Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Falta de tratamiento específico para alumno con minusvalía, una vez finalizado el curso escolar y hasta el inicio del siguiente
Exp: 10/393/E
Nº: 149
Hezkuntza eta irakaskuntza
2010eko maiatzaren 21ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du bere semeari emandako tratamenduan eskola-garaiaz kanpo jarraitutasunik ez dagoelako.
Azaltzen du bere seme [?], gaur egun lau urte dituena, garuneko perlesiarekin jaio zela, eta % 77ko minusbaliotasun gradua eta mendetasun handikoaren izaera, 2. mailakoa, aitortuak dituela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako balorazio eta ziurtagirien arabera.
Urte bat bete zuenean, Nafarroako Gobernuko Elbarrien Balorazio, Diagnostiko eta Orientaziorako Oinarrizko Zentroaren eta Arreta Goiztiarreko Zentroaren laguntza edukitzen hasi zen. Haurrarekin, bereziki, psikomotrizitatearen, logopediaren eta fisioterapiaren arloetan lan egin zuten. Lehenengo unetik, haurrari laguntza eman zioten profesional guztiek azpimarratu zuten tratamendu horiek garrantzitsuak eta premiazkoak zirela, haurraren estimulaziorako eta garapenerako.
Gero, egoera CREENAko profesionalekin kontsultatu ondoren, haurra “[?]” haur eskolara joaten hasi zen, eta 2008ko irailetik 2009ko ekainera bitarte haurrari tratamendua eman zitzaion bai oinarrizko zentroan, bai aipatutako haur eskolan. 2008/2009 ikasturtea amaituta, uztailean eta abuztuan, oinarrizko zentroan jarraitu zuen tratamendua hartzen, CREENAk hala erabaki baitzuen.
Haur eskolan egon zen aldian, CREENAk zenbait balorazio egin zizkion haurrari, eta gurasoei gomendatu zitzaien, pairatzen dituen murriztapen fisiko eta komunikaziokoak gorabehera, haurra ez eskolatzeko hezkuntza bereziko ikastetxe batean, baizik eta ikastetxe arrunt batean, betiere zenbait orduz logopediako eta fisioterapiako laguntza-orduak emanez. Halaber, jakinarazi zitzaien, horretarako Azpilagañako Ikastetxe Publikoa egokia zela, zeren eta talde psikopedagiko bat eta fisioterapiarako eta errehabilitaziorako gimnasio bat baitauzka.
Kexan azaldutakoaren arabera, gurasoek, haurra ikastetxe horretan inskribatu aurretik eta ikasturte osoan zehar, Hezkuntza Departamentuari (CREENA) eta Osasun Departamentuari (Bideko Ama Birjina Ospitalek Errehabilitazio Zerbitzua) galdetua zioten zer gertatuko zen fisioterapiako eta errehabilitazioko tratamenduekin eskolako opor-garaietan, kontuan izanda haurrak haiek modu iraunkorrean behar dituela. Alabaina, behin eta berriz egindako kontsulta horri, ez zaio behar bezalako erantzunik eman.
Bi departamentuek gurasoei adierazia zieten adingabeak adierazitako tratamenduak hartu behar zituela, baina, hala eta guztiz ere, ez zuen inongo konponbiderik ematen eta ez zuen erraztasunik ematen haurrak tratamendu horiek eskola-garaiaz kanpo hartzeko. Adierazitakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak adierazia zien irailetik ekainera bitarteko tratamenduaz (eskola-garaia) arduratuko zela, eta Osasun Departamentuak, berriz, ez zien inolako erantzunik eman egindako kontsultei.
Kexan baieztatzen da haurra ezin dela bakarrik bere buruaz baliatu oinarrizko jarduerak egiteko (joan-etorriak, bazkariak, komunera joatea, jolastea...), zailtasun handiak dituela hitz egiteko eta, Bideko Ama Birjina Ospitalean egiten dizkioten kontrolez eta azterketez gainera, harentzat oso garrantzitsua dela fisioterapiako eta logopediako tratamenduak hartzea, eta horiek, batera zein bestera, urte osorako, eta ez soilik eskola-garairako, bermatu beharko lituzkeela Foru Komunitateko Administrazioak.
Hezkuntza Departamentuak, 2010eko ekainaren 18an jasotako txostenaren bitartez, honakoa adierazi zuen:
“Mugimenduzko ezgaitasuna (DM) duten eskola-umeen eskolatzearen xedea da ahal den guztian lortzea pertsonaren garapena, adimen-garapena eta garapen sozial eta emozionala, eta eskola-prozesuaren lehentasuna da halako garapen bat lortzea non aukera izanen baitute ahal den guztian autonomian mugitzeko, inguruarekin jardutea eta gainerakoekin komunikatzea.
Hezkuntza administrazioei dagokie ziurtatzea ikastetxeek ikasle bakoitzari erantzunik egokiena ematea, besteak beste honako printzipioen arabera gidatuz: normalizazioa, integrazioa eta inklusioa, bazterkeria eza eta ekitatea.
Nafarroan, printzipio horien aplikazioa lege eta arauen garapenean jasotzen joan da; zehazki, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa (CREENA) sortzeari buruzko 1993ko martxoaren 1eko Foru Dekretuan. Zentro horretan, Mugimenaren Taldea sortzen da, mugimenduzko ezgaitasunen bat eta lengoaiarekin arazoak dituzten ikasleen eskolatzean laguntza emateko. Haren esku-hartzearen esparrua honako hau da: haur hezkuntza, derrigorrezko hezkuntza eta derrigorrezkoaren ondorengo hezkuntza.
Talde horren esku-hartzea mugimenduzko ezgaitasunen bat duten ikasleei zuzentzen zaie, hain zuzen ere mugimenduzko nahaste iragankor nahiz iraunkor bat dutenei, hezur eta artikulazioen sistemaren eta gihar edo eta nerbioen sistemaren funtzionamendu okerraren ondorioz; izan ere, horrek nolabaiteko murrizketak ezarri ahal dizkie adinean adineko berezko jardueretan aritzeko.
Horrenbestez, fisioterapiako edo entzumeneko eta lengoaiako adituen esku-hartzea, eskolan planteatzen dena, ez da osasun programa paralelo bat; izan ere, hezkuntza-ikuspegi orokor eta gaitasun-emaile bat hartzen du, eta sustatzen du mugimenduzko ezgaitasuna duen ikasleak aipatutako hezkuntza-helburuak lor ditzan eta eskolak ingurune lehiakor, irisgarri eta errazgarriak izan daitezela kalitatezko hezkuntza emateko eta ikasleari autodeterminatzeko eta gizartean sartzeko aukera errealak eskuratzeko.
Horrenbestez, ikaslearen erantzuna hobetu nahian, 2009-2010 ikasturtean, Osasun Departamentuak, Hezkuntza Departamentuarekiko koordinazioan aurrera egiteko, errehabilitazioko bi sendagile jarri ditu, eta batzorde misto bat eratu da, bi departamentuetako profesionalek elkarrekin lan egin dezaten.
Batzorde horrek, Hezkuntza Departamentuko eta Osasun Departamentuko profesionalek osatuak (CREENAko Mugimenaren Taldea eta errehabilitazioko sendagileak), kasuak banan-banan aztertzen ditu eta behar diren neurriak proposatzen ditu ikasle bakoitzari egokitutako laguntza fisioterapeutikoko programa gauzatzeko.
Espezialisten lana bi modalitatetan gauzatuko da:
- Zuzeneko esku-hartzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazio Zerbitzuaren balorazioaren ondoren, banakako laguntza –fisioterapiako teknika bereziekin– behar duten ikasleentzat.
- Zeharkako esku-hartzea, zeina gauzatzen baita espezialistak parte hartzen guraso, tutore, zaintzaile eta ikastetxeetako gainerako profesionalei informazioa eta aholkua ematean, bai eta honako arloetan ere: curriculumaren arlo batzuetan curriculumaren banakako egokitzean laguntzea, eskolako altzariak eta material didaktikoak egokitzea eta autonomia pertsonaleko zein gizarte-elkarreragineko programak diseinatu eta jarraitzea.
Fisioterapiak curriculumaren oinarrizko elementuetara sarbidea izateko daukan izaera gaitasun-emailea dela eta, espezialista horiek ikastetxeetan egiten duten lanean hezkuntza-taldea osatzen duten profesional desberdinek esku hartu beharko dute, eta ezinbestekoa izanen da erantzuna oinarritzea ikasle bakoitzaren banakako hezkuntza premiei erantzutera bideratutako esku-hartze proiektu batean.
Azkenik, kontuan hartu beharra dago curriculuma garatzeko ikastetxeek eskola-egutegi bat edukitzen dutela, eta egutegi horretan oporraldiak ageri direla. Fisioterapeutaren eta entzumenaren eta lengoaiaren arloko maisuaren zuzeneko arreta, haurrak urtean zehar [?] ikastetxean jasotzen duena, ikasmailari dagokion banakako curriculum egokitzapenean integratuta dago, eskola-curriculuma osatzen duten gainerako ikasketak ere hartan integratuta dauden bezalaxe. Horrenbestez, oporraldietako laguntza Hezkuntza Departamentuaren esparrutik kanpo geratuko litzateke, zeren eta laguntza hori soilik eskola-egutegiari baitagokio.”
Bere aldetik, Osasun Departamentuak, 2010eko ekainaren 1ean jasotako idazkiaren bitartez, honako informazioa eman zuen:
Bideko Ama Birjina Ospitaleko Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko Zerbitzuak laguntza ematen die haurren garuneko perlesia duten haurrei, eta honakoak hartzen ditu bere gain: balorazio medikoa, proba osagarriak eskatzea, ortesiak eta laguntza teknikoak preskribitzea, beharrezkoak badira, eta toxina botulinikoko infiltrazioak egin ondorengo fisioterapiako tratamendua.
Haurren garuneko perlesia duten haurrei laguntza ematen dieten profesional guztiak bat datoz estimulazioko tratamenduen garrantzia nabarmentzerakoan, baina, aldi berean, jotzen dute familiak hartu behar dituela bere gain haurrak eguneroko bizitzako jardueren barruan behar dituen orientazioak eta ariketak.
Hezkuntza Departamentuarekiko lankidetza hitzarmena dela eta, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Errehabilitazioko sendagileek gaixo horiek eskolatze-garaian dauzkaten premia terapeutikoak baloratzen dituzte. Eskola-garaiko tratamendu horiek Hezkuntza Departamentuko CREENAk horretarako kontratatutako profesionalek hartzen dituzten beren gain.
Azkenik, 2010eko abuztuaren 4an, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak igorritako txostena jaso genuen. Txosten horretan esaten da haurrari departamentu horren menpeko Arreta Goiztiarreko Zentroan laguntza eman ziotela, eta tratamendua 2006ko apirilean hasi eta 2009ko uztailean bukatu zuela, eskola-sisteman sartu aurretik.
Data horretatik aurrera, haurra hezkuntza-sisteman sartu zenean, txostenak dio planteatutako gaia hezkuntzaren eta osasunaren arloetan eskudunak diren departamentuen esku geratu zela.
Halaber, Arreta Goiztiarreko Zentroko taldeak igorritako txosten ebolutiboa erantsi zaio espedienteari. Txostena zerbitzu horretan alta emateko unean egin zen.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari egiteko bat ezartzen dio: Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzea eta hobeki babestea.
Erreferentziako espedientean salatzen da Foru Komunitateko Administrazioak ez dituela bere gain hartzen, eskolako opor-garaian, ikasturtean zehar kexa-egilearen semeari ematen zaizkion fisioterapiako eta errehabilitazioko tratamenduak; izan ere, haurra garuneko perlesiarekin jaio zen eta aitortuta dauzka % 77ko minusbaliotasuna eta 2. mailako mendetasun handia. Tratamendu horiek normaltasunez ematen zaizkio ikasturtean zehar eskolatuta dagoen ikastetxean bertan. Hala eta guztiz ere, ikasturtearen amaierara iristearekin, Foru Komunitateko Administrazioak ez ditu tratamendu horiek bere gain hartzen, nahiz eta kexan azaltzen denaren arabera, tratamendu horiek ezinbestekoak izan haurraren gaitasunen estimulazio egokia lortzeko.
Planteatutako gaiaren inguruko eskumenen esparruan lan egiten duten eta kontsulta egin zaien hiru departamentuek emaniko txostenek aurrekoa berresten dute. Horri dagokionez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak bere gain hartu zuen eskolatze garaiaz aurreko errehabilitazio-tratamendua, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren bitartez. Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrentzakoa arretaren arloan, ikasturtean zehar bere gain hartzen du eman beharreko laguntza hori, ikaslearen hezkuntza-garapen normala lortzeko erabili beharreko tresnatzat jotzen baitu. Azkenik, Osasun Departamentuak laguntza ematen dio Hezkuntza Departamentuari eta orientabideak ematen dizkie gurasoei estimulazio tratamendu horiei buruz, baina, txostenean adierazitakoaren arabera, ez ditu lan horiek ohiko lan gisa hartzen.
Erakunde honek ez du atzeman inplikatutako departamentuen jardueran axolagabekeriatzat edo adingabearen eskubideen urratzailetzat jo daitekeen jokabiderik atzematen, baina bai jotzen du ezarritako sistema, gutxienez ere hemen adierazitakoa bezalako kasuetan, ez nahikoa eta osatugabea dela.
Izan ere, garuneko perlesia izan eta adierazitakoa bezalako minusbaliotasuna eta mendetasuna dauzkan haur batek estimulazioko tratamenduak behar baldin baditu (fisioterapia, errehabilitazioa edo antzeko beste batzuk) ahal den garapen handienera iristeko, zalantzarik gabe komenigarria da tratamendu horiek jarraitutasunarekin har ditzan. Tratamendu horiek ohikotasunez hezkuntza-eremuan bertan eman daitezela guztiz arrazoizkoa dirudi, baina tratamendu horien iraupena irakaskuntza aldira mugatzea, gurei irizpidearen arabera, ez da hain arrazoizkoa, zeren eta haurrarentzat ikasturtean beharrezkoak badira, berdin beharrezkoak izanen baitira ikasturtea amaitutakoan. Eta hori horrela da zeren eta, bereziki adin goiztiarretan, horrelako tratamenduek haurraren gaitasunen garapen osoa eta orokorra bilatu behar baitute.
Horrelako ezaugarriak dauzkan haur batek behar duen arreta ez da ez guztiz hezkuntzakoa, ez bakarrik osasun arlokoa, ez soilik soziala: hori guztia da aldi berean. Arreta hori organo administratibo batzuen edo besteen eskumenen esparru zorrotzera bideratzen ahalegintzeak disfuntzioak eragin ditzake edo, gutxienez, ere asegarriak ez diren erantzunak.
Erakunde honek, zeinak herritarren eskubideen babesaren maila sustatu behar baitu, jotzen du planteatutakoa bezalako kasu batean, guztiz arrazoizkoa dela gurasoen nahia, hain zuzen ere estimulazioko tratamendu horiek eskola-garaiaz kanpoko garaietan luzatu beharrari dagokionez, zeren eta argi baitirudi haien jarraitutasuna dela medio adingabearen ahalmenak gehiago garatuko direla.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, gurea bezalako estatu sozialaren ereduaren esparruan, eta hezkuntzarako eskubideari buruzko konstituzio-aurreikuspenei erreparatuta (27. artikulua), osasunaren babesari erreparatuta (43. artikulua), ezgaitasunen bat duten pertsonen errehabilitazioari eta integrazioari erreparatuta (49. artikulua) eta adingabeen babesari erreparatuta (39. artikulua), bere gain hartu beharko luke premia hori eta bideratu beharko luke estimulazioko tratamendu horiek jarraituak izatea, ikasturtearen iraupen handiagoak edo txikiagoak prestazioaren intentsitatea ez determinatzeko.
Eragin horietarako, ez zaigu garrantzitsua iruditzen zein organo administratibok hartu behar duen prestazio hori bere gain, ezta nola antolatuko den ere (zuzenean, zeharka edo are diru-laguntzak emanez ere). Baina, arrazoizkoa ematen ez duena da horrelako tratamenduen jarraitutasuna gurasoek haiek ordaindu ahal izatearen edo ezin ordaintzearen menpe geratzea.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Hezkuntza Departamentuari, Osasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea ezen, beharrezkoa bada beren jarduerak koordinatuz, ziurta dezaten adingabeei ikasturtean zehar ematen zaizkien estimulazioko tratamenduak eskola-garaiaz kanpo ere ematen jarraituko direla.
Bi hilabeteko epea ematea departamentu horiei iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezaten eta horren ondorioz hartuko dituzten neurriei buruz informa dezaten, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezaten. Orobat ohartarazten diet hala egiten ez badute Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia