Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Incidencias en el proceso de recuperación medioambiental de una cantera
Exp: 09/484/A
Nº: 171
Ingurumena
2009ko uztailaren 3an, [?] jaunak, [?]-en izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Muru Artederretako katastroko 4. poligonoko 23. lursailean dagoen harrobi bat ingurumenaren arlotik lehengoratzeko prozesuan sortutako gorabeherengatik.
Azaltzen zuen “[?]”-k 2003ko urriaren 13an Monte Urraun sozietate zibilari errentan hartu zizkiola Muru Artederretako katastroko 4. poligonoko 23. lursaileko C eta D azpi-lursailak, bertan dagoen harrobian (Las Calenas) betelanak egiteko eta harrobia ingurumenaren arlotik lehengoratzeko. Helburu horrekin, ingurumen-lehengoratzeari buruzko proiektu bat eskatu zitzaion [?]-i, eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, maiatzaren 5eko 748/2004 Ebazpenaren bitartez, haren aldeko txostena eman zuen. Gero, jarduerarako eta irekitzeko aginduzkoak diren lizentziak lortu ziren eta jarduerari hasiera eman zitzaion.
2008ko maiatzean, “[?]”-k “RED ELÉCTRICA DE ESPAÑA S.A” enpresaren komunikazio bat jaso zuen –Muru Artederretatik hasi eta Castejón bitarteko azpi-estazioetako loturako zirkuitu bikoitzaren lineaz arduratzen baitzen enpresa hori–; haren bidez, jakitera ematen zitzaion laster lineako kableak lursail horren gainetik –eta, horrenbestez, “[?]”-en instalazioen gainetik– ezarriko zirela eta ohartarazten zitzaien linea hori bateraezin gerta zitekeela harrobia ingurumenaren arlotik lehengoratzeko proiektuarekin. Sare elektrikoa jarri egin zen eta “[?]”-ek “Red Eléctrica” enpresari, 2008ko ekainaren erdialdean, errekerimendu bat igorri zion, exijitze aldera behar ziren neurriak hartuko zirela harrobiaren ingurumen arloko lehengoratze-proiektua errespetatuko zela bermatzeko.
Uztailaren hasieran, “Red Eléctrica de España S.A.”ren erantzuna jaso zen. Hartan, jakitera ematen zen bere proiekturako behar ziren baimen guztiak zeuzkala eta ezarritako linea udalez gaindiko proiektu sektorial (PSIS) deklaratua zela Nafarroako Gobernuaren 2004ko uztailaren 26ko erabakiaren bitartez. Horrek berarekin ekarri du ezinezkoa izatea arestian aipatutako proiektuaren aurreikuspenak betetzea (neurketari buruzko dokumentua erantsi dugu; hartatik ondorioztatzen da katenaria harrobiaren kotatik 3.84 metro gora geratuko dela, behin lehengoratze-lanak egin ondoren; horrenbestez, teknikoki exijitzekoak diren segurtasun-distantziak kontuan izanda, ezinezkoa izanen da proiektuan harrobia betetzeko ezarritakoa betetzea).
Bukatzen du erakunde honi eskatuz Nafarroako Gobernua premia dezan behar diren jarduerak egin ditzan Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 5ean emandako aldeko txostena duen proiektuaren aurreikuspenak bete daitezen eta proiektu hori zuzentasunez eta legez burutu ahal dadin, edo, bestela, izandako galeren ordaina eman dadin eta beste harrobi bateko ingurumen-lehengoratzerako baimena eman dezan.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zien Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
2009ko abuztuaren 19an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, honakoa esaten da, hitzez hitz:
“Egia da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak elkarrizketa batzuk izan zituela merkataritza-enpresa interesduneko legezko ordezkariekin, Ingurumen eta Berrikuntza departamentuen arteko mintzakide-lanak ahalbidetzeko.
Hala eta guztiz, formalki ez dago inon jasota kexa-egileak inongo erreklamazio, errekurtso edo eskaririk egin dionik Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, eta ez dakigu gainerako departamentuetan prozeduraren bat izapidetu duen.”
2009ko abuztuaren 19an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, honakoaren berri ematen da, hitzez hitz:
“Egiaztatu dugu ezen 2004ko maiatzaren 5ean Ingurumen zuzendari nagusiak 748/2004 Ebazpena eman zuela. Izan ere, haren bidez, aldeko txostena eman zuen “[?]” enpresak sustaturiko proiekturako jarduera espedienteari buruz, hain zuzen ere Muru Artederretako Las Calenas harrobia lehengoratzeko. Izan ere, lehengoratzeari buruzko proiektua Tiebas-Muru Artederretako Udalari aurkeztua zen.
Adierazitako ebazpenean oinarrituta, Tiebas-Muru Artederretako Udalak jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentziak eman zituen, Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean aurreikusitako jarduera bat baitzen. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ezarritako baldintza eta neurri zuzentzaileak jaso ziren (Ingurumena Babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea oraindik ere onetsi gabe zegoen).
Egia da Nafarroako Gobernuaren 2004ko uztailaren 26ko erabakiaren bidez Muru Artederretako eta Castejóngo azpi-estazioetako loturako zirkuitu bikoitzaren lineari zegokion udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zuela –proiektua Red Eléctrica Española S.A. enpresak sustatua zen–. Horrenbestez, 2004ko maiatzeko 748 Ebazpena onetsi ondorengoa da onespen hori. 2003ko abuztuaren 27ko NAOn udalez gaindiko proiektu sektoriala jendaurrean jarria zen, eta horrenbestez publikoa zen. Ez da jasota ageri [?]-k alegaziorik aurkeztu zuenik jendaurreko aldian, nahiz eta alderdi hori egungo Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egiaztatu beharrekoa izan.
Dirudienez, udalez gaindiko proiektu sektorialaren onespenak “[?]”-i eragozten dio aurretik, Las Calenas harrobia lehengoratzeko, onetsitako proiektua garatzea.
Nafarroako Gobernuarekin eginiko kudeaketen aipamenari dagokionez, esan beharra dago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ez dagoela jasota inongo dokumenturik aipatutako egoerari aipamena egiten dionik eta aukerako konponbiderik eskaintzen duenik, ez eta bertako zerbitzu teknikoek “[?]-rekin” bilerarik egin dutenik ere.
Ingurumen zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 748/2004 Ebazpenaren bitartez, Ingurumen zuzendari nagusiak “[?]”-k sustaturiko proiektuaren jarduera-espedientearen aldeko txostena eman zuen. Proiektuaren xedea zen Muru Artederretako “Las Calenas”· harrobiko ingurumen-lehengoratzea. Aldeko txostenean oinarrituta, gero jarduerarako eta irekitzeko udal lizentziak lortu ziren, eta ingurumen-lehengoratzeko jarduerari ekin zitzaion.
Hala eta guztiz ere, gero, Nafarroako Gobernuak, 2004ko uztailaren 26an, erabaki bat hartu zuen Muru Artederretako eta Castejóngo azpi-estazioen lotura-zirkuitu bikoitzeko lineari buruzko udalez gaindiko plan sektoriala onesteko. Proiektua Red Eléctrica Española S.A. enpresak sustatua zen.
Eta kontua da udalez gaindiko proiektu sektorial hori gauzatzeak eragozten duela lehenagotik aldeko txostena jasotako ingurumen-lehengoratzeko proiektuaren aurreikuspenak betetzea. Neurketa-agiriaren arabera, katenaria harrobiaren kotatik 3.84 metro gora geratuko da, behin hura lehengoratu ondoren. Horrenbestez, teknikoki exijitzekoak diren segurtasun distantziak kontuan izanda, ezinezkoa da harrobia betetzea ingurumen-lehengoratzeko proiektuan ezarritakoaren arabera.
Txostena eman duten departamentuak bat datoz guztiz egitateei buruzko kontaera horrekin. Hori dela eta, zalantzarik gabekoa da udalez gaindiko proiektu sektorialak harrobiaren ingurumen-lehengoratzeko proiektuaren gainean duen eragin negatiboa, hura guztiz exekutatzea eragozten baitu. Horrek kalte bat ekartzen dio “[?]”-i, hain zuzen ere harrobiaren ingurumen-lehengoratzea sustatu duenari, eta sustatzaile horrek, udalez gaindiko proiektu sektoriala sustatzeaz eta onesteaz guztiz kanpokoa denez, ez du kalte hura jasateko betebehar juridikorik.
[?]-k bere kexa-idazkian dio ezen udalez gaindiko proiektu sektoriala harrobia lehengoratzeko ingurumen-proiektuaren gainetik jarri behar bada, eta, horrenbestez, legez baimendutako proiektua guztiz exekutatzerik ez badago, horrek sortzen dizkion galerak ordaindu behar zaizkiola eta baimena eta aldeko txostena eman behar zaizkiola beste harrobi bat lehengoratzeko. Horretarako, guztiz prest dago ukitutako departamentuekin behar diren kudeaketak egiteko.
Erakunde honek uste du kexa-egilearen proposamena, udalez gaindiko proiektu sektorialaren exekuzioak sortu dizkion galeren ordaina jasotzekoa, teknikoki bideragarria dela eta arrazoizkoa dela. Horrelako konponbide batera iristerik ez badago, Foru Komunitateko Administrazioak kalte-ordainak eman beharko lizkioke [?]-i sortutako kalte-galerengatik, administrazio publikoen ondare-erantzukizuna dela-eta ezarritako lege-araubidearen arabera.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatzea balora dezaten [?]-i egin zizkioten galeren ordaina emateko aukera, entitate horrekin adostuz beste harrobi baten ingurumen-lehengoratzea, edo, konponbide hori posiblea ez bada, legez dagokion kalte-ordaina eman diezaion interesdunari, pairatu eta egiaztatu dituen kalteengatik.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuei gomendio hori onartu duela jakinaraz dezaten, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzaten. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia