Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Retirada de porche de Colegio Catalina de Foix
Exp: 10/531/E
Nº: 150
Hezkuntza eta irakaskuntza
AURREKARIAK
2010eko ekainaren 28an, [?]k eta [?]k aurkeztutako kexa bat sartu zen gure erakundean. Kexa eskolako patioan arkupea kentzeari buruzkoa zen, hain zuzen ere patio hori berrurbanizatzeko lanen ondorioz.
Kexan azaltzen da Zizur Nagusiko alkatearen erabakiz, ikastetxeko patiotik arkupe bat kendu zela, ikastetxeko organoen eta gurasoen iritziaren aurka; izan ere, horiek guztiek arkupe hori beharrezkotzat jotzen zuten ikasleen jolas-orduak eta sarrera-irteerak antolatzeko.
Kexan adierazten da erabakia aurrez ikastetxeko organoei informazioa eman gabe hartu zela. Horri dagokionez, kexan azaltzen da ezen, Eskola Kontseiluak eta gurasoen elkarteak gaiari buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dutenean, aitzakiekin erantzun izan zaiela beti.
Azaltzen da, gainera, informazio fase horretan, balizko aukera guztiak aztertu beharko zirela. Azaltzen da ezen, eskolako patioa berrurbanizatzeko proiektuak lehendik dauden egiturak egokitzeko zenbait kontusail biltzen dituela. Hala eta guztiz ere, ez da baloratu kontusail horietatik zein kendu beharko liratekeen 0-3 urteko ikastetxean estalpe bat jartzeko. Zuzenean Catalina de Foix ikastetxeko arkupea kentzeko eta berriz ez jartzeko erabakia hartu da.
Halaber, adierazten da, ezen ez dela errespetatu obraren exekuzio-proiektuan aldaketak egiteko ezarritako prozedura, eta ez dela hura aldatzeko proposamenik aurkeztu, kasuko organoak onets dezan.
Baieztatzen da Catalina de Foix Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa Zizur Nagusian ikasle gehien hartzen dituen ikastetxea dela, eta, halere, erabaki horrekin, esparru estali gutxien dituen ikastetxea izanen dela. Horri dagokionez, adierazten da ezen, egoera horrek bere horretan irautekotan, Iruñerriko meteorologia kontuan izanda, ikasleek hainbat jolas-ordu eta eguerdi ikastetxearen barruan eman beharko dituztela. Adierazten da lehendik zegoen azpiegitura bat kenduko zaion ikastetxe bakarra dela, eta erabaki hori baztertzailea dela.
2010eko uztailaren 22an, eskatutako txostena, Zizur Nagusiko alkateak izenpetua, sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:
“Zizur Nagusiko Udala eskola-barrutia berrurbanizatzeko lanak bukatzen ari da. Lan horien aurrekontua 1.481.290,13 eurokoa da.
Behin berrurbanizatzeko lan horiek eginda, bi kirol pista estaliko dira, bata Donejakue Bidea Ikastetxearen ondoan eta bestea Catalina de Foix Ikastetxearen ondoan. Pista bakoitzean 42x22,50 metro estaliko dira, hau da, 1.012,50 m2; horrenbestez, guztira, bi pista horiek hartuta, 2.025 m2 estaliko dira.
Pista estaliak eraikitzeko lanak berriki esleitu zaizkio [?] enpresari, 611.078,43 euroko zenbatekoan, eta 80 eguneko exekuzio epea aurreikusi da.
Aurrez, pista estalien “0 kota” deitutako obra osagarria exekutatu da, zeren eta estalpeen eraikuntza gerorako uzteak lehendik eginiko urbanizazioaren zati bat eraistea ekarriko baitzuen.
Ondoren, idatziz eskatutako alderdiei buruzko informazioa emanen dugu:
Ea, kexa-egileak salatzen duen bezala, eremu estali hori kentzeko lanak egin diren Catalina de Foix Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko gobernu- eta partaidetza-organoei entzunaldia eman gabe.
Catalina de Foix Ikastetxeko zuzendaritzak, ikastetxe hori lanean hasi zen momentutik, Hezkuntza Departamentuari adierazi izan dio, besteak beste, arkupea ez zela erabiltzeko egokia. Udal honek zenbait kudeaketa egin zituen Hezkuntza Departamentuarekin, eta haien ondorioz hitzarmen bat sinatu zen; haren indarrez, bi pista estali eraikiko ziren, bata Catalina de Foix Ikastetxerako eta bestea Donejakue Bidea Ikastetxerako. Pista bakoitzak 1.012,50 m2 estaliko zituen.
Bai, entzun egin zaie Catalina de Foix Ikastetxeko gobernu- eta partaidetza-organoei, baina ikuspuntu tekniko batetik ez zegoen justifikatuta arkupeari eustea, ez exekuziorako zailtasunei zegokienez, ez gainkostu ekonomikoari zegokionez ere, Zizur Nagusiko Udalaren Hirigintza Zerbitzuen buruak eta Obrako Zuzendaritza Teknikoak emandako txosten teknikoetan adierazi bezala. Erantsita datoz txosten horiek.
Hartutako erabakiaren –adierazitako arkupea kentzekoa– arrazoiak.
Hartutako erabakiaren arrazoiak bi euskarri ditu: batetik pista estali berriaren berehalako exekuzioaren segurtasuna, eta, bestetik, aurreko atalean adierazitako txosten teknikoak, non zailtasun teknikoak zehazten baitira. Kontuan hartu beharra dago obretan erabakiak hartu behar izaten direla eta hartzen direla irizpide teknikoen arabera, betiere exekuzioa geroratu gabe. Nolanahi ere, erabaki hori hartzerakoan, bagenekien kendutako arkupeak eskaintzen zituen aukerak asetzen eta gainditzen dituen estalpe bat eraiki behar genuela.
Obren proiektuaren edukia instalazioari dagokionez, eta proiektu horren aldaketak.
Pista estalien proiektua erantsi dugu. Aterpeari dagoen tokian eusteak honakoa ekarriko zuen: zerbitzu-bideak etetea eta desbideratzea eta barrutia berrurbanizatzeko proiektuko pasealeku zentraleko zuhaitz usuetatik batzuk bota behar izatea.
Arestian adierazi dugun bezala, proiektua eginik dago eta 1012,50 m2ko pista estali berria eraikitzeko lanak hasita daude jada. Horrekin, eremu estaliak nabarmen egin du gora, zeren eta lehendik 234 m2 zeuden arkupean, eta pista estali berrian, berriz, 1.012,50 m2 egonen dira.
Adierazitakoa alde batera utzita, honako zehaztapenak egin nahi ditugu:
Kexa aurkeztu da udalak hartutako erabaki bat dela eta. Izan ere, Zizur Nagusiko eskola barrutia berrurbanizatzeko lanak egiten ari ziren bitartean, Catalina de Foix Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoan zegoen arkupe bat kentzea erabaki da. Erabaki hori, kexa-egileen iritziz, ustekabean hartu zen, ikastetxeari behar zen komunikazioa egin gabe eta hura oinarritzeko arrazoiak azaldu gabe. Kexa-egileek uste dute, gainera, erabaki hori baztertzailea dela.
Dotazio berriarekin eremu estaliaren beharrak aseko dira.
Egungo estalpeari eusteak zailtasunak ekarriko lituzke estalpe berria egiteko garaian, bai zimentazioei dagokienez, bai haren aireko aldeari dagokionez.
Ez da kontuan hartzen bi estali horien artean behar den integrazioa, bai materialak batzeari dagokionez, bai altueretan ere, hain zuzen ere elementu arrotz baten moduan ikus ez dadin.
0-3 urteko ikasleentzako eraikinerako eremu estalien premiari konponbidea emateko aukera azter daiteke. Izan ere, eraiki zenetik, horrelako dotazio baten premia atzeman da. Konponbidea egokiagoa izan liteke, eraikina baxua baita.
Alde batera utzita norbera horrelako erabakien alde ala aurka egon daitekeela eta are bidezko beste aukera batzuk ere egon daitezkeela, erakunde honek ezin du jo hartutako erabakiak arrazoigabeak, baztertzaileak edo antolamendu juridikoak aitortutako eskubideen urratzaileak direnik; are gutxiago, bai kexa-egileek bai udalak adierazi bezala, barrutian dauden eremu estaliak legearen araberakoak direnean.
Alabaina ulertzeko modukoa den arren obrak exekutatu bitartean zenbait aldaketa sar daitezkeela, bidezkoa da azpimarratzea horrelako erabakiak modu egokian eta puntualtasunez jakinarazi eta azaldu behar zaizkiela interesdunei edo, kasu honetan bezala, haien ordezkaritza-organoei, modu horretan eraginkor bihurtuz herritarrek haiengan eragina duten gaiei buruzko erabakietan parte hartzeko daukaten eskubidea, eta modu zabalago batez bermatuz administrazio publikoen jarduera gidatu behar duen gardentasunaren printzipioa.
Kasu honetan, lehendik ikastetxeak eduki duen arkupea kentzeak eragina izan dezake haren funtzionamenduan eta jardueren eta sarrera-irteeren antolamenduan. Hori dela eta, erabakia zilegi bada ere, interesdunei erabaki horri buruzko informazioa ematera bideratutako neurri guztiak hartu behar ziren eta, bidezkoa bazen, gaiari buruz zuten iritzia kontuan hartu.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Zizur Nagusiko Udalari gogoraraztea, kexan azaldutakoa bezalako kasuetan, interesdunei, legez, informazio puntuala eta azalpenak eman behar dizkiela haiengan eragina duten erabakien edukiari buruz, eta haiei entzun behar diela eta gaiari buruz duten iritzia kontuan hartu behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea Zizur Nagusiko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia