Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 21eko 185/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak eta besteek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 21

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Disconformidad con las obras de ejecución de una rotonda

Exp: 09/347/O

: 185

Herri lanak

AURREKARIAK

  1. Aurtengo maiatzaren 20an [?] andreak eta beste zenbait lagunek idazki bat aurkeztu zuten kexatuaz, Domingo Huarte eta Peñahitero kaleen elkargunean biribilgune bat eginen zela eta.

    Adierazten du Domingo Huarte kaleko auzotarrak direla eta 2008ko urtarrilaren 20ko osoko bilkuran Fiteroko Udalak kaleetako sareak eta zoladurak berritzeko lanak onartu zituela, horien artean beraien kalekoa. Adierazte dute zolatzeko lanetan egungo zoruaren ordez mota bereko beste berriago bat jartzea sartzen zela (aglomeratu asfaltikoa eta espaloiak egitea).

    Baina Peñahitero eta Domingo Huarte kaleen elkargunean trazatu saioak egin ziren gunean bertan lehen zeuden oinezkoen babesgune triangeluarren ordez biribilgune bat jartzeko. Pixkanaka biribilgune horren erradioa hazi egin zen eta ia ez du tokirik uzten bi kaleen elkarguneak eratzen duen triangeluarekin. Gainera, aipaturiko kaleen elkargunearen hegoaldeko espaloi semizirkularrean gero eta toki gutxiago utzi dute, eta horrek ibilgailuen trafikorako azalera estutzen du.

    Adierazten dute biribilgunea bere burutzapena bermatzeko proiekturik gabe ezarri dela, ezta bere bideragarritasunaren eta aukeren azterketarik ere. Uste dute biribilgunea egiteko eremuaren gorabehera bereziak direla eta, ez dela biribilgunerik behar eta irtenbide desegokia dela, eta interes orokorrarentzat kaltegarria da, Peñahitero kalean ibilbide oker nahiko itxia egin beharra dagoelako eta horrek presioa eta arriskua gehitzen ditu bi kaleetako eraikinetan; etorkizuneko biribilgunearen inguruko etxebizitzen jabeentzat ere kaltegarria da, etxe aurrean zituzten aparkalekuak murriztu edo kendu eginen baitzaizkie.

    Bestalde, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik, aurreko zoladura eta proiektuan aurreikusitakoa aldatu egin ziren, aglomeratua asfaltikoa alegia, eta horren ordez hormigoi lisatua eta gainazalean leundua jarri ziren, irrist egiteko askoz aukera handiagoekin.

    Horregatik guztiagatik eskatzen dute Fiteroko Udala objektiboki eta modu eraginkorrean jardun dadila eta Legearen eta Eskubidearen arabera, Administrazio Publikoa printzipio horiek lotzen baitute, beraien ustez jarrera arbitrario hori atzean uzteko.

  2. Kexa jasota, Fiteroko Udalera zuzendu gara planteatutako gaiari buruzko txostena igor dezan. 2009ko ekainaren 19an sartu da Erakunde honetan txosten hau:

    “Hasteko, aipatu beharra dago Sareak eta Zoladurak Hobetzeko IV. Fasean Udal honek Domingo Huarte kaleko trafikoa hobetzeko aukera ikusi zuela, obra horiek aprobetxatuta.

    Horregatik, eta kontratistarekin sinatutako kontratua aldatzeko beharrik gabe (kontratua aldatu beharrik gabeko espediente aldaketak dira), esleitutako enpresaren oniritziarekin eta obrako Aukerabidezko Zuzendaritzak adierazitako irizpidearen arabera, proposatutako hobekuntza egitea erabaki zen. Zuzendaritza horrek ahoz eman zuen bere iritzia Udal honetako Obren Batzordeak obretara egin zuen ikustaldi batean (programatutako ikustaldia baitago ostiral goizero), baina idatzizko txostena eskatu zitzaion eta txosten honekin batera igortzen dugu.

    Txosten horretan zehazten da hobekuntzak zein diren eta zolaturako material aldaketa justifikatzen da, ez da Udalaren jarduera arbitrarioa inondik inora, erabaki objektiboa eta interes publikoak gidatutakoa baizik.”

  3. Uztailaren 15ean berriro ere Fiteroko Udalera zuzendu ginen Sareak eta Zoladurak Hobetzeko IV. Faseko hasierako aurrekontua igor ziezaguten, baita trafikoa hobetzeko obren aurrekontua ere.
    2009ko abuztuaren 5ean txosten berria jaso zen eta honakoa zioen:

    “Hasteko, kexa sustatu duten gehienek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dute, 82/2009 zenbakiduna, Administrazioarekiko Auzien 3. epaitegian. Beraz, uste dugu aztertu egin beharko litzatekeela Arartekoa Arautzeko Legearen 23.1 artikuluaren arabera epai irmoa eman arren zain egotea komeni den.

    Bigarrenik, dena dela eta Arartekoarekin lankidetzan aritzeko borondaterik handienarekin, jakinarazten zaio obraren aurrekontua 1.399.194,47 eurokoa zela. Biribilguaren obra aldatzeari dagokionez, termino zehatzetan zenbatu ez den arren, ziurta dezakegu proiekturako adierazitakoaren ehuneko hamar ez dela inondik eta inora, Kontratuen Legea bete ahal izateko.”

AZTERKETA

  1. Fiteroko Udaletik jasotako azken txostena oinarri hartuta, kexa jarritako batzuek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri duten arren eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 23.1 artikuluarekin bat etorriaz Erakunde hau ez da hasiko errekurtsoa jarritako kexen banako azterketa egiten, ezta ebazpenaren zain daudenena ere, baina egia da errekurtso hori aurrekontu arloari dagokiola soilik eta, zehatz esateko, obra horien finantzazioari. Beraz, egindako obren burutzapen proiektuko aldaketa jarraituei dagokienez, kexa baloratu dezakegu.
  2. Lurralde Antolamendu eta Hirigintzako abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 135. artikuluak ezartzen du hiri-lurzoru finkatuko espazio publikoetako berritze lanak Ohiko Obren Proiektuarekin egin behar direla, eta horiek Tokiko Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak xedatutakoaren arabera arautzen dira.

    Konponketak egiteko tokiko obra publikoa denez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 214 eta 215 artikuluen arabera, obrak burutu behar dira “erakundeko eskumendun organoak aurrez onartutako dagozkien proiektu tekniko eta aurrekontu proiektuen arabera”.

    2008ko urtarrilaren 20an Fiteroko Udaleko osoko bilkuran onartu zen Sareak eta Zoladurak Hobetzeko IV. Faseko obrak egitea, ingeniari teknikoak eta arkitekto teknikoak idatzitako proiektuaren arabera. Proiektu horiek sistema orokorreko Domingo Huarte kalean eragina dute, eta kale horretan bizi dira kexa egin dutenak.

    Hala ere, onespen horren ondoren proiektuan aipatzen ez ziren aldaketa batzuk egin dira, eta osoko bilkuran ere ez dira onartu, hala egin beharko zen arren. Hori ondoriozta dezakegu, Udalak ez baitigu aldaketak onartzen dituen osoko bilkuren inolako aktarik igorri. Are gehiago, Erakunde honen arabera, aldaketa bat baino gehiago beste izaera bateko obrak dira, batzuk sareak eta zoladurak hobetzeko baitziren eta ondoren egindakoak trafikoa erregulatzekoak dira. Beraz, beste proiektu tekniko bat eta aurrekontu desberdin bat izapidetu beharko ziren.

  3. Herri Administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legeko 3. artikuluaren arabera, “Herri administrazioek objektibitatez zerbitzatzen dituzte interes orokorrak eta eraginkortasunaren, hierarkiaren, deszentralizazioaren, deskontzentrazioaren eta koordinazioaren printzipioen arabera aritzen dira, Konstituzioaren, Legearen eta Zuzenbidearen mende jarrita.”

    Era berean, artikulu horretako 5. atalak xedatzen du “Administrazio Publikoek herritarrekin dituzten harremanetan, gardentasunaren eta parte hartzearen printzipioen arabera arituren dira.”

  4. Kexa egin dutenak adierazten duten bezala, Peñahitero eta Domingo Huarte kaleen elkargunean trazatu saioak egin ziren gunean bertan lehen zeuden oinezkoen babesgune triangeluarren ordez biribilgune bat jartzeko. Pixkanaka biribilgunearen erradioa haziz eta espaloiaren azalera txikituz joan ziren. Azkenik biribilgunea ezarri zen itxuraz burutzea bermatzen duen proiekturik gabe, Udalak eman digun informazioaren arabera.

    Bestalde, proiektuan aurreikusitako zoladura ez zen ezarri, aglomeratu asfaltikoa alegia, baizik eta hormigoi lisatua eta gainazalean leundua.

    Ez dagokio Erakunde honi aldaketa horiek egokiak eta beharrezkoak diren baloratzea, hori gaiari buruzko teknikari batek egin behar baitu. Egia da ingeniari industrialak egindako txostena igorri zela, baina ekintzak gertatu ondoren egindakoa da (2009ko ekainaren 12ko datarekin). Horregatik, aurrez azaldutako araudia urratu dela uste dugu, ez baitzen proiektu berririk egin eta, beraz, ez zuen eskumendun organoak onartu eta, azken finean, Udalaren jarduera ez zen publikoa eta gardena izan.

Horregatik guztiagatik eta Erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluaren arabera

EBATZI DUT:

  1. Fiteroko Udalari gogoraraztea 30/1990 Legeko 5. artikuluan ezarritakoa bete behar duela, bere jarduera Legearen eta Zuzenbidearen arabera burututa modu objektibo eta eraginkorrean.

  2. Fiteroko Udalari gogoraraztea Tokiko Administrazioei buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeko 214. eta 215. artikuluak betetzeko legezko betebeharra duela.

  3. Fiteroko Udalari bi hilabeteko epea ematea Erakunde honi adierazitako legezko betebehar hauek onartzen dituela eta horren inguruko neurriak onartzen dituela, edo ez hartzeko arrazoiez informatzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dudala ohartaraztea, aipaturiko legezko prezeptuaren terminoetan.

  4. Ebazpen honen berri interesatuei jakinaraztea eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia