Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 28ko 189/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 28

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con la denegación de una ayuda de Emergencia y de una solicitud de cambio de Servicio Social de Base.

Exp: 09/545/B

: 189

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. Aurtengo abuztuaren 14an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen. Larrialdiko laguntza bati eta oinarrizko gizarte zerbitzuaz aldatzeko eskariari ezezkoa emateari buruzkoa zen.

    Interesdunak azaltzen zuen hiru hilabeteko haur bat duela, eta ez berak ez bere senarrak lanik ez dutela. Langabeziako laurehun euro baino ez dute kobratzen, eta haien egoera guztiz txarra da.

    Kexa-egileak adierazten du Arrotxapeko Oinarrizko Gizarte Zerbizura jo zuela laguntza eskatzera, eta hasiera batean ez ziotela arretarik eman, esanez langile guztiak oporretan zeudela. Azkenik, astebete bat igarota, gizarte laguntzaileak hartu zuen, eta esan zion Iruñeko Udalari larrialdiko laguntza eskatzeko.

    Laguntza 2009ko uztailaren 30ean eskatu zuen. Laguntza, gizarte laguntzaileak esan dionaren arabera, ukatu egin diote.

    Interesdunak dio larrialdiko laguntza eskatzeko unean esan ziotela laguntza eskatzeko zeuzkan arrazoiei buruzko zinpeko adierazpen bat egin behar zuela, eta gizarte laguntzaileak ere egoerari buruzko txosten bat egin zuela. Txosten hori, interesdunak gizarte laguntzaileari eskatu zion, zeren eta haren edukia ezagutu nahi baitzuen, jakiteko laguntza zergatik ukatu zioten. Informazio hori ukatu egin diote.

    Kexa-egileak uste du txosten hori ezagutzeko eskubidea duela, bai eta larrialdiko laguntza ukatzeko arrazoiak ere.

    Halaber, azaltzen du oinarrizko gizarte zerbitzuaz aldatu nahi duela, Arrotxapeko gizarte laguntzaileekin izandako desadostasunen ondorioz. Uste du ez diotela laguntzarik ematen eta babesik gabe sentitzen da zerbitzu horretan.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

Berriki, udalaren txostena iritsi da erakunde honetara. Honakoa dio, hitzez hitz:

  1. “2009ko uztailaren 30ean, [?]-ren senarra den [?] jaunak “Larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsonentzako edo/eta familientzako zuzeneko prestazio ekonomikoa eskatu zuen. 2009-08-05ean erregistratu zen. Eskari horretan, elikagaien kontzeptuan eskatzen zen laguntza.

    Laguntza ekonomikoa jasotzeko eskari horretan, honako egoera azaltzen zen:

    Familia unitatea senar-emazteek eta alaba batek osatzen dute.

    Dauzkaten diru-sarrerak INEMek emandako familia-subsidiotik heldu direnak dira, Nafarroako Gobernuak ezarrita daukan oinarrizko errentaren zenbatekoarekin osatuak. Hori guztia Eskubide Sozialen Gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legea aldatzeko uztailaren 2ko 13/2008 Foru Legearen arabera. Izan ere, azken horretan ezartzen dira, gobernuak zehaztutako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin alderatuta, zein ehuneko aplikatuko diren 2008., 2009. eta 2010. urteetarako eta hurrengoetarako oinarrizko errentaren zenbatekoa finkatzeko. Lege horrek 2008ko uztailaren 16an hartu zuen indarra.

    Aztergai dugun kasuan, hiru kideren familia unitate baterako, Nafarroako Gobernuak guztira 748,80 euroko zenbatekoa ezarria dauka. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak zenbateko horren eta familia subsidioaren kontzeptuan jasotzen duenaren arteko aldea jartzen du. Oinarrizko errenta epe jakin baterako ematen da, baina epe hori luza daiteke hura ematea ekarri zuen inguruabarrak bere horretan dirauenean.

    Udal prestazio ekonomikoez arduratzen den erakundeak, Larrialdi Sozialeko egoeran dauden pertsonentzako edo/eta familientzako zuzeneko prestazio ekonomikoak erregulatzen dituen araudiari erreparatuz, ezezkoa eman zion aztergai dugun eskariari, hain zuzen ere 8.4. puntuan ezarritakoari jarraituz: “Oinarrizko errenta jasotzen baldin bada, ez da elikagaietarako eskaria aintzat hartuko...”

    Eskariaren justifikazioa zen Nafarroako Gobernuak aldi batez geroratzen dela kasuk zenbatekoa ordaintzeko. Epe horretan, eta Elizbarrutiko Caritas entitatearekin egindako akordioen arabera, entitate horrek ordainketa aurreratua egiten du eta gero Nafarroako Gobernuak kasuko zenbatekoa sartzen du, hain zuzen ere entitateak aurreratutakoa. Eskubide horretaz baliatuta, familiak Caritasi aurrerakina eskatu zion, eta eman egin zitzaion. Eskarian dioenaren arabera, abuztuan ez du oinarrizko errentaren zenbatekorik jasoko.

    Proposaturiko laguntza baloratu ondoren, ondorioztatu da ez direla arestian aipatutako inguruabarrak gertatzen. Caritasek eta Nafarroako Gobernuak oinarrizko errentaren aurrerakinei buruz lortutako akordioak helburu du kasuko familiak zenbatekoa hilero eskuratu ahal izatea, eta ez gelditzea hilabeteren batean diru-sarrerarik gabe. Horrenbestez, Elizbarrutiko Caritasek aurrerakina ordaintzen du, eta horrela hilero banatzen du Nafarroako Gobernuak gero ordaintzen duen zenbatekoa. Izan ere, Nafarroako Gobernuak lehendabiziko ordainketan eskaria egin zenetik prestazioa eskatu duenak bere kontuan diru-sarrera ekonomikoa eduki arte iragaten diren hilabete guztietako zenbatekoa batera sartzen du.

  2. Auzoko Unitateari buruz azaldu dituen kexei dagokienez, esan beharra dago Arrotxapeko auzoko unitateak esleituta duen eremuan lan egiten duela herritarren eskariak beren ingurunean eta testuinguru sozialean jaso eta lehen instantzian baloratzeko. Banakako, taldekako eta erkidego osorako laguntza eskaintzen du, orokorra eta balio anizkoitza. Gizarte zerbitzuen sistemako edo/eta bestelako babes-tresnetako prestazioak eskuratzeko herritarrek daukaten eskubidea bermatu nahi du.

    Unitate horrek gizarte-lanaren arloko bost langile iraunkor dauzka, eta laguntzako beste langile bat une puntualetan. Profesional horiek aurretik zatitutako auzoaren eremu jakin batez arduratzen dira. Horrenbestez, harremana langile berarekin izaten da, eta hura izaten da familiarentzako erreferentea. Aztergai dugun kasuan, prestazioa eskatu zen egunean, erreferentziako langilea oporretan zegoen, eta familiaren dinamika ezagutzen zuen unitateko beste langile batek jardun zuen laguntza emateko lanetan. Haren arabera, eskariari erantsitako txostenari jarraituz, menpekotasun handia duen familia bat da, gizarte zerbitzuetako prestazioak eskatu ohi dituena, eta arreta presaz eta zita eskatu aurretik eskatu zuen.

    Erreferentziako langilearen eta kasuko pertsonaren edo familiaren arteko desadostasunak dauden kasuetan, topaketa bat antolatzen da, ezinegonaren arrazoiak ezagutu ahal izateko eta akordioetara iristen saiatzeko, bai eta desadostasuna sorrarazi duten faktoreak aurkitzeko edo zuzentzeko ere. Ezinegona unitate honetako langile guztiekin gertatzen bada, ondoriozta dezakegu arrazoiak familiaren dinamikan bertan egon daitezkeela.

    Aipatzen den uztaileko eta abuztuko oporraldiari dagokionez, Arrotxapeko Auzo Unitatean uneoro lau gizarte langile aritu dira lanean, gutxienez ere. Kasuko langilearen arreta jaso ahal izateko, aurretik zita eskatu beharra dago.

    Halaber, zinpeko aitorpenak eta txosten sozialak, hain zuzen ere aipatzen diren agiriak, prestazioa arautzen duten arau indardunetako 7. idatz-zatian eskatzen diren agirietako batzuk dira.

    Horrenbestez, larrialdi sozialeko laguntzaren eskaria izapidetu zuen gizarte langileak eginiko txostenaren eskariari dagokionez, ez dago inongo arazorik hura eskuratzeko. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eskatzaileak eskari hori Udal Erregistroan aurkeztu beharko du, eskaria Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko idazkari tekniko Ana Góngora andreari zuzenduz, hain zuzen ere bera baita alor horretan dagoen dokumentuen artxiboko arduraduna.

    Horrenbestez, eta azaldutako egoeraren aurrean, aurretik hartutako erabakia berresten dugu”.

AZTERKETA

Hiru dira interesdunak azaldutako gaiak: larrialdiko egoera ekonomikoa ukatzea, Arrotxapeko Auzo Unitateko gizarte langileekiko desadostasunak eta laguntzaren eskaria izapidetu zuen gizarte langileak eginiko txostena ukatzea.

  1. Larrialdiko laguntza ekonomikoa ukatzea.

    Larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsonentzako edo/eta familientzako “zuzeneko prestazio ekonomikoak” emateko banakako ebaluazio araubideko diru-laguntzen deialdiak zuzeneko prestazio ekonomiko gisa definitzen ditu laguntza ekonomiko puntual eta subsidiarioak, aldizkakoak ez direnak eta nahierara ematen direnak; haien xedea da beste prestazio edo zerbitzu batzuen bidez konponbiderik eman ez zaizkien biziraupen-premia oinarrizkoak asetzea, eta gutxieneko errentengatik jasotzen diren prestazioen osagarriak izan daitezke.

    Eskariak baloratzeko irizpide objektiboen artean, 8.4 aipatzen da eskatzaileak oinarrizko errenta jasotzen duen kasuetan, ez dela elikagaietarako eskaria aintzat hartuko.

    Planteaturiko kasuan, familia unitatea gurasoek eta lau hilabete baizik ez dituen haur batek osatzen dute, eta INEMen familia-subsidio bat jasotzen dute, 400 eurokoa, zeinak oinarrizko errentaren ehuneko jakin batekin osatzen baitira guztira 748,80 eurora iristeko.

    Hala eta guztiz ere, dauden egoera txarra ikusita, uztailean interesdunek oinarrizko errentaren aurrerakin bat eskatu zuten, eta eman egin zitzaien. Horrek berarekin dakar abuztuan soilik 400 euroko zenbatekoa jasotzea, familia-subsidioari dagokiona.

    Iruñeko Udalak laguntza ukatzeko justifikazio gisa agertzen du interesdunek oinarrizko errenta jasotzen dutela. Hala eta guztiz ere, egiaz, abuztuan 400 euro baizik ez zuten jaso, uztailean oinarrizko errentaren aurrerakina eskatu baitzuten.

    Familiaren egoera ikusita, eta kontuan izanda hiru hilabeteko haur bat daukatela, eta laguntza horien xedea izaki “... udalaren erantzukizun sozialetik abiatuta, pobrezia endemikoko nahiz abagune jakin bateko pobreziako eta nor bere kasa gutxi baliatu ahal izateko egoeretan berariazko tresna aringarri bat edukitzea, gainerako prestazio sozialen osagarri gisa aplikatuko dena, eta deserrotzea edo gizarte bazterkeria sorraraz dezaketen edo larriago bihur dezaketen egoeretan ere baliatu ahalko dena”, erakunde honen iritziz eta adingabea babeste aldera, laguntzen deialdiaren interpretazio ahal den zabalena egin beharra dago.

    Hori dela eta, azaldutakoa bezalako egoera baten aurrean, erakunde honetatik Iruñeko Udalari gomendatu behar diogu arreta berezia eman diezaion familia horri, lau hilabete eskas dituen haur bat badaukanari, eta behar diren prestazio ekonomiko eta sozialak eman diezazkion, haur hori bere familia-ingurunean hazi ahal izan dadin.

  2. Desadostasunak Arrotxapeko Auzo Unitateko gizarte langileekin.

    Igorritako txostenean udalak dio erreferentziako langilearen eta kasuko pertsonaren edo familiaren arteko desadostasunak dauden kasuetan, topaketa bat antolatzen dela, ezinegonaren arrazoiak ezagutu ahal izateko eta akordioetara iristen saiatzeko, bai eta desadostasuna sorrarazi duten faktoreak aurkitzeko edo zuzentzeko ere.

    Hala eta guztiz ere, txostenean ez da egiaztatu topaketa edo bitartekaritza-lan hori egin den ala ez, ez eta hark emaitzarik eman duen. Hori dela eta, erakunde honek iradokitzen du inplikatutako alde guztien arteko topaketa hori egin dadin, konponbide batera iristeko.

  3. Gizarte langileak egindako txostena ukatzea.

    Iruñeko Udalak jakinarazi du inongo trabarik ez dagoela egindako txostena gizarte langileari emateko, interesdunak Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko idazkari teknikoari eskatzen badio.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari eta zehazkiago gizarte zerbitzuei gomendatu behar diogu arreta berezia eman diezaion familia horri, lau hilabete eskas dituen haur bat badaukanari, eta behar diren prestazio ekonomiko eta sozialak eman diezazkion, haur hori bere familia ingurunean hazi ahal izan dadin.

  2. Arrotxapeko Auzo Unitateari gomendatzea ezen, oraindik egin ez badu ere, topaketa bat antola dezan unitateko langileen eta familia horren artean, konponbide batera iristeko.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hauen onarpenari eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  4. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia