Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Baremación de méritos en concurso-oposición de personal docente
Exp: 10/546/F
Nº: 165
Funtzio publikoa
2010eko uztailaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, Irakaskuntza Ertainetako Irakasleen Kidegoetan sartzeko azken prozedurako merezimenduen balorazioari buruzkoa.
Interesdunak, zeinak Biologia eta Geologia espezialitatean hartu baitzuen parte, azaltzen zuen kexu zegoela “Beste merezimendu batzuk” izeneko atalean emaniko balorazioa zela eta (bereziki, argitalpenei zegokienez).
Azaltzen zuen 2008an, Bigarren Hezkuntzako Irakasleak hartzeko oposizio-lehiaketara aurkeztu zela, eta bi puntuko gehienezko puntuazio baten gainean, 1,7318 puntu eskuratu zituela argitalpenen atalean. Prozedura honetan, adierazitakoaren arabera, argitalpen gehiago izan arren eta haiek alegatu arren, kontzeptu horrengatik eskuratu zuen puntuazioa, paradoxa bat bada ere, ia 1,5 txikiagoa izan zen.
Horri buruz, adierazten zuen ezen, bere harridurarako, deialdi horretan exijitzen zutela argitalpenen jatorrizko aleak aurkeztea, aldizkariaren ISSN zenbakiarekin eta, gainera, argitalpenak gaztelaniaz ez egotekotan, haien zinpeko itzulpena.
Interesdunak aipatzen zuen ezen, deialdia argitaratu ondoren, zenbait aldiz hots egin zuela Hezkuntza Departamentura, ohartarazteko beste espezialitate batzuetan horrelako exijentziak baliozkoak izan bazitezkeen ere, argitalpen zientifikoetan hori ezin zela egin. Horri dagokionez, curriculumarekin batera aurkeztu zuen agiri batean azaltzen zuenaren arabera, horrelako aldizkariak edukitzea izugarri garestia da, zeren eta horietako bakoitzerako harpidetzak urtean 3.000 euro inguru kostatzen baitu. Gainera, argudiatzen zuen azken urte hauetan jada ez dela separatarik banatzen paperezko euskarrian, ezta egileei ere, eta bertsio elektronikoak erabiltzen direla. Arrazoi horiek direla medio, horrelako argitalpen gehienen jatorrizko aleak aurkeztea ia ezinezko bilakatu dela materialki.
Egoera horren aurrean, azaltzen zuen eskura zeuzkan separatak aurkeztu zituela, eta ikerketa zentro batzuetan jatorrizko ale batzuk lortu ondoren, saiatu zela Hezkuntza Departamentuko bulego zentraletan haien fotokopiak konpultsatzen, baina ezezkoa jaso zuela (azaltzen zuen honakoa adierazi ziotela: “deialdi honetan ez dago dokumentuak konpultsatzeko beharrik”).
Azaltzen zuen ezezko horren aurrean, zerbitzuak ematen diharduen institutuan konpultsatu zizkiotela agiriak, eta konpultsatutako fotokopia horiek aurkeztu zituela, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu juridikoek adierazi eta ondoren Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legearen arabera konpultsatutako kopiek jatorrizkoen balio bera dutela.
Azaltzen zuen, gainera, argitalpenei buruzko exijentziaren harira soilik euskarri elektronikoan ematen direla (organo emailearen ziurtagiria), eta pentsaezina dela aldizkari zientifiko batek ziurtatzea argitalpen bat badagoela, aldizkariaren existentzia aldizkari zientifikoen aitortutako doako edozein datu basetan egiazta baitaiteke.
Azaltzen zuen harrigarri egiten zaiola Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien garai hauetan, Hezkuntza Departamentuaren oposizio-lehiaketa batean desabantaila suertatzea on line bertsioekin lan egitea.
Azaltzen zuen, era berean, nazioarteko aldizkari zientifiko gehienak ingelesez argitaratzen direla, eta aurkeztutako agirietako orrialde guztien zinpeko itzulpena aurkezteak, deialdiak ezartzen duen bezala, gehiegizko kostua duela (bere kasuan, 12.000 euro baino gehiago), eta horregatik oinarrietan ezarritakoak bideraezin bilakatzen duela nazioarteko argitalpenen esparruko merezimenduak alegatzea.
Amaieran, azaltzen zuen 87 argitalpen eginak dituela (49 nazioartekoak eta 38 naziokoak), eta gisa desberdinetara alegatu zituela, arestian adierazitako arazoen karietara –aldizkariaren, liburuaren edo CDaren alea aurkeztuz, legezko gordailuarekin; egileari ematen zaion jatorrizko alea (reprint) aurkeztuz; fotokopia konpultsatuak aurkeztuz; bertsio inprimatu konpultsatu gabea aurkeztuz, zeren eta Nafarroako Unibertsitateak berak ere ez baitu harpidetzarik, eta on line bertsioa besterik ez baitu–.
Adierazten zuen soilik 0,37 puntu eman zizkiotela (aurreko deialdian baino askoz gutxiago, nahiz eta argitalpen gehiago eduki), eta, horrenbestez, ondorioztatzen zuela separatak, fotokopia konpultsatuak eta ingelesezko argitalpenak kontuan hartu gabe zeudela. Hala eta guztiz ere, baieztatzen zuen gaztelaniaz eta jatorrizko formatuan aurkeztutako 11 artikuluekin ere, puntuazioak altuagoa izan behar zuela.
2010ko abuztuaren 3an, Hezkuntza Departamentuaren txostena sartu zen. Bertan, honakoa azaltzen da:
“Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketako merezimenduen balorazioa zela-eta [?] andreak aurkeztutako idazkiaren ondorioz (10/546/F espedientea) Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Departamentuari zuzendutako idazkiari dagokionez, honako informazioa eman behar dizut:
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateren Zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdia onetsi zen.
[?] andreak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko Biologia eta Geologia espezialitatean, gaztelaniazko adarrean, parte hartu du. Parte hartzeko 2010eko urtarrilaren 22ko eskabidearekin batera, dokumentazio ugari aurkeztu du egin dituen argitalpenei buruz: jatorrizko formatuan, aldizkarien separaten bitartez edo fotokopia soil eta konpultsatuen bitartez. Halaber, fotokopia askotan, ISBNa edo ISSNa eskuz idatzirik ageri dira.
Horri dagokionez, kontuan hartu beharra dago deialdiko I. eranskinak merezimenduen baremoa ezartzen duela, eta argitalpenei dagokienez honakoa dioela:
“III. Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 2 puntu).
Atal honetan merezimendu hauek baloratuko dira, 2 puntu bitarte:
Lanen bat egile batzuen artean egiten bada, argitalpenari emandako puntuazioak egile kopuru osoarekin zatituko dira.
Frogagiriak: Argitalpenen (ISBN edo ISSN direlakoak dituzten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren jatorrizko aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.
Euskarri berezietan (bideoetan, CD-ROMean, eta abarretan) argitaratutako materialei dagokienez, dagokion aleaz gain argitalpen horiek osatzen dituzten dokumentu inprimatuak aurkeztu beharko dira (azalak, azalpen liburuxkak, inprimakiak eta abar).
Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira.
Horrenbestez, idazkiaren egileak eginiko baieztapen batzuei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak honakoa esan beharra dauka:
Merezimenduen baremoari buruzko atalak ezartzen du argitalpenak baloratzeko aurkez daitekeen ziurtagiri bakarra dela jatorrizko ale bat aurkeztea, non ISBNa edo ISSNa agertuko den. Halaber, formatu elektronikoko argitalpenetan dokumentazioaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta hura ematen duen erakundearen ziurtagiria ere, merezimenduen baremoan ageri diren ezaugarriekin.
Baldintza horiek deialdiko oinarrietan ezartzen dira berariaz, eta jurisprudentziak behin eta berriz aitortu duen bezala, oinarri horiek hautapen-prozesua gidatu behar duen legea dira; behin irmoak eta onartuak direnean, lotzen dituzte bai deialdia egiten duen administrazioa, bai izangaiak eta hautaprobak baloratu behar dituzten epaimahaiak ere.
Horrenbestez, balorazio batzordeak ez ditu baloratu argitalpenen fotokopia konpultsatuak, ez ISBNrik edo ISSNrik ageri ez duten argitalpenak, ez eta euskarri elektronikoko argitalpen kopia inprimaturik gabekoak eta behar diren zehaztapen guztien gaineko ziurtagiririk ez dutenak.
Batzordeak jokatzeko daukan diskrezionalitatearen barruan, irizpide berberak aplikatu zaizkie izangai guztiei, eta deialdiko baldintza guztiak biltzen dituzten argitalpenak daukaten garrantziaren, dauzkaten orrialdeen kopuruaren, edizioa egiten duen argitalpenaren, aleen kopuruaren edo edizio-kopuruaren, bai eta izen aitortua duten aurkibideetan agertzearen arabera edota abarren arabera.
Halaber, lanen bat egile batzuen artean egiten bada, argitalpenari emandako puntuazioak egile kopuru osoarekin zatitu dira.
Azken batez, departamentuak uste du [?] andrearen argitalpenak deialdiko oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratu direla eta izangai guztiei baldintza berdinetan aplikatu zaizkiela irizpideak.
Hori guztia da jakinarazten dizudana. Edozer behar baduzu zure esanetara naukazu”.
Interesdunak kexa bat aurkeztu du Irakaskuntza Ertainetako Irakasleen Kidegoan sartzeko azken prozedurako merezimenduen balorazioari buruz. Horri dagokionez, adierazi du ez dagoela ados deialdiko testuan sarturiko betebehar batzuekin (baieztatzen du betetzen ezinezkoak direla) eta deialdiaren aplikazioarekin berarekin.
Baieztatzen du ezen, orain dela bi urte, antzeko betebeharrak ezartzen zituen antzeko prozedura batean, 1.7318 puntu ezarri zitzaizkiola egindako argitalpenengatik; gehieneko puntuazioa 2 puntukoa zenj. Hala eta guztiz ere, kexaren xedea den prozeduran, argitalpen gehiago dituen arren, balorazioa askoz ere txikiagoa izan da.
Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak printzipio orokor bat ezarri du behin eta berriz, alegia, “deialdiko oinarriek lotzen dituztela ez soilik hautapeneko epaimahai edo batzordeak, baizik eta, baita ere, haietan parte hartzen dutenak”. Horrek esan nahi du, deialdia aurkatu ez denez, hura eta haren oinarriak direla lehiaketari buruzko legea, eta bai lehiatzaileak, bai hautapenaz eta, kasua bada, adjudikazioaz, arduratzen den organoa ere.
Horrenbestez, abiapuntu gisa hartzen badugu deialdiko oinarriak direla oposizio-lehiaketaren legea, eskatutako baldintza bat betetzen den ala ez den betetzen ezartzerakoan, azterketa zuzenean oinarrietan zentratu beharko da. Oinarri horiek, izan ere, aurkatu ez direnez, oposizio-lehiaketaren legearen funtzionalitate osoari eusten diote.
Bada, deialdiak, argitalpen zientifikoei buruzko frogagiriak aurkezteari dagokionez, honakoa xedatzen du.
Frogagiriak: Argitalpenen (ISBN edo ISSN direlakoak dituzten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren jatorrizko aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.
Euskarri berezietan (bideoetan, CD-ROMean, eta abarretan) argitaratutako materialei dagokienez, dagokion aleaz gain argitalpen horiek osatzen dituzten dokumentu inprimatuak aurkeztu beharko dira (azalak, azalpen liburuxkak, inprimakiak eta abar).
Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira. (…)
Kexa-egileak argudiatzen du ezen zail gertatzen zaiola bere lanak argitaratuta dauden aldizkarietako jatorrizko aleak eskuratzea, zeren eta harpidetza oso-oso garestia baita (urteko 3.000 euro inguru bakoitzean), eta soilik unibertsitateak, ospitaleak eta liburutegiak izaten direla gastu horri aurre egiteko moduan daudenak. Gainera, adierazten du azken urte hauetan jada ez del separatarik banatzen paperezko euskarrian, ezta egileei ere, eta pdf gisako bertsio elektronikoak erabiltzen direla, nahiz eta aldizkari horiek paperean inprimatzen jarraitzen den. Eta askotan, unibertsitateek, liburutegiek eta abarrek berek ere ez dietela paperezko harpidetzei eusten, eta soilik “on line” harpidetzak dauzkatela.
Egoera horren aurrean, ulertu zuen egin zezakeen gauza bakarra zela eskura zeuzkan separatak aurkeztea eta ahal zen jatorrizko ale gehien eskuratzea, haien kopia konpultsatuak aurkeztu ahal izateko. Horrela, Hezkuntza Departamentuaren menpeko organo batean (...), jatorrizko aleak aurkeztu ondoren kopia batzuk konpultsatu zizkioten (aurrez, jatorrizko ale horiek Nafarroako Unibertsitatean edo Nafarroako Klinika Unibertsitarioan eskatu behar izan zituen), argitalpenen egiazkotasuna demostratzeko. Argitalpen askotan, portadaren beraren kopia ere konpultsatu zioten, aldizkariaren ISSNa erakusteko. Beste batzuetan, portada konpultsatzea ezinezkoa zenez (portadarik gabe koadernaturik baitzeuden urte osorako liburuki batean), ISSNa eskuz idatzi zuen, baina aurkeztutako agirietan aldizkari guztien karatulen fotokopia konpultsatuak ageri ziren.
Bestalde, deialdiak honakoa ezartzen zuen: “Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, argitalpenaren kopia inprimatu batez gain txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu base bibliografikoan ageri dela. Agiri horretan datu basea, argitalpenaren izenburua, egileak eta urtea adieraziko dira”. Bada, horren aurrean, jo zuen eskuratzerik izan ez zuen aldizkarien kasuan –unibertsitateek edo liburutegiek “on line” harpidetza baizik ez zutelako– aldizkari elektronikoak zirela ulertuko zela. Eta bere iritziz, pentsaezina da aldizkari zientifiko batek ziurtatzea “on line” argitalpen bat badagoela, aldizkariaren existentzia aldizkari zientifikoen aitortutako doako edozein datu basetan egiazta baitaiteke.
Gainera, gehitzen du harrigarri egiten zaiola Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien garai hauetan, on line bertsioekin lan egitea desabantaila suertatzea, aurrerapen bat izan beharrean. Berdin pentsatzen du ingelesez argitaratutako artikulu zientifikoen zinpeko itzulpenak eskatzeari dagokionez, zientziaren hizkuntza unibertsala ingelesa baita (...).
Hezkuntza Departamentuak honako argudioekin justifikatzen du puntuatu ez izana:
Merezimenduen baremoari buruzko atalak ezartzen du argitalpenak baloratzeko aurkez daitekeen ziurtagiri bakarra dela jatorrizko ale bat aurkeztea, non ISBNa edo ISSNa agertuko den. Halaber, formatu elektronikoko argitalpenetan dokumentazioaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta hura ematen duen erakundearen ziurtagiria ere, merezimenduen baremoan ageri diren ezaugarriekin. Horrenbestez, balorazio batzordeak ez zituen baloratu argitalpenen fotokopia konpultsatuak, ez ISBNrik edo ISSNrik ageri ez zuten argitalpenak, ez eta euskarri elektronikoko argitalpen kopia inprimaturik gabekoak eta behar diren zehaztapen guztien gaineko ziurtagiririk ez dutenak.
Atzerriko hizkuntzetan eginiko argitalpenen kasuan, haien zinpeko itzulpena aurkeztu behar izateari dagokionez, batzordeak atzerriko hizkuntzetan idatzirik aurkeztu diren argitalpen guztiak baloratu zituen, nahiz eta zinpeko itzulpenik aurkeztu ez, betiere jatorrizko alea aurkeztuz gero eta hartan ISBN edo ISSN erreferentziak jasoz gero. Halaber, batzordeak aldizkarien jatorrizko separatak baloratu zituen, baldin eta jatorrizko ISSNa jasotzen bazuten (...)
Aldeen argudioak azaldu ondoren, aurrera daiteke ezen, erakunde honen iritziz, balorazio batzordeak deialdiaren oinarriei buruz egin dituen interpretazioa eta aplikazioa murrizgarriegia eta “zorrotzegia” izan dela, eta, horrenbestez, ez duela errespetatu kexa-egileak funtzio publikora sartzeko zeukan eskubidea, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera.
Izan ere, argitalpenei dagokienez, arestian transkribatu dugun deialdiko oinarriak exijitzen du argitalpenaren ISSNa ager dadila, baina ezer ere ez dio datu hori agertzeko moduari buruz. Horrenbestez, garrantzia duena da datu hori agertzea, eskuz nahiz modu inprimatuan izan. Eta egia da aldizkarietan argitaratutako lanen separatetan datu hori ez dela ageri; soilik aldizkariaren karatulan agertzen baita. Horrenbestez, separata bat errefusatzea ISSNa eskuz idatzirik agertzen delako, oinarri horren interpretazio murrizgarriegia egitea da, zeren eta ez baita exijitzen datua inprimaturik egotea eta balorazio batzordeak zailtasun handirik ez baitzuen eskuz jarritako datu hori egiaztatzeko.
Gauza bera esan daiteke fotokopia konpultsatuak ez baloratzeari buruz. Egia da oinarriak “jatorrizko alea” aipatzen da, baina egia da, era berean, batzuetan zail gerta daitekeela jatorrizko ale bat eskuratzea, eta zailtasun hori gaindi daitekeela erakunde publiko batek behar bezala konpultsaturiko kopien bitartez, konpultsa horrek egiazkotasuna bermatzen baitu. Bada horixe izan zen interesdunak erabili zuen sistema aurkeztu zituen argitalpen batzuetan.
Euskarri elektronikoko argitalpenak ere ez ziren baloratu, izangaiak erakunde igorlearen ziurtagiririk –behar ziren zehaztapen guztiekin– ez zuelako aurkeztu. Baina, kexa-egileak arrazoiz azaltzen duen bezala, normalean horrelako aldizkari zientifikoek ez diete “ziurtagiriak” egiteko eskabideei erantzuten, aldizkari guztiek egiaztatze elektronikoa baitute. Eta ezin da ahaztu egiaztatze elektronikoa administrazio elektronikoari buruzko legeetan onartuta dagoela. Egiazki, egiaztatze elektronikoa duten argitalpen elektroniko horiek ziurtagiri hori ez aurkezteagatik errefusatzea Nafarroako Foru Komunitatean Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren aurkakoa da.
Gainera, aipatu beharra dago ezen, atzerriko hizkuntza batean eginiko argitalpenei dagokienez, zeinetan zinpeko itzulpena aurkeztu behar baita, balorazio batzordeak atzerriko hizkuntzetan aurkeztutako argitalpen guztiak barematzearen aldeko hautua egin zuela, nahiz eta zinpeko itzulpen aurkeztu ez. Orduan, baldintza horren interpretazioan eta aplikazioan malgutasunez jokatu baldin bazuen, berdin joka zezakeen argitalpen elektronikoaren “ziurtagiria” aurkezteko baldintzari zegokionez, haren egiaztatze elektronikoa ontzat joaz.
Gainera, aurrekoa ezertan ere kendu gabe, bidezkoa da gaia aztertzea akatsak zuzentzeko aukeraren ikuspegitik, zeren eta, edonola ere, horretantxe baitatza kasu hau, hau da, merezimenduak frogatzeko agirian akatsak izatean. Eta kexa-egileak aipatutako kexetako bat da balorazio batzordeak ez ziola inongo eperik eman aurkeztutako agirietan atzemandako akatsak zuzentzeko.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 artikuluak, 1. eta 2. idatz-zatietan, honakoa ezartzen du:
Eskatutako agiriak aurkezteko zailtasun berezirik baldin bada, interesdunak eskaturik edo organoaren ekimenez beste bost egun eman daitezke, hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretan izan ezik.
Horrela, bada, lege horren 2. zenbakiak onartzen du “a contrario sensu” zuzentzea hautapen prozesuetan eta norgehiagokako hautapen prozesuetan aplikatzekoa dela, eta horixe onartu du Auzitegi Gorenak legearen interesetan emandako 2003ko otsailaren 3ko epaiaren bitartez –RJ 2003/1565–, honakoa argudioak erabiliz:
“Aztertutako gaian, aurkaturiko epaian, instantziako epaian erabilitako irizpidearen aurka, aldezten da 30/92 Legeko 71. artikulua –lege hori 4/99 Legearen bitartez aldatu zen– ezin dela hautapen prozeduretan aplikatu, zeren eta horiek ez baitira hasten interesdunak eskatuta, eta prozedura horietan hain zuzen ere deialdiko oinarriak direla araua; horrenbestez, arau horietan epe bat ezartzen bada lehiatzaileen merezimenduen frogagiriak aurkezteko, ezin da biderik eman epe hori amaitu ondoren beste agiri batzuk aurkezteko, eta epaimahaiak ezin izanen du, ezta ere, zuzentzeko eperik eman. Beraz, epaimahaiak alegatutako merezimenduak zirela-eta beste epe bat zabaldu zuenean, oinarrietan ezarritakoa urratu zuen.”
“Doktrina prozesalaren ikuspuntutik, aurkaturiko epaiaren izaera larriki kaltegarri eta akastuna heldu da eztabaidatutako gaiari 30/92 Legeko 71.2 artikulua –4/99 Legearen bidez aldatu zen lege hori– ezin aplikatzetik heldu da. Irizpide horren aurrean, uste dugu “legeko 71. artikuluan ezarritako zuzentzeko printzipioa nagusitu behar dela bere zabaltasun osoan, eta interesdunari eskatu behar zaiola eskabidean egon daitezkeen akatsak zuzentzeko. Eta hori sala horrek behin eta berriz aipatu duen jurisprudentzia da, zeinetatik honako irizpideak azal baitaitezke: -a) Oposizio edo lehiaketa bateko akatsak guztiz zuzentzekoak izateari buruzko tesia Auzitegi Gorenaren 1990eko azaroaren 6ko epaian aitortu da –Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 54. eta 71. artikulu indargabetuak aipatzen dira– hutsegitea zuzentzeko modukoa dela jo baitzuen; horrek ez du hausten jurisprudentziak lehiaketaren 2669 oinarrien izaera lotesleari buruz ezarritako doktrina, hura ere aurkatutako epaian aipatzen baita. Egiaztagiri bat ez aurkezteari buruzko akatsa zuzentzeko aukera arazorik gabe onartzen da 1976ko urriaren 18 epaian, 1987ko uztailaren 13ko epaian , 1988ko azaroaren 8ko epaian, 1989ko apirilaren 12ko epaian eta 1989ko maiatzaren 26ko epaian; nabarmentzekoa da 1983ko maiatzaren 16ko epaia, guztiz aplikatzen baitu 71. artikulua, 1958ko uztailaren 17ko testuaren arabera, onartuz, gainera, Administrazioak aukera ematea sinatzaileei hamar eguneko epean atzemandako hutsegitea zuen dezaten; gauza bera gertatzen da 1985eko ekainaren 28ko epaiarekin, non jotzen baita egokia dela apelatutako epaiaren erabakia, erabaki horretan adierazten baita ezin zaiola soilik begiratu irizpide zorrotz formalista bati, zeina legegileak bilatzen duen egiazko borondatearen aurka baitago”.
Argudio horien ondotik, epaiak errekurtsoa baietsi eta honako lege-doktrina finkatzen du: “Akatsak zuzentzeko izapidea, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan aipatzen dena, guztiz aplikatzekoa da Espainiako unibertsitateetako irakasle elkartuen hautapen prozeduretan”.
Antzeko argudioak erabiltzen dira Auzitegi Nagusiaren 2004ko irailaren 14ko eta azaroaren 26ko epaietan.
Halaber, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren zenbait epai aipa daitezke –horien erakusgarria da 2008ko urtarrilaren 18ko epaia (JUR 2008/87399)–, non zehazten baita bereizi beharra dagoela alegatutako merezimendua ez aurkeztea eta merezimendu bat akatsekin edo gabezia batzuekin aurkeztea. Hain zuzen ere, soilik bigarren kasu horretan izanen luke tokia merezimenduak zuzentzeko aukerak. Horri dagokionez, aipatutako epaiek hauxe diote: “Interpretazioaren ikuspuntu horretatik, tituluren bat ez aurkeztea edo falta izatea akatsak zuzentzeaz bestelako kontu bat da, zeren eta tituluak aurkezteko zama parte hartu nahi duenak hartu behar baitu bere gain. Bide batez, esan dezagun, parte hartzeko eskariarekin ez duela deialdia sortzen; aitzitik, deialdian parte hartzeko hautua egiten du. Bestetik, gainera, hori ez dator bat 30/1992 Prozedura Legeko 71. artikuluko 2. idatz-zatiaren hasieran aipatzen denarekin. Gainera, norgehiagokako prozedura horietan, bereziki garrantzitsua da parte-hartzaile guztien arteko berdintasun printzipioa bermatzea. Izan ere, printzipio hori ez litzateke errespetatuko baldin eta lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa den dokumentu bat aurkezten ez duenari aukera ematen baldin bazaio hura aurkezteko eskabideak aurkezteko epea iragan eta ondoren, zeren eta hori hari mesede-tratua ematea balitzateke, deialdiko oinarriak bete dituzten gainerakoen kaltetan. Hori esanik, zehaztu beharra dago sala honek. eta batez ere merezimenduak frogatzeari dagokionean, orain arte bereizi izan duela dokumentaziorik ez aurkeztea eta dokumentazio akastuna aurkeztea; bada azken kasu horretan, oro har, onartzen da zuzentzeko aukera izatea, Administrazioari exijitzekoa zaion diligentziaren betebeharra dela-eta (1999ko urriaren 5eko epaia, 2.575/95 errekurtsoari buruz emana, eta 2002ko azaroaren 12ko epaia, 63/02 apelazio errekurtsoari buruz emana).”
Espediente hau dela eta, [?] andrearen kexaren eta aipatu den espedientea eragin zuen beste kexa haren funtsezko antzekotasuna kontuan izanda, Hezkuntza Departamentuari eginiko gomendioa berretsi beharra dago, interesdunaren merezimenduak egoki baloratze aldera.
Egiazki, lehendik esandakoa are gehiago nabarmentzeko besterik ez bada ere, adierazi beharra dago guretzat ez dela erraza onartzea azken deialdian argitalpenengatiko merezimenduak aurkezteko berritik exijitutako baldintza formalek salatutakoa bezalako emaitza bat ekartzea: “Biologia eta Geologia” espezialitateko lanpostu baterako lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak argitalpenak egin izateagatik ezarritako balorazioa, bi urte geroago, nabarmen txikiagoa izatea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea jarraibideak eman diezazkion balorazio batzordeari, kexa-egileak “argitalpenak” atalean aurkeztutako merezimenduak berriz baloratzeko, oinarrien interpretazio murrizgarriegia egin gabe, eta, kasua bada, zuzentzeko epe bat eman diezaion, dokumentazioan ageri diren eta zuzentzeko modukoak diren akatsak zuzentzeko.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia