Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: No contestan a instancia presentada
Exp: 10/518/D
Nº: 147
Eskubideak Sustatzea
2010eko ekainaren 24an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu da gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Narbarteko Kontzejuaren aurka, eskabide bati ez erantzuteagatik.
Azaltzen du 2010eko martxoaren 22an eskabide bat aurkeztu zuela –19. zenbakiarekin erregistratu zen–. Haren bidez, zenbait dokumentu eskatzen zituen. Alabaina, ez du erantzunik jaso.
2010eko abuztuaren 24an, kontzejuak igorritako txostena sartu da gure erakundean. Hauxe dio, hitzez hitz:
“2010eko martxoaren 22an zenbait dokumentu eskatzeko aurkeztutako eskabideari dagokionez, honakoa esan behar dugu: Eskatutako dokumentazio guztia Bertizaranako Udalaren egoitzetan dago, obrarako behar den hirigintza-txostena eman dezan”.
AZTERKETA
Kexaren arrazoia da ez zaiola erantzunik eman 2010eko martxoaren 22an aurkeztutako eskabideari; izan ere, eskabide haren bitartez, bost dokumentu eskatzen ziren kontzejuaren jabetzapekoa den “Herriko etxean” egitekoa zen obrari buruz.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatutako arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazio publikoari, hain zuzen ere interesdunek aurkeztutako eskabideei erantzutekoa, eta betebehar hori herritarrarentzako berme bat da, zeina zuzenean lotuta baitago Administrazioaren jarduera gidatu behar duen eraginkortasunaren printzipio konstituzionalarekin.
Kexaren xedea den kasuan, Narbarteko Kontzejuak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi; eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko eskatutakoari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Narbarteko Kontzejuak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Narbarteko Kontzejuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak 2010eko martxoaren 22an aurkeztutako eskabideari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
Narbarteko Kontzejuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia