Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos procedentes de la múisica de los bares, así como falta de insonorización en los mismos
Exp: 10/669/M
Nº: 167
Ingurumena
2010eko irailaren 7an, [?] andreak eta beste batzuek izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten San Adriango Udalak ezer ere egin ez duelako aisialdiko lokaletatik heldutako zaraten aurrean.
Azaltzen dute San Adriango Kale Nagusiko eta San Jeronimo kaleetako bizilagunak direla, eta ingurumen arazo larri bat pairatzen dutela, zeren eta esparru horretako tabernek ez baitituzte betetzen ixteko ordutegia eta musikaren bolumenari buruzko mugak. Ate-leihoak zabalik uzten dituzte; eta, are gehiago, batzuek ez dituzte intsonorizazio arauak betetzen.
Azaltzen dute asteburuetan, ostiraletik igandera, tabernetatik heldu diren zaratek lo egitea eragozten dietela. Egoera hori udalari jakinarazi zaio, baina horrek ez du inongo neurririk hartu herritarren eskubideak errespetarazte aldera.
Zaraten neurketei buruzko aktak erantsi dituzte. San Adriango Udaltzaingoak eginak dira, 2010eko maiatzaren 16an eta ekainaren 20an, eta haien bidez berresten da “[?]” eta “[?]” tabernetatik heldu diren zaratek arauetan ezarritako mugak gainditzen dituztela.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakin ahal izateko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion San Adriango Udalari.
2010eko irailaren 21ean, San Adriango Udalak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Beste bizilagun baten kexaren eraginez zabaldutako 10/342-M espedientearen kasu, toki, taberna eta arazo berak direla. Horri, udalaren aldetik, erantzun bera eman behar diogu, alegia, behar diren neurriak hartzen ari direla, gure udaltzainek ixteko ordutegiak eta abarrekoak kontrolatzeari dagokionez, eta gaur egungo arauak betearaziko direla, baina, halaber, ulertu beharra dagoela hori guztia pixkanaka egiten ari dela, behin jaiak iragan ondoren, uztailaren amaieran, eta dela egia lehengo eragozpen berak daudenik.”
Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak mugatu du jada zein diren zaratak edo kontaminazio akustikoak ukitutakoen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
2010eko maiatzaren 16an eta ekainaren 20an San Jeronimo kaleko 4. zenbakiko geletan eta logeletan egindako sonometrien emaitzak kontuan izanda, ondorioztatzen da gaueko ordutegian aplikatzekoak diren arauetan ezarritako mugak ez direla betetzen ari. Horrenbestez, bere eskumenez baliatuta eta bere betebeharrak betetze aldera, ikusita kanpoko soinu-mailak gainditzen dituela ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15. artikuluan (ezartzen du ez dela baimenduko etxebizitzetan, lokal hartzaile gisa, egunez 40 dezibelioko eta gauez 35 dezibelioko mugak gainditzen dituzten jarduera edo instalazioen funtzionamendua) eta 16. eta 17. artikuluetan ezarritako balio zehatzak (dBAtan neurtuak), udalak aplikatu beharra dauka aipatutako foru dekretuko VI. kapituluan, arau-hauste eta zehapenei buruzkoan, ezarritakoa; izan ere, foru dekretu horren bitartez ezarri ziren zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.
Aipatutako xedapenak ez betetzeak, 135/1989 Foru Dekretuko 26. artikuluan jasotako jarduera hauek dakartza:
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
San Adriango Udalari gogoraraztea legez zaindu beharra duela Kale Nagusiko eta San Jeronimo kaleko tabernetako jardueren funtzionamendu baldintzak betetzen direla, bereziki ordutegia eta soinu mugak betetze aldera, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu behar dituela zarata gutxitzeko edo deuseztatzeko eta, kasua bada, behar diren aparatuak edo ekintzak geraraztea edo ixtea aginduko du, egiaztatutako akatsei konponbiderik ematen ez zaion bitartean.
Bi hilabeteko epea ematea San Adriango legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela-eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia