Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 21eko 186/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 21

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Tardanza en resolución de Recurso de Alzada interpuesto

Exp: 09/505/D

: 186

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 22an, [?] jaunak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka aurkeztutako idazkia sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen erretiro-eskubidea ukatzearen aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa behar zen epean ebatzi ez zelako.

    Azaltzen zuen 2009ko otsailaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ziola, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 191/2009 Ebazpenaren aurka. Ebazpen horren bidez, izan ere, ukatzen zitzaion bere borondatez erretiroa hartzeko eskubidearen aitorpena.

    Errekurtsoa aurkeztu zuenetik bost hilabete iraganda, errekurtsoa ebatzi gabe zegoen.

    Halaber, adierazten zuen bere borondatez erretiratzeko eskubidea ez aitortzea bazterkeriazko jokabide bat dela, zeren eta 2008ko uztailaren 3an hirurogei urte bete baititu, eta zerbitzuan 2009ko martxoaren 6an hogeita hamabost urte eman baititu; horietatik 34 urte eta 137 egun Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari emandako zerbitzuak dira (1980ko abuztuaren 14an sartu zen, eta 5 urte, 9 hilabete eta 25 eguneko zerbitzuak aitortu zitzaizkion). Horiei guztiei beste 227 egun gehitu behar zaizkio (1965eko abuztuaren 16tik 1966ko martxoaren 30era), Gizarte Segurantzako (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala) entitate kudeatzaileak aitortuak, Espainian kokatutako salestarren kongregazio erlijiosoko kidea izateagatik.

    Adierazten du Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ezezkoa eman diola bere borondatez erretiratzeko eskubidea aitortzeari, eta horretarako oinarri gisa martxoaren 31ko 432/2000 Errege Dekretua hartu duela; izan ere, errege dekretu horrek arautzen du Estatuko klase pasiboek Gizarte Segurantzari kotizatu eta aitortutako aldien araubidearen kontaketa, Eliza Katolikoko sekularizatutako apaizei eta erlijiosoei dagokionez. Bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren arabera, errege dekretu hori ez zaio kexa-egileari aplikatzekoa, 1974tik Nafarroako Gobernuko funtzionario gisa antzinatasuna aitortua duelako, eta horrekin saihestu nahi duelako bera bilduta dagoen Pasiboei buruzko Foru Legearen aplikazioa (martxoaren 5eko 10/2003), Estatuko legedira joaz.

    Amaitzeko, eskatzen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua premia dadin aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazteko, eta iradokitzen du Pasiboei buruzko Foru Legeko seigarren xedapen gehigarria aplikatuz zerbitzuen aitorpenean aplikatzen ari den irizpidea aldatzeko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. Irailaren 3an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:
    1. Administrazio honek ezin izan du berariaz ebatzi, behar den denboran eta moduan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Hori zor izan zaio aurkeztutako errekurtsoetako espedienteak metaturik egoteari; hori, halere ez da oztopoa errekurtso hori laster ebazteko, legez ezarritako epeaz kanpo bada ere.
      Aurrekoa gorabehera, adierazi beharra dago errekurtsoa aurkeztu zenetik berariazko ebazpenik eman gabe hiru hilabete baino gehiago iragan direnez, interesdunak uler dezakeela, arau indardunen arabera, errekurtsoa ustez ezetsi egin dela; horrek aukera ematen dio, izan ere, dagokion ordena jurisdikzionalean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
    2. [?] jaunak eskatutako borondatezko erretirorako eskubidea ez aitortzea ez da bazterkeriazko inolako jarduerarik edo erabakirik, ondoren azaltzen dugunetik ondoriozta daitekeenaren arabera:
      1. Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko 37. artikuluak ezartzen du ezen funtzionarioek borondatezko erretiroko pentsioa jasotzeko eskubidea sortzeko, egiaztatu beharko dutela 60 urte bete dituztela eta kotizatzen 35 urte eman dituztela, eta urte horietatik gutxienez ere bi eskubidea sortu aurre-aurreko hamabost urteetan.

        Hori dela eta, [?] jaunak 60 urte dituen arren, ezin du borondatezko erretiroa lortu, eskatzen diren baldintzetatik bigarrena, 35 urteko kotizazio-aldia, ez duelako betetzen. Eta hala da, zeren eta Nafarroako Gobernuan aitortua duen antzinatasuna 1974ko urriaren 20tik aurrerakoa izanda eta Gizarte Segurantzari kotizatutako aldia gehituta (alegia, 19 egun, 1974ko urriaren 1etik urriaren 19ra, biak barne), 2009ko irailaren 11n iritsiko baita 35 urteko kotizazio-aldia betetzera; horrenbestez, ezin du erretiroa bere borondatez hartu egun hori iritsi baino lehen.

      2. Bestalde, aipatutako foru legeko seigarren xedapen gehigarriak apaiz edo bestelako erlijio-langile izandakoei jarduera horien aldiak kontatzeko modua arautu zuen, eta hartan ezarritakoaren arabera aipa daiteke aitorpenaren eragin bakarrak direla haiei bidea ematea erretiroko pentsioa edo, kasua bada, aitortutako edo aitortu beharreko pentsioaz goitiko kopuru bat jasotzeko, legedi orokorrean eskatutako baldintza guztiak betetzeagatik.

        Horixe ondorioztatzen da bai martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarrian, bai Gizarte Segurantzaren arloan indarra duten arauetan ezarritakotik –azken horretarako igorpena berariaz jasotzen du gure araudiak–, eta jasota ageri da neurri fiskal, administratibo eta sozialei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legeko hamargarren xedapen gehigarrian eta aipatutako lege-aurreikuspenak garatzen dituzten martxoaren 27ko 487/1998 eta abenduaren 11ko 2665/1998 errege dekretuetan.

        Horietako lehenbizikoak berariazko arau batzuk ezartzen ditu ministerioan edo erlijioan aritu diren pertsonek emandako denbora kontatzeari dagokionez, ahalbidetzeko erretiroko pentsiorako eskubidea aitor dakien. Izan ere, errege dekretu honen aplikazio eremuan dauden eta ezaldiko epera iristen ez diren pertsonei, behar adinako kotizazio errealak guztiz edo zati batean falta dituztelako, erretiroko pentsio bat jasotzeko eskubidea aitortu ahalko zaie honako bi baldintza hauek betetzen dituztenean: a) 65 urte beteak edukitzea –ezin izanen dira erretiro aurreraturik edo adin hobaridunik egon–; eta b) kotizaziopeko erretiroko pentsiorako eskubidea ez izatea babes sozialeko inongo sistema publikoren ondorioa. Kasu horietan, Gizarte Segurantzari kotizazioa ordaindutakoak balira bezala aitortzen zaizkie erretiroko pentsiorako eskubidea edukitzearen eraginetarako, hamabost urteko kotizazio-aldia osatzeraino, apaiz jardueran edo erlijio-lanbidean emandako behar diren urteak, egiazta ditzaketen egiazko kotizazio urteei batuta, horixe baita pentsio bat eskuratzeko behar den gutxieneko aldia.

        Eta aipatutako bigarren errege dekretuak, aurrekoaren osagarria denak, berariazko arauk batzuk ezartzen ditu apaiz jarduneko edo erlijio-lanbideko urteak erabiltzeko dagoen oinarri arautzaileari aplikatzekoa zaion ehunekoa berrikusteko (eta, azken batean, jaso beharreko pentsioaren zenbatekoa berrikusteko), kontatutakoei asimilatu gisa aitortutako aldiak gehitzeko; betiere honako egoeretako bat beharko da horretarako:

        • Pentsioduna izatea, erretiroko pentsio bat sortu izatearen ondorioz, dela pentsio aurreratua, dela borondatezkoa nahiz behartutakoa, arau orokorrei jarraituz.
        • Pentsiodunaren izaera aitorturik ez edukitzekotan, legedi orokorrean erretiroko pentsio baten hasierako aitorpenerako eskatzen diren baldintzak beteta edukitzea.
      3. Horrenbestez, eta eskatzailearengan metatzen diren inguruabarrak ikusita, ondorioztatzen da interesdunak kotizazio errealeko 35 urteak bete arte itxaron behar duela borondatezko erretiroa hartu ahal izateko, zeren eta bere kasuan ezin baitira aplikatu martxoaren 27ko 487/1998 Errege Dekretua eta abenduaren 11ko 2665/1998 Errege Dekretua, hain zuzen ere honako arrazoi hauengatik:
        • Lehendabizikoa, martxoaren 27ko 487/1998 Errege Dekretua, errege dekretu horretako 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak ez betetzeagatik, eta zehazki adinari dagokion baldintza ez betetzeagatik (alegia, 65 urte edo gehiago edukitzea).
        • Bigarrena, aurrekoaren osagarria dena, abenduaren 11ko 2665/1998 Errege Dekretua, araudi orokorrean aipatu errege dekretuko 3. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den erretiroko pentsioaren hasierako aitorpenerako eskatzen diren baldintzak ez betetzeagatik (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan erretiroko pentsioa arautzen duten xedapen orokorrak aipatzen ditu igorpen horrek; Auzitegi Goreneko Lan arloko Salak 2008ko urriaren 13an aipatzen duen bezala).

          [?] jaunaren kasuan, atxikita dagoen eskubide pasiboen sisteman arautzen den borondatezko erretiroari buruzko xedapen orokorretara jo beharra dago, hain zuzen ere Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko 37. artikuluan jasota daudenetara.

          “Funtzionarioak honako baldintzak betetzen dituenean, zilegi izanen da borondatezko erretiroa, berak hala eskatuta:

          Hirurogei urte beteak izatea.

          Hogeita hamabost urtez kotizatu duela frogatzea, eta horietatik bi, gutxienez, pentsio eskubidea sortu aurre-aurreko hamabost urteetan”.

          Horrenbestez, eskatzen diren baldintzetatik bigarrena betetzen ez duenez –alegia, hogeita hamabost urteko kotizazio erreala egiaztatzea, horretarako kontuan hartuta soilik egindako kotizazioak–, ezin da abenduaren 11ko 2665/1998 Errege Dekretua aplikatu.

    3. Azkenik, kexa-egilearen alegazioak direla eta, honakoak argitu behar ditugu:
      1. Martxoaren 31ko 432/2000 Errege Dekretua, zeinak arautzen baitu Estatuko klase pasiboek Gizarte Segurantzari kotizatu eta aitortutako aldien araubidearen kontaketa, Eliza Katolikoko sekularizatutako apaizei eta erlijiosoei dagokienez, ez da kasu honetan aplikatzekoa, zeren eta Estatuko klase pasiboetako araubidean sartzen diren funtzionario publikoentzako berariazko araudiaren zati bat baita, zerikusirik batere ez duena Nafarroako administrazio publikoetako montepioekin.
      2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak interesdunari eman dion lan bizitzari buruzko txostenean, langile autonomoen araubide bereziaren barrenean eta “Relig. y Sacerd. Secularizados-C.Pasivas” izenaren pean 227 egun agertzeak –hain zuzen ere 1965eko abuztuaren 16tik 1966ko martxoaren 30era bitarteko aldiari dagozkio– ez du garrantzi praktikorik, zeren eta egoera hori informazio-eraginetarako baizik ez baitu jasotzen (aldi horren egiaztagiri moduan ematen da, Eliza Katolikoko sekularizatutako apaizei eta erlijiosoei jarduera-aldiak aitortzeari begira, pentsioa sortzeko edo haren zenbatekoa berrikusteko).
    4. Arestian azaldutakoa ikusita, ondoriozta daiteke borondatezko erretirorako eskubidea aitortzeari –hain zuzen ere Jesús Mª [?] Miranda jaunak eskatutakoa– ezezkoa emateko ebazpena ez dela aplikatzekoa den arauaren aurkakoa, eta Zuzenbidearen araberakoa dela; horrenbestez, ez dago berdintasunerako eta baztertua ez izateko eskubidearen inongo urratzerik, horiek baitira interesdunak salatu dituenak.

AZTERKETA

  1. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazio publikoek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarritako gehieneko epean bete behar da. Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko epea hiru hilekoa da (42.2 artikulua, aipatutako 30/1992 legeko 115.2 artikuluarekin lotura duena).

    Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko duten eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

  2. Hemen planteaturiko kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nabarmenki ez du bete behar den epean ebazteko eta jakinarazteko zuen legezko betebeharra. Horrenbestez, interesdunak administrazio zuzenerako duen eskubidea ere kaltetu da, hain zuzen ere abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7. artikuluaren indarrez badaukana.

    Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak erabilitako argudioak, aurkeztutako errekurtsoen espedienteak metatutarik egoteari buruzkoak, ez du justifikatzen eta ez du salbuesten aurkeztutako errekurtso administratiboei berariazko ebazpena emateko eta ebazpen hori behar den epean emateko eskubidea, ez eta administrazio zuzen baterako eskubidea ere. Eskubide horiek eraginkor egiteko, horixe baita administrazio publiko ororen ezin saihestuzko betebeharra, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak behar diren bitarteko guztiak jarri beharko ditu, hain zuzen ere administrazioaren jardueran gertaturiko gabeziak gainditzeko –egiturazko nahiz abaguneko gabeziak izan–, kontuan izanda herritarrari zerbitzua ematea dela Administrazioaren eginkizun nagusia.

    Jada adierazi dugun bezala, ondorio prozesal hutsetarako besterik ez bada ere, uler daitekeen arren gora jotzeko errekurtsoa ezetsi egin dela, gogoratu beharra dago aipatutako gora jotzeko errekurtsoa berariaz ebatzi behar dela.

  3. Kexa-egileak, zeina Eliza Katolikoko erlijiosoa izan baitzen 1965eko abuztuaren 16tik 1966ko martxoaren 2ra (228 egun), erakunde honi eskatzen dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradoki diezaion eskatutako zerbitzuen aitorpenerako Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko 10/2003 Foru Legea aplikatuz erabili duen irizpidea aldatzeko.

    Nahiz eta, kexa aztertu ondoren, erakunde honek ateratzen duen ondorioa, erlijio-lanbidean emandako aldiak Gizarte Segurantzari kotizazioa ordaindutako alditzat aitortzeari dagokionez, eragin praktikoetarako, bat etorri Departamentuaren txostenetik heldu denarekin, gure ondoriorako argudio-oinarria, hots, oinarri juridikoak, bestelakoak dira, eta oso desberdinak ere bai. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarentzat ez dira bete erlijio-lanbidean emandako aldia Gizarte Segurantzari kotizazioa ordaindutako alditzat aitortzeko ezarrita dauden baldintzak. Kexa-egileak, bere idazkian (gora jotzeko errekurtsoaren kopia ere badakarrena), behar beste argudio ematen ditu zati batean behintzat Administrazioak eskariari ezezkoa emateko erabili dituen arrazoiak indarrik gabe uzteko. Hala eta guztiz ere, erakunde honek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak atera duen ondorio bera ateratzen du, baina hurrengo puntuan azalduko dugun argudioak erabiliz.

  4. Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarriak eskubide pasiboen eraginetarako Gizarte Segurantzari kotizazioa ordaindutako alditzat aitortzen dizkie erlijio-langile gisa emandako urteak, Gizarte Segurantzako araudian aurreikusten duen moduan, Nafarroako administrazio publikoetako montepioetan eskubide pasiboak dituzten funtzionarioei, aurretik Eliza Katolikoko erlijioso izan eta lanbide hori utzi dutenei.

    Honakoak dira arestian aipatutako foru legeko “Gizarte Segurantzako araudian aurreikusten duen moduan” kontzeptua mugatzen duten zutabe edo oinarrizko arauak:

    Eliza Katolikoko erlijio-gizon nahiz -emakumeak norbere konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartzeari buruzko abenduaren 29ko 3325/1981 Errege Dekretua.

    Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren 1994ko Lege Orokorreko testu bategina onesten duena. Izan ere, bigarren xedapen iragankorreko lehenengo idatz-zatian honakoa ezarri zuen: “Gizarte Aseguru Bateratuen, Langabeziaren eta Lan Mutualitateen aurreko araubideetan eginiko kotizazioak kontatu eginen dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren prestazioez gozatu ahal izateko”.
    Abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuak, zeinak norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezia (RETA) arautzen baitu, laugarren xedapen iragankorreko lehenengo puntuan, honakoa ezarri zuen: “Langile autonomoen lan mutualitateen aurreko araubidean eginiko kotizazioak kontuan hartuko dira dekretu honek arautzen duen araubide bereziaren prestazioez gozatzeko”.

    Neurri fiskal, administratibo eta sozialei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legeko hamargarren xedapen gehigarriak honakoa ezarri zuen: “Gobernuak, lege hau onesten denetik gehienez ere sei hileko epean, behar diren arau gisako xedapenak onetsiko ditu apaiz eta erlijio-gizon eta -emakume sekularizatuen kasuan, beren ministerioan edo erlijioan lanean aritu ziren aldia kontatzeko, aldi hartan kotizatzerik izan ez zutenean Gizarte Segurantzaren sisteman ez egoteagatik, zertarako-eta ukatutako erretiroko pentsioa jasotzeko eskubidea aitor dakien nahiz aitortuta daukaten zenbatekoaz gorako beste zenbateko bat aitor dakien”.

    Eta arestian aipatutako abenduaren 30eko 13/1996 Legeko hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako lege-aurreikuspenak garatzen dituzten martxoaren 27ko 487/1998 Errege Dekretua eta abenduaren 11ko 2665/1998 Errege Dekretua.

    Eta, azkenean, organo jurisdikzionalen zenbait epaitan ebatzitako kasu zehatzetan azaldutako arauen interpretazioa. Epai horietatik, erlijio-gizonak edo –emakumeak Gizarte Segurantzan afiliatu aurreko aldia asimilatutako edo kotizatutako alditzat kontatzeari dagokionez (abenduaren 29ko 3325/1981 Errege Dekretua), honakoa azpimarratu behar da:

    Auzitegi Goreneko Lan arloko Salaren 2008ko urriaren 13ko epaia, zeinak zuzenbideko oinarrietako bigarrenean, azken lerrokadan, honakoa azaltzen baitu: “Prozesu honetan ez dugu ezbaian jartzen apaizak eta erlijio-gizonak eta -emakumeak Gizarte Segurantzaren araubidean afiliatu aurreko zein aldi hartu behar den kotizazioa ordaindutako aldi asimilatutzat, Sala honek jada hori bateratua baitu (guztiengatik, 2001eko otsailaren 28ko Auzitegi Gorenaren epaia...)”. Lerrokada hori transkribatu dugu azpimarratzeko aztergai dugun arloari buruz, eragin guztietarako, indarrean jarraitzen duela Auzitegi Gorenak ondoren aipatzen diren epaietan bateratu zuen hermeneutikak.

    Auzitegi Goreneko Lan arloko Salaren 2008ko urriaren 13ko epaia, zeinak zuzenbideko oinarrietako bigarrenean, azken lerrokadan, honakoa azaltzen baitu: “Prozesu honetan ez dugu ezbaian jartzen apaizak eta erlijio-gizonak eta -emakumeak Gizarte Segurantzaren araubidean afiliatu aurreko zein aldi hartu behar den kotizazioa ordaindutako aldi asimilatutzat, Sala honek jada hori bateratua baitu (guztiengatik, 2001eko otsailaren 28ko Auzitegi Gorenaren epaia...)”. Lerrokada hori transkribatu dugu azpimarratzeko aztergai dugun arloari buruz, eragin guztietarako, indarrean jarraitzen duela Auzitegi Gorenak ondoren aipatzen diren epaietan bateratu zuen hermeneutikak.

    Auzitegi Goreneko Lan arloko Salaren 2001eko otsailaren 28ko epaiak, doktrina bateratzeko aurkeztutako kasazio errekurtso batean, zuzenbideko oinarrietatik zortzigarrenean, honakoa azaltzen du: “Apaizak eta erlijio-gizonak eta -emakumeak integratzeari buruzko araudiak guztiz argi uzten du garai hartan ez zela inongo kasutan ere baimenik eman Gizarte Segurantzaren sistema sortu aurretik apaiz-bizitzan edo erlijio-lanbidean emandako aldiak kontatzeko... zeren eta haiek RETA izenekoan sartu zituen 3325/1981 Errege Dekretuko xedapen iragankorrak, gutxienez ere 6 hilabeteko kotizazioa exijitzeaz gainera –orain 478/1998 Errege Dekretuak berak ere ez die horrelakorik exijitzen sekularizazioaren alde egin zutenei, edozein dela ere sekularizazio hori gertatu zen data–, bidea eman zuen soilik kotizazioko gutxieneko aldia osatzeko behar ziren kuotak ordaintzeko. Horrek esan nahi du inongo kasutan ere ez zela 1967ko urtarrilaren 1eko muga gainditu, zeren eta exijitutako gutxieneko ezaldia, zahartzaroko pentsiorako ere, 120 hilabetekoa baitzen garai hartan; edo hamar urtekoa, 2530/1970 Errege Dekretuko 29. artikuluak ezarri bezala. Horretatik ondorioztatzen da batzuek eta besteek, erretiroko datara iritsita, soilik pentsio hori sortu ahal izan dutela egiaz ordaindutako kotizazioen arabera, hain zuzen ere 1967ko urtarrilaren 1etik aurrera ordaindutakoen arabera.

    Izan ere haientzako inongo araurik ez dago bidea ematen duenik aurreko aldiak parekotzat hartzeko; eta horrek berarekin dakar beren zerbitzuak halakotzat ematen erretiroko egunera arte jardun duten apaizek eta erlijio-gizon eta -emakumeek ezin izan dutela inolaz ere egiaztatu 35 urtez kotizatu dutenik, ez eta, horrenbestez, beren oinarri arautzailearen ehuneko 100 egiten duen pentsioa lortu dezaketenik ere. ...Horrenbestez, ez dago, ezta ere, inongo arrazoirik apaizak eta erlijio-gizonak eta -emakumeak beren aseguru-araubideetan sartzeari buruzko errege dekretuetatik hurbil egoteko, hain zuzen ere sekularizatutakoen kasuan kotizatu ez duten aldiak kontatzea justifikatu ahal izateko, hain zuzen ere arauen arabera aldi horiek ezin baitira kontatu bokazio-jarduerari eusten diotenen kasuan”.

    Aurrekoaren ildo beretik, Auzitegi Goreneko Lan arloko Salaren 2001eko martxoaren 1eko eta 2002ko martxoaren 11ko epaiek, biak ere doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan, honakoa diote termino berak erabiliz: “Ezin baieztatzekoa da 13/1996 Legeak bilatu nahi izan duena dela, gainera, Eliza Katolikoko apaizen eta erlijio-gizonen eta -emakume sekularizatuen kolektibokoentzat, erretirorako babes-maila handiagoa lege indardunek gainerako langileentzat ezarritakoa baino, gainerako horien barrenean daudela RETAn sarturik geratu zirenak, hura sortu zen une beretik, eta beren jardunean ari zirenak baita hura sortu aurretik ere. Izan ere, interpretazio hori Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan jasotako berdintasun printzipioaren aurkakoa izanen litzateke”.

    Azken batean, erakunde honen ustez, kexa-egileari, zeina erlijio-lanbidean aritu baitzen 1965eko abuztuaren 16tik 1966ko martxoaren 2ra, ezin zaio aitortu, eskubide pasiboak aitortzearen ondorioetarako, Gizarte Segurantzari kotizatutako alditzat erlijio-lanbidean eman zuen aldia, zeren eta Gizarte Segurantzaren araudiak ez baititu kotizatutako aldien asimilatutakotzat aitortzen, oro har, 1967ko urtarrilaren 1aren aurretiko aldiak, egun horretan hartu baitzuen indarra Gizarte Segurantzari buruzko Araubide Orokorrak.

    Kontaketaren hasierako eguna 1962ko lehen egunetaraino eramateko salbuespena muturreko kasuetarako aurreikuspen baten gisara aurkeztuta dago (Auzitegi Gorenaren 2001eko otsailaren 28ko epaiaren zazpigarren oinarria), baina horrek ez du inolaz ere biltzen edo hartzen kexa honen xedea den gaia.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

RESUELVO:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez ezarritako gehieneko epean ebazpena ematera eta jakinaraztera behartuta dagoela, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeko 42. artikuluaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta, zehazki, interesdunak aurkeztutako gora jotzeko helegitea ahal bezain azkar ebatzi behar duela.

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. [?] jaunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia