Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Deficiente atención de anciana dependiente por parte de la trabajadora social del Servicio Social de Base
Exp: 09/526/B
Nº: 188
Gizarte ongizatea
2009ko abuztuaren 4an, [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Kexa-egilearen [?] amari Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Sartagudako Gizarte Zerbitzuan emaniko arreta eskasari buruzkoa da kexa. Interesdunak 1. mailako menpekotasun handia du aitortua.
Menpekotasun handia duen amari esleituta daukan gizarte-langileak emandako arretan izandako irregulartasunen eta gabezien sail eta sekuentzia zehatz bat azaltzen zuen. Esate baterako:
Lehenengoa: Asteko pastillen zorroa betetzeari ezezkoa ematen diote, nahiz eta beste gaixo batzuekin hori egiten duten. Kexa-egilea liskartia dela argudiatzen dute horretarako.
Bigarrena.- “Somacina” izenekoa ez diote pastillen zorroan sartzen. Goizez ematen diote, eta, beraz, kexa-egilea da gauaz harrarazi behar diona.
Hirugarrena.- Ez dituzte beren betebeharrak betetzen: sendagilearengana eraman, arropa hedatu, erosketa egin eta jatekoak prestatu.
Laugarrena.- Amak laguntzako ordubete du esleituta. Sekula ez diote ordubeteko arretarik ematen, eta batzuetan ordu erdira ere ez da iristen arreta.
Azaltzen du ez dagoela ados zerbitzuak ematen dion arretarekin eta, bukatzeko, eskatzen du Mendabiako Gizarte Zerbitzuaren jokabidea azter dadin. Aldi berean, amari laguntza emanen dion gizarte-langilea hautatzeko aukera eman dakion.
Mankomunitateko lehendakariak, irailaren 9an, txosten bat igorri zigun. Bertan, honakoa azaltzen digu:
“Etxez etxeko laguntza zerbitzuen filosofia da erabiltzaileak bere etxean duen autonomia pertsonala bilatzea. Sekula ere ez da eginen laguntza hartzen duen pertsonak berak edo familiak beren kabuz egin dezaketena; autonomia sustatuko da eta saihestu eginen da, ahal den guztian, ezgaitasun progresiboa gerta dadin. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak ez du ordeztu behar familiaren legezko erantzukizuna, erantzukizun soziala eta erantzukizun emozionala, eta laguntzarako prestazio osagarria izanen da.
Gogoratu beharra dago Kode Zibileko 143. artikuluak honakoa dioela: “Elkarri mantenua eman behar diote, aurreko artikuluan adierazitako hedadura osoan: 1. Ezkontideek. 2. Aurreko eta ondorengoek.
Planteatutako kasura itzulita, gustatuko litzaidake honako egoerak argitzea:
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan bi lanbide-profil desberdin lantzen ditugu: gizarte-langilea eta familia-langileak. Aurkeztutako idazkian eginkizunak nahasten dira; hau da, gizarte-langilea da programa koordinatzen eta kudeatzen duena eta familia-langileak dira erabiltzaileen etxeetan kasuan kasuko lanak egiten dituztenak.
Arauetan jaso bezala, etxez etxeko laguntza zerbitzua zerbitzu tekniko bat da, eta haren jarduerek aurretiko balorazio bat eskatzen dute. Inoiz ere ez da erabakirik hartzen arrazoi pertsonalengatik, baizik eta arrazoi objektibo eta profesionalengatik, nahiz eta horiek beti bat etorri ez familiaren interesekin.
Interesdunak dio etxez etxeko laguntza zerbitzuak ezezkoa ematen diola asteko pastillen zorra betetzeari. Esan beharra dago, lan hori ez dagokiela familiako langileei, eta are gutxiago familia bat dagoenean ia egunero erabiltzailearen etxera joaten dena, kasu honetan gertatzen den bezala. Egia da garai batean aztergai dugun kasuko etxean lan hori egiten zela, baina gorabehera bat izan ondoren, erabaki zen pastillen zorroa prestatzeari uztea, arestian azaldu bezala. Esan beharra dago gaur egun familia-langileak gosaria ematen diola erabiltzaileari, eta goizean hartu beharreko sendagaiak ere ematen dizkiola.
Interesdunak dio sendagilearengana eramateko, arropa hedatzeko, erosketa egiteko eta jatekoa prestatzeko betebeharrak ez direla betetzen. Esan beharra daukagu familia-langileek ez dutela erabiltzaileak beren ibilgailu partikularretan eramateko inongo betebeharrik. Egia da familia-langileetako batzuek hori egiten dutela, beren eginkizunak gaindituz eta beren ardurapean, baina esan beharra dago hori egiten dutela eginkizun horretaz arduratuko den familiarik ez dagoen kasuetan. Arropa hedatzeari eta erosketa egiteari dagokionez, familia-langileak komenigarri ikusi duenean egin ditu lan horiek; jatekoak prestatzeari dagokionez, azkenik, ez dugu uste erabiltzaileak premia duenik hori egunero egin dakion.
Interesdunak dio bere amak ordubeteko arreta duela esleituta: egia da hori. Eta sekula ez diotela ordubeteko arretarik ematen, eta batzuetan arreta ordu erdira ere ez dela iristen. Onartu beharra daukat aparteko kasuetan [?]-ren ordutegia, beste batzuena bezala, bi arrazoirengatik aldatzen dela: familia-langileak aurretik joan beharreko etxebizitzetan gorabeheraren bat izan da, ohiz kanpokoa, eta eman beharreko denbora luzatu da; horrenbestez, berandu iritsi da [?]-ren etxera. Egoera hori bera [?]-ren etxebizitzan gerta daiteke, eta litekeena da hurrengoengan eragina izatea. Ulertu beharra dago adineko pertsonekin egiten dugula lan, eta egun guztiak desberdinak izaten direla. Gogoratu beharra dago, gainera, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren printzipioetako bat arretaren malgutasuna dela. Arretaren denbora laburtzeko beste arrazoia da familia-langile batek lanera huts egitea eta denboraren premia dela eta ezin ordeztea. Haiek ere pertsonak dira eta familiak dauzkate, eta gaixotasunak, istripuak eta abarrekoak izan ditzakete, eta litekeena da nire burua behartuta ikustea ordutegia egokitzera, ahal den erabiltzaile gehienei arreta emateko. Esan beharra dago halako kasuetan arreta pertsonalari ematen zaiola lehentasuna, zeren eta etxeetako garbiketak hurrengo egunerako ere utz baitaitezke. Berriz ere esan beharra daukat egoera horiek aparteko kasuetan baizik ez direla gertatzen eta, gainera, gertatzen jarraituko dutela, pertsonekin egiten baitugu lan.
Familia-langilea hautatzeko eskariari dagokionez, ezezko borobila eman beharra daukagu, eta arrazoi batengatik baino gehiagorengatik: etxez etxeko laguntza zerbitzua profesionalen talde batek osatuta dago, eta haiek hautatzeko lanpostuaren lanbide-profilerako egokiak diren trebetasun eta ezagutzei erreparatu zaie, eta ez irizpide subjektiboei. Ez da ahaztu behar familia-langileak direla, askotan, erabiltzaileez gehien arduratzen diren pertsonak eta haien etxera gehien joaten direnak, eta erabiltzaileek haiengan jartzen duten konfiantza, askotan, senideengan jartzen dutena baino handiagoa dela; halako kasuetan, distantziari eta profesionaltasunari eustea (biak ere oso garrantzitsuak eguneroko egoeretan eta gertatzen diren egoera zailetan) oso zaila da, eta txandak egitea lagungarri gertatzen da muga horiei eusteko, bai familia-langilearen eta erabiltzaileen arteko harremanean bai alderantzizko harremanean ere.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeko 31.1.b) artikuluak honakoa ezarri zuen: “Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa, menpekotasuna duten pertsonei haien ohiko ingurunean ahal den luzaroen gelditzea ahalbidetzeko xedea duena”. Helburu hori bera Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Sartagudako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko etxez etxeko zerbitzuari buruzko ordenantzako 4. artikuluan araututa dago, eta honakoa gehitzen da bertan: “eta ahal den bizi-kalitate maila handienarekin, aukera egoki batekin aurrea hatuz eta saihestuz beharrik gabeko internamenduak eta horrek ingurunearekiko dakarren deserrotzea”.
Azken buruko helburua betetzeko, Administrazioak hartu behar du parte, alde batetik, gizarte zerbitzuen bitartez; beste aldetik, familiak ere hartu behar du parte, kasu honetan menpekotasuna duen pertsonaren seme-alabek. Eta guztiek elkarrekin koordinatu beharko dute, bilatzen den helburua lortu ahal izateko: kexa-egilearen amak bere etxean bizitzen jarraitu ahal izatea, duintasunez eta autonomiaz.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ez dio ahalmenik ematen erakunde honi partikularren –kasu honetan, [?] andrearen seme-alaben– jardunetan eragiteko edo haiek gainbegiratzeko. Alabaina, gure lehentasunezko eginkizuna denez herritarrak Administrazioaren balizko gehiegikerietatik eta utzikerietatik babestea, eskudunak gara toki entitateen oinarrizko gizarte zerbitzuen jarduera gainbegiratzeko.
Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Sartagudako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak banakako laguntza proiektu bat prestatu zuen kexa-egilearen amarentzat; hartan, besteak, beste, zehazten da honakoak direla garatu beharreko jarduerak: “Etxebizitza garbitzea; garbiketa eta higiene pertsonala; janzten laguntzea; sendagaiak egoki hartzea gosaltzeko garaian. Laguntza egunero 60 minutukoa izanen dela zehazten da.
Kexa-egilearen eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren arteko adostasunik eza, hau da, koordinazio eza, gai puntualengatik heldu da; esate baterako, arropa hedatzea eta menpekotasuna duen pertsonaren pastillen zorroa betetzea. Erakunde honen iritziz, lan horiek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak garatu beharreko jardueren artean sartzen dira, eta hain denbora gutxi hartzen dute, non eguneroko laguntzako hirurogei minutuen barruan egin beharko balirateke. Are gehiago, kontuan izanda aurretik gizarte-langileak asteko pastillen zorroa betetzen zuela eta, dirudienez, menpekotasuna duten beste pertsona batzuekin hori egiten jarraitzen dela, arrazoizkoa dirudi berriz hastea lan hori egiten; badirudi, izan ere, hori egiteari utzi zitzaiola kexa-egilearen eta gizarte zerbitzuko langileen artean izandako liskarren batengatik. Arrazoi hori, dena den, erakunde honen iritziz ez da nahikoa menpekotasuna duen pertsonaren osasunean eragina izan dezaketen erabakiak hartzeko.
Aitzitik, [?] andrearentzat Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egindako banakako laguntza proiektuan, zenbait eginbehar ez dira sartzen; esate baterako, sendagilearengana eramatea, erosketa egitea edo jatekoak prestatzea. Erakunde honen iritziz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eginbehar horietaz arduratzea, baloratzen ari garenaren antzeko kasu guztietan, sistema bera kolapsatuko luke, edo bideraezin bihurtuko luke, ekarriko lukeen kostu handia dela eta. Hortxe dute familiak, seme-alabek, beren esparrua, beren betebeharra eta erantzukizuna betetzeko alorra, amari arreta emateari dagokionez. Eta seme-alabek beren betebeharrak betetzeko modurik ez badute, beste aukera batzuk aztertu beharko lituzkete; esate baterako, egoitza batera eramatea edo laguntza ekonomiko osagarri bat eskatzea.
Azken batean, [?] andrearen banakako eskubideak eta seme-alaben betebeharrak direla eta, lehentasunez hartu behar dira kontuan kexa-egilearen amaren interesak, bizi-kalitatea, autonomia eta bere ingurunean integratzea. Hori dela eta, behar diren jarrerak hartu beharko dira inplikaturiko eragileen –Gizarte Zerbitzua eta seme-alabak– arteko koordinazioa eta lankidetza modu normalean gara daitezen, [?] andreari behar diren arreta eta zainketa emate aldera.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Sartagudako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gomendatzea familia-langileari eslei diezaion menpekotasuna duen pertsonaren asteko pastillen zorroa betetzeko ardura; halaber, gizarte-langileari eslei diezaion [?] andrearen senideekiko lankidetza eta koordinazio hobeak bultzatzea, haien beharrei egoki erantzuteko, onetsitako banakako laguntza proiektuaren arabera.
Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Sartagudako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko; eta ohartaraztea hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia