Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 20ko 166/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 20

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Contratación de trabajador municipal sin seguirse el procedimiento legal de selección

Exp: 10/599/F

: 166

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

 

  1. 2010eko uztailaren 28an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Kasedako Udalaren aurka, pertsona bat kontratatzeagatik hautapenerako legezko prozedura bete gabe.

    Azaltzen du udaleko bulegoetan, gaur egun emakume bat aritzen dela administrari laguntzaile gisa, eta udalak hura hartu duela langileak kontratatzeko legezkoa den prozedura bete gabe; hau da, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete gabe.

    Adierazten du Kasedako Udalari exijitu behar zaiola lanposturako deialdia egin dezan legez ezarritako prozeduretako baten arabera, halako moduz non herritar interesdunek aukera izanen baitute, berdintasunez, lanposturako lehiatzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiei buruzko txosten bat eskatu zion Kasedako Udalari.

    2010eko abuztuaren 16an eta irailaren 13an, eskatutako txostenak sartu ziren gure erakundean. Haietan. laburbilduz, esaten da egiazki pertsona bat badagoela ofizial administrari gisa kontratatuta dagoena, udal idazkaritzan dagoen lan pilaketarengatik. Lanaldi murriztuko kontratua dauka, laguntza administratibokoa. Horrelako kontratuak direla eta, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak, 73.3.d) artikuluan, baimena ematen du kasuko kontratua adjudikatzeko soilik izapide batzuk eginez: kreditua aurrez gorde eta kasuko faktura egitea, zenbatekoa 15.000 eurokoa baino txikiagoa denean, BEZa aparte. Txostenean, halaber, esaten da pertsona horren kontratazioa sartzen dela urteko ordainsaria 15.000 euro baino txikiagoa izateko baldintzan, BEZa aparte.

 

AZTERKETA

 

  1. Kasedako Udalak onartu du kexaren xedea den kontratazioa egin duela publizitate, lehia aske, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete gabe. Izan ere, printzipio horiek guztiak bete beharrekoak izanen dira udalak bere zerbitzuko langileak kontratatu ahal izateko. Eta horren arrazoia da pertsona horren kontratuaren urteko prezioa 15.000 euro baino txikiagoa dela. Izan ere, udala egokitu zaio Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak, 73.3.d) artikuluan, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidezko laguntza kontratuei buruz ezarritakoari.

     

  2. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeko 70.1 artikuluak ezarri zuen prozedura negoziatua formalizatu gabeko adjudikazio prozedura dela. Administrazioak kontratuaren baldintzak kontsultatzen eta negoziatzen ditu berak hautatutako enpresaburu batekin edo gehiagorekin, eta nahi duen eskaintza aukeratzen du, modu arrazoituan.

    Ondoren, Kontratuei Publikoei buruzko Foru legeko 73. artikuluak Europar Batasunean publizitatea egin gabeko prozedura negoziatua bidezkoa izateko kasuak arautzen ditu. 3. idatz-zatian, laguntza kontratuari buruzkoan, prozedura hori erabili ahal izateko kasuak deskribatzen dira. d) puntuan, honakoa esaten da: “ Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 90.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 15.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

    Era berean, Kontratuei buruzko uztailaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 4.3 artikuluan, honela definitzen du laguntza kontratua:

“Laguntza kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, obra eta hornidura kontratuez bestelakoa; kontratistak foru lege honen II. eranskinean aipatutako zerbitzuetako baten bat egin behar du kontratatzailearentzat edo, kontratatzailearen kontura, hirugarren batentzat edo herritar guztientzat, prezio jakin baten truke.
Kontratu horien indarraldia lau urtekoa izanen da, haien luzapen guztiak barne, salbu eta ohiz kanpoko arrazoiak direla-eta entitate kontratatzailearen beharrizanak asetzeko epe luzeagoa behar denean, betiere errespetatuz merkatuan lehia aske eta eraginkorra izatearen printzipioak.

 

Horrenbestez, laguntza kontratuaren xedea da entitate kontratatzaileari, hirugarren bati edo jendeari foru legeko II. eranskinean adierazitako zerbitzuetako bat ematea. Kontua ez da Administrazioari komeni ahal zaion edozein zerbitzu ematea, baizik eta foru legeko II. eranskinean berariaz adierazitako zerbitzuetako bat ematea. Izan ere, II. eranskinean, kasu tasatuen zerrenda bat ezartzen da. Eranskin hori ikusita, nabarmena da ez dela laguntza kontratu horren barrenean sartzen funtzionarioen eta langile publikoen zerbitzu-harremana, ez eta agintaritzaz baliatzea berezko duten zerbitzuak ematea ere.

 

Kontratistak pertsona fisiko zein juridikoak izan ahalko dira, baldin eta beren kaudimen finantzario eta profesionala egiaztatzen badute. Horrenbestez, erabilitako terminologiaren arabera, pertsona fisiko bat kontratatzeko kasuetan, kontratua ezagutza tekniko berariazkoak dituzten “profesionalak” kontratatzekoa da. Indarraldiaren gehieneko epea lau urtekoa da, luzapen guztiak barne direla. 73.3.d) artikuluaren hondarreko kasuan, horixe izan baita udalak erabili duena, gutxienez ere hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu behar dira kontratuaren terminoak, horretarako modua baldin badago, eta jarduketa hori behar bezala dokumentatu beharko da.

 

  1. Laguntza kontratuen araubide juridikoa labur azaldu ondoren, bidezkoa da ondoren baloratzea ea Kasedako Udalak eginiko laguntza kontratua araubide horri egokitzen zaion ala ez, bai bete beharreko izapide eta formalitateei dagokienez, bai, funtsean, kontratuaren xedeari dagokionez ere.
  2. Behar diren izapide eta formalidadeei dagokienez, jasotako informazioaren arabera, honako akatsak atzeman daitezke:

    - Udalak ez zuen kontratua kontsultatu eta negoziatu, gutxienez ere, hiru pertsonarekin, nahiz eta kasu honetan horretarako modua bazen.

    - Kontratuei buruzko Foru Legeko 22.3 artikuluak ezartzen du ezin dela kontratuaren xedea zatitu haren zenbatekoa murrizteko eta publizitate baldintzak edo jarraitu beharreko esleipen prozedura saihesteko. Eta itxura guztien arabera, kasu honetan laguntza kontratuaren xedea zatitu egin da, eta ondoz ondoko kontratuak izenpetu dira 15.000 euroko muga ez gainditzeko. Eta Administrazioak premia iraunkor bat betetzeko urtero laguntza kontratuak egiten dituenean, legez kanpo ari da jokatzen,z eren eta kontratu hori soilik premiak, lanak edo zerbitzuak estaltzeko –eta horretarako baizik ez– aurreikusita dagoelako, eta horiek kontratuaren xedea amaitzen denean agortzen dira. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak ez du aurreikusten lan edo zerbitzu bera egiteko ondoz ondoko laguntza kontratuak egitea. Kontratu bakarra aurreikusten du, eta kontratu hori, gehienez ere, luzatu egin daiteke.

  3. Kontratuaren xedeari dagokionez, oraintxe aurrera daiteke udalak hautatutako kontratu-figura (laguntza kontratua) guztiz desegokia dela, ondoren azaltzen ditugun arrazoiak direla medio.

    - Laguntza kontratuaren bitartez ezin da edozein zerbitzu kontratatu; izan ere, soilik kontrata daitezke Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeko II. eranskinean berariaz aipatzen direnak. Udalak eta kontratatutako pertsonak izenpetutako laguntza kontratuak udal idazkaritzak berezko dituen eginkizun administratiboak egiteko kontratuak dira (udalaren txostenean esaten da administrari ofizial bat kontratatu dutela). Bada, II. eranskinean, ez dira “zerbitzu administratiboak” ageri; hau da, ez dira aipatzen funtzio publikoak berezko dituen eginkizun administratiboak, eta ez dira aipatzen zeren eta, nabarmena den bezala, ezin batira horiek laguntza kontratu baten xedea izan, kontratu hori espezializazio profesionaleko (arkitektura, ingeniaritza, laguntza juridikoa eta abar, II. eranskinean ageri den bezala) eginkizunetarako gordeta baitago. Are gehiago, udalak bere txostenean dio ezen, lanaren bolumenaren arabera eta jendeari zerbitzu hobea emateko, aurreikusia duela plantilla organikoan beste lanpostu bat onestea, premia horiek betetzeko. Horrenbestez, berariaz onartzen du kontratatutako lanak langile publiko batek betetzekoak diren eta “funtzio publikoari” dagozkionak direla.

  4. Administrazio baten zerbitzuan eta hari enplegu publikoaren harreman juridikoaren bitartez atxikita lan egiten duten pertsonen multzoari “funtzio publikoa” esaten zaio. Langile publikoak, normalean, funtzionario publikoak dira, eta estatutu-lotura iraunkorra dute Administrazioarekin, baina behin-behineko funtzionarioak ere izan daitezke, funtzionarioen lanpostu hutsak aldi baterako betetzen dituztenak; araubide administratiboan kontratatutako langileak izan daitezke, halaber –aldi jakin baterako kontratatzen dira lan edo eginkizun berariazkoak egiteko, bai eta funtzionarioen lanpostu hutsak betetzeko ere–; eta lan kontratupeko langileak, zeinak, normalean funtzionarioentzat gordeta ez dauden edo “funtzio publikoak” berezkoak ez dituzten jardueretan aritzen baitira.

    Kasedako Udalak kontratatutako pertsona egiten ari den lanak udal idazkaritzaren lan administratiboak dira, funtzio publikoak berezko dituen lanak, beraz; horrenbestez, lan horiek funtzionario batek bete beharko lituzke, edo halakorik ezean, zuzenbidea administratiboaren araubidearen arabera kontratatutako pertsona batek, lanpostua behin betiko betetzen ez zen bitartean. Gogora dezagun udalak asmoa duela plantillan lanpostu bat sortzeko, hain zuzen ere eginkizun horiek betetzeko; horrenbestez, jotzen du eginkizun horiek ez direla une jakin batekoak, iraunkorrak baizik. Bada, pertsona hori kontratatzeko araubide berekia “funtzio publikoarena” da, eta araubide hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ageri dena da, eta ez kontratu publikoei buruzko legeetan ageri dena. Plantillan lanpostua sortzen ez den bitartean, loturarik egokiena Zuzenbide Administratiboaren araubideko kontratazioarena da.

    Horrenbestez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera, araubide administratiboan kontratatu beharreko pertsonen hautapena, funtzionarioena bezalaxe, deialdi publiko bat egitearen menpean dago (proba objektiboak egin beharko dira, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarrituak).

    Eta nabarmena da Kasedako udalak, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako nahitaezko hautapen sistema saiheste aldera, kasu honetan ezin aplika daitekeen kontratu modu edo modalitatea erabili duela.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

 

EBATZI DUT:

 

  1. Kasedako Udalari gogoraraztea, legez, funtzio publikoaren berezko lanetan diharduten langileen kontratazioa Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako hautapen-printzipio eta –irizpideen arabera gauzatu behar duela.

     

  2. Kasedako Udalari gomendatzea ezen, bere kabuz, izenpetutako laguntza kontratua deuseza dela deklaratzeko espediente bat ireki dezan, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 127. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera artikulu horretan jasotako eraginekin.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Kasedako Udalari egindako gogorarazpena eta gomendioa onartu dituela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  4. Interesdunari eta Kasedako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia