Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 2ko 148/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 02

Función Pública

Gaia: Asistencia a docente afectada por discapacidad, para el adecuado ejercicio de sus funciones

Exp: 10/427/F

: 148

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, irakasle gisa bere eginkizunak betetzeko baldintzak direla eta.

    Kexa-idazkian azaltzen du gaixotasun bat baduela, eta hura zela medio pertsona ezgaitua dela aitortu zitzaiola, % 69 ezgaitasunarekin, bere garaian Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak horri buruz emandako ziurtagiriaren arabera.

    Interesdunak funtzio publikoan irakasle gisa sartzeko prozedura batean parte hartu zuen, hain zuzen ere Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendariak abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bidez deitutakoan, ezgaituentzat gordetako txandaren bitartez. Probak gainditu ondoren, 2008ko abuztuaren 5ean, Nafarroako Mendetasunaren Agentziak txosten bat eman zuen, lanpostuko lan eta eginkizunak betetzeko bateragarritasunari buruzkoa, eta hartan ondorioztatzen zen izangaiak behar adinako gaitasuna zuela. Ondorio horrekin batera, zenbait zehaztapen ematen zituen:

    “Gurpil-aulkiaren erabiltzailea denez, behar diren irisgarritasun baldintzak beteko dituzten lan-eremuak behar ditu, eta baldintza horiek ere eraikinerako, geletarako, komunetarako eta abarretarako sarbideetan, barnekoetan nahiz kanpokoetan, bete beharko dira.

    Laguntzako langileen premia dauka, bai dauzkan behar fisiologikoetan laguntzeko, bai hezkuntza-baliabideak lekuz aldatzeko eta ezartzeko ere.

    Kañoi proiektagailu bat behar du bere irakasle-lanetan aritzeko.

    Daukan ezgaitasuna dela eta, egokiagoa izanen litzateke lana ikasle nerabe/helduekin egitea.

    Adierazi bezala, adierazitako determinazio eta premia horiek, arestian aipatutako txostenean jaso zirenak, 2008/2009 ikasturtean bete egin ziren. Urte hartan, kexa-egilea orientatzaile destinoa izan zuen Zizurko BHIan eta Donapea IIPan, eta Hezkuntza Departamentuak kontratatutako zaintzaile baten laguntza izan zuen.

    Halere, bere irizpidearen arabera, 2009-2010 ikasturtean egoera aldatu da. Izan ere, urte horretan interesdunak “Andres Muñoz Garde” Hezkuntza Bereziko Ikastetxean eta CREENAn izan zuen destinoa. Adierazi bezala, destino horren arrazoia zen zaintzaileak, zeina aipatutako hezkuntza bereziko zentrokoa baitzen, une jakin batzuetan haren premiak bete ahal izatea, zerbitzuaren hartzaileak diren ikasleen premiak betetzeaz gainera.

    Interesdunak dioenaren arabera, azken ikasturtean, jasotako arreta eskasa dela medio, erreklamazio bat aurkeztu behar izan zion Hezkuntza Departamentuari sindikatu-erakunde baten bitartez. Erreklamazio horretan egoera salatu eta adierazten zuen ez zirela betetzen ari bateragarritasunari buruzko txostenean adierazitako baldintzak (zehazki, laguntza pertsonalaren premiari dagokionean).

    Kexa-egileak dio ezen, aipatutako erreklamazioa aurkezteaz gainera, elkarrizketa pertsonalak izan zituela Hezkuntza kontseilariarekin, Osasun kontseilariarekin eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearekin, baina ez zuela asetzeko moduko emaitzarik lortu.

    Zehazki, adierazitakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak, zeinari atxikita baitago, uste du ez dagoela behartuta harentzako laguntzaile pertsonal edo zaintzaile bat kontratatzeko, bere lana egin dezan. Halere, dioenaren arabera, gaiari buruzko kontsulta egina zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

    Kexaren amaieran zioen ezen, datorren ikasturtearen hasieratik, Bideko Ama Birjina Ospitalean dagoen Ospitaleko eta Etxez Etxeko Eskola-laguntzako Taldeko lanpostu batean hasi behar duela, eta eskatzen zuen bateragarritasun-txostenean ezarritako baldintzak bete daitezela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, gaiari buruzko informazioa eskatu zion Hezkuntza Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

     

  3. Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak honako txostena eman zuen:

    “Lehena.- [?] andrea Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu zen, Psikologia eta Pedagogia espezialitatean, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 28ko 2572/2007 Ebazpenaren bidez deitutako hautapen prozeduran, hain zuzen ere ezgaitasunen bat duten pertsonentzako gordetako txandaren bitartez.

    Lehiaketa- eta oposizio-aldiak gaindituta, [?] andrea praktiketako funtzionario izendatu zen 2008ko irailaren 1ean, eta destinoak esleitzeko ekitaldi publikoan Zizur Nagusiko BHIko lanpostu huts bat hautatu zuen, Iruñeko Donapea BHIan ere jarduteko beharrarekin, lanpostu ibiltaria baitzen.

    Nafarroako Mendekotasun Agentziak emandako txostenaren arabera, 2008ko abuztuaren 5ean, eta kontuan izanda Hezkuntza Departamentuak zein denbora gutxi zuen interesdunak langile laguntzaile bat edukitzeko zeukan premiari buruzko txostenaren edukia argitzeko, erabaki zen Hezkuntza Departamentuak 2008-2009 ikasturterako zaintzaile bat kontratatzea.

    Bigarrena.- 2009-2010 ikasturterako, kasuaren inguruabar bereziei erreparatuta eta [?] andrea ados zegoela, Hezkuntza Departamentuak interesdunari baimena eman zion eginkizunetan jarduteko Iruñeko “Andrés Muñoz Garde” Hezkuntza Bereziko Ikastetxean eta CREENAn, hain zuzen ere zentro horiek zaintzaileen plantilla bat badaukatelako, eta zaintzaile horiek, ikasleekin lan egiteaz gainera, [?] andrearen premietan ere lagun zezaketelako.

    Hirugarrena.- 2010-2011 ikasturteari begira, Hezkuntza Departamentuak interesdunarentzat daukan ezgaitasunaren araberako langile laguntzaile bat jarri behar duen ebazte aldera, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenen eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak kontsulta bat egin zion Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako Zuzendaritza Nagusiari.

    Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiak igorritako erantzunean aditzera ematen da ezen Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak aurreikusten duela, katalogoko prestazioetako baten moduan, laguntzaile pertsonal bat edukitzeko laguntza ematea, ikasten ari diren edo lan egiten duten eta 1 eta 2. mailako mendetasun handiko egoeran dauden pertsonentzako laguntza ekonomiko gisa. Halaber, esaten da lege horren arabera ez dela Hezkuntza Departamentuaren eskumena laguntzaile pertsonal batentzako prestazio bat ematea, txosten honi erantsitako agirian egiazta daitekeen bezala. Agiri horretan, izan ere, egindako kontsulta eta jasotako erantzuna ageri dira.

    Laugarrena.- [?] andreak parte hartu zuen Hezkuntza Kontseilariaren ekainaren 30eko 113/2009 Foru Aginduaren bitartez deitutako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen lekualdatze-lehiaketan, horretara behartuta baitzegoen behin-behineko destinoa duen funtzionarioa baitzen. Interesdunak, lehiaketa horretan, San Adriango “EGA” BHIan lortu zuen behin betiko destinoa, eta destino horren jabetza 2010eko irailaren 1a baino lehen hartu beharra zeukan.

    Alabaina, beste behin ere kasu honetan gertatzen diren inguruabar bereziei begiratuta, interesdunak eskatuta eta bera ados zegoela, Hezkuntza Departamentuak 2010-2011 ikasturterako proposatu du [?] andreak zerbitzu eginkizunetan jardun dezan, Bigarren Hezkuntza irakasle lanpostu batean ari dadin, hezkuntza orientazioko espezialitatean, CREENAn, Iruñean ikasleei ospitale-laguntza emateko.

    Azaldutakoa ikusita eta Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiak emandako txostenean jasotakoa abiapuntu hartuta, Hezkuntza Departamentuak uste du ez dagokiola departamentu horri [?] andrearen esku jartzea Hezkuntza Orientazioaren espezialitateko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa jarduteko behar duen langile laguntzailea. Hori, halere, ez da eragozpena izanen ahal diren neurri guztiak jartzeko langile horrek ahal den integraziorik handiena lor dezan.

  4. Ez da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eskatutako informazioa jaso, nahiz eta kexa-egileak harekin ere hartu-emana izan zuen. Hala eta guztiz ere, emandako epea iraganda eta kontuan izanda Hezkuntza Departamentuak beste departamentu haren irizpidearen berri eman duela, bidezkoa da kexa-espedientea ebaztea, gehiago luzatu gabe.

AZTERKETA

  1. Espediente honetan planteatzen den gaia honako honetan datza: zehaztea ea Hezkuntza Departamentuak, kexa-egilea atxikita dagoen organo administratiboak, haren esku jarri behar ote dituen bere laguntza pertsonalarentzako behar diren bitartekoak, hain zuzen ere hura izendatu aurretik eman zen bateragarritasun txostenean adierazi zirenak.

    [?] andreak irakasle kidegoan sartzeko hautapen prozedura batean hartu zuen parte, ezgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandaren bitartez. Hautaprobak gaindituta, Nafarroako Mendekotasun Agentziak txosten bat eman zuen, non adierazten baitzuen interesduna gai zela lanpostu horretan aritzeko. Txostenean, zenbait gogoeta egiten ziren, eta haien artean honakoa zegoen:
    “Laguntzako langileen premia dauka, bai dauzkan behar fisiologikoetan laguntzeko, bai hezkuntza-baliabideak lekuz aldatzeko eta ezartzeko ere”.

    Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako bateragarritasun txostena jaso ondoren, departamentu horrek interesduna funtzionario izendatu zuen.

  2. Hezkuntza Departamentuak aipatzen du Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritakoa, eta, zehazki, haren 19. artikuluan xedatutakoa (laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa), eta horretatik guztitik ondorioztatzen du ez dagokiola berari [?] andrearen esku jartzea Bigarren Hezkuntzako irakasle eginkizunen aritzeko behar duen langile laguntzailea.

    Erakunde honen iritziz, ikuspegi desegokia da aztergai dugun gaia ebatzi nahi izatea adieraziz Hezkuntza Departamentuak ez duela eskumenik abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotako laguntza pertsonalerako prestazio hori emateko.

    Aipatutako prestazioa, zian ere, pentsatuta dago mendetasunaren sistemak laguntza eman dezan hain zuzen ere mendetasun handia duten pertsonek hezkuntza eta lana lortzeko, bai eta haientzat bizimodu autonomoagoa bideratzeko, eguneroko oinarrizko jardueretan ari direnean (19. artikulua). Prestazio hori, mendetasunaren arloko legedia osoa bezalaxe, herritarrei dago zuzenduta (herritarren eskubide subjektiboa da, 1. artikuluaren arabera); hain zuzen ere, herritarrak Administrazioarekin lotuta daude lotura orokorreko hartu-emanen bitartez.

  3. Alabaina, hemen aztergai dugun kasuan, Hezkuntza Departamentuak funtzionario izendatutako pertsona bat aurkitzen dugu, eta pertsona horrek aipatutako departamentuari atxikita jarraitzen du, eta harekin estatutu-harreman bat dauka, izendapenaren ekintzaren beraren ondorioz.

    Horri dagokionez, adierazi beharra dago Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuak funtzionarioei eskubidea aitortzen diela beren karguari berezko zaizkien eginkizunetan jarduteko (36. artikulua), eta eskubide horrek korrelatiboki berarekin dakarrela harreman juridikoaren beste aldeak –Administrazioak– behar diren baliabide guztiak jarri behar dituela langileak eginkizun horiek duintasunez bete ditzan.

    Eta, baldin eta kasu honetan bezala, Hezkuntza Departamentuak funtzionario hori aipatutako bateragarritasun txostena eman eta ondoren izendatu baldin bazuen –hartan arestian transkribatutakoa ondorioztatzen zen–, ezinbestez ondorioztatu beharra dago departamentu horrek behar diren bitarteko guztiak jarri behar dituela funtzionarioak bere premiak bete ahal izan ditzan.

    Bestela, ondorio onartezin batera iritsiko ginateke, alegia, bateragarritasun txostenean jasotako determinazioak (“Laguntzako langileen premia dauka, bai dauzkan behar fisiologikoetan laguntzeko, bai hezkuntza-baliabideak lekuz aldatzeko eta ezartzeko ere”), funtzionario izendatzeko prozeduran sartu zenak, inongo eragin juridikorik ez duela.

  4. Azken batez, Hezkuntza Departamentuak laguntza pertsonal baterako prestazio ekonomikoa emateko eskumenik ez izateak ez dakar berarekin, inolaz ere, funtzionario horren premiak asetzeko behar diren bitartekoak jarri behar ez izatea, bitarteko horiek jarri behar direla adierazten baita hura izendatu aurretiko bateragarritasun txostenean.

    Horrek ez du esan nahi nahitaez laguntzaile kexa-egileak berari laguntzeko laguntzaile esklusibo bat behar duenik, baina bai pertsona bat egon beharra dagoela laguntzaile eginkizun horiek betetzeko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea behar diren bitartekoak jar ditzala Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bideragarritasun txostenean aipatzen den premia pertsonalari erantzuteko, txosten hori kexa-egilea funtzionario izendatzearen aurretik eman baitzen.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  3. Interesdunari, Hezkuntza Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia