Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 14ko 182/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruz.

2009 iraila 14

Función Pública

Gaia: Contratación de personal. Normativa que rige en las empresas públicas

Exp: 09/554/F

: 182

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 19ko datarekin, Erakunde honetan [?] andreak aurkeztutako kexa sartu zen, Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuari buruz aurkeztutakoa, “Navarra de Suelo Residencial S.A.” enpresa publikoaren kargura langileak kontratatzeko egondako irregulartasunengatik.

    Adierazten du Nasursak 2009ko maiatzaren 31n iragarri zuela prentsan Zuzenbidean lizentziatutako bat hautatzeko plaza, eskualdeetako bulego sarea zabaltzeko. Iragarkian hautagaiei eskatzen zitzaizkien baldintzak zehazten ziren, baita eginen zitzaizkien probak ere.

    Adierazten du “curriculum vitaea” igorri zuela, eskatutako baldintza guztiak betetzen zituelako. Ondoren, uztailaren 3an, giza baliabideetako arduradunaren mezu elektroniko bat jaso zuen, eta jakinarazten zitzaion hautaketa probetarako ez zutela aukeratu.

    Adierazten du Nasursak iragazki bat ezarri zuela “curriculum vitaeak” jaso ondoren, publiko egin ez zituen eta inon ez zeuden irizpide batzuen arabera. Bere ustez, ondorioz, jarrera horrek erabateko babesgabetasuna eragin zion; izan ere, eskatutako baldintza guztiak betetzen zituen arren, proba teknikoak, psikoteknikoak eta elkarrizketak egitea galarazi baitzaio, eta meritu eta gaitasun printzipioen arabera proba horietan ematen zaio posturako egokiena den pertsonari lanpostua eskuratzeko aukera.

  2. Kexa hau behar bezala ebazteko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz zein aukera dauzkagun zehazteko, Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentura zuzendu ginen, kexan planteatutako gaiaz informa zezan.
  3. Joan den irailaren 3ko datarekin Erakunde honetan sartu zen Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuaren txostena eta honakoa zioen:

    [?] andreak kexa bat aurkeztu du “Navarra de Suelo Residencial, S.A.” –NASURSA- enpresa publikoa langileak kontratatzeko burutzen ari den prozesuaren aurka. Kexan argudiatzen da hautaketa prozesuan irregulartasunak egon direla eta horien ondorioz, interesatuaren iritziz, erabateko babesgabetasuna sortu da.

    Egia da NASURSA enpresa publikoak maiatzaren 24an eta 31n Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan argitaratutako iragarkien bidez arkitekto bat eta Zuzenbidean lizentziatutako bat kontratatzeko hautaketa-prozesua hasi zuela. Zuzenbidean lizentziatutakoaren posturako 66 hautagai aurkeztu ziren. Horietatik 11 aurre hautatu dira eta horien artean ez dago [?] andrea. Aurre hautatu ez diren hautagai guztiei posta elektronikoz jakinarazi zaie.

    Zentzu honetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 121.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate publikoak ordenamendu juridiko pribatuak arauturen dituela, aurrekontuen, kontabilitatearen, ondarearen, finantza kontrolaren eta kontratazioaren arloan ezarri daitezkeen espezialitateei kalterik egin gabe.

    Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeko 106.1 artikuluak ezartzen du sozietate publikoak ordenamendu juridiko pribatuak arauturen dituela, Foru Lege honetan eta kontabilitatearen, ondarearen, finantza kontrolaren eta kontratazioaren arloan ezar daitekeen administrazio-araudian ezarritako espezialitateari kalterik egin gabe.

    NAVARRA DE SUELO RESIDENCIAL, S.A. –NASURSA- enpresa publiko bat da, Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentura atxikita dago eta Nafarroako Gobernuaren akordio bidez sortu zen 1999ko martxoaren 29an (47. Aldizkaria, apirilaren 19koa).

    Aipaturiko enpresak izaera pribatua du eta trafiko juridikoan jarduten da subjektu pribatuaren pare eta eskubide zibil, merkantil eta laboralak araututa, 14/007 Foru Legean adierazitako berariazko kasuetako administrazio araudietan izan ezik.

    Bere izaera juridikoari dagokionez, zuzenbide pribatuko erakundea da eta ez Administrazio Publikoa, hau da, ez du nortasun publikorik eta, ondorioz, ez du Administrazio Publiko izaerarik, eta ezin zaio ezarri hemen eztabaidagai dagoena, hau da, Administrazio Publikoetan hautaketak egiteko araudia.

    Beraz, NASURSA eta bere langileen arteko lan harremanak laneko legeriak arautzen du eta ez legeri publiko administratiboak.

    Langileen Estatutuak ez du hautatzeko berariazko baldintzarik eta prozedurarik zehazten eta Estatutu hau bete behar du NASURSAk; beraz, ezar daitekeen araudiaren arabera, kontratazioak zuzenean egin ahal izanen lirateke, eta ez litzateke beharrezkoa inolako iragarkirik edo lehiarik.

    NASURSAko estatutuetan ez da gehitu langileak hautatzeko inolako prozedurarik.

    NASURSAk heltzen dion lan hitzarmen kolektiboa Nafarroako “Bulegoak” sektoreko Laneko Hitzarmen Kolektiboa da, eta horrek ere ez du zehazten erreklamazioa egin duenak hel diezaiokeen berariazko prozedurarik, kontratazio prozesuko irregulartasunak alegatzeko.

    Aurrekoa hala izanda, osagarri gisa kontuan izan behar da, eta hala egin du NASURSAK, Comptos Ganberak adierazitako beste gomendio mota bat, 2007ko otsaileko txostenean gomendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren enpresa publikoak fiskalizatzekoa, 2004ko ekitaldiari zegokiona, langileak hautatzeko, obren kontratuetarako, laguntza tekniko eta hornigaietarako eta Nafarroako Gobernuak jasotako transferentzia bidezko agindu eta sarrerentzako.

    Zehatz esateko, langileen arloan zehazten du laneko zuzenbidea ezar daitekeela, baina botere publikoko tresna denez, bere jardueretan printzipio konstituzional hauek errespetatu behar direla:

    arbitrariotasunaren galarazpena, berdintasuna, meritua eta langileak hautatzeko gaitasuna. Printzipio hauek eraginkorrak izateko, beste printzipio batzuk ezarri beharra dago: publizitatea, konkurrentzia eta objektibitatea, langileak hautatzeko prozesu objektibo eta motibatua egiteko.

    Comptos Ganberak enpresa publikoak hautaketa prozedurak ezartzera premiatzen ditu, baina ez ditu prozedura horretako fase desberdinak aurrez zehazten, ezta probak eta horiek izaera baztertzailea duten ala ez ere, besteak beste. Erabaki hori kontratazio-organoari dagokio, beste modu batera ezin zitekeen izan, eta lanposturako diseinatutako profilaren arabera eginen du.

    Arreta Teknikoko Eskualdeetako Bulegoetan tokiko erakundeen aholkularitza lanak egiteko Zuzenbidean lizentziatu bat kontratatzeko arbitratu den hautapen prozesua arautzeko publizitate, konkurrentzia, objektibitate, meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak erabili dira, arbitrariotasunaren inolako aztarnarik gabe.

    Eskaintzaren iragarkian konkurrentzia eta lehenengo hautapen bat aipatzen dira, hautagaiek curriculum vitaean adierazitako merituen eta gaitasunen arabera, lanposturako eskatutako profilera zenbat egokitzen ziren ikusita. Egokitzapen hori zehaztea kontratazio organoari dagokio eta hautagaietako inork ere ezin du funtzio hori usurpatu curriculum vitaea aurkeztu hutsarekin.

    Kontuan izan behar da, hori dela eta, funtzio publikoan ez bezala, enpresa publikoetan langileak kontratatzeko deialdietan gutxieneko baldintzak betetzeak ez duela hautaketa proben konkurrentziarako eskuratutako eskubiderik sortzen, baizik eta asko jota itxaropen hutsak, baina inola ere ez aurre kontratu bat edo hautaketa prozesuan parte hartzeko oinarririk. Kontratazio organoa da, lanposturako eskatutako profilaren arabera, fase desberdinak zehazten dituena, baita fase horiek izaera baztertzailea duten ala ez eta, azken finean, horietako bakoitza gainditzen duten hautagaiak zein diren zehazten duena ere.

    Elkarte publikoetan langileak kontratatzearen eta erabakitzearen aurkako errekurtsoen epai ugari dago, gehienak justiziako auzitegi gorenenak, besteak beste, Radio y Televisión de Andalucía enpresa publikoaren eta Euskal Telebista-Televisión Vasca, SAren kasuan, eta epai horiek adierazi zuten lan arloan desberdintasunak daudela zuzenbide pribatuko erakunde hauen eta Administrazio Publikoen artean. Lehenengoen kasuan kontratatzeko askatasuna aipatzen du, nola lan baldintzak zehazterakoan hala hautagaiak sartzeko eta baloratzeko prozedurak ezartzerakoan.

    Aurre-hautapen honen inguruko erabakia behar adina oinarrituta dago eta hautagaiak aurrez aukeratzeko, honako irizpideak izan ziren kontuan, batez ere:

    1. Ezagutza edo prestakuntza mailari dagokionez:
      1. Berariazko titulazioak izatea hirigintza arloan, kategoriaren eta ordu kopuruaren arabera mailakatuta.
      2. Eguneratzeko ikastaro osagarriak izatea.
      3. Euskara jakitea.
      4. Zerikusia duten bestelako ikastaroak.
    2. Esperientziari dagokionez: atal hauek kontuan izan ziren lanpostura egokitzearen arabera mailakatuta:
      1. Hirigintzaren berezko gaietan lana egin izana.
      2. Lanpostua egindako erakundea (Administrazioa, sektore publikoa edo pribatua.)
      3. Kontratuko baldintzak (praktikak, beka, pasantia, lan kontratua. etab.)
      4. Kontratuaren iraupena.

Beraz, kontuan hartu da hirigintza arloan berariazko prestakuntza izatea, prestakuntzan izandako jarraipena eta eguneratzea eta hirigintza arloan berariazko trebakuntza eskatzen duen lanpostuan jardun izana.

Kexa egin duenari ahaztu egin zaio aurrez hautatua ez izateko zergatiak aipatzea, 2009ko uztailaren 27an posta elektroniko bidez erantzun zitzaion bezala, eta honekin batera doa 1. Agiri bezala.

Enpresak ez du zalantzan jartzen [?] andrearen gaitasuna, baizik eta objektiboki baloratu da enpresak eskatutako lanposturako egokia den ala ez eta zer ekarpen eginen liokeen, beste hautagaiekin alderatuta.

Arrazoiak azaldu zitzaizkion, beraz, gaur erreklamaziogile denari, eta ezin da enpresa kontratatzailearen ordez baloratu hautagaia plantillan sartzeko egokia zen ala ez; era berean, ezin dira baloratu enpresa kontratatzaileak erabilitako balorazio irizpideak.

Kontratazio organoari dagokio profila definitzea eta aurkeztutako hautagaiak lanposturako egokiak diren baloratzea. Era berean, proba teknikoen aurretik faseak edo aurre-hautaketak ezarri ditzake, irizpide justifikatuak eta objektiboak erabilita, eta horiek zehaztea langileak hautatzeko edozein organoren zuhurtziarakotasun teknikoari dagokio.

Beraz, amaitzeko esan beharra dago hautatzeko irizpide objektiboak erabili direla eta ezin dela inolako arbitrariotasunik hauteman.

Ez da berdintasun printzipioa urratu, kontuan izan behar baita garrantzi konstituzionala duen desberdintasuna justifikazio objektiborik eta arrazoizkorik gabeko aldeak sartzeak ezartzen duela, egoera berdina izan daitekeen kasuetan. Ondorioz, berdintasun printzipioak ez du lan harremanetan tratu berdintasuna ezartzen zentzu absolutuan, borondatearen autonomiak eremu honetan duen eraginkortasunak tarte bat uzten baitu enpresariaren alde-baterako erabakiak, enpresa antolatzeko dituen botereak erabiliaz, langileak hautatzeko prozesuan defini ditzan, lanpostuaren profila defini dezan eta hautagaiak egokitzen diren ala ez defini dezan.

Erreklamaziogilea ez da ados egongo hautatzeko irizpideekin, baina ezingo da ondorioztatu horrelakorik ez dagoenik, ezta kontratazio organoak horretarako eskumenik eta askatasunik ez duenik esan ere.

Erreklamaziogileak dio iragarkian ez zirela faseak adierazten (baztertzaileak ziren ala ez, gutxieneko puntuazioak, hautatzeko irizpideak, etab.), horietako bakoitzaren emaitzak ez du araudirik edo printzipio konstituzionalik urratzen, eta kexatu denari defentsarik eza ere ez dio sortzen.

Erreklamaziogilearen iritziz, iragarkian irizpiderik ez argitaratu izanak defentsarik eza sortu zion, baina esan beharra dago horrelakorik ez zuela alegatu erreklamaziogileak deialdia argitaratu zenean, baizik eta aurre-hautatu ez denean.

Are gehiago, erreklamaziogileari azaldu zitzaion zergatik ez zen aurre-hautatu eta, horrela, behin informazio hori eskatu zuenean, erantzun zitzaion eta justifikatu ere bai 2009ko uztailaren 27ko mezu elektroniko bidez (1. agiri bezala atxikia), beraz, ezin da berak aipaturiko defentsarik eza onartu.

AZTERKETA

  1. Navarra de Suelo Residencial S.A. “NASURSA” merkataritzako baltzu publiko bezala eratu zen 1999ko martxoaren 29an eta bere xedea da (interesatzen zaigun gaiari dagokionez) Administrazio Publikoekin eta erakunde pribatuekin lankidetzan aritzea hirigintza, ingurumen, etxebizitza eta lurraldearen garapen iraunkorraren arloan (Gizarte Estatutuen 4. art.).

    Nafarroako Gobernuak, 2007ko ekainaren 18ko saioan, “Navarra de Suelo Residencial, S.A.” (NASURSA) baltzuari aitortu zion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentala izateko baldintza, bere xede ziren gaietan. NASURSA, erakunde instrumental gisa, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren mendekoa eta menekoa da.

  2. Esan beharra dago Navarra de Suelo Residencial, SAk eskualdeko bulego sarea duela. Bulego horiek aholkularitza orokorra ematen diete Eskualdeko Sareetako Tokiko Erakundeei hirigintza eta etxebizitza arloan espedienteak eta prozedurak tramitatzeko, tokiko lan eta inbertsioei dagokienez, hirigintzako mota orotako txostenak idazten eta, oro har, Tokiko Erakundearekin elkarlanean aritzen dira hirigintza kudeaketan. Era berean, etxebizitza arloan interesatutako herritarrek informazioa jaso dezakete zaharberritzeko laguntzei buruz, diru laguntzak eta pizgarriak ematerakoan, bizigarritasun zedulak berritzeko espedienteak tramitatzerakoan. Bestalde, jabeei eta jabe-erkidegoei aholkuak eman ere egiten zaizkie, elementu komunetako lanak egiteko.

    Hirigintzako gaiei dagokienez, herritarrek honakoei buruzko informazioa eska dezakete: planeamendua, eraikuntzako kudeaketa eta parte hartzea eta lurzoruaren erabilera. Gainera, partikularrek Tokiko Erakundeen bidez egindako hirigintzako kontsultei buruzko txostenak ere egiten dira (NASURSAko web orritik ateratako informazioa).

    Erakunde honen iritziz, eskualdeko bulego sarearen funtzioak interes publikokoak dira. Are gehiago, Lurralde Antolamendu eta Hirigintzako abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 18.2 artikuluak Foru Komunitateko administrazioak ingurumenaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan bulego sare bat ezartzera behartzen ditu eta eskualdeko bulego sarea horien ordezkoa da: “toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulegoen sarearen ordezkoak dira; sare horrek arlo horretako toki-eskumenak eraginkortasunez eta guztiz betetzea bideraturen du

  3. Eskualdeko bulego sareak zabaltzeko, NASURSAk iragarki bat argitaratu zuen prentsan, Zuzenbidean lizentziatu bat hautatzeko. Hautagaiei baldintza batzuk eskatzen zitzaizkien eta horietako batzuk nahitaezkoan ziren eta besteak balorazioa egiteko balio zuten. Iragarkiaren amaieran adierazten zen hautatzeko prozesuan proba teknikoak, test psikoteknikoak eta elkarrizketa pertsonalak eginen zirela.

    Kexa jarri duena eskainitako lanpostuan interesatuta zegoen, curriculum vitaea aurkeztu zuen, eta eskatutako baldintza guztiak betetzen zituela ondorioztatzen zen. Zentzu horretan, inolako zalantzarik gabe hartu zuen enpresa kontratatzaileak. Hala ere, kexa jarri duena prozesutik kanpo geratu zen NASURSAK aurre hautaketa fasea izendatu zuenean.

  4. Planteatutako gaia ebazteko gai nagusia hemen dago, zuzenbide administratiboaren printzipio eta arauak ezarri behar diren ala laneko eskubideen ohiko parametroak.

    Erakunde honek argi du NASURSA bezalako erakunde publikoetan langileak hautatzerakoan legearen aurreko berdintasun printzipioa eta arbitrariotasuna galaraztea erabili behar direla; hau da, erakunde instrumentalaren jarduera arauturen duten printzipioak publizitatea, konkurrentzia, berdintasuna, meritua eta gaitasuna izanen dira, prozesu administratiboetan ezaugarriak direnak. Horren bidez enpresa publikoetako edo erakunde instrumentaletako laneko kontratazioa zergati pertsonal edo ideologikoengatiko faboritismo orotatik kanpo geratzen da, zerbitzu publikoaren eraginkortasunaren mesedetan eta aurrez azaldutako printzipio konstituzionalen mende geratzen dira.

    Erakunde honen iritziz NASURSAko eskualdeko bulego sarearen funtzioetan (bigarren atalarekin lotuak) nagusiena interes publikoa da, hau da, ahal administratibo bat erabiltzen da.

    Elkarte publikoak langileak hautatzeko, berehala kontratatzeko eta ondoren lanean hasteko bi araudi ezargarri bereizten ditugu eta, ondorioz, bi agindu jurisdikzionalen lehia dago. Azken finean Auzitegi Goreneko Sozialaren Aretoak emandako epai bati jarraituren diogu, 2001eko azaroaren 19koa, (RJ 2002\354); epai horrek administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalaren eskumena aitortzen du, lanari lotu aurretiko jardueran erakunde publikoaren borondatea eratzeko prozesuari dagokionean, kasu horretan botere publikoa da nagusi, beraz, administrazio eskubidearen araubidea da nagusi, administrazio ahal bat betetzeari lotzen zaion interes orokorreko presentzia kualifikatua dela eta. Aldiz, ezin da zalantzan jarri langileak kontratatzeko (behin hautatutakoan) eta ondoren lana egiteko, barne sustapenerako, etab. Lan Zuzenbidearen berariazko araubidera doitu behar dela eta ordena jurisdikzional Sozialera.

  5. Kexaren xede den gai honetan, hautatzeko prozesua erabat mugatuta, definituta eta argitaratuta zegoen prentsako iragarkian. Bi fase zituen. Lehenengoan eskatutako baldintzak justifikatzeko agiriak bete behar ziren. Bigarrenean proba teknikoak, test psikoteknikoa eta elkarrizketa pertsonalak eginen ziren, eta baldintza batzuk baloratu ere bai.

    NASURSA sozietate publikoak, lehenengo fasearen ondoren argitaratu ez zen aurre hautaketa bat egin zuen, eta kexa sustatu duena kanpoan utzi zuen, besteak beste, partaideek ezagutzen ez zituzten hautaketa irizpide batzuen arabera. Fase hau argitaratutako iragarkietan ez zegoen aurreikusita, eta ez dator bat konkurrentzia, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioekin; eta printzipio horiek erabili behar dira Administrazio Publikoko erakunde instrumental bati (NASURSA hala da) emandako funtzio publikoak bete behar dituen langileak hautatzerakoan.

    Beraz, konkurrentzia, meritu eta gaitasun printzipioak urratu ziren, kexa egin duenari ez baitzitzaion utzi probak, testa eta elkarrizketa egiten, eta agirien balorazioarekin batera partaide bakoitzaren meritua eta gaitasuna bereizteko puntuazioa osatzen dute.

  6. Egia da, Departamentuko txostenak adierazten duen bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 121.2 artikuluan ezartzen dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate publikoak ordenamendu juridiko pribatuaren bidez arauturen direla, aurrekontu, kontabilitate, ondare, finantza kontrol eta kontratazio arloan ezar daitekeen administrazio araudian ezarritako espezialitateei kalterik egin gabe.

    Hau da, eremu juridiko pribatutik kanpo geraturen dira baliabide publikoen kontrol eraginkorra egiten duten gai haiek, administrazio arloan sartzeko, bere araudian prozedura zorrotzagoa eta berme handiagokoa ezartzen baitu, interes orokorraren mesedetan.

    Funtzio publikora sartzeko legearen aurrean berdin izatea, konkurrentzia librearen, merituaren eta gaitasunaren printzipioen arabera, erakunde enplegatzailearen forma juridikoa (sozietate publikoa edo Administrazioa) dena delakoa izanda ere, oinarrizko printzipioa da eta herritarren eskubide konstituzionalak babesten ditu, eta sozietate publikoetan egiten diren materien hermeneutika jarraituaz, eta horiei administrazio zuzenbidea ezarri behar zaie, publikoaren alorrean inkardinatzen dira, azken finean, herritarren banako eskubideen errespetu efektiboa bermatzen da, araudi administratiboa ezarrita.

    Erakunde honen iritziz, sozietate publikoei emandako funtzioetarako langileak hautatzeko zuzenbide administratiboak markatutako parametroei jarraituta ez da NASURSAren izaera merkantila inondik eta inora urratzen. NASURSA Nafarroako Gobernuak sortu zuen Nafarroan lurzoruaren merkatuan ezarritako helburuak arin eta modu eraginkorrean lortzeko tresna gisa.

  7. Are gehiago, Comptos Ganberak Nafarroako Enpresa Publikoei buruz egindako txostenean, 2004ko ekitaldiari dagokionean, honakoa zioen “langileen arloan, laneko zuzenbidea ezar daiteke, baina botere publikoko tresna denez, bere jardueretan printzipio konstituzional hauek errespetatu behar ditu: arbitrariotasunaren galarazpena, berdintasuna, meritua eta langileak hautatzeko gaitasuna. Printzipio hauek eraginkorrak izateko, beste printzipio batzuk ezarri beharra dago: publizitatea, konkurrentzia eta objektibitatea, langileak hautatzeko prozesu objektibo eta motibatua egiteko” eta amaitzeko gomendatzen du:

    Legezko markoa promulgatu behar da enpresa publikoetan langileak hautatzeko prozedura objektiboa arautzeko. Prozedura hori printzipio konstituzional batzuk betetzea bermatzen duten prozeduretan oinarrituren da: arbitrariotasuna galaraztea, berdintasuna, meritua eta gaitasuna.

    Enpresa publikoetan barne prozedurak arauturen eta ezarriren dira langileak aurrez aipaturiko printzipioen arabera hautatzeko.

    Langileak hautatzeko erabilitako prozeduran jarraitutako urratsak idatziz eta agirien bidez jasota geraturen dira”.

Horregatik guztiagatik eta Erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluaren arabera

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuari gogoraraztea printzipio konstituzional hauek bete beharra daukala: legearen aurreko berdintasuna, arbitrariotasuna galaraztea, konkurrentzia askea, meritua eta gaitasuna, “Navarra de Suelo Residencial, S.A. (NASURSA)” sozietateko lanpostuetarako langileak hautatzerakoan, administrazio araudian ezarritakora doituta, eta [?] andreak ezarritako kexan aipatzen den Zuzenbideko lizentziatu postua kontratatzeko “de facto” bete daitezen beharrezko jarduerak egin beharko ditu.
  2. Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuari bi hilabeteko epea ematea Erakunde honi adierazitako neurriak hartu dituen informatzeko edo ez hartzeko arrazoiez informatzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuari aurkezturen dion 2009ko txostenean sarturen dudala ohartaraztea.
  3. Erabaki honen berri ematea Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuari eta kexa sustatu duen [?] andreari, eta jakinaraztea Erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluaren arabera ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia