Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 16ko 164/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 16

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con sanción impuesta por falta de asistencia a clase

Exp: 10/638/E

: 164

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 20an, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, ingeleseko ikasketekin jarraitzea eragozten zion zehapen bat ezartzeagatik.

    Azaltzen du 2009-2010 ikasturtean, ingeleseko ikasketa ofizialetan jardun duela Iruñeko Konpainia kaleko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

    Azaltzen du eskolak huts-egite larritzat jo zuela bertaratze-hutsak % gainditzea, eta hori dela eta, zehapen gisa, bi urtez ezin izen ematea ezarri ziola.

    Gehitzen du, maiatzaren 28an, ostiralez, saiatu zela ez bertaratzeak justifikatzeko ziurtagiri medikoak aurkezten, baina ezin izan zuela halakorik egin eskolako bulegoak itxita zeudelako. Hurrengo astelehenean, maiatzaren 31n, 8:00etan, ziurtagiriak aurkeztu zituen ikastetxeko administrazioan, baina bulegoko langileek ez zituzten hartu nahi izan.

    Amaieran eskatzen zuen ezarritako zehapena baliogabetzeko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informa ziezadan.

    2010eko irailaren 7an, kontseilariaren eskatutako txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“[?] andreak azaltzen du eskolak huts-egite larritzat jo zuela bertaratze-hutsak % gainditzea, eta hori dela eta, zehapen gisa, bi urtez ezin matrikulatzea ezarri ziola.

Horri dagokionez, jakitera ematen da Hezkuntza Departamentuak arautzen dituela ikasturtean zehar Nafarroako hizkuntza eskola ofizialak gobernatzeko funtzionamendu-jarraibideak. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 15eko 363/2009 Ebazpenak, abuztuaren 26ko NAOn argitaratuak, IV. atalean ikasle ofizialak ikastetxe horietara joateari buruzko jarraibideak ezartzen ditu. Jarraibide horrek honakoa dio:

“Bertaratu beharreko modalitatean, ikasle guztien eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.

Ikasleei asistentziaren %70 eskatuko zaie, gutxienez, etengabeko ebaluaziorako eskubidea izan eta hurrengo ikasturtean ikastetxean segitu ahal izateko. Bestela, postua erreserbaturik edukitzeko eskubidea galduko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei absentzien kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin, ikastetxeak ezartzen duen prozeduraren bitartez.

Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dira, eskola kontseiluaren ustez justifikatuak badira.”

Hizkuntza eskola ofizialen funtzionamendurako jarraibide horiek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, ikastetxe horien komunikazio-tresna guztietan ageri dira, irekiak dira eta zabal ematen dira jakitera, bereziki ikasleei lotutako alderdiei dagokienez, web gunean, iragarki oholetan, matrikularako gutun-azaletan, ikasgeletan ematen den “eskola ulertzeko oinarrizko baldintzak” dokumentuan eta abarretan.

Azpimarratu beharra dago hizkuntza eskola ofizialetarako irakaskuntza ofizialeko bertaratzeak arautu beharrekoak direla, dagoen demanda handia dela eta. Demanda handi horrek iragan ez oso urruneko batean kontraste egiten zuen ikasle ofizialen ez-bertaratze ugariekin; izan ere, ikasleek ez zuten beren ez-bertaratzeak justifikatu behar eta ez zuen azterketetarako deialdi mugarik; horrenbestez, mugarik gabe egon zitekeen matrikulaturik, lehentasunezko eskubidearekin, ikasmaila berean eta hizkuntza berean.

Horrenbestez, ez da Nafarroako Hizkuntza Eskola larritzat jotzen duena ez-bertaratzeen % 30eko muga (urteko 130 ordutatik 39 ordu) gainditzea, baizik eta Hezkuntza Departamentuak sortutako arauek berek; izan ere, arau horien bidez horrelako irakaskuntzetara sartzea eskatzen duten Nafarroako herritarren interesak zaintzen dira eta ikastetxe horietan nahitaez bete beharreko araudi bat ezartzen da.

Gehitu beharra dago ez dela zehapen bat, baizik eta “etengabeko ebaluaziorako eskubidea eta hurrengo ikasturtean ikastetxean hizkuntza bera ikasten segitu ahal izateko eskubidea galtzea”.

[?] andreak gehitzen du maiatzaren 28an (ostirala), saiatu zela eskoletara ez bertaratzeari buruzko ziurtagiri medikoak aurkezten, baina ezin izan zuela halakorik egin eskolako bulegoak itxita zeudelako; horrenbestez, astelehenean, maiatzaren 31n, 8:00etan, berriz ere joan behar izan zuen. Agiriak aurkezteko ahalegin hori ezin izan zen gauzatu, bulegoko langileek ez zituztelako hartu nahi izan.

Horri dagokionez, jakitera ematen da ezarrita dagoen eta ikasle guztiei jakitera eman zaien epea, ez-bertaratzeak justifikatzeko, maiatzaren 24ko 14:30etik maiatzaren 28ko 14:30era bitartekoa zela, administrazio-orduetan. Epe horretan, eta horretarako ezarritako ordutegi ofizialean, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko administrazioa irekita egon zen, eta ez zitzaion agiriak aurkeztera bertaratutako inori hori egin zezan eragotzi.

Horrenbestez, zerbitzu honek uste du Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren jokabidea zuzena izan zela eta Hezkuntza Departamentuak horrelako ikastetxeetarako ezarritakoa bete zuela.

AZTERKETA

  1. Kexa-egilea Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bulegoetara joan zen 2010eko maiatzaren 31n, eta saiatu zen “tengabeko ebaluaziorako eskubidea eta hurrengo ikasturtean ikastetxean hizkuntza bera ikasten segitu ahal izateko eskubidea”galduta zuten ikasleak –bera, haien artean zela– zerrenda jasotzen zuen espedienteari ez-bertaratzeak justifikatzeko ziurtagiri merdikoak gehitzen, osasun arrazoi batzuk tarteko, ezin izan baitzen eskola batzuetara joan.

    Eskolako erregistroko langileek ez zituzten ziurtagiriak jaso nahi izan, hura entregatzeko epea iragana zela alegatuz.

  2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan ezartzen da “Herritar guztiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erregistroetan idazkiak eta agiriak aurkezteko eskubidea dutela” eta “Erregistroko arduradunek ezin izanen dute agiriak aurkezteko mugak edo debekuak jarri, ez formazko arrazoiengatik, ez idazkiaren edukiagatik”.

    Horrenbestez, administrazioen erregistro publikoek inolaz ere ezin dute errefusatu agirien aurkezpena, eta ezin diote uko egin haiek jaso eta erregistratzeari, eta ezin dute inongo jarrerari hartu herritarrek haietan planteatzen dituzten edukiei buruz. Besterik da zein diren agiri horiek sor ditzaketen eragin juridikoak. Behin haiek jaso ondoren, Administrazioaren organo eskuduna da agiriak aztertu behar dituena; eta, kasua bada, bera da haiek baztertu behar dituena, garaiz kanpo aurkezteagatik; eta bera izanen da, halaber, haiei buruz ebatziko duena.

  3. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko administrazioko bulegoak, kexa-egileak aurkeztutako agiriak hartzea errefusatu zuenean, ez zuen aintzat hartu herritarrak erregistro administratiboetan idazkiak aurkezteko daukan eskubidea.

    Horrenbestez, bidezkoa da ezen Hizkuntza Eskola Ofizialak jaso eta erregistra ditzala kexa-egileak aurkeztutako agiriak, eta, haien edukiaren eta aplikatzekoa den legediaren arabera, organo eskudunak haiek onartu edo baztertu beharko ditu, eta haiek baztertzekotan, haietan aipatzen diren arrazoiak eta frogak baietsi edo ezetsi beharko ditu, eta kexa-egilea etengabeko ebaluaziorako eskubidea eta hurrengo ikasturtean ikastetxean segitu ahal izateko eskubidea galdu dituen ikasleen zerrendan sartzea edo ez sartzea erabaki beharko du.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez aukera eman behar diela herritar guztiei idazkiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edozein erregistrotan aurkezteko eskubideaz baliatzeko.

  2. Gomendatzea ezen, kasu honetan, Hizkuntza Eskola Ofizialak legezko betebehar hori eraginkor bihur dezan, eta interesdunari eska diezaion aurkezteko eskoletara ez bertaratzeari buruzko ziurtagiriak aurkez ditzan, haiek hartu eta erregistratu ahal izateko.

  3. Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta adierazitakoa betetze aldera neurri egokiak hartzen dituen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia