Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Mancomunidad impide el reingreso de trabajador en excedencia, incumpliendo el acuerdo firmado entre las partes
Exp: 10/395/F
Nº: 145
Funtzio publikoa
Aurtengo maiatzaren 24an, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen honako administrazio publikoen aurka:
Lehena. Zangozako Udalaren aurka, udaleko plantilla organikoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ez argitaratzeagatik eta, horrekin, hura ezagutzea edo haren aurkako errekurtsoa aurkeztea eragozteagatik.
Kexa-idazkian azaltzen du ez duela ezagutzen [?] andrearen egoera administratiboa, zeren eta udal kontu-hartzaile lanetan jarduten baitu lanpostu horretan aritzeko ahalmena duela demostratzeko inongo probarik gainditu gabe. Gainera, plantilla organikoa argitaratu ez denez, ez daki administrari laguntzailearen lanpostua, lehenago [?] andreak betetzen zuena, amortizatuta dagoen ala behin-behineko kontratupeko batekin bete den.
Azaltzen du Zangozako bizilagun gisa, eskatu duela Zangozako Udaleko plantilla organikoaren behin betiko onespena igor diezaioten, baina ez duela inongo erantzunik jaso.
Bigarrena. Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen aurka, Mankomunitateko gerenteak sinaturiko akordioa ez betetzeagatik.
Kexa-egileak bere idazkian azaltzen du berak eta Mankomunitateko lehendakariak akordio bat sinatu zutela 2009ko azaroaren 12an, eta akordio horren bitartez [?] jaunari, Mankomunitateko kudeatzaileari, “eskubidea aitortu zitzaiola jatorrizko lanpostura itzultzeko lanpostua gordeta edukitzeko eskubideak indarra duen aldi guztian, hau da, eszedentziako lehenengo hemezortzi hilabetetan, eta langileak aurre-abisu bat eman beharko zuela lanpostura itzuli baino hamabost egun natural lehenago”. Kexa-egileak azaltzen du Mankomunitatera kudeatzaile gisa berriz sartzeko eskatu duela, baina erantzun diotela esanez berriz sartzeko eskubiderik ez duela.
Kexa jasota, idazki bana igorri nien Zangozako Udalari eta Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari, planteatutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
2010eko abuztuaren 3an, udalak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:
Interesdunak azaldutako gaietako bat da ez zaiola erantzunik eman Zangozako Udalaren plantilla organikoaren behin betiko onespena eskatzeko aurkeztutako eskabideari. Izan ere, eskabide aurkeztu ondoren, ez du inongo erantzunik jaso.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Kexaren xedea den kasuan, Zangozako Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Zangozako Udalak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Erakunde honen ustez, txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez du ordezten Udalak haren edukia kexa-egileari helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 236.1 artikuluak ezartzen du “toki korporazioetako plantilla organikoak urtero onartu beharko direla”. Era berean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 20.2 artikuluak betebehar bat ezartzen die administrazioei, hain zuzen ere haiek urtero Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zangozako Udalak ez du argitaratu udaleko plantilla organikoa; horrenbestez, plantilla organikoa argitaratzeari buruz legeak ezarritakoa urratu du. Urratze horrek exijitzen du erakunde honek legezko betebeharren behar den gogorarazpena egitea.
Kexa-egileak Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari egozten dionari dagokionez, zehaztu beharra dago kasuari buruzko prozedura judizial bat bidean dagoela, hain zuzen ere Iruñeko Lan arloko 2. epaitegian [?] jaunak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen aurka aurkeztutako demanda, kaleratzea erreklamatzeari buruzkoa, eta, horrenbestez, ezin dugula egotzitako horri buruzko ikerketarik abiatu legeak ezarritakoaren ondorioz.
Erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 23.2 artikuluak ezarritakotik heldu da murriztapen hori; izan ere, lege horren arabera, Nafarroako Arartekoak ezin ditu banaka aztertu epai irmoaren zain dauden kexak edo erabaki judizial bat iristeko zain daudenak. Eta horren oinarria da epaitegiek gaiari buruz egiten duten pronuntziamendua ezagutu beharra dagoela haren arabera jokatzeko, zeren eta auzitegiek eta epaitegiek beren eginkizun jurisdikzionalak betetzeko hartutako erabakiak, ezin baititu berrikusi botere judizialaz kanpokoak diren erakundeek, Espainiako Konstituzioko 117.3 artikuluak ezarritakoaren arabera.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Zangozako Udalari gogoraraztea legez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera, beren plantilla organikoa onetsi behar dutela, eta datu pertsonalak eta arauz erregulatutako gainerako inguruabarren berri eman behar dutela.
Zangozako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinaraz diezaion ebazpen hau onartu duen jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia