Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 1eko 143/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 01

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a diversas instancias

Exp: 10/629/D

: 143

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 12an, [?] jaunak, Barañaingo I. Haur Eskolako Gurasoen Elkarteko Garzabala gurasoen elkartearen izenean eta hura ordezkatuz, idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa egiten zuen Barañaingo Udalaren aurka, herri horretako haur eskolaren egoera dela-eta aurkeztutako eskabide batzuei ez erantzuteagatik.

    Azaltzen du 2010eko uztailaren 2an, eskabide bat aurkeztu zutela udalean, eta eskatu zutela zenbait neurri ezartzeko I. Haur Eskolako eraikineko arazoak konpontze aldera. Kexa aurkezteko egunera arte, ez dute udalaren inolako erantzunik jaso.

    Gero, 2010eko uztailaren 30ean, berriz ere eskabide bat aurkeztu zuten udalean, lehendik adierazitako gaiak berresteko: I. Haur Eskolako eraikinean uholdeen ondorioz dagoen egoera, eraikineko estalkian izandako kalteak eta fatxadan agerturiko arrakala. Eskabide horren erantzunik ere ez dute jaso.

  2. Kexa jasota, Barañaingo Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

2010eko abuztuaren 25ean, udalak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Erreferentziako espedienteari buruzko zure komunikazioa jaso dugula jakinarazten dizugu. Komunikazio hori, izan ere, 2010eko abuztuaren 12an sartu zen gure erregistroan. 2010eko abuztuaren 19an [?] jaunak, Barañaingo I. Haur Eskolako Gardazabala Guraso Elkartea ordezkatuz, aurkeztutako kexari buruzkoa da. Kexa udal eskumenaz baliatzearen arloan egin beharrekoa ez egiteari buruzkoa da.

Horri buruz, esan behar dizut udal eraikinen mantentze-jarduerak, Hirigintza Brigadak burutzen dituena, aztergai dugun kasuan, I. Haur Eskolaren kasuan, irakaskuntza-garaiaz kanpo egitekoak direla –horrenbestez, abuztuan eta Eguberrietan– eskolaren ibilera ez oztopatzeko.

Horrenbestez, abuztuan I. Haur Eskolan konponketak egiten ari dira, eskola datorren ikasturterako baldintza ezin hobeetan edukitzeko.

Idazkian aipatzen dituzun gaiei dagokienez, argitu behar dizut eraikinean ez dela uholderik gertatu. Izan ere, bi ekaitz berezi izan ziren: bata txingor kopuru ezohiko batekin, maiatzaren 9an, eta bestea 40 l/m2 baino gehiagorekin, uztailaren 20-21eko gauean. Bada, ekaitz horien ondorioz, itogin batzuk agertu dira ikastetxeko gela batzuetan, eta horiexek konpontzen ari gara une hauetan. Horrek ez du esan nahi eraikineko estalkian kalteak izan zirenik; izan ere, errebisatu egin da eta baldintza egokietan dago.

Eraikineko fatxadan agerturiko arrakalari dagokionez, udal teknikariek aztertu egin dute eta ikusi dute ez duela inongo arriskurik ekartzen eta eskola kokatuta dagoen kalearen asentamenduari dagokiola. Alabaina, adreiluzko horma konpontzeko eta arrakala ixteko agindua eman da.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea da udalak erantzunik ez ematea herriko haur eskolen egoerari buruz aurkeztutako bi eskabideri. Udalak igorritako txostenean, ezer ere ez da aipatzen gai horri buruz. Hori dela eta, ondorioztatu behar dugu idatzi horiei ez zaiela erantzun espresik eman.

    Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.

    Kexaren xedeari dagokion kasuan, Barañaingo Udalak ez die erantzun kexa-egileak behar diren azalpenak eskatzeko aurkeztutako idazkiei. Erakunde honen ustez, txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez du ordezten Administrazioak haren edukia, edo egokitzat joten duena, kexa-egileari helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.

    Azken batean, Barañaingo Udalak ez zien aipatutako idazki horiei inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  2. Sakoneko gaiari dagokionez, berriz, udal txostenak erantzun zehatza ematen die kexa-egileak I. Haur Eskolan konponketa-lanak egiteko beharrari buruz planteaturiko kontuei.

    Haren edukia ikusita, ondorioztatzen da konpondutzat eman behar direla, edo gutxienez ere konpontzeko bidean daudela, I. Haur Eskolako eraikinean atzemandako arazoak.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Barañaingo Udalari gogoraraztea legez beti erantzun behar dizkiela, eta ezarritako epean, herritarrek aurkeztutako idazki eta eskariei eta, zehazki, erantzun espresa eman behar diela kexa-egileak 2010eko uztailaren 2an eta 30ean aurkeztutako idazkiei.

  2. Barañaingo Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta adierazitakoa betetze aldera neurri egokiak hartzen dituen, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Barañaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia