean “hura gainditzeko beste aukera bat zuela errekuperazio-proba batean”, esan nahi du “ikasturte amaierako ahozko azterketa egin behar zuela...”
  3. Irakaslea, irakaskuntza-prozesua integraturik dagoen ikasgaiaren ebaluazio prozesuaren esparruan, ikasle bakoitzari, eskola-saio batean, egun bat eta ordu bat eman zien amaierako ahozko azterketa egiteko. Lehen Hezkuntzako Irakasle-ikasketen graduko irakaskuntza bertaratzekoa da, eta ikasleak ikasgelan egon beharra zeukan, eta egoera bereziren bat gertatu bazen, ikasleari zegokion hari konponbidea ematea, irakaslearen borondate onaz haratago.

    Gure ustez, ikasleari zegokion irakaslearekin harremanetan jartzea, amaierako ahozko azterketaren eguna eta ordua jakite aldera. Halaber, inolaz ere ez zen idatzizko azterketara aurkeztu behar aurretik ahozko azterketaren kontuari konponbidea eman gabe.

  4. Irakaslearen edozein ohar ulertu beharra dago ikasleari informazio bat eskuratzeko borondate onaren esparruaren barruan, baina horrek ez du ezertan ere kendu behar ikasleak aurreko epigrafean adierazitakoa egin behar zuela.
  5. Fakultatearen jarrera, nolanahi ere, da horrelako gorabeheretan bitartekari lana egitea, eta horregatik ikasleari gomendatu zion kexa bat aurkez ziezaiola, idatzizko eskabide baten bitartez, ikasgaiaren ardura zuen saileko buruari, horixe baitzen horrelako gorabeherei sailaren barnean konponbidea emateko modua (geroan, bestela, fakultatera jotzeko aukera ere bazuen, edo ikasleen errektoreordetzara, edo ikaslearen arartekoarengana...). Ikasleak ez zuen halakorik egin. Harrigarri gertatzen da bere kexa adierazteko bide instituzional horietatik bakarraz ere baliatu gabe, Nafarroako Arartekora jo izatea.

AZTERKETA

  1. Eztabaidatzen ari garen gaia irakasle baten ekintza boluntario bat du abiapuntu. Izan ere, irakasleak, borondate onez eta ez zegokion betebehar bat bere gain hartuta, ahoz, konpromisoa hartu zuen, hirugarren pertsona baten aurrean, ekintza zehatz bat gauzatzeko: kexa-egilearekin harremanetan jarri ahozko amaierako azterketarako eguna eta ordua zehazteko. Konpromiso hori ez zuen bete, edo ahaztu zitzaiolako, edo ez zegoelako hartutako konpromiso horretaz jabetua, edo, ikaslearekin harremanik izan gabe egun batzuk iragan ondoren, jo zuelako kexa-egileak ez zuela azterketara aurkezteko asmorik (kexa-idazkian emandako bertsioaren arabera).

    Bere aldetik, kexa-egileak (amaierako ahozko azterketarako egunak eta orduak zehaztu zireneko eskolara bertaratu ez zena) irakasleak hartutako konpromisoaz fidatu zen. Erakunde honen iritziz, arrazoizkoa da ulertzea ezen, irakaslearen mezurik edo zitaziorik jaso gabe zenbait egun iragan ondoren, ikaslearen betebeharra zela irakaslearekin harremanetan jartzea, zeren eta haren konpromisoak ez baitzekarren informatzeko betebeharra baztertzea, ingeleseko ahozko azterketa egiteko eskubidea gauzatu ahal izateko. Ikasleari hezkuntza-erakundearekin harremanetan exijitzekoa zaion diligentziak berak horixe eskatzen du.

    Irakaslearen alde bakarreko konpromisoaren norainokoari ezin zaio lotura juridikorik suposatu Unibertsitateko administrazioarentzat, ez eta ikaslea bere betebeharretatik salbuestea, ez eta probak eta azterketak gainditzeko ezarritako probetatik edo izapideetatik libratzea ere. Irakasleak ahoz agertu zuen bere borondatea, ikasle baten bitartez, baina horrek ez dauka behar adinako garrantzia ikaslearen eskubide-iturritzat hartua izateko, ez eta Unibertsitateari betebeharrik ekartzeko ere.

    Azken batez, aztertutako kasuan ez dago behar adina arrazoi-elementurik Unibertsitate Publikoari gomendiorik edo legezko betebeharren gogorarazpenik egiteko.

  2. Behin dekanotzak eta Filologia Saileko burutzak irakaslearen eta ikaslearen arteko gaizki ulertua ezagututa, organo eskudunei arintasun eta eraginkortasun handiagoak exijitu behar zaizkie gorabeherari konponbidea emateko. Unibertsitatearen txostenaren arabera, ikasleak ez zuen idatzizko kexarik aurkeztu zegokion sailean; baina kexa-idazkiaren bitartez badakigu sailak, interesdunaren ahozko kexa jaso ondoren, irakaslearekin hitz egin zuela eta biharamunean ikaslearekin ere hitz egin zuela, eta sailaren jarreraren berri eman ziotela, alegia, berari zegokiola irakaslearekin harremanetan jartzea. Itxura guztiena arabera, ikaslearen erreklamazioa ebatzi zen gertatutakoak sakontasunez aztertu gabe.

    Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoari iradoki dakioke ezen, kexan azaldutakoa bezalakoa kasuetan, bitartekaritza eraginkor eta berehalakoa egin dezala, eta ahal dela kaltetutakoen interesen aldeko konponbidea eman dezala, horretarako modurik badago; eta, aitzitik, bitartekaritza hori azken burura eramaten ez bada, ikasleari eskain diezaiola, idatziz, Unibertsitateko beste organo batzuetara jotzeko aukera.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Unibertsitate Publikoari iradokitzea ezen, ikasleen eta irakasleen artean sortzen diren gorabeheretan, bitartekaritza-lan eraginkorra egin dezan, eta aldeei idatziz informa diezaien, baldin eta arazoa ez bada bitartekaritzaren bidez konpontzen, Unibertsitateko beste organo batzuetara jotzeko aukerari buruz.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoari egindako iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia