Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 16ko 184/2009 ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 iraila 16

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Pérdida de una subvención por la incorrecta información facilitada por el personal al servicio de la Administración

Exp: 09/344/D

: 184

Eskubideak sustatzea

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 20an [?] jaunaren idazki bat sartu zen Erakunde honetan. Idazki horren bidez Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren aurrean kexa bat aurkeztu zuen, Departamentu horretako erregistroko funtzionario baten jarduera ezgaiagatik.

    Azaltzen zuenez, 2009ko otsailaren 17an Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistrora joan zen, Tomas Callero parkeko 1. zenbakian dagoenera, 2008ko abuztuaren 22ko instantziarekin aurkeztutako dokumentazioa osatzera, isolamendu termikoa hobetzeko laguntza eskatzeko.

    Artatu zuen funtzionario andreak Instantzia Orokorra eman zion eta bete ondoren idatzi eta aurkeztu zuena nahikoa al zen galdetu zionean, ez kezkatzeko erantzun zion, agiriak prestatzeaz bera arduraturen zela eta.

    Geroago jakinarazi zitzaionez, diru laguntza eskaria ez zioten onartu, eskatutako agiriak aurkeztu ez zituelako. Ondorioz, Erregistrora joan zen azalpen eske eta erantzun zioten han lana egiten dutenak ez daudela zalantzak argitzeko, agiriak jasotzeko baizik.

    Amaitzeko adierazten zuen laguntza bat ukatu zaiola erregistroa kudeatzen duenaren ezgaitasunagatik edo fede txarragatik.

  2. Kexa honi buruz behar bezala ebazteko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteatutako gaiaz informatzeko.

  3. Ekainaren 11ko datarekin sartu zen Erakunde honetan Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren txostena eta honakoa dio:
    • Administrazioak emandako urratsek egokiak dirudite printzipioz. Eskariaren agiriak gainbegiratu zirenean, agiri osagarriak eskatuz eskutitz bat igorri zitzaion. Agiri horiek entregatutakoan berriro gainbegiratu ziren eta, eskatutako agirien zati bat ez zegoela ikusi zenean, laguntza eskaria ukatu zitzaion. Hau da, eskatzaileak bi aldiz osatu gabe igorri zuen eskatutako informazioa.
    • Eskatzaileak eta erregistroko pertsonak izandako elkarrizketari dagokionez, ez dira elkarrizketa horren termino zehatzak ezagutzen. Nahastu egin zitekeen, izan ere, erregistroko pertsona horrek edozein idazkirekin batera aurkeztu behar den instantzia orokorra betetzen lagundu baitzion eta eskatzaileak nahikoa al zen galdetu zionean, erregistroko langileak instantziari buruz erantzun izanen zion soilik eta ez aurkeztutako agiriaren edukiari buruz.
    • Kexan aipatzen da “laguntza bat ukatu zaiola erregistroa kudeatzen duenaren ezgaitasunagatik edo fede txarragatik”, ulergarria da [?] jaunaren haserrea, baina ulertu beharra dago funtzionario publiko baten laneko izen ona ezin dela kolokan jarri gertakari jakin bategatik.
    • Jarraitutako prozesuari dagokionez, bi aldeetan egon dira akatsak:
    • Informazio osagarria berandu eskatu zen. Kontuan izan behar da deialdi honetan departamentuak 2008an 1.300 eskari baino gehiago izan zituela. Honek lan-karga handia esan nahi du eta agiri bakoitza gainbegiratu beharra ere bai, Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera.
    • Nekez aurki daitekeen informazio osagarria eskatu: esku artean duguna bezalako kasuetarako, bete beharreko agiria ere igortzen da. Gogoan izan behar da, halaber, deialdiko agiri eta eskakizun asko Espainia guztian berdinak direla, laguntza horiek autonomien eta IDEAren (Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren mendeko erakundea) artean kofinantzatuta baitaude.
      • Amaitzeko, barkamena eskatu nahi diot [?] jaunari, Administrazioaren aldetik arreta ezegokia iritzi dion guztiagatik.
      • Era berean, Arartekoaren erakundeari adierazi nahi nioke, horrelako kasuek herritarren arreta eta administrazioko prozedurak zuzentzeko eta hobetzeko balio digutela.
  4. Uztailaren 29an kexa artxibatu egin genuen, Departamentuaren ebazpen formalaren zain; eskatutako laguntza eman edo ukaturen zion ebazpenaren zain.
  5. Joan den abuztuaren 19an kexa sustatu zuenak Erakunde honi uztailaren 29ko 1838/2009 Ebazpenaren berri eman zion, Enpresako zuzendari orokorrarena. Bertan eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko diru laguntzen 2008ko deialdian eskatutako laguntza ez zitzaiola emanen jakinarazten zitzaion, “ohartarazitako gabeziak epean konpondu ez zituelako”.

    Ebazpenean aipatzen diren gabeziak 2009ko otsailaren 6ko idazkian daude, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak kexaren sustatzaileari igorri zionean, epe jakin baten barruan agiri osagarriak eskatzeko. Eskatutako agiria hau da: “ Lortutako beste diru laguntzen aitorpena (9/9 orria) behar bezala beteta eta sinatuta. Eskatzeko inprimakiaren orri hori web orri honetatik kargatu daiteke behera…”; eta “Instalatzailearen aurrekontuaren (obrak egin gabe) edo fakturaren (obrak eginda) fotokopia... ”.

  6. Erakunde honek dakienaren arabera, kexa sustatu duenak 2009ko otsailaren 17an (epearen barruan) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan instantzia orokor bat aurkeztu zuen diru laguntza eskariaren espedienteari gehitzeko. Ez da islatzen instantzia orokor horrekin batera zer agiri mota zegoen.

AZTERKETA

  1. Kexa sustatu duenak diru laguntza bat eman ziezaioten nahi zuen, eraikinetako isolamendu termikoa hobetzeko diru laguntzen deialdian, oinarrietan eskatzen ziren baldintzak betetzen baitzituen.

    Azkenik, baldintzak bete arren, ez zuen laguntzarik izan. Horrek kexa sustatu duenari diru galera ekarri zion eta agintaldiko aurrekontuaren arabera gastu publikoa banantzeko gobernuaren politikaren porrota izan zen.

  2. Erakunde honen iritziz, diru laguntza emateko prozeduraren garapenean Administrazioak, kasu honetan Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, betebehar bikoitza zuen, aurrekontuen burutzapen zuzena zehatz betetzeko eta herritarrak zerbitzatzeko printzipioa burutzeko; izan ere, kexa sustatu zuenaren esku beharrezko bitartekoak jarri behar zituen, administrazioko tramiteak ezagutzen ez dituenez, hasieran aurkeztutako agirien gabeziak konpontzeko.
  3. Kexa sustatu duena Departamentuko erregistrora joan zen gabeziak konpontzeko epean, aurrekontuen eta fakturen kopiekin (aurkeztu behar zuen 2. agiria). Instantzia orokor bat eman zioten, eta hor bere izena, espedientea eta sinadura jarri zituen.

    [?] jaunak instantzia formalki betetzeko eta aurkeztu beharreko agirientzat laguntza eskatu zuen. Baina, ikusten denez Departamentuko erregistroan ez ziren instantziarekin batera joan beharreko agiriak gainbegiratu, bete nahi zuen gabezia behar bezala bete zuela jakin ahal izateko.

  4. Kexa sustatu duenak behar bezala artatzeko eskubidea zuen (Nafarroako Foru Erkidegoaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 6.1 art.), baina ez zen hala gertatu Departamentuko erregistroan ez baitzuten arduraz artatu, entregatzen zuena gainetik bada ere begiratu bazuten, oharturen baitziren eskatutako agiriak falta zirela.

  5. Behar bezala eta arduratsu artatua izateko eskubidea du herritarrak eta eskubide hori apirilaren 14ko 6/1997 Legeko 4.2.a) artikuluak Estatuko Administrazio Orokorrarentzat azaldutako antzeko terminoetan ulertu eta sartu behar da “ Estatuko Administrazio Orokorrak bere jarduera garaturen du eta administrazioren dependentziak antolaturen ditu…, herritarrek beraien gaiak konpondu ditzaten, administrazioko agirien idazketa formalean laguntza jaso dezaten…”.

  6. Erakunde honek uste du, Administrazioak herritarren egiazko berdintasuna lortzeko aurreranzko jarrera izan behar duela, herritarrek beraien adina, esperientzia edo gaitasun akademikoen ondorioz izan dezaketen alfabetizazio tartea ahal den neurrian gutxitzeko. Kasu honetan, kexa sustatu duenari modu aktiboan lagundu behar zitzaion bere espedientea osatzeko behar zituen agiriak prestatzen eta sartzen.

Horregatik guztiagatik eta Erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluaren arabera

EBATZI DUT:

  1. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gomendatzea administrazioaren dependentzien antolakuntzan neurri egokiak har ditzala, behar duten herritarrei agiriak idazten laguntzeko eta aurkezten dituzten agiriak egiaztatzeko.

  2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari iradokitzea espedientea berriro hartu dezala eta, dagokionean, gabeziak bete ondoren, eskatutako diru laguntza eman diezaiola.

  3. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari bi hilabeteko epea ematea Erakunde honi adierazitako neurriak hartu dituen informatzeko edo ez hartzeko arrazoiez informatzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuari aurkezturen dion 2009ko txostenean sarturen dudala ohartaraztea.

  4. Erabaki honen berri ematea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari eta kexa sustatu duen [?] jaunari, eta jakinaraztea Erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluaren arabera ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia